Katxin Uriarte: «Nire zesta ez diot inori ukitzen uzten»

  • Harategiko lana utzita, Miamin cow boy izan zen, pilotak bala diren eta jokoak errifle baten zehaztasuna eskatzen duen kirolean. Ume txiki bat bezala zaintzen du zesta, igurtzi gozotan, zumerik xumeenak ere hondoratu baitezake pilotaririk handiena, gaizki zaintzen bada. Beste hainbesteko tentuz gordetzen du aitak 1936an irabazitako trofeo hura, gerran lurpean ezkutatu zutena. Aitarengandik jasotako zaletasuna hurrengoen eskutan jartzea da bere kezka.

Aitak erakutsita hasi zinen zesta-puntan jokatzen. Aitak trofeo historikorik ere jaso zuen...

Aita bere sasoian eskuz aritua zen, amateur moduan. Gure aitak eta osabak Bizkaiko Batzokiko Txapelketa hirutan irabazi zuten jarraian, 1934tik 1936ra. Aita eta osaba izan ziren, hain justu, txapelketa hori irabazi zuten azkenak, gerraz geroztik ez baita gehiago jokatu Batzokiko Txapelketarik. 1936ko trofeo hura gerran ezkutatuta egon zen, lurpean. Aulestiko batzokian zegoen gainerako trofeoekin batera, eta gerra etorrita pertsona batek denak ezkutatu zituen. 1967an, pertsona hura zahartzen ari zela eta berak ateratzen ez bazuen betiko han geldituko zen beldurrez, lurpetik atera eta gure etxera ekarri zuen trofeoa. Nahiko baldintza kaxkarrean zegoen. Urte batzuetara neuk txukundu nuen. Etxeko ganbaran dut, ez polita delako, historikoa delako baizik.
Aita 1930etik 1936ra aritu zen amateur moduan. Gero sei urtean egon zen kartzelan, behartutako lanean. 40ko hamarkadan ostera ere aukera izan zuen frontoira joateko. Markinan, Gernikan eta Durangon hasi zen zesta- puntan. Ni 9-10 urte neuzkala hasi nintzen aitarekin frontoietara joaten. Txistera bat erosi zidan, eta hala hasi nintzen jokatzen. Nire lehenengo frontoia, Aulestiko elizako horma izan zen. 12-13 urterekin Gernikako eskolan hasi, eta 15 urterekin debutatu nuen profesional moduan. Orduko sasoian Espainian ez zegoen aukera handirik. 16 urterekin Miamira joateko aukera izan nuen. Gernikako frontoia Miamiko eskola moduan zen, amerikarrek laguntza ematen zioten Gernikako frontoiari, harrobia sortzeko. Hemen jende askok debutatzen zuen nahiko arin, eta soldadutza derrigorrezkoa zenez, jokoan Amerikarako beste ziren gazte askok boluntario modura aukeratzen zuten, frontoia zuten lekutara joan ahal izateko: Bartzelonan, Zaragozan, Madrilen, Mallorcan frontoiak zeudenez, hara joaten ziren pilotari gazteak.

Miamira joatea ez zen aldaketa txikia izango.
Ingelesez ez genekien, baina Miamin ez zen ingelesaren beharrik, ez lehen eta ezta orain ere. Miami Kuba txiki bat zen, 60ko hamarkadan askok irten baitzuen Kubatik. Gaur, berriz, Miami Kuba handi bat da. Ingelesa ere entzuten genuen, baina gu kubatarrengana joaten ginen.
Guretzat pentsa zer zen, honako herri txiki batetik, baserritik irtenda, Miami bezalako hiri batera joatea. Batez ere klima aldetik aldaketa itzela zen. Hura tropikoa da, eta beroa jasan ezina zen niretzat! Miamin lau hilabete eta erdiko denboraldiak egiten genituen, eta gainerako denboraldia hemen egiten genuen. Hala jardun nuen zazpi urtean.

Miamin bai apustuak egiteko eta bai partidak jokatzeko sistema erabat ezberdina da, ezta?
Bai, joko asuntoan hangoa kiniela sistema da. Han jendeak zaldi lasterketak, zakur lasterketak ezagutzen dituenez, frontoiko apustua ere gisa horretara egiten dute. Adibide bat ipintzeko: zaldi lasterketetan zortzi zaldi badira, kinielan zortzi zenbaki izaten dituzu, eta zuk postuak asmatu behar. Frontoiko sistema ere bera da: zazpi pilotari bikote badira, denek denen kontra jarduten dute, tanto gutxiko partida motzetan, harik eta bikote batek zazpi partida irabazi arte. Kinielan asmatu egin behar duzu bikote bakoitzak zein postutan bukatuko duen. Han gauza da partidak arin amaitzea, jendeak beste kiniela bat jokatu ahal izateko. Funtzio bakoitzean 12 kiniela inguru jokatzen ziren. Eta jendea programa bati begira egoten zen, han ikusten zuen bikote bakoitzak zenbat bider irabazi izan zuen, edo zenbatetan egin izan zuen bigarren. Emaitzen segimendua egiten zuten, ez zioten jokoaren kalitateari begiratzen, edo pilotari bakoitzaren ezaugarriei, edo pilota bizia edo motela zen.
Hemen ez du balio hango sistemak, beste modu batera ikusten delako pilota. Hemen pilota partida borroka baten moduan ikusten da, boxeoko konbate baten moduan. 35 tantora bidean, hasieran ezin dituzu indar guztiak ahitu. Bakoitza nola dagoen tanteatzera irten behar duzu, nolako pilotak diren ikusi... Partidan psikologiak garrantzia handia dauka, bestea fisikoki nola doan ikusi behar duzu, eta ez diozu erakutsi behar makalago zaudenik, hala izanda ere. Ez diozu adierazi behar txikituta zaudela eta derrigor bukatu behar duzula tantoa pilotakada bakarrean, ez zaudelako hamar tantoz irauteko moduan. Partidan zehar halako momentuak daude. Bestetik, partidaren azkenera fisikoki ondo iritsi behar duzu, eta ordu eta erdi inguruko partidak direnez, prestakuntza fisiko izugarria behar duzu.

Zesta-punta, kirol gisa, nondik dator?
Irakurri dudanaren arabera, hasieran ezkerreko hormarik gabe jokatzen zen. Ezker hormarena orain 150 urte inguru etorri zen, fraideak-eta komentuko edo elizako ezker horman jokatzen hasi zirenean. Bestetik, txisteraz jokatzen zen modalitatea pasaka izenekoa zen, ez zen zesta-punta. Orain 120 urte inguru, Argentinara joandako pasakari batek, besoan zuen lesioa zela-eta egokitu egin zuen bere zesta: luzatu egin zuen eta tripatxoa edo poltsa atera zion. Horri esker pilotari abaila handiagoa ematea lortu zuen, nahiz eta jokoa zikinagoa zen. Txistera horri izena ipini zion, muserra. Hemendik Argentinara joan ziren euskaldunek (bigarren karlistaldiko errefuxiatuek-eta), sustraiak ez galtzeko pilotan jarduten zuten Argentinan, eta handik ekarriko zuten zesta berezi hura.
XX. gizaldiaren hasieran Jai Alai sortu zen. Enpresariek Kuban eta Miamin frontoia ipintzearekin asmatu zuten. Formula hark funtzionatu egin zuen eta urte askotan negozio bat izan da, nahiz eta gaur ez egon momentu onean.

Amerikan zesta-puntaren beherakada hori zerk ekarri du?
Joan den aspaldian beherakada handian dago zesta-punta, zirkunstantzia askorengatik. Orain 15 urte pilotariok greba egin genuen baldintzak hobetzeko eskatuz, baina prozesua astotu egin zen: geu pilotariok ere, apur bat erradikalizatu egin ginen, enpresariak ere berdin, eta bata eta bestearen egoskorkerian luzera jo genuen. Enpresa batzuk kiebra jo zuten, itxi egin ziren. Guk ez genuen uste halakorik posible izango zenik, baina gero konturatu ginen baietz; frontoi batzuk itxi egin ziren. Greba haren ondorioz amerikar pilotari gazte batzuk irten ziren, pilotan jardun bai, baina maila askorik ez zutenak. Hor ikusi zen kalitateak ez ziela ardura izan enpresari amerikarrei, mailarik ez zuten mutil horiekin segi baitzuten. Jokoa asko jaitsi zen. Geroxeago, oraindik frontoiak martxan zituzten estatuetara, loteriak eta halako jokoak antolatzeko baimena etorri zen. Jendea hor jokatzen hasi zen. Azken batean gauza denak pilatu ziren, eta gaur zesta oso egoera txarrean dago. Gaur urte osoan zabalik dauden bi frontoi geldituko dira, eta beste bi frontoi denboraldi motzak egiten dituztenak.

Euskal Herrian zein da zesta-puntaren egoera?
Hemen zesta-puntako denboraldia beti udakoa izan da. Neguan Ameriketan jokatzen zuten pilotari figurak udan etortzen ziren hona, uda zen hemen ondo irabazten zen garaia. 1966tik 1984 ingurura arte zesta-punta gorago egon da eskuzkoa baino, udako partidatan. Baina Amerika zen, batez ere, zesta-puntaz bizi ahal izateko lekua. Eta Amerikan pasa denaren ondorioa da hemen zesta-punta hain txarto egotea.

Eskuzko pilotak arrakasta izugarria du telebistan. Zesta-punta ere ez al da egokia telebistarako?
Arazoa da, momentuko trena galdu egin genuela. Telebistan zesta-punta ematen hasi ziren eta bazuen bere audientzia. Baina gero eskuzkoa ematen hasi zirenean, enpresa edo pertsona batzuen arteko liskarra sortu zen, eta liskar hori konpontzeko eskuzko partida asko sartu zituzten telebistan. Diru asko mugitu zen, eta istorio horrek denak zesta-puntari kalte handia egin zion. Telebista pastel handia da; pastel horretatik %90 eskuzkora doa, eta beste %10 gelditzen zaie zesta-puntari, palari eta erremonteari. Ez dago ondo banatuta pastel hori. Banatzeko modu horren arrazoia kirol bakoitzak duen audientzia da, eta eztabaida betikoa da. Nik uste behar den publizitate eta baldintza guztiekin egingo balira gauzak, zesta-puntak ere edukiko lukeela daukana baino audientzia gehiago, nahiz eta eskuzkoa izan hemengo kirol nagusia.
Telebistan partida gehiago emateak asko aldatuko luke zesta-puntaren egoera. Azken batean telebista diru iturri bat da eta diru horri esker materiala eta pilotarien baldintzak hobetuko lirateke, eta baldintzak hobetuta pilotariek kalitate hobea eta prestaketa fisiko hobea lortuko lituzkete. Gaur zesta-puntatik soilik ez da inor bizi, nork bere aparteko beharra dauka. Baldintza horietan, dedikazio osoz hartu ezin duzunean kirola, ez da batere erraza bete-betean prestatzea.

Zer behar da egoera altxatzeko?
Gazte jendea frontoira ekartzea. Kirol hau bukatu egingo da, gazte jendea erakartzeko beste sistema bat aurkitzen ez bada. Belaunaldi erreleboa falta da. Baina hori nola lortu neuk baneki, aspaldi egingo nuke. Pilotariak badaude, kalitatea badago, baina gazte jendea ez dator frontoira, betikoak biltzen gara. Sarrera merkeagoak ere jartzen dira, baina ohitura kontua dela uste dut. Zesta-puntako eskoletan ere inor ez dabil. Gaurko figura handiena Goikoetxea da, ezagutzen dut hark zer irabazten duen, eta edozein gaztek hori baino nahiago izango du eskuz jardun. Zestan enpresa bakarra dago eta ez da zarratzera iritsi, baina orain sei urte, urte osoko kontratua zeukaten pilotariek, orain hilabete batzuetakoak soilik dituzte. Gaur egun hilabete batzuetan frontoia zarratuta egoten da.

Iparraldean jende gehiago joaten da partidak ikustera.
Bai, baina hangoa beste istorio bat da. Han urtean bi hilabete eta erdian jokatzen da, udako turismoari lotuta. Donibane Lohizune, Biarritz eta inguru horietan 20.000 biztanle badira, uztailan eta abuztuan turistekin 200.000 izatera iristen dira. Bi hilabete horietan jendeari ondo pasatzeko aukerak eskaintzeko, udaletxeak eta turismo departamentuak pilotari laguntzen dio, golfari edo surfari bezala. Udan pilota eskaintza itzela da, eskaria itzela delako. Nik han disfrutatzen dut gehien. Urtero joaten naiz, batetik lagunak agurtzera (han 25 urtean aritu bainintzen uda oro jokatzen), eta bestetik sortzen den giroagatik. Frontoia alemanez, frantziarrez gainezka egoten da, eta isiltasuna erabatekoa izan ohi da (hileta ematen du askotan). Ez dago apusturik, ikuskizuna da huts-hutsean. Frontoia beterik sortzen den giroa, «glamour» hori, jada Donibane Lohizunen eta Biarritzen bakarrik gelditzen da. Eta segi dezala. Hemen ere poliki-poliki hori gertatuko dela iruditzen zait. Pilotan dirua jokatze hori amaitzera doa. Frontoian dirua jokatzen dutenak, benetako jokalariak, 50 urtetik 65 urtera bitarteko jendea da.

29 urtez jokatu duzu zesta-puntan. Zein izan da nabaritu duzun aldaketarik garrantzitsuena?
Niri orain 35 urteko joko klasea gehiago gustatzen zitzaidan gaurkoa baino. Materialean dago diferentzia. Lehen materiala naturalagoa zen, pilota motelagoa zen. Pilotariak dominatzen zuen pilota. Teknikarekin pilota mendean hartu eta gura zuen lekuan ipintzea zen artea. Orain alderantziz pasatzen da: hain daude pilota bizkorrak, tanto asko ez direla pilotariak berak eginak, hormak eta abailak eginak baizik. Oraingo kirolariarengan gimnasioko pilotaria izatea hobesten da, pilotari teknikoa izatea baino. Niretzat ikuskizun aldetik galdu egin du kalitatea. Lehen egia da jokoa mantsoagoa zela, baina zeu zenbiltzan pilotari esaten nora joan behar zuen. Bestera, pilotakada askatu duenak ere ez daki zehazki nora doan.
Aldaketa hori 1975-76an jada gertatu zen Ameriketan, eta hango gauza denak ekartzen ditugunez, hori ere etorri zen. Pilotak oso garestiak dira, horregatik Amerikan erabilitako pilotak hona ekartzen ziren, aprobetxatzeko. Hala etorri zen pilota aldaketa. Ni ere moldatu egin nintzen material berrira. Nire ezaugarriengatik pilota bizkorrarekin ere ondo moldatzen nintzen, aldaketarekin ez nuen ez galdu eta ez irabazi. Asko galdu zuten pilotariak ezagutzen ditut, baita irabazten zutenak ere. Niretzako ez zen hainbesterainokoa izan, baina ikuskizunari ederki eragin dio.

Zer abiadura hartzera irits daiteke zestaz jaurtitako pilota?
Orain urte asko, Amerikako errifle marka batek zestaz botatako pilotakada baten abiadura neurtu zuen; horretarako makina batean zehar pasa behar zen pilota. Jakina, ezberdina da pilota ahal duzun abiadurarik handienean bota, edo zehaztasunez abailan bota; zehaztasuna ematerakoan abiadura neurri batean kontrolatu egin behar duzu. Makina estua jarri zuten gainera, eta pilota han ezin sartu ibili ziren. Bada, makinan sartzen asmatu zutenetatik, 280 km/orduko abiadura izan zen lortu zuten azkarrena. Makinan sartu gabeko pilotakada batzuk gogorragoak izan ziren.
Bala bat da. Nire garaian beti kaskoaz jokatu dugu. 1971n debutatu nuen, baina 1967an oraindik kasko barik jokatzen zen. Pilotakadaz hildakoak ere egon dira edo burua joanda gelditu direnak. Nik orain kasko barik ezingo nuke kantxan sartu ere egin. Egia da kasko barik gaur hartzen dugun hainbat arriskutan ere ez ginatekeela sartuko, eta egia da kaskoa izanagatik gorputzean kolpea jasota ere aberia galanta egin daitekeela.

Gaur zikinago jokatzen dela ere esaten dute. Zer da joko zikina?
Pilota zestan sartu eta mementotxo batez zestan mantendu behar duzu, gero kanoikada moduan botatzeko. Denbora hori ez da kronometroaz neurtzen, bertan dagoen epaileak ikusten du noiz egin duen joko zikina (epaileak normalean pilotari izandakoak dira). Joko zikinak abantaila gehiegi hartzea esan nahi du. Adibide batera, joko zikina gertatzen da pilota batera justu-justu iristen zarenean eta ahal den moduan balekoa bota beharrean, zestan denbora askoan eutsi, frontoian kokapen ona hartu eta azkenean desabantailan hartutako pilota horrekin zeu ateratzen zarenean abantailan. Hori joko zikina da, eta hori epaileak ikusi egin behar du. Orain, egia esan, zikin jokatzen da, gauzak uzten joan direlako. Joko zikina ere Ameriketatik etorri da. Araudia apur bat zorrotzagoa jarriko nuke.

Zesta mimo handiz zaintzen omen duzue. Zenbaterainoko garrantzia du zestak?
Elitean sartzen zarenean zestak berak, erremintak berak duen garrantzia ikaragarria da. Pilotari baten errendimenduan %70 erremintarena da. Askotan "halakok izugarri jokatzen du!" esaten dute, eta erantzuna da "bai, baina ikusiko duzu zesta aldatzen duenean zelako buelta etorriko zaion". Zesta ona duzunean sekulako maila hartzen duzu, sasoia ere hobetu egiten duzu, edonora iristen zara. Maila horren arabera jartzen dizute hurrengo partida, eta bitartean zuk badakizu txistera aldatu behar duzula, zaharrari jada onenak atera dizkiozulako; han aritzen zara, 10-15 egunetan tiki-taka, zesta berria puntuan jartzen, zaldi basati batekin bezala. Eta ezin jarri. Azkenean lauzpabost partida segidan galtzen dituzu, zesta aldatzeagatik.
Zestak eskuz egiten dira, zure neurrira, gustukoen izan duzun hura eredu hartuta. Baina sekula ez dago berdina egiterik. Zesta batek 10-12 partida irauten ditu batez beste, baina gerta liteke lehenengo partidan pilotakada batekin izorratzea. Partida batean sekulako pasada hartzen du zestak, eta gero busti egin behar da, baina urarekin zuk aurkitu behar diozu puntua, segun eta zestak zer denbora duen, zesta lehorra den edo berdeagoa... Oso sentibera da, denborak, siku egoteak edo hezetasunak ere afektatu egiten dio. Erreminta puntu-puntuan jarri behar duzu, behartutako momentutan errifle baten prezisioa eduki behar duzulako. Gainera, zesta ez badago baldintza onetan, lesioak etor daitezke. Pilotakada bat jasotzean zestaren aroek eman egin behar dute, malgutasuna eduki behar dute, bestela kolpearekin zure gorputza hasten da tiratzen eta orduan datoz lesioak. Ez sinesteko moduko pelikula da. Ume txiki bat bezala zaintzen dugu zesta. Horregatik nire zesta ez diot inori ukitzen ere uzten. Maniatikoa naiz, eta ez ni bakarrik, beste pilotari asko ere hala da. Nik uste nuen zestarekin bakarrik gertatzen zela hori, baina behin pala jokalari batek esan zidan, eurek ere pala milimetrora lantzen zutela, alde batetik limatu, bestetik ez dakit zer egin... Eta ordura arte niretzat pala egur zati bat baino ez zen!

Kirol honek zer ondorio, zer lesio eragin ditzake?
Zestan jokatzen dugunok eskuineko besoan indar gehiago, bolumen gehiago, garapen gehiago izaten dugu, eta eskuineko sorbalda ere askoz garatuagoa izaten dugu. Pilotari gehienoi adinean aurrera goazen heinean etortzen zaiguna mokorretako desgastea da, kolpeen ondorioz. Askotan pertsona bati herrenean antzematen diozu pilotari izandakoa dela.

Curriculuma

jaio: Aulestin, 1956an.
zesta-puntako jokalari ohia.

Palmaresa
Munduko txapeldun, bakarka, 1996an.
Munduko txapeldun, binaka, 1997an eta 1998an.
Euskadiko txapeldun, binaka, 1992an eta 1997an.
Donibane Lohitzuneko Nazioartekoak irabazi zituen, 1992an eta 1993an.
Biarritzeko Urrezko Eskularrua irabazi zuen 1995ean.
2000. urtean, Espainiako Batzorde Olinpikoak Kirol Merituaren saria eman zion. Urte berean erretiratu zen.

Miresmena.
«Umetan idolo bi nituen. Niretzat Ondarres aurrean eta Txurruka atzean ziren... esplika ezin den zerbait, miresmen hutsa. Ez zait ahaztuko 11 urterekin frontoian lehen aldiz ikusi nituen partida hura. Jan beharrean ikusi nituen. Handik bost urtera eurekin nengoen aldageletan, lehen aldiz. A zer erreparoa. Hori bai, kantxara irtendakoan ahaztu nituen erreparo guztiak».

Bertsoa

Doinua:
Bizkaiko Abertsak


Pelota jaso eta
horma bere eske,
bidaltzen zaio eta
dioala aske.
Baina partiduetan,
nahiz askok ez uste,
pelotazale asko
harritu litezke
burua nekatzeaz
gorputza hainbeste.


ASTEKARIA
2003ko azaroaren 16a
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude