O Enriqueta!


2004ko urtarrilaren 25an
O Enriqueta! Berriro natorkizu erromes, berriro zure itzal luzearen atzetik. Zure izaerak txundituta, zure nortasunak zoratuta, zure jakinduriak liluratuta berriro natorkizu jarraika, sekta satanikoen kideek duten fideltasunaz, drogen menpekotasunaren morroiek zaldi txuria jarraitzen duten itsutasun berberaz, Budaren jarraitzaileen irmotasun beraz, Kristoren diszipuloen kemenaz, Alaren semeen tinkotasunaz.

Zuregana nator, Enriqueta maitia, gure etxean, Araba lurraldean, Espainiako batasun sakrosantuaren ikur zarelako, inperioaren ispilu, gesta militarren agerki, hobenik ez duen historiaren irudi. Eta zugan bakarrik ipini ahal du atzoko, gaurko eta betiko Espainiak konfidantza, fedea eta esperantza. Iraganean izandakoa etorkizunean ere izanen denaren itxaropena, zugan bakarrik oinarritu ahal da, Enriqueta.

Ez dabil gaizki Ramon. "En Alava como en Navarra" dio gure Ramonek. Baina Navarran aspaldi eta ganore handiz heldu zioten kontuari, Azazetan orduko alkatea eta dozena bat nazionalista eta errepublikano tirokatzea »esate baterako» ezin duzu alderatu Navarrako karrika eta kunetetan egindako lan eskergarekin. Eredu egokia aukeratu baduzue ere, kemenean datza »nire uste apalean, Enriqueta maitia» aldea.

Atrebentzia galanta da ikasleak maisuari ikasgaiaz jardutea, grumeteak kapitainari norabidea proposatzea, baina zure umiltasun mugagabeaz, zure eskuzabaltasun paregabeaz baliatuz, ausartu egiten naiz, oldartu, eta begirunez bada ere, erruki hau luzatzen dizut: utzidazu aholku pare bat ematen, Enriqueta.

Korellako Miguelek irekitako bideari jarraituz, lurralde historiko hau ere, Araba, euskararen erabileraren arabera zatitu behar duzue, Aramaio bailarako bi baserri gune euskaldun izendatuz, Gasteizko kutxi kaleko lehen zatia elebiduna eta Arabako beste eremu guztiak espainolak, erabat espainolak, soilik espainolak. Euskara eskaintzen duten eskola, ikastola zein euskaltegiei oraindik ematen zaien subentzio hondarrak, erabat desagertarazi. Soberan geratuko den dirua Fundación Francisco Franco-ri bideratu, premia handia baitute. Olentzero, Santageda eta Santo Tomas jaiak debekatu. Marraskiloak astean behin jatea agindu. Mendizorrotza kiroldegiari Monte Afilado deitu, askoz ere jatorragoa baita. Barcinak irekitako ildoa jarraituz katedral zaharra bota eta solairu hartan parking itzel bat egin. Andra Mari Zuriaren plazari izena aldatu, Romería del Rocío, Castañuelas Alegres edo Amigos de Pelayo izan daitezke izen aproposak. Prudentzio deunaren bezperan erretreta jo beharrean "Somos novios de la muerte" interpretatu, aldez aurretik eskoletan ume guztiek letra ikasi beharko lukete. Gasteizko Plaza Berrian Madrilen ipini berri duten bandera baino handiago bat zintzilikatu, askoz ere handiagoa. Eta Gasteizko jaiei hasiera emateko Zeledoni baserritar jantzi arloteak aldatu, esate baterako, guardia civil uniforme dotoreaz apainduz.

Jakin badakit, Enriqueta, Samaniego poeta arabarraren jarraitzailea zaitugula, ia-ia Ramonek bere herriko ardoa jarraitzen duen kemen berberaz, eta sarritan pentsatu izan duzula esne saltzaileari eskainitako bertso ospetsuak zuretako aproposak zirela: No seas ambiciosa/ De mejor o más próspera fortuna,/ Que vivirás ansiosa/ Sin que pueda saciarte cosa alguna./ No anheles impaciente el bien futuro,/ Mira que ni el presente está seguro. Eta horregatik pentsatu ahal duzu, Enriqueta maitia, larregiko proposamenak direla, presa barik eman behar direla urratsak, azkarregi joanez gero estropezu egiteko arriskua dagoela, bide onetik doala kontua eta kaltegarria izan daitekeela azkarrago joatea. Baina begirune osoz esaten dizut, Enriqueta, kontua oso larria dela eta hartu beharreko neurriak urjenteak. Bestela jai.

Edonola ere, ez zalantzarik izan, zure adimen paregabean, zuhurtasun handian, argitasun distiratsuan, ahalmen ikaragarrian, gaitasun berezkoan, konfidantza osoa dugula zure jarraitzaile xumeok. Musu bat, Enriqueta.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude