Gorria ez da beti gorri

  • Euskaldunok bizirik ditugu oraindik Paleolito garaian gure arbasoek natura ulertzeko eta gizartea antolatzeko asmatu zituzten kolorearen espektro kromatikoaren arrastoak, Mendebaldeko modernitatean koloreak erabili ohi diren era mugatutik guztiz bestelakoak. Zoritxarrez, ordea, desagertzeko zorian dago kolorearen zentzu berezi hori, altxor horren arrazoia eragin zuen ehiztari, nekazal edo arrantzale bizimodua desagertzen doan heinean. Ondorio horietara iritsi dira Txema Preziado eta Alfontso Mtz. Lizarduikoa irakasleak elkarrekin egin duten Euskaldunen kolore-unibertsoa (Argia eta koloreen pertzepzioaz) izenburuko ikerlanean.

2003ko azaroaren 23an

Mtz. Lizarduikoak zein preziadok iraganaldia aztertzean, geroaldia egiteko asmo sendoa dute. Hara zergatik zabaldu nahi dituzten fenomeno horren ezaugarriak Euskal Herri osoan, eta batik bat belaunaldi berrien artean.

Izan ere, globalizazioaren diskurtsoan ia erabat murgilduta gauden honetan, kolorearen gaiari dagokionez ere, bateratze-prozesu batean omen gabiltza aspalditik. Baina era nagusiaren eta euskaldunok oso aspalditik gurea dugun koloreak ikusteko, izendatzeko eta ulertzeko eraren artean, desegokitasunak azaltzen dira, aditu horien ustean. Zeren mailegutik hartutako koloreez gain, urdinak cielo azul edo ciel bleu esateko balio badu ere (oskarbi esatea ez ote litzatekeen egokiago galdetzen badute ere), inolaz ere ez omen da gauza bera gertatzen «asto urdina»rekin edota «saturdina»rekin. Era berean, «ume gorriak» ez dira horrela izendatuak izaten beren koloreagatik, «langile zuria» esapidea norbait hegoafrikar batengandik bereizteko erabiltzen ez den bezala. Eta gauza bera gertatzen da ere «beltza sakatu», «ele zuri», «negu gorrian egon», «oihan beltzean», «gorriak eta bi ikusi», «beltza da gero!» eta beste hainbeste euskal esaerekin.

Horren arrazoia? Alfontso Mtz. Lizarduikoak dioenez, tradizio zaharreko herrietan koloreen hiztegia lotuta dagoelako ez bakarrik koloreekin »modernitatean gertatzen den bezala», baizik eta egoera zehatz batzuekin ere. "Adibidez, urdina, askotan ez da azula, estruktura bat baino: izan daiteke harri bat, zerua erdi-lainotua, bereziki ileari atxikitako kolorea… Askotan herri horiek kolore hitzak erabili dituzte ez bakarrik kolorea adierazteko, baizik testuinguru bat, edo baloreak aditzera emateko. Gorriarekin gertatzen den bezala: gauza intentsoak, edo suarekin lotuak, eta baita balore estetikoak adierazteko ere erabiltzen baita".
Beraz, nahiz eta orain guri iruditu koloreak beti berdin ikusi izan direla, orain ikusten ditugun bezala, hori ez omen da horrela izan. "Antzinako herriek beste erabilera bat ematen zioten koloreari. Esperientzia sailkatzeko sistema bat zen haientzat".

Koloreei buruz galdezk Aramaion

Euskaldunok, oraindik ere, bizirik ditugu esperientzia klasifikatzeko sistema horren arrastoak, Txema Preziadok Kolorea herri euskaldun batean izeneko tesian (1989-1990), frogatu zuen bezala. "Oso herri zaharra da gurea »dio», baina oraindik ere elementu horietatik batzuk txertatuak ditugu inkontziente kolektiboan. Asko galduta daude praktikan jadanik, baina oraindik, ez dira guztiak desagertu erabat". Txema Preziadok bere tesiaren ikerketa gune gisa Aramaio hautatu zuen, Euskal Herri osoan horrelako azterketa egiteko ez denborarik ez azpiegiturarik ez zeukalako. Aramaiok horrelako ikerketa bat egiteko baldintzak betetzen zituen: herri euskalduna, nahiko isolatua egondakoa eta gaztelerak gutxi kutsatua. Bestalde, bertako biztanleria kaletar eta baserritarren artean erdibitua zegoen, demografia aldetik jaisten ari zen, kanpoko jende gehiegirik ez zuen jaso eta horiek kalean bizi ziren gehienbat. Datu bilketa, nolanahi ere, baserritarren artean egin zuen. Batetik, hirurogeita bost urtetik gorako eta lantegietan lanean ibili ez ziren baserritarrak aukeratu zituen eta bestetik, oinarrizko hezkuntza ikasten ari ziren sei eta hamalau urte arteko ume baserritarrak. Lagin horren bidez, kolorearen ikuskerari dagokionean, zahar eta gazteen artean zer nolako etena zegoen ikusi nahi zuen.

Belaunaldi etenaldia, koloreak ikusteko bi modu

Ikerketaren bidez, Txema Preziadok kolorea pertzibitzeko lehengo modu haiek orain ere bizirik dauden jakin nahi zuen. "Hitz egin ote daiteke halako euskal ikuskera berezi bati buruz?", galdetzen zion bere buruari. "Baina, jakina, leku zehatz batean bildu nituen datuak, eta ezin dira Euskal Herri guztira estrapolatu. Horretarako beste leku askotan ikerketa egin beharko genuke", zehazten du ikerlariak.

Nolanahi ere, lortu zituen datuak oso aberatsak eta interesgarriak direlakoan dago. "Eten baten lekuko bizia izan naiz. Ikusi ahal izan nuen zaharrek gordetzen zituztela lehengo erak, eta berriz, baserritarrak izanda ere, eskolan ari ziren gazteek ematen zituzten erantzunak Mendebaldeko parametroetan koka zitezkeenak zirela. Ez dut zalantzan jartzen haiekin lortutako emaitzak eta adibidez, Tolosan atera zitezkeenak berdintsuak izango zirela".

Betiko baserri mundu hura desagertzen ari zaigu, eta harekin batera, bere kultura. Eta antzinako herrien, eta zehazki euskaldunen, kolorearen mundua behar bezala ulertzeko, iraganean murgildu beharra dago eta aurreiritziak baztertu.

"Izadian buru-belarri murgilduta bizi ziren gizaki haiengan pentsatu beharra dugu »azaltzen du Txema Preziadok», euren bizimodua nolakoa zen ulertzeko. Izadian txertaturik zeuden haiek eta gaur egun askoz kaletartuagoak gaude guztiok, baita gaurko baserritarrak ere. Hauetako batzuek gorde dituzte lehengoen zenbait ezaugarri, baina gero eta gehiago jasaten dute egungo modernizazioaren eragina".

Gizarte hotzak eta beroak

Kolore kategoria bera ere, zentzu horretan, berri samarra omen da eta propio modernitatearen mundu honi zuzendua. Horregatik aditu honek funtsezko bereizketa bat egiten du bere tesian, lehengo izendapen zaharren eta kolore hitz berrien artean. Izendapen berriak propio kolore kategoriarako zuzenduta daudelako »dela morea, edo grisa, edo arrosa, edo berdea bera ere». "Zaharrek ordea, »gorriak, urdinak, zuriak eta beltzak nagusiki; baina baita nabar, arre edo gisa horretako adiera zaharrek ere», besteak beste, kolorea ere adierazten dute".

Gorriaren kasuan garbi ikus daiteke hori. Har ditzakeen adieren artean, kolorea ere badago. Egungo ohizko erabileran, gorria=rouge=rojo egin ohi dugu, baina hori azken batean lehengo ikuskera zaharra murriztea baino ez omen da, gorri hitzak beste adiera piloa daukalako. Besteak beste, adieraz dezake indarra (premia gorria izan, kasu), beroa (labe gorria, gori-gori), eguraldia (oskorri, arrats gorri) etsaitasuna (galtzagorri, sugegorri), animalien ezaugarriak (behigorri, txahalgorri), osasuna (neska zuri-gorri), sexua (larru gorritan, zakil gorri), gaitza edo oinazea (gorrina, mingorria), lotsa (lotsagorritu) eta abar egoera.

Eta berdin gertatzen da zuriarekin, urdinarekin edo beltzarekin (goibeltasuna adierazten du, batzuetan; baina oihan beltzean esaten dugunean, ez gara Alemaniako oihanari buruz ari).

"Antropologia ikuspuntutik garbi dago Lévi-Straussek gizarte 'hotz' eta gizarte 'beroen' »modernoen» artean egiten zuen bereizketa. Horretarako herri txikien jokabideak aztertu zituen »adierazi du Alfontso Mtz. Lizarduikoak». Gizarte 'hotzak' antzinako gizarteak dira, Neolito aurretik datozenak, eta badirudi horren arrastoak baditugula gure herrian. Gizarte 'hotzek', denbora lineala ikusi beharrean »gaur egun bezala: beti aurrera begira», zirkularra ikusten dute, hau da, naturan zikloak gertatzen dira, den-dena errepikatu eta birjaio egiten da. Beraz, gaur daukagun heriotzaren kontzeptu guztiz desberdina dute".

Haientzat, iraganaldi eta geroaldiaren artean ez omen zegoen diferentziarik, ziklo berberaren parte ziren. "Agian horregatik izan da posible horrelako elementuak gure hizkuntzan mantendu ahal izatea, nahiz eta elementu horiek sortu zituen gizarte mota ia-ia desagertua izan", aipatu du Mtz. Lizarduikoak.

Gaur egungo Euskal Herrian ere, gure artean koloreen erabilera sinbolikoa Mendebaldeko ikuspuntutik erabiltzeko joera jada oso zabaldurik dago. Adibidez, beltza nagusiki gauza txarra bezala ulertzen dugu oro har, euskal mentalitatean hori ez dela beti horrela izan kontuan hartu gabe. "Lana beltz egitea, kasu, lana serio egitea da. Edo zuria hartzen badugu, guretako edozeinentzat birjintasuna edo garbitasunaren baliokide dena, hitz hori euskaldun zaharrentzat ez da beti batere ona izan: ‘zaldi zuri’, edo ‘asto zuri’ zioten, alferkeria izendatzeko… Edo ‘zaldi urdin’ esaten zuten, lanerako ez zuela balio adierazi nahi zutenean. Eta ‘elezuriko’ pertsona, fidatzeko ez dena da…", dio Lizarduikoak.

Emankortasunaren kolorea

Alfontso Mtz. Lizarduikoak azaldu digunez, Euskal Herriak badu koloreekiko iragana, oraindik erabat interpretatu gabe dagoena. Adibidez, kolore beltzaren inguruan, inbasio indoeuroparrak gertatu baino lehenagoko Europan, Neolito garaiko Europa hartan, emakumea omen zen sinbolo bezala gehien gurtzen zen elementua, jainkosa bezala gurtu ere. Emankortasunaren eta biziaren kolorea, beltza omen zen garai hartan.

"Baina inbasio horiek gertatu ondoren, eta greziarrekin jada sortutako mitologiarekin, hori dena aldrebestu zen. Kultura patriarkala sortu zen eta ordura arteko matriarkalistari gailendu zitzaion. Koloreen ikuskeraraino heldu zen ordezkapen hori".

Eta beltza gauza onen sinbolo izatetik, okerreko gauzen sinbolo izatera heldu ei zen horrela. Eta zuriarekin alderantziz gertatu zen. "Baina euskararen kasuan garrantzitsuena da bi elementu horiek gorderik ditugula hizkuntzan, inbasio horiek gertatu aurreko garaiko elementuak ere baditugula. Eta beraz, beltza adibidez, batzuetan ona da eta beste batzuetan txarra", dio Mtz. Lizarduikoak.

Gorriari dagokionez, beste hainbeste esan daiteke. Mitologiak dio Mariren kobazuloetan behigorriak, txahalgorriak, zezengorriak daudela. Aizkorri mendilerroaren esanahia ere, badirudi sinbolismo sakratu horretatik etor daitekeela. Hau da, badirudi gorri hitza mundu sakratu erdi-matriarkalista harekin lotuta zegoela. "Eta hori Paleolitoan zen, Neolitoa baino askoz aurreragoko garaietan. Eta euskaran elementu horiek bizirik daude oraindik!", azaltzen du irakasleak, sutsuki. "Hipotesi bat da »zehaztu du gero Alfontso Mtz. Lizarduikoak», elementuak badaudela, baina oraindik haiek benetan interpretatzea falta zaigu. Gero jakin beharko genuke hori guztia nola transmititu hurrengo belaunaldiei".

Euskaldunen kolore-unibertsoa liburua
Alfontso Mtz. Lizarduikoak eta Txema Preziadok Euskaldunen kolore-unibertsoa (Argia eta koloreen pertzepzioaz) liburuan, kolorearen inguruko ikuspegi guztiz globala azaldu nahi izan dute. Liburuaren lehen zatian kolorearen fenomeno superkonplexua aztertu dute, fisika, kimika eta biologiaren aldetik. Baina kolorearen fenomeno misteriotsua ez denez horretan gelditzen, hau da, pertsona bakoitzaren eraginaren menpe ere badagoenez, kolorearen pertzepzio psikologikoa deitu atala ere gehitu diote liburuari. Horrez gain, kolorea pentsatu ere egiten dela azaltzen da bi kapitulutan. Eta kolorearen pertzepzioa kulturaren menpe ere badagoenez, kategoria sozio-kultural ere bihurtzen da; eta beraz, antzinako herriek (Euskal Herria barne) natura ulertzeko eta gizartea antolatzeko kolorearen espektro kromatikoa erabili zuten. Gai honek tarte zabala du liburuan. Beste zazpi kapitulutan, Euskal Herriaren kasua dute aztergai, honelako galdera bitxiei erantzuna emanez: Euskaldunok kolorerik gabeko herria osatzen al dugu? Gure literatura eta hizkuntzaren sakonean badugu murgiltzerik euskal espektro kromatiko zaharra aztertzeko? Zeintzuk dira euskaldunen kolorerik zaharrenak?


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude