«Publish what you pay»: garapenak argia behar du

  • Merkatu kapitalista gardenki kudeatu behar dela uste duen fundazio bat eta munduko miseriak arintzen saiatzen diren erakunde humanitarioak elkartu dira kanpaina berezi honetan: multinazionalek publiko egin dezatela herrialde atzeratuetako gobernuei zenbat ordaintzen dieten.

2004ko otsailaren 15ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Angolan 40 urte luzeko gerra ikaragarria bukatu eta gero, Global Witness erakundeak izenburu hau ipini zion hari buruzko bere dossierrari 1999an: «Ezusteko gordina». Munduko baliabideak, gatazkak eta ustelkeria lantzen dituen Global Witness-ek («Lekuko Globala» itzul dezakegu libre samar euskaraz) urte luze horietan bankuek eta petrolio konpainiek Estatuari egindako lapurreta orokortuan izan zuten zerikusia salatu zuen. Txosten hartan garbi geratzen zen ilunpeko diru mugimenduek nola eraman zuten herrialde bat hondamendiraino; eta agiriaren bukaeran dei egiten zitzaien petrolio konpainiei Angolako agintariei ordaintzen zieten dirua publikoki aitor zezaten: «Publish what you pay».

Angolari buruzko agiri hori arretaz irakurri zuen garapen bidean diren herrialdeetan lanean ari den zenbait agentek, denetan zabalduta dagoen eritasuna baita agintarien ustelkeria. Eta Gobernuz Kanpoko Erakunde gehiago bildu ziren Global Witnessen kanpainaren itzalera.

«Publish what you pay» kanpaina sostengatzen duten erakunde humanitario eta altermundialisten zerrenda anitza bezain aberatsa da: Attac, Intermon-Oxfam, Human Right Watch edo Amnesty International-en ondoan, Pax Christi, Caritas eta beste hainbat kristau erakunde ageri dira, eta irakurle gehienei ezezagunak egingo zaizkien beste asko ere bai.

Baina kanpainari ukitu berezia eta indarra Georges Soros filantropo hungariar-amerikar aberatsaren fundazioak eman dio. Hona kanpainarekiko bere sostengua zertan oinarritzen duen Georges Sorosen Open Society Institute-k: «Georges Sorosek uste du korporazioek, merkatuen mekanikari begira, hirugarren munduan bere estandarrak hobetzeak epe luzera globalizazioaren eragin negatiboak hobetzeko balioko duela». Kapitalismoan sinesten duen gizon honen optimismoa ez dute izango beste erakunde sinatzaile askok. Baina kanpainaren inguruan bil daitezke, nonbait.

Txoriak gari artean goseak

Gardentasun estandarrak oso ezberdinak dira enpresentzako herrialde garatuetan eta hirugarren mundukoetan. Kanpainaren helburua, leku guztietan gardentasun osoa izatea da: «Baliabide naturalak Estatuak monopolio gisa hartzen ditu leku gehienetan. Eta horregatik da hain garrantzizkoa herritar guztiek jakin dezaten zer egiten den enpresek baliabide horien truke pagatzen dutenarekin».

Baina ikuspegi moral horrez gain (herritarrek beren baliabideekin zer egiten den jakiteko eskubidea dutela, alegia), herriak bazterketa ekonomikotik ateratzeko estrategiek ere gardentasun hori eskatzen dute. «Publish what you pay» agiriak dioenez «zuk ezin duzu maneiatu neurtu ezin duzuna». Eta arazo sinple bezain larri honekin egiten dute talka hirugarren munduari karitateaz gain aurrerapenerako laguntza ekarri nahi dioten erakundeek.

Petrolioa, gasa eta meatze industriak garrantzizkoak dira garapen bidean dauden 50 herrialdeetan. Horietan bizi diren 3.500 milioi pertsonetatik 1.500 milioi egunean bi dolar baino gutxiagorekin bizi dira. Herrialde horiek jasaten dituzte munduan zorrik handienak dituzten estatuak, eta giza eskubideekiko errespeturik gutxien erakusten dutenak. Afrikari dagokionez, kontinente horretatik egunero sekulako aberastasuna ateratzen badute ere, 300 milioi herritar egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi da, eta beren bizi itxaropena 48 urtez azpira erori da. Haurren heriotza kopuru izugarriak, gosea, milioika heriotza eragin dituzten gerrak, armen zirkulazio beldurgarria... horiek guztiak, batera edo bestera, lehengaien kontrolik gabeko esportazioari lotuta daude. Ikusi bestela, adibideok.

Angolan petroliotik datozen diru sarrerek osatzen dute Estatuak dituen diruen %90 (3.000 eta 5.000 milioi dolar artean). Hala ere, dirutza horri buruzko informazioak ezkutuan segitzen du. Zenbait ikerlariren ustez, azken bost urteotan gutxienez urteko 1.000 milioi dolar geratu da Estatuaren kontabilitatetik kanpo. Zifra hori beste honek argitzen du: Nazio Batuek 200 milioi dolarreko laguntza ematen diote munduan haur heriotza kopururik handiena duen herrialde horri.

Antzeko zerbait gertatu da Nigerian: petroliotik dator hango Estatuaren diru sarreren %90, eta duela gutxi agintetik kendu duten Sani Abacha lehendakariak gutxienez 4.000 milioi dolar ostu eta atzerriko paradisu fiskaletan gorde zuela uste da. Beste hainbeste gertatzen da duela 35 urte arte Espainiaren kolonia izan zen Ekuatore Ginearekin: bere Estatuaren kasik diru guztiak petroliotik datozkio eta horietatik 135 milioi dolar baino gehiago urruneko paradisu fiskaletan ordaintzen zaie hango agintariei.

Ustelkeria hori gardentasunik ezaren estalkipean babesten denez, «Public what you pay» agiriaren sinatzaileek petrolio multinazional handiak konbentzitu nahi dituzte beraiek zergetan agintariei ordaintzen dietena publika dezaten. Izan ere, erakunde humanitarioek herrialde garatuetako herritar eta instituzioen artean dirua eta negozio baldintza zuzenagoak eskatzen dituztenean, hirugarren munduko erregimen ustelei lagundu baizik ez dietela egiten entzun behar izaten dute sarritan. Horregatik nahi dute laguntza eman behar dutenak konbentzitzearekin batera, hartzaileetan ustelkeria kontrolbidean jarri.

Multinazionalak konbentzitzeko argudio saila landu dute «Public what you pay» koaliziokoek: merkatua epe luzera egonkorragoa bihurtuko duela, multinazionalei ezusteko gogorrak (Suharto diktadorearen erorketa aipatzen dute sarri) saihetsi dizkiela, inbertsioak egin dituztenei segurtasun handiagoa eskainiko zaiela... Erregulazio on baten eredua ere erakusten dute: Botswana. Hemengo agintariek eta bertako diamanteak ustiatzen dituen De Beers konpainiak alor honetan garapen bideko herrialdeei bidea erakusten omen diete, konpainiak bere zergak txukun pagatu eta publikatzen dituelako eta Estatuak herritarren garapenean inbertitzen dituelako.

Baina multinazionalek oztopoak erakutsi dituzte: gardentasun politika honetan sartuz gero, estatu horietako agintari askok beste konpainia batzuetara joko dutela, leialtasunik gabeko konpetentzia dela eta abar. «Public what you pay» agiriak, ondorioz, mundu mailan ezarriko den protokolo bat lortu nahi du epe baten buruan.

Geroak erakutsiko du gardentasuna zenbateraino lortu ahal izango den, eta lortzen denak zertarako balio duen. Baina iraganak jada erakutsi du milioika herritarren miseria eta beren agintarien ustelkeria uztarri berean doazela.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
‘The Lancet’ aldizkariaren arabera, Israelek 434.000 palestinar hil ditu 2023ko urritik: Gazako biztanleriaren %20

Iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du aldizkariak. Kalkuluen arabera, 2023ko urriaren 7tik egunean 732 palestinar hil ditu batez beste, Israelgo armadaren erasoen... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


Janaria sartzeko “10 orduko etenak” iragarri ditu Israelek, Gazan 100.000 haur desnutrizio arriskuan daudelako

"Pausa taktiko" gisa definitu ditu Israelek. Igandean hasi da eta 35 kamioi sartu dira Gazako zerrendara.


Espetxetik irten da Georges Abdallah, Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa

40 urte pasatxoko espetxealdiaren ostean, joan den ostiralean atera zuten espetxetik, eta segituan Libanora eraman, bere jaioterrira. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez... [+]


2025-07-28 | Hala Bedi
Gasteizko kanpaldian jasandako Poliziaren bortizkeria salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gogor kargatu zutela "giro lasaian" egiten ari ziren ekimenaren aurka. Lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu utzi zituzten Poliziaren esku hartzeari buruzko bestelako... [+]


Umezurtz geratu diren Palestinako haurrei eskolak ziurtatzeko 41.000 euro bideratuko ditu Salam Gaza erakundeak

Nafarroako Kutxa Fundazioari esker 41.000 euro bideratuko ditu Palestinara Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak, umezurtz geratu diren haurrei eskolak bermatzeko gutxienez beste urtebetez. Alor akademikoa eskaintzeaz gainera, babes psikologikoa eta laguntza emozionala... [+]


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Paul Urkijoren ‘Gaua’ hurrengo filmaren soinu bandaren grabaketan parte hartu du Aiaraldeko Iaiaiai taldeak

Irrintzi eta performance taldeak aste honetan egin ditu grabaketak Paul Urkijoren eta Mursegoren eta Aran Callejaren gidaritzapean, eta beste artista batzuekin elkarlanean, Ibon RG-rekin besteak beste. Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute pelikula, urrian.


Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista

1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.


Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


Eskuz eta banaka

Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin,... [+]


2025-07-28 | Jakoba Errekondo
Harroputzetik artaputzera

Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea aberasten zuten. XVI-XVIII mendeak ziren. Meatzariak,... [+]


Eguneraketa berriak daude