Gurutz Jauregi: «PP nazionalismo espainol klasikoena sustatzen ari da»

  • EHUko Zuzenbide Fakultatean hartu gaitu Gurutz Jauregi irakasleak, Donostian. Zuzenbide Konstituzionaleko Katedradun honek Eusko Ikaskuntzaren saria jaso zuen iaz. «Baskista eta ezkertiar»tzar jotzen du bere burua. Estatua, nazioa eta demokraziaren kontzeptuak aztertu ditu hamaika liburutan. Guk geuk analista politiko gisara elkarrizketatu dugu.

2004ko urtarrilaren 11n
Azken hamar urteetan analista politiko gisara egindako iragarpenetan sarritan asmatu duela adierazi diogu gure solaskideari elkarrizketaren abiaburuan: «Bada, nik ez daukat horrelako inpresiorik», erantzun digu irribarretsu, eszeptiko eta harritu samar. Agian, tamalez, gure gizarteko egoerari buruzko iragarpen txarrak sarritan egin izanak galarazi dio inpresio hori izatea. Baliteke ere, elkarrizketaren ostean inpresioz aldatu izana.
Testuinguru horretan hasita, egungo egoera politikoa nola bizi duen galdetu diogu Jauregiri: «Analista bezala nahiko interesgarria iruditzen zait, herritar gisa ordea aspergarria eta astuna. Egoera politikoa oso kezkagarria da. Demokraziaren funtsa hankaz gora joan da, politikaren kalitate maila nabarmen jaitsi da mendebaldeko demokrazia sisteman. Gure herriari dagokionean, berriz, azken 25 urteetan, Euskal Herriko demokrazia oso ahula izan da, batik bat ETAren eraginez. Baina, ETA alde batera utzita ere, demokrazia ez da oso indartsua izan. Gainera, azkenaldian, PPren gehiengo osoa dela-eta, kalitate demokratikoa arras jaitsi da. Finean, gure gizartea bitan zatitu daitekeela ikusteak guztiz kezkatzen nau. Arrisku horren pean gaude, eta horrela segituz gero amildegira goaz. Herri honentzat katastrofikoa izango litzateke», diosku zuzenbideko katedradun honek.

Europako Batasuna (EB) estatuko agintarien borondatearen aurka egiten ari dela esan duzu inoiz, beharraldiak bultzatuta. Europako Konstituzioa hitzartzeko azken goi bilerak porrot egin ondoren, nola kusten duzu gai hori?
Estatuen arteko tirabira bat bezala ikusten dut, estatuak tentuz ari dira Europaren osaketan. Batetik, beren botere maila mantendu nahi dute, eta bestetik, Europa batua egin beharra daukate. Nahiaren eta beharraren arteko tirabira bat dute. Kontraesan horretan gauzatzen ari da EB. Europako Konstituzioa hitzartzerakoan izan den porrota kontraesan horren ondorio da. Estatuek ahalik eta aginte maila apalena utzi nahi diote EBri. Eta, adibidez, Espainia eta Poloniako estatuek ez dute beren botere zatia galdu nahi izan. Eta hori logikoa iruditzen zait.
Bestetik, eskualdeen edo lurralde kolektibitateen gaia dago. Puntu horri dagokionean oso ezkorra naiz. Oraingo Konstituzioan oso-oso urrats txikiak eman dira, eta gauzak ez badira aldatzen, etorkizuneko Europa estatuena izango da nagusiki.

Artean, Frantzia eta Alemania bi abiadurako EB sortzeko aukera aztertzen ari dira. Zer iritzi duzu horri buruz?
Alemania eta Frantziaren jarrera Espainia eta Poloniaren jarreren kontrako erreakzio gisa ulertzen dut. Nik ez dut estatu indartsuenen argudioak ontzat jotzen, baina, tamalez, gauzak hotzean hartuta, azkenean bi abiaduraren aplikazioa beharrezkoa izango da. Neurri batean logikoa iruditzen zait estatuen arteko integrazio prozesuan erritmo ezberdinak aplikatzea. Erronka ez da samurra. Pentsa... 25 estatuen hedadura, populazioa, kultura edota ekonomia hain ezberdinak elkartu eta erritmo berean jartzea oso zaila da. Alde horretatik logikoa iruditzen zait horrela aritzea. Baina tira, gauza bat da erritmo ezberdinak aplikatzea eta beste bat botere maila ezberdinak eskuratu nahi izatea. Erritmo ezberdinak izanda ere, azkenean, estatu guztiek estatus bera izan beharko lukete.

Gurera etorriz, Espainiako Konstituzioaren 25 urte eta Gernikako Estatutuaren 24garrena bete ziren iaz. Berauek birplanteatzeko garaia heldu dela esan duzu behin baino gehiagotan. Zertan arrazoiturik?
Birplanteatzeko hiru arrazoi ikusten ditut. Lehena: 25 urte pasa izana. Euskal gizarteak, Espainiako gizarteak eta munduko gizarteak oro har, bilakaera izugarria izan dute 25 urte hauetan. Aurreko 200 urteetan baino aldaketa handia eta sakonagoak bizi izan ditugu oro har. Aldaketa horien aurrean, Espainiako -edota Frantziako- Konstituzioak ezin du bere horretan jarraitu. Garaiari egokitu behar zaio, nahitaez. Bigarrena: Konstituzioa sortu zenetik belaunaldi bat iragan da. Konstituzioak alde onuragarriak nahiz hutsune asko izan ditu. Hutsune edo akats horiek aztertu beharko lirateke, akats horiek konpontzeko garaia da. Hirugarrena euskaldunoi dagokigu: Konstituzioak Espainiak historikoki izan dituen arazo asko bideratu baditu ere, ez du Euskadi -edota Katalunia- eta Espainiaren arteko auzi politikoa konpondu.

Espainiako sistema konstituzionalean euskal nazionalitatea eroso izateko abagunerik ikusten ote duzu?
Baldin eta Konstituzioaren erreforma gauzatuko balitz, bai. Baina, tira, orain bi urte Konstituzioaren erreforma defendatu nuen eta erotzat hartu ninduten. Orain gutxi, aldiz, Aznarrek berak, agian, Konstituzioaren erreforma batzuk egitea komeniko litzatekeela esan du. Nik Konstituzio honetako erreforma egitea guztiz beharrezkoa dela esan dut beti. Beraz, orain urte batzuk ikusi nuena are garbiago ikusten dut orain. Jakina, erreforma egitea ez da lege baten erreforma egitea, horretarako adostasun zabala behar da. Igarle bezala ikusi nauzu, eta tira, zentzu horretan, agian, iragarle izan naiz. Gaur egun Maragall, Rodriguez Zapatero eta Andaluzian nahiz EAEn ere erreforma eskatzen ari baitira.


Egoera politikoa horrela, nola ikusten duzu Ibarretxeren plana?
Ibarretxeren plana zilegia da. Komunitate bateko lehendakaria den aldetik bere lana proiektu politikoak lantzea eta gizarteari eskaintzea da. Hortaz bere proiektua legitimoa da. Bestelakoa da planak dioena. Niri ez zait gehiegi gustatzen. Ez zait gustatzen EAEn gizartearen integrazioa lortzea ezinbestekoa ikusten dudalako. Ibarretxe Planak, zentzu horretan, ez du laguntzen gizartea integratzen. Gizartea lehendik bi zatitan banandua bazegoen, Ibarretxeren planaren ondorioz gizarte banaketa gero eta handiagoa eta sakonagoa egiten ari da.

Zuk zeuk zein plan hobetsiko zenuke?
Nik sostengu zabalagoa bilduko lukeen plana hobetsiko nuke. Ibarretxeren planak alderdi sozialistaren sostengua izango balu, egokiago eta errealistagotzat joko nuke. Hasteko, bideragarria izango litzateke. Horrela izan ezean, gizarte honetarako bi proiektuen arriskua handitzen ari da egunez egun. Bi aldeak biltzen dituen proiektu integratzaile bat gauzatzen ez den bitartean, ez Ibarretxerena ez beste inorena, ez da plan onuragarririk izango.

Ez duzu beste biderik edo modurik ikusten, orduan.
Ez. Azken finean politika matematika da. Parlamentu batean gehiengoa baldin baduzu proiektu bat aurrera atera dezakezu. Eta une honetan EAEko parlamentuan ez dago gehiengo osorik.


Bestalde, «Indarkeriarik ez izatea ezin da ezinbesteko baldintza izan proposamenak aurkezteko», esan duzu publikoki. Konstituzioa aldatzearen aurka daudenek ez dute iritzi hori begi onez ikusi.
Eta horregatik gogor kritikatu naute. Nire ikuspuntu hori argi utzi dut hala ere. Pistola eskuan duen inorekin ezin dela politikoki negoziatu argi eta garbi esan dut beti. Ezin da negoziatu askatasunik ez dagoelako. Gai horri buruz hitz egitean, alderdi demokratikoen arteko negoziazioaz ari naiz.
Izan ere, alderdien artean gertatzen ari dena onartezina da. Guk arazo bat dugu eta alderdiek arazo hori konpontzeko hitz egin behar dute. Egun alderdien arteko ezin ikusia eta ezin hitz egin hori gure demokraziaren ahulezia sintoma da. Onartezina da hiritarrak ordezkatzen dituzten alderdi politikoak haien artean harrika ibiltzea. Zertarako nahi dut nik alderdi politiko bat, ez jada arazoak konpontzeko, baizik arazoak konpontzen ahalegintzen ez bada? Alderdi politikoak hiritarren arazoak konpontzeko daude edo behintzat konpontzen ahalegintzeko.

Intelektualen zereginarekin ere kezkatua izan zara. Egungo egoera ere iragarri zenuen. Zer moduz zentzu horretan?
Geroz eta okerrago. Eta ez bakarrik intelektualen aldetik, hedabideen aldetik ere geroz eta okerrago gaude. Hedabideek eta intelektualek arrazoi puntu bat jarri beharrean alderantziz ari dira. Politikoen interesak eta estrategiak intelektualen eta hedabideen zeregin izatera pasa dira. Intelektualek eta hedabideek politikoengan eragin ordez, alderantziz gertatzen da. Lastima gero horretan ere asmatu izana!

Euskal herritarren izatearen ideia bat definitzea falta izan dugula esan duzu ere bai. Ari al da hori zuzentzen?
Ez. Okerretik okerragora goaz. Nik nazionalismoa eta ez nazionalismoa baino lehenago ideia bat sustatu behar dela esaten dut: «baskismo integratzailea»ren ideia. Nik ideia hori defendatu dut, baina ez du onespenik izan. Alderantziz, geroz eta urrutiago gaude «baskismo integratzailea»ren ideiatik.

Frentismoak indarrean segitzen du.
Frentismoa puri-purian dago. Baina «gaitz handien garaiak erremedio handien garaia» ekar dezakeela esaten da. Gatazka soziopolitikoetan gauzak okerren doazenean bat-bateko erreakzio bat sortu izan da. Oraingo bidean jarraituz gero, baliteke erreakzio moduko bat gertatzea. Nonbaitetik atera beharko dugu-eta.

Kataluniako aldaketa politikoak lagundu al dezake erreakzio hori gertatzen?
Lagundu dezake. Kataluniako gobernuaren aldaketa oso berri ona da. Ez bakarrik taktikoki edo estrategikoki, perspektiba luze batetik begiratuta baizik. Kataluniakoa onuragarria izan daiteke euskaldunontzat. PSCren jarrera PSE-EErentzat eredugarria izan daiteke. ERCren jarrera ere jarraitua balitz, adibidez, EAren aldetik, oso onuragarria litzateke.


Hortaz, zerbait berria gerta liteke Estatuaren eta estatuko nazionalismo periferikoen arteko indar korrelazioan.
Igarle bezala paratu nauzunez gero, arriskatuko naiz hau esaten: azkenaldi honetan PPk hartu dituen jarreren aurkako erreakzio bat sortu daiteke Espainian. Espainiar nazionalismo berri edo moduko bat gailentzen ari da. Jendeak «PP urrunegi joan da eta egoera birbideratu beharra dago» pentsa dezake. Katalunian, Andaluzia, Galizian eta EAEn gauzak mugitzen ari dira. Ez Rodriguez Zapateroren merituengatik, PPren meritu eskasengatik baizik. Orduan, erreakzio hori gerta liteke. PP nazionalismo espainol indartsu eta klasikoena sustatzen ari da, betiko nazionalismoa. Zentzu honetan Aski Da! taldeak Donostian burutu zuen azken manifestazioa oso sintomatikoa izan zen. Manifestazioan izan ziren hainbat agerpenek PPren baitako batzuei zer pentsa eman beharko liekete. Agian gogoetatzen hasi dira dagoeneko.

Zure analisiek tragedia eta esperantza agertu izan dituzte. Zerbait mugitzen ari ote da euskal gizartean, ezker abertzalearen espektro sozialean zehazkiago?
Ez dakit. Ematen du ezker abertzalearen espektro sozialean eta baita politikoan ibilitako jende multzo bat konturatu dela ETAren jarduera oso kaltegarria dela abertzaletasuna, ezkerreko abertzaletasuna edota nazionalismoarentzat oro har. Areago, «baskismo integratzailea»ren aukera hori bera biziagotzeko guztiz beharrezkoa da ETA desagertzea. Alabaina, ETAk su-etena ematea ez da nahikoa. ETAk Lizarra-Garazi garaian bere aukera galdu zuen. ETAk orduan bezalako beste su-eten bat iragartzen badu ez du sinesgarritasunik ezta euspenik izango. ETAk iragarri dezakeen asmo sinesgarri eta eragingarri bakarra armak behin betirako uzten dituela da.


ASTEKARIA
2004ko urtarrilaren 11
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude