Irlanda eta geu 2004an

Ez dakit astroen jirabirek gizakiongan eraginik badutela sinesten dutenek, nik ezagutzen edo aintzakotzat hartzen ez dudan klaberen bat edukiko duten, baina hasi berria dugun urte honetarako kezka, eta ez txikia, eragiten dit «betidanik» (data ipintzen ez hastearren) Euskal Herriak Irlandarekin duen kidetasun politiko asimetriko horrek. Baldin eta azken hamarkadan paralelismoa baino gehiago oposizioa izan denak jarraitu eta han gainbehera dena hemen bizkorraldia izaten ez bada. Ez da esperagarriena, hala ere.

Hamar urte bete ditu jada Reynolds eta Majorrek Downing Streeten sinatu zuten agiri politikoak, eta abuztuan beteko ditu beste horrenbeste IRAren 1994ko su-etenak. Ezin esango dugu, haatik, haien ondoriozkoa den Ostiral Santuko hitzarmena sasoirik onenean aurkitzen denik, hilzorian baizik. 2003ko azaroaren 26ko hauteskundeek ez dute prozesuaren krisi kronikoa konpondu; alderantziz, areagotu egin dute. Paisleyren UDP da orain arbitro nagusia, partida bere horretan blokeatzeko eskumena duena. Eta, orain arte erabakigarria izan den Blairren borondate politikoa, ezerezean geratzen ari da prozesuaren korapiloak eta laboristen bestelako endredoak direla medio: hala nola Londresen kalkuluetan, seguruenik, argi dagoelako aterabide politikoa zapuzten bada ere IRAri ez zaiola borroka armatura itzultzeko aukerarik geratzen, berehalakoan behintzat.

Beude Ipar Irlandako arazoak ipar irlandarrentzat, eta haiekin zerikusi zuzena dutenentzat. Beroiek geurean izan dezaketen eraginak kezkatzen nauela nioen. Gogoeta konplikatu eta ñabarduratsuak baino mezu bakan eta errepikatuak askoz nahiago dituen herri honetan, auzi horri buruzko irakurketa gehienak nork bere «betiko» diskurtsoa berresteko ildoan kokatuko direla igartzeko ez da aztia izan behar. Horrela, batzuentzat, hango eta hemengo gizarte eta egoera politikoen arteko ezberdintasunak azpimarratzeko abagune aproposa izango da (edota alderantziz, ez/berdintasunen joko honetan argudioen pendulua mutur batetik bestera joaten ikusi baitugu behin baino gehiagotan); beste batzuentzat, armen baliabideari unilateralki edota bermerik gabe bazter emateak erakar ditzakeen ondorio politikoen agerkari izan daiteke.

Zorrotzagoak izaten saiatzeak mesede egingo liguke, agian. Ipar Irlanda, Palestina eta Euskal Herriko arazo politikoek elkarren artean dituzten ezberdintasun ikusgarrien artean, ez da txikiena haietako bakoitza politikoki konpondu ahal izateko partaide direnek duten borondate politiko arras ezberdina, bakoitzarentzat arazo den eta ez denaren definiziotik bertatik eratortzen dena, gehienetan. Euskal Herrian, adibidez, Madrilek arazoa «terrorismoan» kokatzetik «nazionalismoan» ikustera pasatzeak erakarri duen blokeoan ataskaturik aurkitzen gara, Londres, Dublin eta sei konderrietako errepublikarrek Ipar Irlandan lortu zuten definizio bateratua eta gaurdaino izan duten borondate politikoa amestuz. Han, ordea, beste bide batetik, komunitate unionistaren ezkortasun interesatu bezain demokratikoaz, blokeo egoera berorretara hel daitezke orain.

Borroka armatua, bestela eskura ezinak ziren xede politikoak lortzeko "abrelatasa" izan zitekeeneko garaiak, izatekotan, bloketan banatutako munduaren amaierarekin bukatu zirela egitate historiko kontingente bezain distiratsua da egun. Are gehiago: xede horiek tresna demokratikoen bitartez lor daitezkeenak direnean, gehitu ordez gutxitu egiten du eraginkortasuna, bi bideen konbergentziak, II Mundu Gerraren ondorengo lehen aldian gerta zitekeenaren alderantziz. Baina horrek ez du esan nahi orain demokrazia, berez eta ezinbestez, era guztietako arazo politikoak «ireki» ditzakeen «abrelatasa» bilakatu zaigunik.
Demokraziak ere blokeoak sorraraz ditzake.


ASTEKARIA
2004ko otsailaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude