Club-eko inprobisazioak


2003ko azaroaren 09an
Miren Aranburu Jazz Ansamble-ekin estreinatu zuen Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak bere «Errabal» izeneko jazz zigilua. Bertoko jazz taldeak bultzatzea da zigiluaren helburua eta Sant Pau 44 Quartet-en lehen lana da bere bigarren eskaintza. Taldearen izen bereko diskoa maiatzaren 2an eta 3an Gasteizko Araba Aretoan grabatu zen, sesioan. Taldekideen arabera, jazza ezin baita beste modu batera grabatu. Laukote arabarra ondoko musikariek osatzen dute: Iosu Izagirrek (kontrabaxua), Raúl Romok (saxo altua), Hasier Oleagak (bateria) eta Koldo Uriartek (pianoa).

Gasteiztik Bartzelonara...

Arabako hiriburuan ezagutu ziren lau musikariak, guztiak Gasteizko musika taldeen inguruan mugitzen ziren-eta. Laukotea Sustrajazz izenpean sortu zen 1998an. Halako batean Koldok, Hasierrek eta Iosuk Bartzelona aldera jotzea erabaki zuten. Beren asmoa: bertako giroan murgildu eta ikastea. Raúl, ordea, Madriletik pasa ostean Bostonera joan eta Berklee College of Music eskola ospetsuan izan zen. Iosu Izagirre taldeko kontrabaxu-jolearen esanetan, Bartzelonako giroa oso "eferbeszentea" da: "Mundu osoko jendea biltzen da bertan, margolariak, musikariak, argazkilariak, diseinatzaileak... Gero ez dago guztiontzako lekurik, baina beno". Urte batera Koldo Raúl kantari ospetsuaren bandan sartu eta etxera itzuli zen. Hasierrek eta Iosuk Bartzelonan jarraitu zuten. Baina Iosuren hitzetan oso erritmo gogorra zeramaten: "Ikasteko ideiarekin joan ginen Kataluniara eta jotzen asko ikasten da. Baina emanaldiak eskaintzen genbiltzan denbora guztian, lanean genbiltzan gelditu gabe".

... eta berriro buelta

Bandako kontrabaxu-jolearen ustez oso zaila da Bartzelonan talde bat osatu eta entseatzea. Hori dela eta, Euskal Herrira itzuli eta jadanik Koldo eta Raúl Gasteizen zeudenez, laukotea berriro osatzea erabaki zuten. "Elkarrekin jotzeko gogoa genuen eta bagenekien Gasteizen lan egiteko aukera izango genuela", diosku Izagirrek. Laukotearen izena Bartzelonatik dator: Sant Pau bizi ziren kalearen izena da eta 44, berriz, atariaren zenbakia. Diskoa grabatzeko ideia Soraluzeko diskoetxeak luzatu zien musikari gasteiztarrei. "Xarra eta Ubane Gaztelupe tabernan eskainitako kontzertuetatik ezagutzen genituen. Bar Puerto proiektuan izan ginen Mikel Urdangarinekin... Hasier eta bioi komentatu ziguten diskoaren ideia. Guk geure lagunekin grabatzea pentsatu genuen, baina memento hartan laurok elkartzea zaila zenez, urte batzuk pasa dira proposamena egin eta diskoa grabatu dugun arte", azaltzen du Izagirrek.

Estilo anitzetatik jazzera

Musikari arabarrak ez dira hasiera-hasieratik jazz munduan murgildurik izan. Gaztetxoak zirenean rocka, funkya, euskal musika... entzuten zituzten. Izagirreren kasuan, adibidez, Gasteizen bertan aurki ditzakegu bere eraginak, Hertzainak taldea kasurako. Jazza, berriz, besteak beste, rock taldeei egindako elkarrizketengatik ezagutu zuen. Horietako batean baxujole batek Mingus entzuten zuela irakurri zuela gogoratzen du Izagirrek. Sustrai beltzak azpimarratuz hainbat izen etorri zaizkio burura Hasier Oleaga bateria-joleari: Miles Davis, Charlie Parker, John Coltrane...

Gehiengo batek entzuten duen musika ez dela onartzen badute ere, emanaldietara gero eta jende gehiago hurreratzen omen da. "Jendeak ulertzen du hizkuntza. Agian, ez ditu gauza zehatzak bereizten, baina badaki noiz eta non mugitzen den energia", diosku Oleagak. Musika intelektuala dela eta askotan jendea snobismo hutsagatik hurbiltzen dela uste dute, ongi ikusia dagoelako. "Jazzaldira musika hori gustuko ez duen jendea ere joan ohi da, bisonte jaka jantzita nahiz eta uda izan", dio bateria-joleak. Miles Davis bezalako musikariek jazz estiloa asko hedatu bazuten ere, "beltzen eta emagalduen artean" sortutako musika ei da. Taldeko kontrabaxu-jolearen aburuz, bai Euskal Herrian bai Espainiako Estatuan gutxienez berrogei urteko atzerapena dugu jazz kulturan. "Gasteizen jazza era ezberdinetara bultzatu nahi zuen jendea zegoen. Batzuek club-eko kultura hedatu nahi zuten; beste batzuek, berriz, jaialdi handiak antolatu nahi zituzten. Azkenean dirudunek irabazi zuten". Garai berdinean Terrassa, Bartzelona eta Madril bezalako hirietan club-eko kulturaren aldeko apustua egin zuten. Ezbairik gabe, bertan kokatzen baita jazzaren kultura. Gaur egun, taberna bakarrak antolatzen ditu Gasteizen estilo honetako kontzertuak.

Katalunia eta Euskal Herria, Bartzelona eta Gasteiz konparatzerako orduan, katalanek gauzak antolatzeko eta beraien indarrak batzeko gaitasun gehiago dutela uste dute Sant Pau 44-koek. Sare bat dute sortutakoak gutxienez denboraldi batez iraun dezan eta funtziona dezan. Euskal Herrian gauzak sortzeko jendea badago, baina Izagirrek eta Oleagak hemen sareak askoz ere mugatuagoak direla uste dute. Ideiak badaude, baina ez dute irteerarik topatzen. "Gasteizek eta Bartzelonak gauza bat dute komunean: ezinezkoa da jazza egiten bizitza aurrera ateratzea", diosku penaz bateria-joleak. Gauzak aldatzen ari dira, baina oinarrizko kultura falta da.

Musika instrumentala izanik, abestiak mementoan datorkien eta kantak sentiarazten dien kontzeptuarekin bataiatzen dituzte. Izagirrek azaltzen duenez, ezin ditu abestiak denbora luzez izenik gabe utzi. Berehala lotzen ditu kontzeptu edo ideia batekin. Hortik abiatuz kantuaren titulua izango den esaldi edo hitz zehatzera heltzen dira. Tituluak, ondoren, kanta entzuteko mementoa eta modua asko baldintzatzen du.

Jakina da jazzaren ezaugarrietako bat inprobisazioa dela. Taldekideen hitzetan, jazza aurrez idatzitako gidoiaren interpretazioa da, bai zuzenean jotzeko orduan baita grabatzerakoan ere. Interpretazio horren barruan, noski, inprobisazioak bere lekua du. Bi taldekideek koadro bat margotzearekin erkatzen digute jazzaren funtsa: "Ez dugu zertan koadroa beti berdin margotu, baina azkenean marrazkia beti berdina da".


ASTEKARIA
2003ko azaroaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude