Ezpalak


2004ko otsailaren 22an

Argazki garaikidearen lehen azoka

Apirilean burutuko da lehen aldiz Donostian Argazki garaikidearen eta bideoaren nazioarteko azoka. Kursaalean egingo da ekitaldia, eta Ordoñez Falcon Argazki Zentroaren Fundazioak antolatu du. Horrez gain, datorren urteko maiatzean fundazioak dituen argazki fondoen erakusketa paratuko du Okendo kultur etxean. Horiek dira datorren urterako Fundazioak prestatu dituen ekimenetako bi. Izan ere, lehengo astean Tabacalerak hartuko duen Kultura Garaikidearen Nazioarteko Guneko Administrazio Batzordea bildu zen. Gune honetan egongo da Ordoñez Falcon Argazki Zentroa. Batzordeak hurrengo urterako aurrekontua adostu zuen eta Jose Joan Gonzalez de Txabarri izendatu zuen presidente.


Pirinioetako bi aldeetatik

Tolosan (Frantzia) egingo da aurten berriz ere !Mira! jaialdia. Bertan bilduko dira Espainiako zein Frantziako antzerkian, dantzan eta musikan diharduten profesionalak. 2002an egin zen lehen aldiz íMira! Toulousen, iaz Sitgesen burutu zen eta aurten Toulousera bueltatu da. Hilaren 26an hasi eta martxoaren 6a arte Pirinioaren bi aldeetara daude korronte berritzaileenak aztertu ahal izango dira. Besteak beste, Rodrigo García, Oskar Gomez Mata, Kepa Junkera, Helena Pimenta, La Zaranda edota Alex Rigolaren lanak ikusi ahal izango dira.


Hausnarketarako erakusketa

Hiru belaunalditako artisten lanak daude bilduta Iruñeko Moises Perez de Albeniz aretoan Nafarroako artearen egungo egoeraz eta garapenaz hausnartzeko xedearekin. 18 artistek azken 25 urtetan eginiko lanak daude ikusgai: Jose Ramon Anda, Faustino Aizkorbe, Juan Jose Aquerreta, Asuncion Goikoetxea, Pedro Salaberri edota Dora Salazarren obrak, besteak beste. Batzuk erakusketarako bereziki eginak, beste batzuk aurrez erakutsitakoak. Guztiek erakundeei egozten diete arte garaikidearekiko duten arreta eskasa. Erakusketaz gain, otsailaren amaieran mahai-inguru bat egingo dute hainbat museotako zuzendariek.


Gasteizko euskal zinemaren astea

Makina bat lan esanguratsu ikusi ahal izango da aurten ere Gasteizko euskal zinemaren XX. astean. Otsailaren 24tik martxoaren 1a arte, besteak beste, Pedro Olearen Tiempo de Tormenta, Ramon Barearen El coche de pedales eta Helena Tabernaren Extranjeras lanak ikusi ahal izango dira. Egunero 12:00etan, 16:30ean, 19:00etan eta 22:00etan izango dira saioak. 12:00etakoa doakoa den arren, gainontzekoetan hiru euro ordaindu beharko dira. Sari banaketa martxoaren 4an izango da.


Marrazkirri 15: umore erakusketa

Asisko Urmeneta eta Marko Armspach marrazkilariek, Pantzoa Irigarai eta Maria Agnes Gorostiaga musikariek eta Esponde, Alkat eta Iribarren bertsolariek eman zioten hasiera Marrazkirri 15 erakusketari inaugurazio gisa prestatu zen afarian. Otsailaren 20tik martxoaren 20ra umorezko marrazkiek osatzen duten erakusketa horretan, arrantzari buruzko irudiak ikusi daitezke. Antolatzaileen helburua, Prestigen hondamendiak itsasoan utzi dituen arrastoak irudikatzea izan da.


Mende bat baino gehiago mendian gora

XX. mendearen hasieran iritsi zen Euskal Herrira mendizaletasuna, dirudienez, alpinismo britainiarraren filosofian oinarrituta. Ordutik, mila menditara iritsi da euskal mendizaletasuna eta hori agertu nahi du lehengo astean Bilboko BBK Fundazioak martxan jarri zuen erakusketak. Bertan ikusi ahal izango dira Everestera eginiko lehen igoaldian (1980) erabili zuten ikurriña, Felix Iñurrategiren pioleta, Euskal Herrian geratzen diren kalamuzko soka bakarrenetakoa... Bibliografia, irudiak eta kartografia ugarik arakatuko dute mende oso baten ibilbidea martxoaren 6a arte.


Zinema museoetan

Arte lanez gain, ekimenak antolatzeari ekin diote azkenaldian museoek, hala nola, zinema emanaldiak. Guggenheim Bilbao Museoak esaterako, otsailaren 23an hasi eta 27a bitartean, Fas zineklubaren 50. urteurrena ospatzeko Europako zinemaren hastapenetan Frantzian eta Alemanian egin ziren film mutuak eskainiko ditu. Gainera, zuzeneko musika emanaldiez lagundurik ikusi ahal izango dira film hauek. Bestalde, Bilboko Arte Eder Museoak Inoiz existitu ez zen hiria erakusketarekin batera zinema ziklo bati hasiera emango dio. Eskainiko dituen film guztiek zera dute komunean: akzioa irrealak diren lekuetan gertatzen dela. Besteak beste, Ozeko magoa edo Herrialde Miresgarriko Alizia bezalako filmak ikusi ahal izango dira.


Idazleen jazarpena

Hainbat tokitan idazleek bizi dituzten jazarpen egoerak aldarrikatu eta salatzeko sortu zen 1993an Autodafe Idazleen Nazioarteko Parlamentuko aldizkaria. Orduan, Aljerian hainbat idazlek jasandako atentatuen erantzuna izan zen. Urte batzuk igaro dira, baina lehengo astean aurkeztu zen lehen aldiz aldizkari horren euskarazko itzulpena. Garikoitz Knörr-ek egin du lana eta lehengo astean Gasteizen egin zen Nazioarteko Idazleen Parlamentuko kideen jardunaldietan ezagutarazi zuten. Udarako bigarren zenbakia kaleratuko omen da.


Eguneraketa berriak daude