Makina bat kontu


Naturaren jakinduria
Biziraupena gauza guztien gainetik dago. Txernobilen egindako ikerketek, esaterako, animaliak zein landareak medio kutsatuetan bizitzeko behar diren egokitzapenak asmatzeko gai direla frogatzen dute. Izan ere, 1986 urtean lehertutako erreaktoretik hurbil dauden pinuek ez dute besteen genoma erakusten eta agertzen diren desberdintasunak kutsadurari aurre egiteko egokitzapenak direla ikusten da.
Antza denez, orduko hondamen hartatik bizirautea lortu duten hainbat zuhaitz espeziek talde kimiko metilatuekin bat eginez euren ADNa blindatu eta oinarrizko geneak babestu dituzte. Kanada eta Ukrainako ikerlariek laborategietan egindako frogek ere horixe bera egiaztatzen dute. Alegia, lur kutsatuan landatutako pinu gazteen metilazioa bestela baino %30 handiagoa dela, landatu direnetik hamar urtera.
Bestalde, Sebastopolgo Hegoko Itsasoko Biologi Institutuak garai bertsuan argitaratu duenez, aintzira kutsatu baten inguruan bizi diren espezieek, autoernalketa edota parekatzea aukerakoa duten kasuetan, bigarrena hobesten dutela medioaren presioari aurre egiteko modu gisan. Hartara, biziraupena, dibertsifikazio bidez ziurtatzen baita.
Kontuan hartzekoa da, bestalde, 1986an lehertu zen erreaktoreak Ukraina, Bielorrusia eta Errusiako 320.000 kilometro koadro inguru kutsatu zituela eta bertan 4 milioi biztanle inguru bizi direla.

Giza espezieak emakumezkoei esker biziraun du orain arte
Isabelle dupanloup biologoaren lan taldeak, lehen gizakiaren zabalkunde geografikoa aztertzen ari zela, Cro-Magnon garaikoak batez ere poligamoak zirela frogatu du, "Science et Vie" aldizkarian irakurri ahal denez.
Ikerlariek gure garaiko eta kontinente guztietako 2.000 emakume ingururekin egin dituzte frogak eta hauen guztien Y kromosomaren (emakumezkoek bakarrik dute) 167 markatzaile genetiko aztertu dituzte. Hortik ondorioztatzen denez, gizonezkoen lehen hedapen demografiko handia orain dela 18.000 urte ingurukoa da.
Emakumezkoen hedapen demografikoa, ordea, lehenagokoa da, amak bakarrik transmititzen duen ADN mitokondrialaren gaineko beste ikerketa batek dioenez. Desfase horretan, beraz, medioaren gogortasunari aurre egin eta giza taldeen iraupena ziurtatzeko aukerarik eraginkorrenetakoa poligamia izan zen.

Beroaren eta hotzaren aurrean berdin
Michigan state university-ko ikerlari talde batek oso ezaugarri bereziak dituen metal aleazio bat aurkitu du, hots, beroaren edo hotzaren aurrean ez zabaltzen ez uzkurtzen dena, eta gainera, elektrizitatea garraiatzeko gai dena.
Naturako elementurik gehienak zabaldu egiten dira beroarekin, baina badaude uzkurtu egiten diren gutxi batzuk. Bi ezaugarri hauek uztartu dira metal aleazio berrian eta horregatik tenperatura aldaketen aurrean aleazioak bere horretan segitzen du.
Bestalde, tenperatura aldaketen aurrean berdin segitzen duten material ezagun guztiek ez dute elektrizitatea garraiatzen eta hau izan da ikerlariek gainditu behar izan duten oztoporik garrantzitsuena. Aleazioa yterbio, galio eta germanioz osaturik dago eta 100Nk-400Nk Kelvin arteko tenperaturak oso ongi jasaten ditu.
Aleazio berri honek Lurrean edo Lurretik kanpo tenperatura aldaketa handiak jasaten dituzten mekanismo eta motorretan izango ditu aplikazioak. Ikerketa honen hurrengo urratsa material erdi-eroaleetan eman nahi da, horrela aplikazioak elektronika eta mikroelektronikara zabalduko baitira.


Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


Eguneraketa berriak daude