Kongon herritarrek 500 urte daramate globalizatuta


2004ko martxoaren 21ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Kabissa.org gunea Ameriketatik kudeatzen dute eta Afrikan gauzak alda daitezen lehiatzen da. Hor plazaratu dute «Congo: Globalized for Centuries» titulua daraman artikulua. Eta bertan erakusten dute globalizazioaren interpretazioa hirugarren munduko pertsona baten ikuspegitik begiratuta: mendebaldekook enteratu ez bagara ere, bost mende daramatzate haiek guk eragindako globalizazioa jasaten. Kongo herrialde aberatsa da gauzak ulertzeko adibide ona.

«Diego Cao bidaiari portugaldarra Kongo ibaiko bokalera 1482an iritsi zen, eta geroztik horko herrialdeetan bizi izan diren jendeak gero eta gehiago egon ziren urrutitik gidatutako prozesuen mende, gero eta gutxiago eduki zuten beren eskuetan beren bizimoduaren kontrola» dio Kabissako erredaktoreak. Ondorioa latza izan zen: laborantza tropikala lantzen zekiten afrikarrak bortxaz eramaten hasi ziren urruneko herrialdeetara, esklabo hartuta.

Esklaboen harrapaketa, salerosketa eta Ameriketarako bidaia, horra Afrikako jendeak ekonomia globalean integratzeko modu berria, duela bost mende. «Sufritzea eta modernizatzea, biak izan dira afrikarrontzako txanpon beraren bi aurpegiak».
Afrikarren ikuspegitik, esklabo trafikoa izan zen Europako zentrotik antolatutako globalizazioaren lehen fasea. Ondoren etorriko ziren beste bi faseak. Bigarrenean, Afrika kolonizazio bidetik globalizatu zuten. Eta hirugarrena Kabissako erredaktoreak 1980ko hamarkadan hasitakoan kokatzen du.

«Gaur kongoar izenez ezagutzen ditugun herritarrak globalizazioaren aurreko bi faseak bizirik mirariz gainditu dituztenak dira». Esklabismoaren garaian herrialde honetako biztanleria izugarri jaitsi zen: gizon eta emakume askok nahiago zuten beren buruak hiltzea harrapatzen uztea baino, haurren jaiotza asko jaitsi zen esklabo eramango zituzten beldurrez, antzinako tribuen sisteman oinarritutako erresistentziak izan ziren...

Kolonialismoa: sorterrian esklabo

Hurrengo fasean ere »kolonialistek honetan herritarrak urrun eramateko ordez beren lurrean erabiltzen zituzten esklabo gisa» biztanleriak izugarri sufritu zuen. Kabissak espresuki aipatzen du artikulu honetan Kongoren jabe izan zen Belgikako Leopold erregeak hemen eragindako sarraskia. Holokausto ahantzi hau aipatzen da Adam Hochschild-en King Leopold’s Ghost liburuan. Leopold erregearen denboran, 30 urtetan, gaur Kongo osatzen duten herrialdeetako biztanle kopurua 20 milioitik 8 milioira jaitsi zen.

Mendebaldeko jendeok datu horiek kontuan eduki beharko genituzke afrikarren izaera ulertzerakoan, «trauma horiek gogor eragiten baitute gure herrialdeko kulturen forma, estilo eta baita edukietan ere. Horrela bakarrik uler dezakegu gure herri kontzientziaren izaera burumakur eta apala, eta Kongoren historia odoltsuan gertatzen diren gertakizun bortitzak ere bai».

Pixkanaka hasiko zen eskema kolonialista hau auzitan jartzen metropolian ere, baina hasiera batean batez ere Kongo Belgikari garestiegi ateratzen zitzaiolako. Inork gutxik planteatzen zuen zein garesti ateratzen zitzaien Belgika kongoarrei. Kabissa.org-eko erredaktorearen lan hau irakurriz, burura datozkigu George W. Bush Irakeko gerra garestiegi ateratzen ari delako eroriko ote den ametsetan ari diren intelektual eta kazetari txintxoak.

Kongon pixkanaka ugaritzen joan ziren globalizazio mota honi aurre egin eta erantzun nahi zioten jendeak. Profezia itxurazko erradikalitatea zekarten batzuek (Simon Kimbangu), aktibismo politikoa beste batzuek (Patrice Lumumba famatu eta gaur ia ahantzia), bide militarra zenbaitek (Mulele eta besteak)... Horietako bakoitzari, modurik barbaroenez erantzun zieten kolonialistek. Kimbangu heriotzera kondenatu zuten estreina eta bizitza osorako espetxera gero. Presondegian hil zen. Lumumba eta bere kideak azidotan suntsitu zituzten. Muleleren gorputza puska txikitan zatitu eta Kongo ibaira bota zituzten. «Eta hemen ezagunak aipatu ditugu, izeberraren pikoa direnak; ez dugu jakinen nola akabatu zituzten zoko urrutietako errebelde ezezagunak».

Orain, auzo globala... hesiekin

Beraz, Kabissa.org-ek «bir-globalizazioa» deitzen duen gaurko hirugarren hau baino askoz lehenago, Afrikako herritarrek beren larruan dastatu zituzten globalizazioaren kalteak: eritasunak, hilketak, ekologiaren hondamendia, ekonomia kriminala (diru garbiketa, drogak, sexu esklabotasuna), lehengaien lapurreta...

Ondorioz, gaurkoa eta berria iruditzen zaigun mugimendu altermundialistarekin lotu ditu erredaktoreak afrikarrek bidegabekeria horiei guztiei egindako erresistentziak: esklaboen erreboltak (tartean 1804an Haiti fundatzera eraman zuena), Brasilen belztasunaz egindako aldarrikapena («negritude»), AEBetako beltzen aldarrikapen eta borrokak. Eta jakina, Afrika osoan XX. mendearen bigarren erdian bi aldetara (lokala-globala) gertatu ziren mugimenduak: herrialdeen askapen mugimenduak batetik, eta Afrikaren batasuna bultzatu nahi zuen mugimendu pan-afrikanista bestetik.

XX. mendeko beste lider afrikar kasik ahantzi baten hitzak, Ginea Bissau kolonia portugesaren independentziaren alde borrokatu zuen Amilcar Cabral-enak, hauek ziren: «Nazio baten askatasunaren oinarria bere historia ezagutzeko duen eskubidean datza». Nork bere historia ezagutzea aldarrikatzen du Kabissa.org-ek nahasketa arriskutsuetan ez erortzeko: mundua herrixka globala izatearen aitzakiaz, biktimak eta zanpatzaileak nahasi daitezkeelako . «Herrixka bat bihurtu omen da mundua, baina ez da esaten herrixka horretako alde batzuetatik besteetara joateko mugimenduak oso murriztuta daudela».

XX. mendetik masa suntsipeneko armak ere globalizazioaren ezaugarriak dira, eta Kongo bezalako herrialde bat horretan ere presente egon da: Hiroshima eta Nagasakiko bonba atomikoak egiteko erabili zen uranioa Belgikaren mende zegoen Kongotik atera zen. Mendebaldeak ustiatzearen poderioz suntsitu diren oihan tropikal asko ere Kongokoak dira. Eta munduan zehar azken hamarkadetan hedatu diren birus hilgarrietako batzuk ere (Hiesa, Ebola...) hemendik barreiatu direla esan da.

Kanpotik laguntza gutxi espero dute globalizazioak Kongon egindako kalteak goxatzeko. Eta aldiz, badakite «Berlinen 1884-85ean Kongo sortu zenetik, garrantzizko ezer ez dela hemen gertatu mendebaldeko indarrak tartean egon gabe».

Bostehun urtez globalizazioaren kalteak jasan dituzten afrikarrek badute guri zer erakutsia... bir-globalizazioak orain guri ekar diezagukenaz.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


Azpiegitu handiak
Osasunak bat egin du Nafarroako AHTren aldeko Plataformarekin

Osasuna futbol taldeak bat egin du Nafarroako Abiadura Handiaren aldeko plataformarekin, azken honek ostegun honetan jakinarazi duenez. UGT sindikatuak eta Eraikuntzaren Industrializatzearen Aldeko Nafarroako Klusterrak ere bai.


Bilboko etapa Palestinak “irabazi” zuela azpimarratu dute, eta protestan jarraitzera deitu

Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu ditu adingabeen artean Macsonrisas-ek

Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.


Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion

Asteleheneko bileran helarazi zioten asmo hori enpresa batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.  


Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeei eraso egin diete Errioxako Cervera herrian

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]


2025-09-05 | Gedar
Gaztetxea lortu dute Etxaurin

"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".


“Hondarribiko alardearen bi aldeak parez pare jartzea da zilegitasun bera ematea zapaltzaileari eta zapalduari”

Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]


Eguneraketa berriak daude