Loïc Le Ribault: zientzialari pioneroa ala gezurtia?


2004ko otsailaren 08an
Akitaniako (euskaldunak barne) ehunka gaixo kronikok dute Loïc Le Ribault zientzigizonaren eta bere G5 silize organikozko erremedioaren berri. Askok »lagunei bezala prentsari erreparorik gabe aitortu dienez» beren gaitzak (batik bat artritisak, psoriasiak eta abar) arindu edo sendatu dizkielako. Beste batzuek (kazetari honek, tartean) erremedioa erabili eta hobekuntzarik nabaritu ez arren, aukera terapeutiko interesgarria dela deritzotelako.

Gaixo guztiok zekiten G5 produktuaren egile eta jabeak arazoak zituela Frantziako agintariekin, eta bere produktua Irlandan egiten zuela: postaz erosten zioten. Urtarrilaren 21ean jakin dute »Baionako Le Journal du Pays Basquen, Iban Etxezarretak Pantxo Arretzi egindako elkarrizketa irakurrita» ongi ezagutzen duten Loïc Le Ribault Suitzan preso daukatela. «Ikertzaile baten kontrako atxilotze agindua» izenburua daraman dokumentala aurkeztu du Miarritzen Pantxo Arretz euskaldun paristarrak eta bertan bildu du kasu honetaz jakin ahal izan duena, Le Ribault berarekin egindako elkarrizketa barne. Baina, horra kasualitatea: filma erosi eta antenaratuko duen telebista bakar bat ez zaie azaldu oraindik.

«Dena ongi doa» pentsatu nahi duen herritarrari hainbat zalantza sortzeko moduko historia da Loïc Le Ribaultena.

1947an Bretainiako Morbihan departamenduan sortua, oso gazterik erakutsi zuen kimika alorrean gizon garrantzitsua izango zela. 23 urterekin, kuartzoa mikroskopio elektronikoz aztertzeko metodo berri bat asmatu zuen, exoskopioa deitzen dena. Tesia bukatu eta ikerketan segitzen zuelarik, silize organikoak hainbat gaitz sendatzeko dituen ahalmenez ohartu zen kasualitatez: erabiltzen ari zen nahasketa batean bere esku psoriasiduna sartu eta sendatu zitzaiola konturatu zenean. Geroztik, mikroskopio elektronikoaren erabileraren eta arearen (silizioaren) inguruko ikerketetan eman du bizitza.

Bi alorretan mamitu zen Le Ribaulten lana. Mikroskopio elektronikoaren erabilerak Frantziako polizia eta zerbitzu sekretuen aholkulari garrantzitsu izatera eraman zuten. Horien azpikontrata moduan, Carme izeneko laboratorioa antolatu zuen. FBI eta DST (Frantziako barne espioitza agentzia) ziren bere bezeroak, ehunka poliziari eman zizkien ikastaroak, poliziak argitu ezinezko kasu zailetan argibide garrantzitsuak eskaini...

Arerioak zerbitzu sekretuak eta farmaindustria badira...


Beste adarrean, gizakien gaitzen sendatzeari dagokionean, 1982an Norber Duffaut kimikoa ezagutu zuen. Honek 1957tik zeukan DNR izeneko erremedioa patentatua, eta Bordeleko mediku garrantzizko batzuekin silize organikoaren sendatzeko ahalmenak garatzen ari zen. 80ko hamarkada izan zen bi gizonen arteko elkarlanaren urrezko garaia: bata laboratorio prestigiotsu baten jabe, bestea esperientzia terapeutiko handiekin, G4 silize organikozko erremedioa sortu zuten. Baina 90eko hamarkada bukaera aldera hasi zitzaizkien buruhausteak.

Silize organikoari dagokionez, ez zuten lortu Frantziako Osasun Ministeritzak ontzat hartzerik. Eta Carme laborategiak Frantziako poliziaren eta zerbitzu sekretuen interesekin egin zuen topo. Zenbait kasu sonaturen erdian agitu baitzen. Baionan bi hilketa egotzi zizkioten Pinault-en kasuan, familiaren abokatuei arrazoi eman eta bertsio ofiziala hankaz gora joan zen. Gauza bera gertatu zen Toulon-go base militar baten inguruan 1989ko otsailean gertatutako leherketa batekin: agintariek gas eztanda bat egin zuten, 13 pertsona hil ziren, eta Le Ribaultek titanio arrastoak aurkitu zituen. Izan ere, egun hartan Toulon-en maniobra militarrak ari ziren egiten eta galdutako misil batek eragin zuen sarraskia.
Gobernuek zerbait gorroto badute bertsio ofizialak hankaz gora botatzen dituen jendea da, eta lan enkargurik gabe geldituta, bere laboratorioa itxi behar izan zuen Le Ribaultek.

Silize organikoaren negozioa ez zihoakion hobeto. 1993an Norbert Duffaut bere sozioa hilik agertu zen. Bertsio ofizialak bere burua hil egin zuela dio, baina bitxia dirudi kimiko on batek suizidatzeko potasio zianuroa bezalako pozoi mingarria hautatu izana.

Loïc Le Ribaultek bakarrik segitu zuen eta molekula aurreratuago bat sortu, G5. Bere izena zabalduz zihoan, eta gaixo berri gehiago inguratu zitzaizkion Sud Ouest egunkariak Le Ribaultekin eta bere silize organikoak on egin ziela zioten gaixo askorekin 1995ean egin zuen erreportaiaren ondotik. Berehala salatu zuen justiziaren aitzinean sendagileen elkarteak eta 1996an ihes egin zuen Le Ribaultek, Karibeetako Antiguara. Han bere Commonwealtherako G5arentzako baimena lortu ondoren, berriro itzuli zen Frantziara hemen legeztatzeko asmoz, baina 1996ko abenduan lehenbizikoz espetxean sartu eta isolamenduan eduki zuen Bordeleko juje batek.

Bi hilabeteren buruan presondegitik aterata, Jersey uhartera egin zuen ihes lehenik eta Irlandara gero. Handik komertzializatu du urteotan bere G5 silize organikoa, posta eta Internet bidez. Eta gauzak horretan estabilizatua zirudien. Baina beste polizia afera ilun bat nahastu da tartean berriro: Chanal afera.

Pierre Chanal poliziako ofiziale bat zen, autostop egiten ari zen gazte hungariar bat bahitzen ari zela 1988an arrestatu zutena. Frantziako Montmelon inguruan gertatu ziren hilketa ugarietako familiek eskatuta, Loïc Le Ribaultek Chanal heriotz horietako beste gehiagorekin ere inplikatzeko frogak aurkitu zituen. Berriro bertsio ofiziala gezurtatuz.

2003ko apirilean zen Chanalen epaiketa Reimsen. Lekuko gisa deitu zioten Le Ribaulti, baina ihesi zegoenez ez zuen azaldu nahi. Beldur izateko motiborik bazuen: beranduxeago, Pierre Chanal hau ere suizidatuta azaldu da joan den urriaren 15an, estu-estu zainduta zegoen espetxeko bere ziegan. Pierre Chanal honela definitu du urtarril honen 7an Suitzako Le Libre Journal egunkariak: «Zerbitzu sekretuetako killer bat historiako hiltzaile beldurgarrienetakoa bilakatu zena». Badago zer ezkutatua duen handi jendea beraz.

Loïc Le Ribault espetxean ikusita, «iruzurgileak zigortu egin behar dira» pentsatuko du askok. Konspiraziozaleak bere altxorra betetzeko bazka aurkituko du (Interneten ugari). Eta gaixo sendaezinak segiko du pentsatzen pioneroak ezin direla jende zentzudunen artean aurkitu, lapur, hiltzaile eta iruzurgileen artean bilatu behar direla.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude