Zentsuraz


2004ko urtarrilaren 25an
Zentsura: hitz benetan itsusia. Horren praktikaren berri izateak gaixotu egiten gaitu bortizki, izutu eta ostera ere lokamuts gaizto batera murgilarazi. Ez naiz ari frankismoaren urte ilunak errepasatzen, ez. Joan berri zaigun urte hau, tamalez, oso aberatsa izan baita halako esperientzia txarretan. "Idazten ari naizenean ez nau zaintzen, aspaldiko espainolak zainduta zeuden moduan, zentsore batek sorbalda gainetik eta ez nago, ezta ere, erbesteratzera behartuta nahi dudana idazteko. Gaur egun sentitzen dudan muga bakarra nire inspirazio edo talentu eza da besterik gabe. Oso gutxitan izan dute idazleek adierazterik horrelako zerbait nire herriaren historian. Salbuespen bakarra Euskal Herrian ematen da, non asasinatzearen profesionalak saiatzen baitira herritar zati baten adierazpen eskubidea murrizten". Hori da gazteleraz idazten duen donostiar idazle batek adierazi berri duena. Eta arrazoi du, zentzu batean. Baina ez arrazoi osoa. Beti bezala, luparen erabileraren arazoarekin egiten dugu topo. Lupa eta aztertu nahi dugun gaiaren fokatzearen problemarekin. Zenbateraino hurbiltzen garen edota zenbat urruntzen garen gai horretatik zehazkiago edo modu orokorrago batez ikustearren. Donostian jaiotako idazle honentzat, ematen duenez, ETAren zentsura besterik ez dago hemen gaur egun. Nonbait, ez du beste ezer ikusi hemen idazle horrek. Zer esan horren aurrean... ba, agian oraingoz nahikoa izan daiteke jakitera ematea idazle hori aspalditik Alemanian bizi dela.

Beste adibide bat: zentsura dela eta ez dela, gaur egun El Mundo egunkaria zuzentzen duen P. J. Ramirezek bere baitan sufriturikoa esplikatu izan digu hainbeste aldiz. Bost minutuan eta besterik gabe bota omen zuten bera zuzendari kargutik kalera Diario-16 zuzentzen zuen garai hartan. Etorri omen zitzaion goiz batean enpresako Zuzendari Nagusia eta handik hamar minutura, ez bat eta ez bi, kalean omen zegoen ezer gabe. Zergatik? Ba, orduko Gobernuko Presidenteak (Felipe Gonzalez) dei bat egin omen zion Zuzendari Nagusiari amenazo honekin: "Ez baduzu tipo hori kalera botatzen oraintxe bertan itxi egingo dizut egunkaria, dauzkazuen zorrengatik". Eta P. J. Ramirez kalera joan zen, eta aukera duen bakoitzean hor ibiltzen da bere kasu hori han eta hemen aldarrikatzen inoiz izan den zentsura kasurik ankerrena balitz bezala. Beno, hemen gure artean, egunkari osoak ixten dizkigute eta badirudi ez dela ezer gertatzen zenbaitzuentzat. Izan ere, egoitza nagusia Madrilen duten egunkariak ez dira oso samurrak izaten zenbait euskal gairekin. Oraindik duela ez asko jakin nuen Ramon Zallok idatzitako artikulu bat ez zutela argitaratu nahi izan egunkari horietako batean. Zallo, Savater bezalaxe, unibertsitateko katedraduna da, liburuak eta artikuluak idazten ditu, ez dut uste ETAren aldekoa denik... baina ez diote publikatzen Savater-ek bere "pastoralak" argitaratzen dituen egunkarietan. Zergatik? Hori ez al da zentsura?

Zoritxarrez zentsura bizirik dago leku askotan. Ez nuke nahi nik jakin, ordea, euskaraz idatzitako publikazioetan zentsura praktikatzen denik gaur egun. Negargarria izango litzateke hori.

Lerro hauek idazten ari nintzela jakin dut Madrileko La Razón egunkariak bultzatuta, Onda Cero eta Cope irratiek akuilatuta, talde ultraeskuindarren presioagatik azkenean antolatzaileek bertan behera utzi behar izan dutela Euskal Herriko Berri Txarrak rock taldearen kontzertua. Lehenago beste batzuek pairatu zuten antzekoa, Fermin Muguruzak eta Manu Chaok eta beste zenbait taldek... Ni testu idatziekiko zentsuraz aritu naiz zertxobait esaten lerro hauetan, baina ikus daitekeenez beste zenbait arlotan ere zentsurak bizirik dirau egunotan: musikan, arte plastikoetan (artista bati, bere ideia politikoekin ados ez egon arren, bakean utzi behar zaizkio bere lan artistikoak. Eta hau gaur egun esan beharra ere, negargarria da), euskararen erabileran... Enfin, donostiar idazlea Alemaniatik hona bizitzera inoiz itzuliko balitz, berehalaxe ikusiko luke frankismoaren garaiko praktika batzuk ez direla erabat eten oraindik.


ASTEKARIA
2004ko urtarrilaren 25a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude