Altza, Pelipe!


2004ko urtarrilaren 18an

Azaroaren 21ean Espainiako Felipe printzea Donostiara etorri zen Legazpiren inguruko erakusketa bat zabaltzeko aitzakian. Eta Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak, askotan bezala, Alkategotik Protokolo musikala betetzeko agindua jaso zuen. Horrela, Miramar Jauregira joan ginen, Ongi etorri protokolarioan gure lana burutzera.

Hedabide gehienetan argitaratu ziren argazkietan eta telebistetan txistulariok protagonismo nabarmena izan genuen, ziur aski, kokatu gintuzten lekuarengatik, Kontxako badia atzean genuela. Argazki askotan Felipe printzea eta Ibarretxe lehendakaria baino deigarriago agertzen ginen. Eta, hortik aurrera, hainbat kontu. Politena, ume batena da:

-Mirri, atzo telebistan azaldu zinen txistua jotzen. Zer jo zenion printzeari? Altza Pelipe?

Pertsona heldu gehienek, aldiz, galdera errepikakor aspergarri arruntak egin zizkidaten:

-Jatorra al da? Oso altua da, ezta? Gustatu al zaio Donostia?

Ukitu autoktonoa ezin falta noski. Hori gertatu eta bi egunetara edo, gure entsegu tokian orri batzuk utzi zituzten: "Maiatzaren 22.ean ikusiko gara poz-pozik. Leti & Felipe". "Altza Felipe Trulalai". "Munduko guapoenak... Maskorra (La Concha) zuekin ederrago". Abenduaren 28a baino pare bat egun lehenago, beste eskutitz anonimoa iritsi zitzaigun, pergamino antzeko paperean atondua, ingelesez eta euskarazko testu bromoso luzeez josia, txantxa honekin: «Ingalaterrako Isabel erreginak gonbidatu egiten gaitu Donostiako txistulariok, bere seme Charles eta Camilla alabaren ezkontzara». Lanak hartu ditu anonimogileak bere txantxa betetzeko.

Gustatu egin zaizkit gutunak. Txantxak direlako. Gure jardun protokolarioarengatik jaso izan ditugunak gehienetan mehatxuak eta batzuetan okerragoak izan direnez, hau jolas txiki atsegina iruditu zait. Hala ere, alderdi bat ez zait gustatu: anonimoa izatea. Buru ezkutatze hori koldarren eta asmo makurren seinale izaten da. Nik txantxak sinatu egiten ditut. Momentuan ezin bada, hurrengo egunean.

Besterik ezean, hemendik esan nahi diot zerbait anonimoen egileari. Gustura jo nuen Pelipe printzearen Ongi etorri protokolarioan. Severo Ochoari, Rigoberta Menchúri, Aita Santuari, Japoniako enbaxadoreari, Saharako haurrei, eta abar luze bati egin izan diegun bezala. Eta etorkizunean agian Arnaldo Otegiri, Peixotori edo euskal presoei egingo diegun bezalaxe. Herri batek kontu asko behar ditu bere nortasunari eusteko. Horien artean, kulturalak garrantzi handikoak dira. Uste dut euskal protokolo tradizionala izatea, eta berari txukuntasunez eta kriterio garbiz eustea lan kultural serioa dela, kaskamelon batzuek, bizitzaren arlo guztietan bezala, ulertuko ez badute ere. Hitz egin genezake lasai honetaz. Nik ez diet beldurrik ez txantxei ezta hitz egiteari ere. Ea muturra agertzen duzuen.

Noski, gure eginkizun protokolarioak ez du zer ikusirik norberaren ideologia edo iritziekin. Batzuetan, horiekin bat ez datozen ekitaldietan parte hartu behar izaten dugu. Eta besteetan adiskideen ingurukoetan. Abenduaren 23.ean Gipuzkoako Diputazioak Urrezko Domina eman zien Jose Maria Setien, Iñaki Gabilondo eta Juan Zelaiari. Hirurak lagun estimatuak eta mirestuak. Pozarren nengoen noski. Baina lana berdin berdin egin nuen honetan eta Felipe printzearenean.

Konstituzio Plazan, Udaletxe zaharraren arkupeetan harrizko zutabe lodiak daude. Gure lantokiaren aurrean. Matraka ederra dute han Donostiako Udalak eta gazte borrokalari batzuk. Astean behin edo »ohitura errepikakorra bihurtu da» zutabe horiek margotu egiten dituzte: presoak kalera, euskal herrian nahi ditugu, Aznar faxista, EAJ traidore... Eta handik oso gutxira, gehienetan egun berean, Udalak bidalitako langileek ur txurrutadaz ezabatzen dituzte. Horrela ez dakit zenbatetan. Harriak iada lau edo bost zentimetro galdu ditu. Behin pintaketan ari ziren gazteak topatu eta aipatu nien zergatik ez zuten beste sistema bat erabiltzen, paperak jarri, kartulinak, egur oholak... Kasurik ez eta mutur luzea jarri zidaten. Udalean ere aipatu dut. Inork ez du ezer jakin nahi.

Harrizko herri hau. Harririk gabe geratuko al gara?


Eguneraketa berriak daude