Gerra eta gezurra aldaketaren akuilu

  • Hauteskundeetako ezustekoa irentsi ondoren, aktore politiko guztiak sortu berri den egoera korapilotsuan dute jada beren burua. Bestelakoa da egunetik egunera hori nola gauzatuko den. Esku artean dauden gai zein aliantza berriei begira, Jose Luis Rodriguez Zapaterok kontraesanez jositako egoera kudeatu beharko du, Kataluniako ildoan oinarrituta, seguruenik ERC eta IUren sostenguarekin, baina ezin da baztertu bide horretan EAJk, CiUk eta beste aktore txiki batzuek izan dezaketen jokaera.

2004ko martxoaren 21an

Lehen irudi batean politika egiteko estiloa da nagusiki aldatuko dena eta hori eskatuko zaie nagusiki Zapatero eta PSOEri. PPren porrota, bere galeratik baino berarekiko dagoen beldurretik etorri zaio: hobe onena ez den Zapatero, txarrena den PP baino. PPren azken zortzi urteetako ibilbide autoritarioak utzi dituen arrasto zakar eta arriskutsuak atzean uztea eskatzen du Zapaterori garaipena eman dion boto multzo zabal horrek. Hori azken zortzi urteetan lerro lodiz marraztu diren Estatu baten eguneroko politika nagusietara eramatea, orain PSOEk lortu duen garaipen itzela baino askoz gaitzagoa da. Bide horretan berba hutsalak bihurtzen dira hauteskunde gaueko PP galtzailearen Espainiaren aldeko elkarlan berbak. Egon dadila ziur Zapatero popularrek ez dutela errukirik izango oposizio bidean, horretarako ia hamar milioiko boto kopuruaren sendotasunaz gain, zortzi urtetan neurrira egokitutako estatu egiturak eta botere faktikoak lagungarri izango dituelako.

Irak eta Europako Batasuna

Nazioarteko egoeraren kudeaketa eta Estatuaren berrantolaketa politiko eta instituzionala izango dira PSOE zahar-berrituak izango dituen erronka nagusienak. Nazioartekoan, Irakeko gerran izandako partehartzea dela eta, Madrilen egindako atentatuaz PPk egindako kudeaketaren ondorioz etorri zaio garaipena PSOEri. Beste gai eta jarrera askorekin ere gainezka zegoen botoa Zapaterori eman dion multzo handia, baina garaipena azken ordutako kontua izan da, datu denek aditzera ematen dutenaren arabera. Imaginazioa, gerri malgua eta, batez ere, orain arte azaleratu ez duen ausardia handia erakutsi beharko du Zapaterok aurrez aurre dituen ur handietan murgiltzean.

90eko hasieran Madrilen Ekialde Hurbilerako bake konferentziaren antolatzaile izateak, Espainiak arabiarren begietara zuen irudi txukuna hondoratu zuen Aznarrek Irakeko gerrarekin. Madrilgo Konferentziak emandako ospe haren itzalera hurbildu beharko du berriz Zapaterok, baina lagun amerikarra mindu barik. George W. Bushek aurten AEBetako hauteskundeak galtzeak lagun diezaioke horretara, Irakekoaz aurkari errepublikarrak egin duen kudeaketa ere baliatzen ari delako John Kerry. Bush eta Kerryren arteko lasterketa luzea izango da oraindik, baina iparramerikarrek badute beldur izateko arrazoirik, Espainian Madrilgo atentatuak izandako ondorioak ikusita, Al Kaedak edo gisakoren batek AEBetan beste sarraski bat egiteko ahaleginak askoz handiagoa izan daitezkeelako. AEBetako emaitzen aurretik, dena den, neurri erabakiorrak hartu beharko ditu Zapaterok, esate baterako Iraken dauden soldadu espainiarrak ekainerako etxeratu ditzakeela saldu ondoren.

Estatu ereduaren frontea

Nazioartean kudeatu beharreko beste fronte garrantzitsua Europako Batasunekoa izango da. Azoresetako Ituna medio, Europako Batasuneko aliatu nagusiekin harreman hondatua berbideratu beharko du. Hori egoera normalenean ere gaitza da, eta Europako Batasunaren zabalkundearen hasieran eta Europako Konstituzioa onartzearen atarian gaitzago.

Etxeko lanetan Estatuaren egitura politiko-instituzionalaren berregituraketa izango du erronka nagusi Zapaterok, nekez sinetsi baitaiteke putzu horretara jauzi egin barik ERC edo beste alderdi nazionalista batzuekin auzolanean arituko denik. PSOEren barneko sultanato eta kaifa erresumen sarean harrapaturik, irudigaitza da Zapaterok nola hel diezaiokeen estatu federal asimetrikoaren abiadari. Alderdi sozialistaren sektore zabaletan Espainiaren batasun sakrosantua ulertzeko modua eta alderdi nazionalistekiko menpekotasuna nola lotzen dituen izango da bere agintaldiaren piruetarik ikusgarrienetakoa. Kataluniako Autonomia Estatutuaren berrikuntza eta testuinguru horretan eskatzen den finantzaketa eredu berria, eta Ibarretxe Plana ditu asimetriaren ibilbideak lantzeko lehen erronkak.

ERCk historikoki erakutsi izan du Espainiako Gobernuan parte hartzeko jarrera, horrek Kataluniako burujabetzaren bidea erraztu badezake. Kontraesankorra dirudi Euskal Herritik begiratuta, baina Kataluniako egungo egoerak eredu bakoitzaren berezitasun eta baliagarritasuna erakusten ari da apurka. Bere burua berkokatu behar duen oposizioko CiU nahasiak xake taula honetan zer mugimendu egingo duen zalantzaz betea dago, baina sozialista eta Esquerrakoei egin beharreko oposizio eta sostengu lanaren orekan mugitu beharko du: balizko asimetrien alde egin beharko du eta politika sozio-ekonomikoetan Maragallen gobernuak har dezakeen bidetik aldendu. Josep Lluis Carod-Rovira eta ETAren arteko elkarrizketaren aferan, ERCko buruzagia eta Maragall zein neurriraino egurtzeko prest zegoen erakutsi zuen. Oraingo jarrera ikusgai da.

Ibarretxe plana eta gatazka

Euskal Herriko egoera korapilatsuago aurreikusten da oraindik, orokorrean bizi den gatazka politiko bortitzagatik eta zehatzean Ibarretxe Planaren garapena aurrez aurre duelako. Josu Jon Imazek EAJko lehendakaritza eskuratu duenetik behin eta berriro egin ditu PSE-EErekin beste giro eta harreman bat jorratzeko keinuak. Eta alderantziz ere bai. Patxi Lopezen PSE-EErentzat, hauteskundeetako balorazioaren ondorenean adierazi duen moduan, inkomunikazio garaia bukatu da eta elkarlanarena datorrela iradoki du lerro artean. Etorkizuneko balizko elkarlan hori eta Espainiako legediak, herri kontsulta medio, Ibarretxe kartzelaratzeko ematen duen aukera hori nola ezkontzen diren ere ikusi beharko da. Abertzaleen eta konstituzionalisten arteko azken urteetako inkomunikazio eta enfrentamendu politikoaren trabak gainditzeaz gain, PSE-EEk PPren eta bere alderdiko sektore batzuen zaindaritza ortodoxoa izango du oztopo nagusietakoa.

EAJri dagokionez, azken urteetako posizio onetik jarrai dezake lantzen Ibarretxe lehendakariaren proposamenak eskatzen dituen baldintzak. Beretzat aproposena ez den hauteskunde moldean, EAJk berriz erakutsi du EAEn duen lidergo sendoa. Lizarra-Garaziko bihurgunearen ondoren, bi zeregin handien artean mugitu beharko du: Ibarretxe plana aurrera ateratzeko eskatzen duen boto abertzale eta aurrerakoiaren konfiantza eta berau legalki gauzatzeko gobernu sozialistarekin gauzatu beharreko akordioa. EA eta Ezker Batua bidelagun izango ditu, orain arte bezala, eta ikusgai geratuko da horrek gatazka bortitzetik ateratzeko izan dezakeen indarra. Gaur egungo eskematan, ENAMen zokoratzetik erresistentzia klabean irauteko prest ageri den gutxiengo handi baten trinkotzea aurreikusten da luzerako.

Bergarako Ekimenak boto kopuru esanguratsua lortu du hauteskundeetan eta erresistentziarako duen gaitasuna agerian geratu da berriz ere. Baina boto gainbehera etengabekoa da, eta hauek bildu beharreko orduan bizi diren baldintzek emaitza bera ere distortsiona badezakete ere, beheranzko joerak berandu baino lehen aldaketa estrategikoetara bultzatu beharko luke ENAMen egituratzen den mundu politikoa. Justiziaren eta demokraziaren arauetatik ikusita, ulertezina den ilegalizazioaren ur uherretan igerian jarraitu beharko du Batasunak. Harrigarria bada ere, aldiz, horrek gizartean ez du kontraesan gehiegirik sortzen, eta neurriz kanpoko normaltasuna gailentzen da. Gatazka bortitzak eta bere ondorioek estaltzen dituzten kontraesan eta injustiziak dira. Ezker abertzaleko beste eremuetara begiratuz, Aralar-Zutikek bereari ondo eutsi dio Gipuzkoan, baina Bizkaian eta Araban proiektua aurrera atera ezinean dabil. Argi dago garai bateko HB eta EHko botoemaile mordoxka batek, "autodeterminazioaren aldeko botoa" eta Aralarrekoa ez den beste boto bat aukeratu duela.

Ezkerreko nazionalisten lidergoa beretzat hartu duen EAko Begoña Lasagabaster beste patxada batekin ibili ahal izango da Madrilgo Kongresuan, eta botoak galdu arren EAk emaitza onak lortu baditu ere, etorkizuneko bidea harriz betea du, bazkide jelkideak hartzaren besarkada noiz emango dion beldurrez. Hala ere, ERCren itzal eta babespean, orain jokoan aritzeko baldintza egokiagoak ditu Madrilen, eta horri ere atera diezaioke errentagarritasuna.

Barne gorabeherak kontrolatzea lortzen badu »eta ez da samurra izango», etorkizuneko proiekzio esanguratsua duena Nafarroa Bai koalizioa da. Hiru urte barru izan beharreko foru hauteskundeetan halako indarrarekin edo handiagoarekin iristea lortuz gero, Nafarroako egoera politikoak jira-bira handia izan dezake. Hiru urte ditu presaka jorratutako koalizioa asentatzeko eta beste sektore batzuekin batera (EB, PSN) foru jauregiaren asalto politikoa prestatzeko.

Nafarroan izan ezik, Ezker Batuak gora egin du Hegoaldeko gainerako hiru lurraldeetan. Bere botoa egonkortuz doa apurka, eta oraingo hauteskundeetan, diputaturik lortu ez arren, ez da makala lortutako emaitza, areago kontuan hartuta estatuan zehar IUk PSOEren mesedetan izandako hondamena.

Hauteskunde aurreko hilabeteetan asko hitz egin izan da ezkerreko aukera abertzale berri baten egituratzeaz: osagaiak bidean dira, helmugarako tartea, aldiz, gaindiezina dirudi gaur- gaurkoz. Ezkerra zer den zehaztea, gatazkatik ateratako ikusmolde desberdinak eta etorkizuneko estrategia abertzale bateratua dira gainditu beharreko langak. Hauteskundeetako mezu distortsionatuetan horren erabilgarri den kontzeptua gauzaezina dirudi epe laburrean.

PPri dagokionez, bere ezaugarrietako eskuina ez da galtzaile ona eta lasai aurreikusi daiteke bere indar guztia erabiliko duela, etorkizunera begira ireki daitezkeen bide berriak oztopatzeko. Hauteskundeen biharamunak errealitate politiko berdintsuan eragiteko hari berriak utzi ditu. Hurrenez hurren, Iruñean eta Hernanin gertatutako Angel Berrueta eta Kontxi Sanchizen heriotzek, euskal gatazkak bere gordinenean dirauela erakusten du. Tony Blair ez da gaur egun erreferenterik onenetakoa Zapaterorentzat, baina hark bere garaipenaren ondoren Irlandan irekitako bidea bai izan daiteke erreferente interesgarria mende erdiko gatazka aterabidean jartzeko. Berdin balio beharko luke Irlandako ispiluak ETA eta Euskal Herriko eta Espainiako gainerako aktore politikoentzat. Gaitza da, ez da zalantzarik, baina zabaldu berri den aukera ez baliatzeak zer dakarren ezaguna da.

Alderdi politikoak banan-banan

EA: Eserlekua mantendu du

Eusko Alkartasunak 80.549 boto lortu ditu Hego Euskal Herrian, 2000ko hauteskundeetan baino ia 5.000 boto gutxiago. Kontuan izan behar da, Nafarroan EA Nafarroa Bai koalizioaren baitan aurkeztu dela. Gipuzkoan aurreko legegintzaldian zuen eserlekua mantentzea lortu du. Izan ere, inkestek zalantzan jartzen zuten eserleku hori eta Aralar-Zutikek ken ziezaiokeela zioten. 42.737 boto jaso ditu Gipuzkoan, aurreko bozetan baino 3.000 inguru gutxiago. Araban 7.814 bozen jabe egin da (7.985 lortu zituen 2000n) eta Bizkaian 29.998 boto eskuratu ditu, 2000n baino ia 3.000 gutxiago.

Aralar-Zutik: Ez du diputaturik lortu Gipuzkoan

Aralar-Zutik koalizioak 38.242 boz erdietsi ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bozen %2,29. Gipuzkoan: 22.135 boz; %6,01. Bizkaian: 12.706; %1,85. Araban: 3.401; %1,87.
Koalizio hau lehen aldiz aurkeztu da hauteskundeetan. Kanpainan kaleratu ziren inkestetan diputatu baten aukera eman zioten Gipuzkoan, Eusko Alkartasunarekin lehian. Inkestetako aurreikuspenak oso urrun geratu dira emaitzetatik. EAk Aralar-Zutik koalizioak baino 20.000 boz gehiago lortu ditu Gipuzkoan. Gainontzeko lurraldeetan ere, Aralar-Zutik koalizioak ez ditu espero zituen emaitzak lortu.

Bergarako Ekimena: Gipuzkoan diputatu bat legokioke

Bergarako Ekimenak 104.000 boto inguru erdietsi ditu Hegoaldean, bozen %6,2. Gipuzkoan: 46.411 boz; %11,12. Bizkaian: 39.090; %5,33. Nafarroan: 11.843; %3,36. Araban, 6.477; %3,40.
Boz hauek baliogabeak dira. Baliodunak balira, ordea, «Autodeterminazioa Orain» lemaren aldeko ekimenak diputatu bat lortuko luke Gipuzkoan. Ezker abertzale ilegalaren azken erreferentea iazko foru hauteskundeak izan ziren. Orduan, AuB plataformak ia 140.000 boz bildu zituen. Bi kasuetan, boz baliogabeen kopuru osoari ohiko boz baliogabe teknikoa kendu izan zaio.

Nafarroa Bai: Eserleku bat eskuratu du

Aralar, Batzarre, EA eta EAJk osatutako Nafarroa Bai Koalizioak jarritako helburua bete du: jarleku bat erdietsi du Nafarroan. Guztira, 60.552 boto eskuratu ditu. Ezin dugu 2000ko emaitzekin konparaziorik egin, orduan Aralar sortu gabe baitzen eta Batzarre ez zen aurkeztu. Abstentzioa eskatu zuen orduan ezker abertzaleak. Konparazio bat egin nahian, 2003ko foru hauteskundeetako datuak hartu ditugu. Koalizioa osatzen duten alderdiek 7.000 boto inguru gutxiago jaso zituzten iazko foru hauteskundeetan. Beraz, koalizioaren bitartez, boto gehitzea erdietsi dute aipatu alderdiek.

EAJ-PNV: Inoiz baino boto gehiago

Espainiako hauteskunde orokorretan inoiz lortu gabeko emaitzak eskuratu ditu EAJk. 2000.ean lortu zituen 7 eserlekuak mantentzen dituen arren, orduan lortu zituen 353.953 botoetatik 410.609 botora igaro da. Eserlekuei dagokienez, bosgarren indarra da Kongresuan. Senatuan ere aurreko hauteskundeetan lortutako 6 eserlekuak mantendu ditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2000ko emaitzekin alderatuta nabarmen gora egin du EAJk, guztira, 415.979 boto eskuratu baititu, 2000ko 347.417en aldean. Emaitza hoberena, proportzionalki, Araban lortu du. Bertan, 46.842 jaso ditu, aurrekoan baino hamaika mila inguru gehiago.

IU: Atzerakada nabarmena

9 eserleku eskuratu zituen Ezker Batuak 2000ko hauteskunde orokorretan. Oraingoan ordea, 5 lortu ditu soilik. Botoetan behera egin du, guztira, 1.242.997 eskuratu dituelarik, 2000ko 1.382.333 botoen aldean. EAEn berriz, botoak irabazi ditu alderdiak: 86.557 lortu zituen orain lau urte, eta oraingo hauteskundeetan 101.441 eskuratu ditu, botoen %8,22 beraz. Orain bi urte eserleku bat lortu zuen IUk Bizkaian, eta hura berreskuratu nahi zuen arren, 2.000 botora geratu da. Hala ere, boto kopurua handitu egin da hiru probintzietan. Nafarroan ordea, IUN-NBEk 4.000tik gora boto galdu ditu.

PP: Zigorra

Gizarteak zigortu egin du PP, eta historian lehenengoz gehiengo osoa izatetik gehiengoa galtzera igaro da alderdi bat. Guztira, 9.436.772 boto jaso ditu eta 148 diputatu izango ditu Kongresuan, orain arte baino 35 gutxiago. Hego Euskal Herrian ere boto gutxiago jaso ditu: 360.000. Araban eta Gipuzkoan egoera irauli egin da: lehenengoan popularrek eserleku bat galdu dute; bigarrengoan, orain lau urteko emaitzen alderantzizkoak izan dira: PPk diputatu bakarra lortu du eta PSE-EEk bi. Bizkaian ere eserleku bat galdu dute. Eta Nafarroan UPN-PPk bozkatuena izaten jarraitzen duen arren, gehiengo osoa galdu du, Nafarroa Bai-ren mesedetan.

PSOE: Tortillari buelta eman dio

Espainiako alderdi sozialista suertatu da 2004ko hauteskunde orokorretan garaile. 10.909.687 boto eskuratu ditu kongresurako bozetan, 164 eserleku guztira, 2000koetan baino 39 gehiago. Senatuan ordea PPk baino senatari gutxiago izango ditu: 81 senatari izango ditu PSOEk. Hego Euskal Herriko datuei gagozkielarik, alderdirik bozkatuena izan da eta 9 eserlekuren jabe egin da. Aurreko hauteskundeetan baino 3 eserleku gehiago lortu ditu. PSE-EE Araban lehen indarra da botoen %30,83a eskuratuta; Bizkaian eta Gipuzkoan bigarrena, 183.797 eta 96.815 botorekin, hurrenez hurren eta PSNk 112.863 boz erdietsi ditu.

Mikel Aramendi (Analista politikoa): «Sute-eskaileratik»

Martxoaren 14ko hauteskundeetan PSOEk lortu duen ezusteko garaipenaren ondorioez luze hitz egin beharko da datozen asteetan. Gobernu lanaren atal gehiegi »ia denak, egia esateko» daude definitzeke irabazleek beraiek ere zinez espero ez zuten garaipen horren gibelean. Gauza bat bozemaileak suhartzeko irabazle plantak egitea, eta oso bestelakoa benetan gobernuaz arduratzeko gaituta eta prestatuta egotea. Derrota duin baten ondoren, 2008rako ikusmiran, oposizioaren burutzan sendotzea zen Zapateroren kanpainaren benetako xede estrategikoa; horren ordez, Moncloako giltzak eman dizkio hautesleria haserretu batek. Besterik gabe.
Ikuspegi askotatik atsegina gerta dakigukeen anomalia horren sorburuan M-11ko sarraskia eta haren kudeaketa dagoela errepikatu beharrik ere ez legoke. Sozialistek irabazitakoak ezik Aznarrek galdutakoak dira 2004ko hauteskundeak. Eta galera horren zergatien inguruan ere hamaika hitz egin da. Ia mundu guztiak, gehiengo absolutuan hazi den Aznar beraren deriba megalomano eta autoritarioa aipatu du. Eta, seguruenik, nahiko zuzena da diagnostikoa, gero eta erabaki pertsonal eta arbitrarioagoen bidetik eraman baitu partidua, azkenean hutsegite bikoitz ikusgarria burutzeraino: Irakeko abenturan sartu eta, haren ondorio kasik logikoa iritsi zaionean, eskol-ume iruzurtien amarruekin libratu nahi izatea.
Baina huts erabakigarri horiek ez dira soilik eta funtsean Aznarren bat bateko ateraldiak izan, baizik prozesu luze baten emaria: boto emaileei, herriari errespetua galduz joan da PP. ‘Muxia efektua’ deitzen diot nik neure artean, Prestige petroliontziaren kutsadurarik latzena nozitu ondoren, udal hauteskundeetan PPren gehiengoa berretsi zuen herriagatik. Buruzagi eta aholkulari popularrek maiz aipatu dute kasua eta, ozenki ez esan arren, argiro ulertzen zitzaien mezua: sariak, beldurra eta propagandaren bizkorgarri ideologikoak neurri egokian erabiliz gero, ez legoke arriskurik, eginak egin. Prestigeren hondamendiaren errepikapen handitua izan da M-11koaren aurretik metatu eta ondoren lehertu den krisia.
Amaiera da alderantziz suertatu dena, eta sute-eskaileratik utzi du agintea Aznarrek.

Elixabete Garmendia (Kazetaria): «Korbata beltzak»

Lehenengo eta behin, besteen larrutik bizi izatearen sentsazioaz zapaltzen dituzte hatzek ordenagailuko teklak. Beste astelehenik ezagutuko ez duten 200 lagun horien larrutik bizi izatearen sentsazioaz. Ba ote dute haien senitartekoek hauteskundeetan zer gertatu den jakiteko aldarterik? Zaurituen geletaraino iristen ote da hauteskunde gaueko jardunaren oihartzunik? Izuak uzten ote die tokirik gorputz eta arima elbarrietan mina eta samina ez den beste ezer sentitzeko?
Zabal dezagun parentesia. Ezinbestekoa da M-14ko zifra eta portzentaien dantzan itxaropen txinparta batzuk somatzea. PP-ri ezarritako zigorra, kontrastez, ERC-ren gorakada ikusgarria, Nafarroa Bai-ren tinkatzea... Partidu Sozialistak badauka lana PP-k zortzi urteko agintaldi beltz harroputzean burututako ez-egiteko eta atzerapausoak zuzentzearekin. Egia esateko, PP-k idatzita uzten dio gobernu-egitaraua. Lezioa gardena da. Izango ote du ganorarik ondorioak ateratzeko? Hautsiko ote du PP-rekin bizi izan duen lehia zein baino zein zekenago Euskal Herria eta Catalunyarekiko?
Lezioak, denentzako daude, ordea, martxoaren 11tik 14rako bitarte honetan. Gaztelaniaz esanda "alivio", euskaraz "zama arintzea", "lasaitasuna"... Vox populi bihurtu da egun hauetan sentimendu horren adierazpena euskal herritar asko eta askoren artean, Madrilgo sarraskia ez zuela ETAk egin jakitean. ETAri zer pentsa eman behar lioke hasiera batean gehienok sinistutakoak. Gehiegitxotan gertatu izan zaigu, "ez, ez da posible ETAk hori egitea" pentsatu eta ustea ustel gertatzea. Sorpresa txar askotxo eman digu ETAk urteetan. Orain aukera paregabea dauka terrorearen bidetik behin betirako desmarkatzeko. Su-etena, jadanik, eskaintzen duen elkarrizketaren berme.
ETAren arinduarekin batera zabaldu zaigu beste eszenario beldurgarri hori, zirrikiturik gabea. Tren lehertuekin ari gara neurria hartzen korbata beltzez despeditu diren gobernari hauen arduragabekeriari. Dena osatzeko, Iruñeko hilketa, Hernaniko heriotza...


ASTEKARIA
2004ko martxoaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude