Donostiatik Oriora: Goiz pasa bentaz benta

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Orio, Donostia eta Usurbilgo udaletako lurrotan, Donostiako Igara auzoko industrigunea salbu, gainontzekoak landa lurrak dira, beraz, baserri ugari egoteaz gain, hauek komunikatzeko bide sare zabala ere badago. Horrela, bi herri hauek elkar lotu ahal izateko aukera ugari dugunez, laburrena ez, baina zenbait bentetatik igarotzen dena eta batez ere, hain erabilia ez eta hormigoia ahalik eta gehien saihesten duena aukeratu dugu, interesgarri izango zaizuelakoan.

Antigua auzoko Benta Berri plaza izan dugu abiapuntu (10m). Mendebalderantz, K. Etxegarai eta R.M. Azkue kaleetatik barrena, azken urteotan Donostia mendebaldeko hedapena izan den auzo berritik unibertsitateetara jo dugu. Europa plaza izena hartu duen errotonda handi honetan, Barriola ikastegi berria eta Zuzenbide fakultatea atzean utzi eta Berio pasealekuan gora abiatu gara. Auzo berri honen izena bertan kokatzen zen baserriaren izenetik dator. Baserria eraitsi egin zuten, ez haatik aurrealdean zuen arte itzela. Zorionez, mendeetan zehar iraun duen ale eder hau errespetatua izan baitzen urbanizazio berria egiterakoan.

Berio goialdean jada, errotonda txiki batek Marugame plazan gaudela jakinaraziko digu (55m). Orduan, Pakea fundazioa eta San Jorge ikastetxearen artetik abiatzen den Illarra bideari jarraitu diogu, eta hormigoizko bide pikoak Igarako bailarara jaitsi gaitu, garai batean Gurelesa esne zentrala egon zenera. Iribar plazara iritsi gara ondoren (15m). Bertan errotonda baten erdian, Igarako eskola zaharrak amore eman ez eta zutik dirau oraindik. Pilotegi bidetik jarraitu dugu, berehala ezkerrera jo eta Igara bidetik jarraitzeko. Udalaren ibilgailuen atalaren egoitza dena inguratu eta eskuinera jo dugu, industria atzean utzi eta Igara errekaren bailaran barneratzeko.

Eskuinean dugu erreka lehenik eta ezkerrean Errotaberri. Alboetako adarrei jaramonik egin gabe, bide nagusian aurrera jarraitu dugu harik eta bidegurutze nagusi batera iritsi arte. Bidegurutze honetan, Igara bidea eskuinera utzi eta ezkerrekotik segi dugu, berriro ere erreka gurutzatu eta malda gogorrari ekiteko. Erreka gurutzatzearekin batera Usurbilgo lurretan sartu gara eta horrela jarraituko dugu Aitzazatera iritsi artean. Igaratik hona, Donostiatik Arantzazura daramaten arrasto zuri-gorriak izan ditugu bidelagun, ez ordea hemendik aurrera, maldari ekin aurretik ezkerrera, Arpita baserrirantz baitoaz. Malda gogorrean lehenik, samurragoan ondoren, ezkerraldean Maskolaitz baserria utzi dugu eta apurka-apurka autopista pareko bidegurutzera iritsi gara. Benta Zikin du izena paraje honek, behinola hemen kokatu baitzen benta (140m).

Autopista azpitik zeharkatuz Usurbilera abiatzen den bidea utzi eta eskuinean ditugun hormigoizko bi bideetatik, ezkerrekoa hartu dugu, gorantz doana. Gorabehera batzuk egiten ditu, baina autopistaren maila baino beherago doa bidea. Zakur zaunkek agurtu gaituzte Urteta baserrira gerturatu bezain pronto. Baserri ederra, inguruko zabor guztiagatik ez balitz! Aurrera jarraitu dugu. Bostehun metrora bidegurutzea. Egioleta baserrietara iritsi baino lehen, daramagun bidea utzi eta ezkerrera eta gorantz doanetik jo dugu, hormigoizkoa hau ere, autopista azpitik igaro eta malda gogor batek bihurgune parea egin, eta lehenik, Arratzain Berrin eta ondoren, Arratzain baserri parean utzi gaitu (280m). Eskuinean Arratzain Borda dago.

Bigarren honetatik, ur biltegiaren ondotik, langa txikia gainditu eta Arratzain tontorrera (Bordatxora) igotzeko zidorra abiatzen da. Zelai batzuetatik hasieran, malda piko batek Aitzondo baserritik datorren eta irteerarik ez duen pista batera eraman gaitu. Bestaldean zidor lauso batek gorantz jarraitzen du, sasi eta otadi gero eta sarriagoan barrena. Goialdean jada, karlistaldietako lubaki aztarnak antzemango ditugu eta zertxobait aurrerago buzoi txiki bat (344m). Ikusmira ez da batere ona pinudiak eta sasitzak ez baitute uzten. Lehen karlistaldiko gotorlekuekin gertatu ez bezala, egun oraindik antzeman daitezke bigarreneko zenbait, horien artean daude Arratzain eta Mendizorrotzeko gotorleku karlistak, biak Donostiako hiriari eraso egiteko leku estrategikoetan paratuak. Artxubieta, Aritzeta eta Zelaiaundin ere izan zituzten karlistek erasorako guneak.

Berriro ere Arratzainera jaitsi eta hormigoizko bidean barrena aurrera segituz emeki-emeki autopista pareraino jaitsi gara, Arratzain eta Mendizorrotzeko tontorrak lotzen dituen Artikulako leporaino (215m). Hemen egongo litzateke Artikula Haundi baserria 70eko hamarkadan Bilbo-Behobia autopista hemen eraiki izan ez balitz. 1972an hasi ziren Bilbo-Behobia autobidea egiten: lur mugimendua, betelana, hormigoia, asfaltoa... Gipuzkoako kostaldeko ingurumenaren suntsiketa izan zen. Usurbilen sei baserri desjabetu eta bota zituzten: Aritzeta, Benta, Intxuintxabal, Artikulaaundi, Artikulatxiki, eta Arburu. Donostian »ibilbide honetako zatian» hiru: Loistegi, Intxuinzabal eta Kanpo Eder.

Autopista gaineko zubia zeharkatu eta beste aldeko bidegurutzean Igeldora daraman bidea utzi eta ezkerrera jo dugu. Artikulatik bostehun metrotara, txakurtegiaren parean hormigoizko bide nagusia utzi eta sarrera aurretik eskuinera eta gorantz abiatzen den zidorretik jarraitu dugu. Itxituraren kanpoaldetik hasieran, aldenduz ondoren, bide zahar jatorrak zenbait gaztainondo ederren artetik, Mendizorrotzeko hego magaletan barrena eraman gaitu. Langa bat igaro eta zidor estu eta jatorra pista bilakatu da, baina norabide bera mantentzen du eta poliki-poliki igoz, autopista gero eta beherago utzi eta goiko gailurretara hurbiltzen goaz. Pistak Aitzazateko gurutze itzeleraino eraman gaitu (352m). Hor Usurbilgo lurrak utzi eta denbora laburrez bada ere, Donostiako lurretan sartu gara atzera. Igeldo herria eta Orio elkartzen dituen hormigoizko errepidera irten gara eta Kantauri itsasoaren lehen ikuspegiez gozatzeko aukera izan dugu.

Oriorantz abiatu eta berrehunen bat metrotara, Tontortxiki muino parean, hormigoitik asfaltora pasa gara, hau da, Donostiako lurretatik Oriokoetara, izan ere, gain honetan bertan, Orio, Donostia eta Usurbilen arteko muga kokatzen da, ote artean galdurik dagoen mugarriak ongi adierazten duen moduan. Muino beraren mendebaldeko bizkarrean, bestalde, lau tumulu aurki daitezke. Berriki atondutako parkea eskuinean utzi eta Orioko bentara iritsi gara (327m). Eskuinaldean, berriz, itsasora begira dauden mazeletan, Lusarbe bi baserriak ditugu, Haundia eta Erdikoa. Ekarritako errepideak, orain arte nahiko laua bazen, hemendik aitzina apurka beherantz jotzen du. Hurrengo bidegurutzean, eskuineko aldetik errepideari elkarzuta Kukuarriko tontorrera eraman ahal zaituen pista irteten da. Langa gainditu eta tontorra iparraldetik inguratuz, ordu laurdenean gailurrean utziko zaitu (367m).

Munioeta Zahar eta Berri baserriak atzean utzi eta errepideak bihurgune nabarmena egiten duenean, berau utzi eta galtzada zaharretik abiatu gara. Hareharrizko galtzadarriz eraikia, jatorra, behinola bide nagusia izandakoa, eta zati askotan primeran mantendu dena. Donejakue bideko zutoin adierazleak lehenik eta zenbait arrasto horik ondoren, Aganduru baserrirako bidea adierazi digute (135m). Arrastoak jarraituz, herrigunetik ez igarotzeko Orioko hondartzara doan errepidera irten gara. Lasterbideak autopista azpiko igarobidera eraman gaitu eta beste aldeko bidebanatzean eskuinekotik malda latzari ekin diogu Tours-eko San Martin baselizaraino (80m). Kostaldeko Donejakue bidean zedarri garrantzitsu da eta erromesak hartzeko ospitalea izan omen zen. Hilerria igaro eta guruzpidean behera Orio herriguneko lehen etxeak agertu dira. Galtzadarrizko Kale Nagusian behera, elizaren alboko azken eskailerek Orioko kaira jaitsi gaituzte (5 m).

Ostatu izandakoak eta direnak
Bentazikin: XIX. mende erdialdeko planoetan agertzen da Benta, baita 1864ko Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa delakoan ere, "Venta-berri" izenarekin. Zerrenda horretan baserri moduan agertzen da, baina lehenago ostatua izan zela dio: "Esta casa de labor fue en otro tiempo casa-posada por cuya razón conserva aquel nombre". Dirudienez XVIII. mendearen bukaeran edo XIX.aren hasieran egindako ostatua zen. Bentako alaba den Maritxu Aizpuruak bertan familia "indiano" (bere hitzetan) bat ezagutu zuela kontatzen du, baina beharbada ijitoak izango zirela pentsatzen du. Berak ez zuen taberna edo antzekorik ezagutu, ezta bere gurasoek ere seguru asko. Nonbait, taberna zenean, behin bezero batzuk sartu zirenean, ontziak zikinak edo ondo garbitu gabeak jarri zizkietela eta... "basoak zikinak! Hau benta zikina!" esan, eta horrelaxe hartu zuen Bentazikin izena.

Maskolaitz sagardotegi sonatua: Antzinako Atxegatarren gotorlekua ordezkatu zuen baserriak. Sagardotegi sonatua izana da Maskolaitz. Sagardoa etxeko sagarrarekin egiten zen. Hala, baserri honetako sagastiak ospetsuak ziren oso, izugarri emankorrak baitziren eta oso sagardo ona egiten baitzen. Bezeroak ingurutik oinez etortzen ziren, batez ere Ibaeta eta Lugaritz aldetik. Pentsa bazirela bertan hiru egun eta hiru gau segidan jaten eta edaten igarotzen zituzten bezeroak... Bitartean, andrea baserrian aritzen zen, goizeko bostetan jaiki eta lanari ekin: behiak jetzi, jaten eman, astoarekin plazara joan, etxera etorri, bazkaria prestatu, berriz ere behiak... Azkenik, gaueko bederatzietan leher eginda ohera... Eta hala ere baziren gizonak alkandora garbia beharko zuela eta, sagardotegira eramatera joaten ziren emakumeak!

Arratzainaundi jatetxea: Arratzain oinetxe zaharra familia bakarrekoa zen lehen, gaur, elkarri erantsitako bi etxebizitzatan zatitua dago. Bi aldeek izen ezberdinak dituzte: bata Arratzainzar da, bestea Arratzainaundi. 1864ko Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa etxe zerrendan "Arrazáin" baserria aipatzen da. Hiru etxek edo eraikuntzek osatzen zuten. Ordurako, Arratzainzarra bi etxebizitzatan zatitua zegoen, hots, Arratzainzar eta Arratzainaundi. Hirugarrena, berriz, Arratzainberri dela dirudi. Arratzainaundi gaur jatetxe, ostatu eta sagardotegia da. Arratzainzar baserrian » Egioletan bezala eskola izan zen garai batean» inguruko baserrietako neska-mutilak aritzen ziren bertan ikasten.
Aipatu zerrenda horretan, gainera, beste laugarren etxe bat aipatzen da, "Arrazain-borda" alegia, lehengoetatik ehun metrora. Arratzainborda, Arratzain baserri zaharraren etxeorde edo borda zen. 1948-1949 urteetan Arratzain Borda berreraiki zuten, eta etxe berriak Arratzainalai izena hartu zuen. Arratzainbordan, 1940-1960 urteen artean, bilera delakoa egiten zen »soinujole edo musikariren baten laguntzaz dantza saioak antolatzen zituzten».
Hiru baserri horietaz aipatutakoa Usurbilgo baserriei buruz Josu Tellabidek egindako lanean jasotzen da. Laster Usurbilgo Noaua elkarteak argitaratuko du.

Orioko benta: Orio eta Igeldo lotzen dituen bide zaharraren bazterrean kokatua, benta nahiko gaztea da. 1864ko Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa etxe zerrendan, "Celaicho" baserria aipatzen da. 1944an, ondoko Lusarbe baserriko semea etorri eta hortik bost-hamar urtetara kantina ezarri zuten baserrian bertan. Sute baten atzaparrak ere ezagutu zituen. Etxeko andrearen esanetan ez zen jende asko pasatzen, batez ere asteburutan, Eibar eta Azpeititik jende asko etortzen zen Igeldoko parkera oinez eta limonada eta pepsicola edatera geratzen ziren hemen. 1975. urte aldera, Igeldotik honaino pista zabaldu zutenean, baserriari beste eraikuntza bat erantsi eta kantina izatetik jatetxe izatera igaro zen.


Azkenak
Yala Nafarroak jaurtiko du sanferminen txupinazoa

Palestinaren askatasunaren aldeko eta genozidio eta okupazioaren kontrako Nafarroako plataforma izan da hautagai bozkatuena.


Elektrikari bat amiantoagatik hil zela ebatzi du Gasteizko auzitegi batek

Gasteizko Lan arloko bigarren auzitegiak ebatzi du SIS Electricidad enpresarentzat lan egiten zuen eta 2019an hil zen behargina amiantoak eragindako minbizi batengatik hil zela. Udal galdarak konpontzeaz arduratzen zen elektrikaria, eta 1999tik 2017ra lan egin zuen enpresa... [+]


Txetxu Barrios Atarrabiako presoa baldintzapeko askatasunean geratu da

Kartzelan 27 urte egon eta gero askatasunean geratu dela iragarri du Etxerat elkarteak.


Hilberria
Fermin Leizaola etnografoa hil da, 81 urterekin

Euskal Herriko artzaintzaren kulturan aditua izan da; milaka pieza jaso eta dokumentatu ditu Aranzadirekin. 45 urte eman zituen Etnografia Saileko zuzendari.


17 urteko neska bat elektrokutatuta hil da Araiako tren geltokian

Geldirik zegoen bagoi baten sabaira igo eta han elektrokutatu da. Berarekin zegoen 16 urteko neska zauritua izan da eta Gurutzetako ospitalera eraman dute.


2025-06-17 | Mikel Aramendi
“Lur arraroak” edo “mineral estrategikoak”?

Ezer geratu bada argi pasa den astean Londresen Txinako eta AEBetako merkataritza-arduradunen artean adostu zuten “esparru-akordioan” (batek daki zer esan nahi duen zehazki esamoldeak; “Genevako akordioari buruzko akordioa” dela diote batzuek), hauxe izan... [+]


Israelek Irango telebista kate publikoaren egoitzari eraso egin dio, eta Netanyahuk mehatxu egin du Khamenei hilko dutela

Teherango barruti bati eraso egin ondoren, Israelek jaurtitako misil batek IRIB Irango telebista kate publikoaren egoitza izan du jopuntu. Erasoa gertatu aurretik Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek ohartarazi du "Irango propagandaren bozgorailua" desagertzear zela... [+]


EAEko Kultura Sistemaren Legea, Espainiako eskuinaren esku?

Jaurlaritzak lizitaziora atera zuen proiektua, “lan teknikoegia” delako. Ia 80.000 euro jasoko ditu Estudio Jurídico Gabeiras y Asociados SLP enpresa madrildarrak, “egoeraren diagnostikoa” eta legearen hasierako proiektua egiteko. Enpresa horren... [+]


“Irunen alarde gatazkarik ez dagoela diotenen asmoa da gaiari garrantzia kentzea, inor busti behar ez izateko”

Irungo Alarde Parekidean sortu berri den Meaka konpainiako kapitaina da Nagore Olaskoaga. Alarde Tradizionala vs. Parekidea, “kopuruak direnak dira, baina oso pozik gaude gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean, eta beraiek dira gure herriaren oraina... [+]


2025-06-17 | Gedar
“Parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu, eta aurten ere ez gara jaietatik kanpo geratuko”

Ehunka lagun mobilizatu dira berriz Gasteizen, txosnetan GKSren eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aurka mantentzen duten betoa dela-eta, irtenbide bat aldarrikatzeko.


Herri Sanferminak festarako prest

O plazan garatuko dute egitaraua. Bazkariak, bertso saioa, txikientzako antzerkia, pilota txapelketa, herri olinpiadak eta elektrotxarangak izango dira, besteak beste.


UEMAra beste bost herri batu dira eta plan estrategikoa adostu dute

Azkoitian egindako aurtengo lehenengo batzar nagusian batu dira UEMAra ondoko bost herri hauek: Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegi.


Istilu arrazistak gertatu dira Martzillan, eta bizilagunek adingabeen zentroa ixtea eskatu dute

Joan den asteko asteazkenetik ostegunera bitarteko gauean istiluak izan ziren Martzillan (Nafarroa), eta hainbat bizilagunek harriak eta aulkiak jaurti zizkieten zentroan zeuden etorkin adingabeei. Bizilagunak kalera irten ziren igandean, "herri seguru bat defendatzeko"... [+]


BSHko langileek Eskirotzeko lantegiko sarrera moztu dute berriz, kaleratzeen aurka

Joan den astean iragarri zuen BSH enpresak Eskirotzeko lantegia itxiko zuela langile batzordeak, Espainiako Industria Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak eginiko eskaerei jaramonik egin gabe. Asteartean egingo dute Enplegu Erregulazioko Espedientearen negoziatzeko lehen... [+]


B etiketadun ibilgailuak Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan sartzea debekatu dute

Neurriak orain arte, A etiketadun eta etiketarik gabekoei eragiten zien.


Eguneraketa berriak daude