Legerik ez unibertsitatean


2021eko uztailaren 28an
Askok uste genuen Euskal Autonomia Erkidegoan urte berriak unibertsitate lege berria ekarriko zuela, eta ez da izan horrela, denok dakigunez. Uste dut jende askok tamalgarria iritzi diola Legebiltzarrean berriki gertatutakoari. Deitoragarria, benetan ere, kontuan hartzen badugu zenbat bider aipatzen duten eremu politikoan diharduten eragileek erantzunkizun berba, zeren eta, nire iritziz, nabarmena izan da gai honen inguruan alderdi politiko batzuek izan duten erantzukizun falta. Baina ez dezagun hitz egin horretaz, unibertsitate legearekin batera azaleratu diren eztaibada batzuetaz baizik.

Nazio bat, unibertsitate bat

Agian zenbaitek esango du ideia hori ez dela inon eta inola ere agertu, baina ni nago horixe izan dela, bai lege proiektuaren onurak nabarmentzean eta baita hari kritika gogorrak egitean ere, oinarri-oinarrian egon den pisuzko argudioetako bat. Hortaz, proiektua bultzatu dutenen hitzetan, legeak ekarri behar zuen hobekuntza aipagarrietako bat EAEko unibertsitate guztiek sistema bakarra osatzen dutela ezartzea zen. Lege proiektua erabat gaitzetsi dutenen iritziz, berriz, bertan Euskal Herria berba eta EAEz besteko lurraldeetako unibertsitateekin loturak estutu nahia azaldu arren, funtsezko morrontza agertzen zen gobernu zentralak ebatzitako unibertsitate legearekin. Hala ere, ezin esan daiteke sakoneko eztabaidarik egon denik unibertsitateak nazio baten etorkizunean betetzen duen zereginaren inguruan. Izan ere, onarturik dago unibertsitateak nazio modernoen beharrizan sozial ugari asetzen dituela, hala nola, zientziaren garapena, adituen prestakuntza teknikoa, kultura eta artearen bilakaera, hizkuntzaren zaintza… Baina, oso gutxitan aipatzen da nazio guztiek dutela lehentasunezko helburutzat unibertsitate nazionala eraikitzea, unibertsitateak ukaezineko zeregin politikoa betetzen baitu. Adibide bakarra jarrita, unibertsitateari zor zaio mota askotako ideologien sorrera eta horien onespen soziala lantzea. Edozein modutan, lege proiektuaren gabeziak ahaztu gabe, aipatu egitasmoari onurarik ikusi dionik ere egon da.

Euskal Herriko Unibertsitatea, legearen beldur eta legearen zain

Arrazoi asko direla medio, izen hori daraman unibertsitatea inportanteena da egungo euskal gizartean eta, zer esanik ez, legearen gorabeherak gertutik jarraitu dituzte instituzio horretako hainbat erakunde eta taldek. Nahikoa da unibertsitate bizitza apur bat ezagutzea bertan gertatzen dena oso konplexua dela onartzeko, baina ez dut uste kontu hau larregi sinplifikatzen dudanik esanez gero unibertsitateko taldeak bitan banatu direla: legerik nahi ez dutenak, bateko; eta lege baten zain daudenak, besteko. Lehenak, unibertsitate autonomiaren aitzakiarekin, eginahal sendoak egiteko prest daude inork ez dezan pieza bat ere mugi urte askoan eraikitako puzzlean. Botereak faktikoak dira eta ez dute gura inolako esku sartzerik ez kontrolik; are gutxiago, balizko kontrol horri abertzale edota euskarazale usain apur bat baldin badario. Autonomia aldarrikatzen dute, bai, baina ez gobernu zentralak ebatzitako legeei begira. Talde horiek indartsuak dira, aitortu beharra dago, baina euren asmoen kontra jarri diren beste taldeak ez dira makalak, eta horren froga da, nola edo hala, lortua zutela egitasmoaren testuak kezka eragiten zioten gaietan aldaketarik jasotzea. Alta, alferrik izan da, denok dakigunez eta, horren ondorioz, zintzilik geratu dira konpondu beharreko arazo garrantzitsu bi. Bata, epe laburrera irtenbide jakin bat exijitzen duena: mila eta berrehun irakasle kontrataturen lanposturen egonkortasuna. Horrekin batera, bertako irakasle ez-funtzionario izateko bidea behar den moduan garatzea, eta, oro har, irakasleriaren lan baldintza duinak eta denontzat berdinak bermatzea. Bigarren arazoa are konplexuagoa da, patxadaz baina iparra galdu gabe egin beharrekoa: unibertsitateko euskalduntze prozesuari dagokio. Legearen zain dauden taldeak administrazio autonomikoari begiratzen diote neurri sakonen esperoan, unibertsitate egiturak, horretarako borondate sendorik egon ezean, ezinezko bihurtzen baitu irakasleen euskalduntzeari ekitea, oinarrizko irakaskuntzan egin den antzera. Bitxia irudi balezake ere, aipatu taldeak kontrol handiagoa eta esku sartze eragingarria eskatzen ari dira administrazio autonomikoaren aldetik. Eta zain jarraitzen dute.


Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


2024-05-16 | ARGIA
Bakegileak errudun jo ditu Parisko auzitegiak, baina ez dute zigorrik izango

Hobengabetzea eskatzen zuten bakegileek, baina Parisko Zigor Auzitegiak errudun jo ditu Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle. Hala ere, ez dute zigorrik izango.


Eguneraketa berriak daude