Argitalpenak


2004ko apirilaren 25an
Uratxima kementsua
Nathalie Bodin
Saure
32 orrialde


Ezetz esaten zekien mutila

Sarritan adore handia behar da baten batzuei ezetz esateko. Baina horixe egin zuen Saure argitaletxeak plazaratzen duen komiki honen protagonistak, Txokeik, bizi zen Japoniako herrixkan jaun eta jabe zen mutil talderik indartsuenaren buruak neska ile zuriarekin hitz egitea debekatu zionean. Bost axola Uratximari besteak haserretzen bazitzaizkion ere, neska hura bere laguna zen eta kito. Baina neska ile zuriak ez zuen bere jarrera hura ulertu, ondo baino hobeto baitzekien zeinen gogorra zen onartua ez izatea. Berak edozein gauza egingo zukeen Txokeiren bandakoa izatearren. Eta haiek bizia bera arriskuan jartzera zeramaten erronkak proposatu zizkiotenean, prest agertu zen eskatzen zizkiotenak egiteko, benetan kementsu izatea zer zen ikasi zuen arte.

Gure Mikel
Juan Luis Goikoetxea, Iñaki Aretxabaleta, Iskander Ojanguren
Lezamako Udala eta beste asko
141 orrialde + diskoa


Mikel Zarateren heriotzaren hogeita bosgarren urtean

Hogeita bost urte igaro dira jada Mikel Zarate (1933-1979) joan zenetik. Haren omenez eginak izan dira bai Juan Luis Goikoetxea, Iñaki Aretxabaleta eta Iskander Ojangurenen artean Mikel Zarateri buruz haren senideei, Seminarioko irakasleei, auzokoei zein adiskideei galderak eginez jaso dituzten testigantzekin osatutako Gure Mikel liburua, bai Natxo de Felipe, Anje Duhalde, Mikel Markez, Aiora Renteria, Aintzira Gorosabel, Leire Iturrioz, Iñaki Aretxabaleta, Beñat Aiartza, Nuska Corriá, Gaizka Peñafiel eta Etxak taldearen artean osatutako CDa. Mikel Zarateren hainbat alderdi ezagutu zituzten pertsonen iritziak jakiteko eta gizon bezala zenbat apreziatzen zuten ohartzeko lan aproposa.

Ipar Euskal Herria. Gida
Amaia Ereñaga, Conny Beyreuther
Baigorri argitaletxea
432 orrialde
29,50 euro


Ipar Euskal Herriaren gida

Ipar Euskal Herria ezagutzeko bost arrazoi garrantzitsu emateaz gainera, lurraldearen ingurune fisikoa, gizartea, ekonomia, historia, pertsonaiak, kultura, kirola, gastronomia, egin daitezkeen erosketak, dituen festak eta beste gauza asko jasotzen ditu, euskaraz eta frantsesez, Gara egunkariak hala eskaturik, Conny Beyreutheren argazkiak lagun, Amaia Ereñagak idatzi duen gida honek. Bigarren atala du zabalena, bertan agertzen baitira Ipar Euskal Herrian barrena egiteko oso politak diren hamasei ibilaldi, beren mapa eta guzti. Ibilaldi horiek proposatzeko oinarri gisa, geografia edo kultura ezaugarriren bat komunean duten eskualde edo zonaldeak aukeratu dituzte. Hirugarren atalean, berriz, Ipar Euskal Herri osoko ostatuen zerrenda eskaintzen da.

Etorriaren Zorabioz
Mikel Zarate
Ikeritz
71 orrialde
7 euro


Zarateren lan argitaragabea

Mikel Zarateri bere heriotzaren hogeita bosgarren urtean egin zitzaion omenaldiaren barnean plazaratu du Jon Kortazarrek oraindik argitaratzeke zegoen haren lan hauxe ere. Lau eskuizkribu zituen Mikel Zaratek argitaratu gabe hil zenean, Jon Kortazarrek Etorriaren Zorabioz liburuaren hitzaurrean agertzen duenez. Haietako bat, Utopiaren fantasian, Luis Haranburu Altunak kaleratu zuen, 1979an. Etorriaren Zorabioz liburu haren bikia dela esan daiteke, poemaz eta prosa poetikoz osatutakoa baita hauxe ere, baina zaila omen da jakitea bietatik zein izan zen aurretik idatzia, liburu honetako hainbat poema Utopiaren fantasianen agertzen direlako baita ere. Dena dela, Mikel Zaratek bere azken hilabeteetan idatzi zituen lanetatik beste bi leudeke oraindik argitaratu gabe.

Gogoa III-2
Batzuen artean
Euskal Herriko Unibertsitatea
326 orrialde


16 euro
Konputazio makinak
eta adimena

UPV/EHUko Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako Institutuari esker duela hiru urtetik hona plazaratzen den Gogoa Euskal Herriko Unibertsitateko hizkuntza, ezagutza, komunikazio eta ekintzari buruzko aldizkariaren azkeneko zenbakian Alan Mathison Turing-en Konputazio makinak eta adimena euskaratu du Xabier Arrazolak, logika eta semantika Erdi Aroan aztertu du Xabier Andonegik, Konplexutasunaren metodologiaz dihardu Eguzki Urteagak eta Kohesio anaforikoa. Adinaren eta testu generoaren araberako azterketa gaia aukeratu du Inés García Azkoagak bere artikulua egiteko. Horiez gain, liburuen kritikak eta hainbat berri aurki daitezke bertan.

Txomin ametsetan
Liesbet Slegers
Ibaizabal
32 orrialde/ 5,60 euro


Txomin txikia amesgaiztoak uxatzeko era irakasten

Etxeko txikienen lagun aproposa da Txomin. Asko jolasten du egunean zehar eta, jakina, arratsean neka-neka egon ohi da. Aitak etxera darama, elkarrekin dutxa daitezen. Gero afaria eman eta ohera laguntzen du bere semea. Izara artean sartu, musu bat eman eta ondo lo egiteko esaten dio Txomini. Berehala ixten zaizkio begiak mutikoari, eta ametsetan hasten da, gozo-gozo hasieran, halako batean amesgaizto bat izaten duen arte. Negar batean, aitari laguntza eskatzen dio orduan, eta baita honek lasaitu ere.

Greta
Jasone Osoro
Elkar
199 orrialde
13,95 euro


Greta, Jasone Osororen lehen eleberria

Bere amonaren dendan dagoen maniki batekin harreman oso berezia izatera iritsi den mutil gazte bat, harreman hori ulertu ez eta erabat mindurik dagoen mutil horren andregaia eta Greta manikia, hiru pertsonaia nagusi hauen kontakizunen inguruan eraiki du Jasone Osorok Greta, bere lehen nobela. Pertsonaia horietako bakoitzak bere ikuspegia azaltzen du bizitzea egokitzen zaien arazoaren aurrean. Begirada zinematografikoa erabiliz azaltzen du elgoibartarrak bere ama ezagutzerik izan ez duen Oskarrek haren ordezko gisa aukeratutako manikiarekin dituen harreman estuak, eta haien ondorioz jasan beharko duena. Izan ere, gizon horrek orduak ematen ditu manikiari hitz egiten, hura garbitzen eta janzten, eta jakina, berarekin ezkontzear dagoen emakumeari ez zaizkio batere atseginak gertatzen bere senargaiak panpin batekin dauzkan gehiegizko adeitasun horiek. Beraz, ultimatum baten aurrean jarriko du Oskar: aukeratzeko panpinarekin edo berarekin gelditu nahi duen. Gizonak ez daki zer egin, ordea, biak maite baititu, eta hirira alde egingo du, ea behintzat han manikiarentzat leku aproposen bat bilatzen duen.


ASTEKARIA
2004ko apirilaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude