Ixteko ireki

  • Duela urtebete itxi zuten Euskaldunon Egunkaria. Juan del Olmo epaileak eman zuen giltzarrapoa jartzeko agindua, eta orain, berriz, irekitzeko baimena, enpresaren likidazio plana prestatzeko. Tarte horretan gertatutakoak ez dira ahaztekoak.Egunkariaren auzian inputatuak daudenen egoera ezagutu nahi izan dugu eta abokatuen lana zertan den deskribatu.Bildu ditugun iritzien arabera, enpresari eman nahi zaion irtenbidea ez da horrelako proiektu batek merezi duena. Baina, dirudienez, aukera txarren artean hauxe litzateke onena.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Juan del Olmok, Egunkaria S. A.ren egoitzei zigilua kentzeko baimena eman zuen abenduaren 15ean. Enpresaren likidazioa errazteko urrats gisa zabaldu zen berria. Egunkaria S. A.ren administrazio kontseiluak ontzat eman du del Olmoren egitasmoa. Bertako kide den Txema Auzmendik arrazoitzen duenez: "Erabaki onena ez bada ere, eta Egin egunkariaren amaiera nolakoa izan zen ikusita» Eginen zorrak pilatu eta biderkatu egin ziren urteekin», ez da txarra Egunkariaren egoera horrela konpontzen saiatzea». Izan ere, Egunkariaren zorrak kitatzeko beharra baitago. Joan Mari Torrealdai ere bat dator: «Aukera landua, borrokatua da, dena esan behar da. Alternatiba askoz okerragoa baita». Martxelo Otamendik ere horrela dio: «Zorigaiztoko erabakien artean, alegia, egunkari bat ixtea, agian izan daiteke erabaki on bat». Hala ere, Joan Mari Torrealdaik kontatzen duenez: «Gogorra da hil dizutenaren gorpua lurperatzen norbera ibili beharra!»

Epaileak bi aukera eman zizkion Egunkaria S. A. enpresari: bata, Merkataritzako Legeak arautzen duen bezala, porrot egoera onartu eta ordainketak etetea, eta bestea, likidazio ordenatu bat egitea. Egunkaria S. A. enpresak, Enekoitz Etxeberria abokatua izendatu du kontu-hartzaile judizial. Eta bere ustez, lehen aukera horrekin enpresak ez dauka inolako etorkizunik. Bigarrena onartzean bide formal bati ekitea onartu da.

Egunkaria likidatzeko Juan del Olmok agertu duen asmoa paradoxikoa eta kontraesankorra da. Del Olmoren autoaren arabera, Egunkaria ETA erakundearen zerbitzuko enpresa izateagatik itxi zen. Epaileak atxilotuak ETAren kolaboratzaile edo kidetzat jo zituen. Hain salaketa larrien ostean, orain, berriz, enpresari irtenbide bat planteatzen dio, oraindik epaiketarik egin ez denean. Erabakia ez ohikotzat jotzen du Txema Auzmendik, baina, agidanez, honelako egoerak ere gertatzen dira.

Ondasun eta zorrak

Enpresaren jarduera etenda geratu zen Zigor Kodearen 109. atalaren arabera. Bere aktibitateak eta kontu korronteak itxita eta blokeatuta daude, eta egoitzak zigilatuak. Andoaingo egoitza Martin Ugalde Kultur Parkearena da, baina Gasteiz eta Iruñekoak, epaileak oraindik ez dizkie jabeei itzuli. Bilbokoa, berriz, Egunkariak erosia zen.

Enpresa zorretan gelditu zen ordea, hartzekodun nahiz hornitzaile ugariekin. Hala nola, Ogasuna, Gizarte Segurantza, langile eta kolaboratzaileak... Horiek guztiak Egunkaria S. A.rekin zituzten konpromisoak itxi beharrean daude gaur egun.
Egunkaria S. A.ren eta hartzekodun nahiz hornitzaileen arteko kontu likidazioak mota eta munta ezberdinekoak dira. Epaileak administratzaile judizial bat izendatu zuen uztailaren 18an, likidazio plangintza aurrera eramateko. Madrilgo Ogasuneko funtzionarioa da, eta nortasun agiri faltsuarekin ari da, Lekuko Babestuen Legearen pean. Bitxia bada ere, Julio Anguita izena jarri diote.

Enekoitz Etxeberriak argitu digu egoera: "Zorrak zor dira, eta normala denez hartzekodunak kontu eske hasi dira. Egunkaria S. A.rengana zuzendu dira eta beren erreklamazioak egin dituzte. Epaileak, enpresa horien kexuak aztertuko ditu eta beren erreklamazioak legezkoak diren edo ez erabakiko du. Hau normalean ez da horrela izaten, baina kasu honetan enpresa ikerketa kriminal batean sartua dagoenez, epailea da nagusia eta berak erabakiko du enpresaren likidazioa".

Likidazio plana martxan

Otsailaren 2an Guardia Zibilak giltzarrapoaren giltza eman zion abokatuari. Abokatua otsailaren 3an sartu zen eta prezintua kenduta dago harrezkero. Epaileak Enekoitz Etxeberria gordailu-zainari aukera eman dio egoitzen barruan dauden mahaiak, ordenadoreak eta ondasunak oro har, ordenatu eta saltzeko. Hori aktiboa da. Likidazio planak ondasun horiek saldu eta horren salmentarekin pasiboari aurre egingo dio. Gakoa, aktiboa eta pasiboaren arteko oreka lortzea da. Horrela enpresak zorrak ordaindu ditzan. Enekoitzek kontatzen duenez: "Egitekoa ez da erraza. Gauza bat da ondasunen balioa kalkulatzea eta beste gauza bat zehaztea ondasun horien salmentako balioa. Zenbat balio du urte bat geldirik egon den ordenadore batek? Norbaitek erosi nahi al du? Beraz, lehenik aktiboaren balioa kalkulatu behar dugu eta ondoren, aktibo osoa izanda, hartzekodunei ehuneko ehunean ordaintzea posiblea den kalkulatu. Edo bestela, zein neurrian ordaintzen ahal zaien. Onartuko ote dute guk aurkeztu dezakegun ehuneko hori kobratzea?".

Likidazio plana gauzatzen ari da. Hurrengo lana hartzekodunei eta zordunei plana aurkeztu eta alde guztien artean akordio bat adostea izango da. Hots, epailea, enpresa, hartzekodun eta zordunen artean. Enekoitz Etxeberria eta Egia abokatuen kolektiboa ari dira horretan, Jose Mari Elosua abokatua tarteko. Epaileak eta aldeek ez badute likidazio plana onartzen proiektua ezin izango da aurrera eraman. Plana onartzeko epea otsailaren 20 artekoa da. «Data kontutan estu eta larri jarri gaitu epaileak», kexu da Joan Mari Torrealdai.

Kasua argitu beharra

Demagun epaileak onartzen duela abokatuek aurkeztuko duten likidazio plangintza, eta auziaren parte hori bukatutzat ematen dela: "Egunkaria S. A.ren proiektua zertan geratzen da ordea? ETAren zerbitzu ote ginen?" adierazi digu administrazio kontseiluko kide Txema Auzmendik.

Jon Aleman Egunkaria Sortzen S. L.ko bazkideetako bat da, eta komisioko kidea. Bera ere kezkatuta dago kasua ez argitzeak aurkako aurrekari ikaragarri bat zabaltzen duelako: «Berriz ere gauza bera egin dezakete. Behingoz hortzak erakutsi behar zaizkie, eta Egunkaria ireki egin behar da, ez estatuari begira bakarrik, baizik eta bazkideei eta dirua eman zaleei begira. Jarraitu dezaten dirua ematen, ez daitezen kikildu».

Egunkariaren itxieraren aurrean hartutako jarrerarekin kritiko ageri da: «Nire uste apalean, zaharra ireki behar zen. Arazo hori hor utzi dugu, eta beharbada ez da egin errebindikazio mailan egin zitekeen guztia».

Aurrerantzean, Egunkaria irekitzeko borroka judizialki eraman beharko dela arrazoitzen du Jon Alemanek: «Diario Madridek egin zuen bezala, epaiketa bat eraman behar genuke estatuaren eta justizi boterearen kontra. Hori hemendik urte askotara izanen da, baina bide bat da, irabaziz gero indemnizazioa kobratzeko, gutxienez. Diario Madriden kasuan, juezak erabaki zuen jabeek arrazoi zutela, eta mila milioi pezetako indemnizazioa jaso zuten»

Egunkariarentzat dirua jarri zuten bazkideen kontua ez dagoela konponduta dio: «Pentsatzen dugu jarritako dirua berreskuratzeko ahalmena izango dugula, asmo horretan ari gara. Kontua da orain auzia penala dela, eta gure bidea zibila izango litzateke. Bide penaletik ez dugu gauza handirik egiteko modurik ikusten».

«Denbora gelditua»
Inpresio horrekin geratu zen iazko abenduaren 1ean Enekoitz Etxeberria abokatua, bederatzi hilabetez itxita egon ostean Egunkariaren Andoaingo egoitzan sartu zenean. Erredakzioaren zorua altxatua, paperak lurrean, bazterrak zikinak... Gasteiz, Bilbo eta Iruñeko egoitzetan okerrago, usaina eta zikina gailendu da.

Urteko egun gorriak
2003-02-20 Operazio poliziala
Del Olmo epailearen aginduz, Euskaldunon Egunkariak ETArekin lotura omen zuela eta, egoitza denak itxi eta 10 lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak: Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Pello Zubiria, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goya, Txema Auzmendi eta Inma Gomila. Hauen etxeak, Ikastolen Elkartea, Jakin aldizkaria, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa eta ARGIAren egoitzak miatu zituzten. Eta Martin Ugalde Euskaldunon Egunkariako Administrazio Kontseiluko ohorezko lehendakariaren diru kontuak blokeatu.

2003-02-21 Egunero bezala
Euskaldunon Egunkariako langileek, hurrengo egunean bertan ordura arte Tolosaldean banatzen zen Egunero zabaldu zuten Euskal Herrira. Martxoaren 21ean, 32 orrira hazi zen.

2003-02-22 Manifestazio handiena
Euskararen Kontseiluak antolatuta, "Egunkaria aurrera. Bai Euskarari!" lelopean, Donostian dozenaka mila lagun bildu zen. Egunkariari egindako atxikipenak ezin konta ahala izan ziren.

2003-02-25 Lau aske, sei barrura
Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, eta Pello Zubiriari espetxe zigorra jarri zien del Olmok. Martxelo Otamendi (30.000 euroren truk), Inma Gomila (18.000 euro), Luis Goya (12.000 euro) eta Fermin Lazkano (12.000 euro) fidantzapeko askatasunean utzi zituen. Hamarrei inkomunikazioa altxa zien.

2003-02-24 Zubiria erietxean
24an jakin zen Pello Zubiria Gregorio Marañon erietxean zegoela, ZIUn, bere buruaz beste egiten saiatu omen zelako. 27an espetxera eraman zuten.

2003-02-26 Tortura salaketak
Otamendik 26an, eta 27an Uriak, Alegriak eta Oleagak, tortura salatu zuten.

2003-03-14 Torrealdai eta Auzmendi aske
Bakoitza 12.000 euroko fidantzaren truk.

2003-03-17 Eusko Legebiltzarreko agerraldia
Martxelo Otamendik, Malores Etxeberria Pelloren emazteak eta Iñaki Esnaola abokatuak tortura salatu eta Pello askatzeko eskatu zuten Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordean.

2003-03-18 Pello Zubiria aske
12.000 euroko bermea ordainduta.

2003-06-21 Lehen Berria
Euskaldunon Egunkariako langileek Euskarazko Komunikazio Taldea SA enpresa sortu zuten maiatzaren 6an, Berria sortzeko. Dirua biltzeko kanpaina hasi, eta egun jarritako helburuaren (5 milioi euro) %92 betea dute. Lehen egunean ale denak, 50.000, saldu ziren. Egun, 21.000 ale saltzen ditu Berriak.

2003-07-18 Sei hilabete gehiagoz
Egunkaria ixteko agindu zuen epaileak.

2003-07-22 Administratzaile judiziala Egunkariari
Lege ordezkariaren arabera Egunkariak 700.000 eurotik gorako zorra zuelako, eta itxiera luzatzeak zuloa haziko zuenez, administratzaile judiziala jarri zion del Olmok, ondasunak kudeatzeko.

2003-10-16 Zortzi atxilo gehiago
Egunkariarekin lotutako eta Martin Ugalde Kultur Parkeko Kudeaketaz arduratzen den Buruntzape enpresako: Mikel Arrizabalaga, Joxe Mari Sors, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal, Mikel Azkune, Juanmari Larrarte, Amando Hernandez eta Angel Ramon Diez. Hauen etxeak, Martin Ugalde Kultur Parkea, Graficas Lizarra eta Zabaltzen miatu zituen Guardia Zibilak.

2003-10-19 Manifestazio erraldoia berriro.
Euskararen Kontseiluak antolatuta, "Gora Euskal Herri euskalduna. Bai Euskarari" lelopean egin zen, Donostian.

2003-10-21 Zortziak aske
Mikel Azkune, Joanmari Larrarte, eta Xabier Legarrak 12.000na euroko fidantza ordaindu zuten, eta Joxe Mari Sors eta Mikel Sorozabalek 30.000nakoa.

2003-10-28 Sumarioa publiko
Del Olmok sumarioa zabaldu eta 25 hilabetera egin zuen publiko. Azaroaren 7an sumarioa bitan banatu zuen. Bat "erakunde terroristako kidetza edo partaidetza" ikertzeko (otsaileko hamarrak), eta bestea izaera ekonomikoko delituak (otsaileko hamarrak eta urriko bederatziak, Enekoitz Etxeberria abokatua barne). Abenduaren 1ean Egunkariaren diru kontuei dagokion sumarioaren zati bat berriro sekretupean jarri zuen. Eta inputatu gehiago egon daitezkeela adierazi.

2003-11-3 Oleaga aske
30.000 euroko bermea ordainduta. Xabier Alegria 50.000 euroko bermea ordainduta aske uzteko agindu zuen epaileak, baina Udalbiltza auziagatik espetxean jarraitzen du. Iñaki Uria oraindik preso da.

2004-01-31 Zigilua kenduarazi
zuen epaileak likidazioa errazteko, 2003ko abenduaren 1ean Egunkariaren egoitzak berriro miatu eta administratzaile judiziala kendu ondoren.

"Urtebete"
2003ko otsailaren 20an eta urriaren 16an Juan del Olmo epaileak eta Guardia Zibilak egindako operazio judizial-polizialak eragin latza izan dute euskal kulturgintzan. Batzuk agerikoak izan dira (Egunkaria itxita eta prezintatuta eta Euskaldunon Egunkaria argitaratzeko debekua, guztira 19 lagun atxilotuta eta hauetako asko torturatuta eta batzuk kartzelan, enpresa eta erakunde hauen egoitzak miatuta eta kontuak blokeatuta...) eta beste batzuk kalean nabari ez direnak (Martin Ugalde Kultur Parkea kudeatzen duen Buruntzaperen kontuak blokeatuta, eta lanean jarraitzeko debekurik ez izan arren kontu berriak irekitzeko aukerarik gabe, atxilotutakoen kontu eta ondasunak bahituta...).

Lehen urteurrena betetzen denean, zalantzarik gabe, argiak eta ilunak ikus ditzakegu. Argien artean: herri honek beste behin bereari eusteko erakutsi duen grina eta gaitasuna, bi operazioen ondoren euskal kulturgintzaren aldeko indar bilketa izugarriak egin ziren herriz herri eta bat eginda Donostian (nonbait, euskaldunok badugu batzen gaituen zerbait); langileen biharamunean bertan abiatutako Egunero; kalean geratutako taldearen ekimenez eta herriz herriko laguntzarekin lau hilabetean enpresa egitura berria abiatu eta Berria argitaratzen hastea; oztopo eta zailtasun guztien gainetik Martin Ugalde Kultur Parkea euskal kultur industria biltzeko eta garatzeko balio duen gunea izaten jarraitzea. Ilunen artean: urteetan zailtasun eta neke handiz sortutakoa harrokeriaz eta bedeinkapen guztiekin desegiten dutela ikusi eta horri aurre egiteko ezer ez izatea; eta batez ere Iñaki Uria eta Xabier Alegria kartzelan ikusi urte betez eta hauek ezin kaleratua.


"Ezintasuna"
Hamabi hilabete igaro arren, albistea atzo jazo balitz bezala gogoratzen dut: Egunkaria itxi egin dute; hamabi lagun eraman ditu Guardia Zibilak.

Zertan egin dugu aurrera ordutik hona? Nork bermatzen digu gertaerok ez direla berriz ere errepikatuko? Horiek dira, ene ustez, egin beharreko galderak. Nik orduan astindu ninduen ezintasun berbera sumatzen dut nire inguruan. Elkartasun zoragarria bizi izan genuen ordu haietan, kalera irten eta amorrazio hura kanporatu genuen…eta? Lehengo lepotik burua. Itxieraren aurka, atxiloketen aurka eta euskalgintzaren alde metatu ziren indar sozial eta politiko guzti haiek sakabanatuta jarraitzen dute. Herrigintzak adostasun zabalak behar ditu, indar aurrerazale eta euskaltzaleen arteko akordio zabal, zibil eta sendoa. Hori lortu ezean, alferrikakoak dira lantu guztiak, elkarri kontsolatzeko terapia bezala oso ona da. Baina ez dira eraginkorrak aurrera egiteko. Indar politiko guztiek huts egin dute, kale. Ez dute gure konfiantzarik merezi.

Lerro xume hauen bitartez Iñaki Uriari nire besarkadarik handiena helarazi nahi diot. Egunero zaitut gogoan.

Urtebete eta gero, hau!
Ez dira garai onak adierazpen askatasunarentzat munduan. Jacksonen titiak (niri gertakariak zeresana sortu badit, berriz ere, ikusi behar izan dugun jazarpen imintzioagatik izan da. Titia, nahiko modelo arruntekoa iruditu zait. Batere interesik ez!) sekulako burrunbada sortu du AEBetan eta ondorioz hango hainbat telebista kate handik, zuzenean eskaintzen zituzten gertakariak bost segundoko atzerapenaz emateko erabakiak, aztoratuta nauka.

Erreferentziatzat AEBak hartu baditut, batzuk, inperioak narkotizatuta dituelako izan da. Narkotizatuta eta gehiegikerian legitimatuta. Inperioak gainera sariak ematen dizkie, eta hango Kongresuan hitz egiten utzi. Eta ez dago kopia izan nahi duenaren papera baino okerragorik: Patetikoa baina arriskutsua. Nolanahi ere ezin ukatuko diogu "kopiatzaileari" gogo faltarik, batez ere 40 urteko historian, eta geroago ere bai, usadio lazgarri ugari ikasiak baititu bere baitan.

Horren lekuko gaur gogoan dugun ekintza sail mingarria, eta era berean euskaltzaletasunarekin zer ikusirik duen edozerk jasotzen duen kriminal martxamoa.
Nolanahi ere, zer espero behar genuen ba!

Kontua da egoera honi nola aurre egin. Gurean, lanbide hau arrazoitzen duen boterearen kontrolean tinkoago aritu behar dugulakoan nago.

Botereak, zilegi eta demokratikoenak ere beti du gehiegitzeko joera, beti gainditzen ditu mugak. Boterea kutsakorra da.

Kontrol zuzena beharrezkoa da, honek gainera botere arteko tentsioa sortuko duelako elkarri aurre eginez, botere diren neurrian, botere guztiek beti gehiago nahi izango duten heinean.

Urtebete eta gero, egunero izan dugu euskaldunok nola edo hala egunkaria euskaraz (eskerrik beroenak, hori lortzeko muturrak hautsi dituzten guztioi), baina eta zer? Ba bakoitzak gure arloan egin beharko dugula, berandu izan baino lehen.

Euskaldunon Egunkariaren auzian inputatutakoen egoera
Hemeretzi inputatuek behin behineko askatasuna dute. Eta Joan Mari Torrealdaik kontatzen duenez: «Gainera horrelaxe bizi dut psikologikoki ere, behin behinekoa bezala. Baina hala ere zein ederra den askatasuna, Iñaki Uriak ez duena!» Txema Auzmendik ere bere samina azaldu du: "Zergatik gaude ni kanpoan eta Iñaki Uria barruan? Jesuita balitz ziur kanpoan legokeela ni bezala!". Epaitegira sinatzera joan beharra daukate astero edo hamabost egunero. Espainiako Estatutik ateratzeko baimen berezia behar dute. Kontu korronteak blokeatuta dauzkate. Batzuei Guardia Zibilak eramandako ordenagailuak iritsi zaizkie, besteei, aldiz, oraindik ez diete ezer itzuli.

Otsailean atxilotutako hamarrei leporatzen zaizkien delituak dira «erakunde terroristaren kide izan edo kolaboratzea» eta, bestalde "ogasunari iruzurra", "diru laguntzetan iruzurra" eta "dokumentuak faltsutzea". Badirudi bigarren operatiboan, urrian inputatutako inori ez zaiola leporatuko «erakunde terroristako kide izatea», baina hau ere ikusteko dago. Denak prozesamendu autoaren zain daude, jakiteko bakoitzari zehazki zer egite leporatzen zaizkion, eta egite horiek zer kalifikazio juridiko duten.

Xabier Oleagari Iñigo Iruin abokatuak esan dioenez, Guardia Zibilak txostena emititu du eta bere sumarioan sartuta dago: "Ez dakigu txosten horrek zer dioen, ordea. Fiskalaren eskuetan dago. Iruinek abisatu dit komunikabideei filtratua izan daitekeela, horrela gertatuz gero ustekabean harrapa ez nazan".

Jose Mari Elosua abokatuak azaltzen duenez: «Delitu larriagoa da erakunde terroristako kidetza edo partaidetza. Baina izaera ekonomikoko delituen kasuan ere, ez da delitu bakarra leporatzen, hiru aipatzen dira. Hirurak batuta, lehen eta bigarren kasuetako zigorrak nahiko parekoak dira. Erakunde terroristako integrazioak 5etik 10era urteko kartzela-zigorra du, edo 6tik 12rakoa, kode penal zahar edo berria aplikatzen denaren arabera. Eta hiru delitu fiskalak gehituz gero ere, 6-8 urtekoa da kartzela-zigorra.»

Epaiketa egingo ote den edo bere horretan geratuko den, hau da Elosuaren inpresioa: «Epaileak garbi adierazi digu beti sumario honek beretzat lehentasuna duela, eta ikusten da, hartu dituen hainbat erabakitan, kasu honekin lehenbailehen bukatzea dela bere asmo garbia. Kontua da, sumarioaren konplexutasunak berak asko atzeratuko duela prozesua. Eta guk jarriko ditugun errekurtsoek ere bai».

Defentsa prestatzeko duten eragozpenik handiena «dokumentazio ekonomiko guztia une honetan Guardia Zibilaren eskuetan egotea» dela dio Elosuak. «Egunkariari ETAk finantzatua izatea leporatzen zaionez, orain berregiten ari gara Egunkaria Sortzen martxan jarri zenetik Egunkaria S. A. sortu zen arte, finantzaketa guztia nola egin zen».

Martxelo Otamendik, bi sumario gehiago ditu. Bat, Madrilgo Auzitegi Probintzialean Guardia Zibilari jarritako tortura salaketa. Eta bestea, Espainiako Gobernuak bere kontra jarritako kereila, Auzitegi Nazionalean. ETArekiko kolaborazioa leporatu zioten, tortura salatuta ETAren manuala jarraitzen zuela esanaz. Baina kereila hau geldituta dago, lehenengo erabaki arte Martxelok Guardia Zibilaren kontra jarritakoa. Auzi medikuak urtarrilaren 27an deklaratu zuen Auzitegi Nazionalean, eta berak aktetan jasotakoak bat datoz Martxelok deklaratzerakoan del Olmori salatutakoekin. Hortik aurrera zer espero duen galdetuta, Martxelok azaltzen duenez: «Epaileari afera hori artxibatzeko gogo handia ikusten zaio».

Martin Ugalderen kasuan, berriz, defentsak esplizituki eskatu du, prozesutik kanpo uzteko, bere egoera zein den kontuan izanik. Bere garaian txosten medikua egin zen, eta auzi medikuak bisita bat ere egin zion Martin Ugalderi. Baina oraindik ez da erabaki formalik hartu.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude