Indefentsioa, etsipena eta protesta

Tristura, ezintasuna, etsipena. Hiru ezaugarri horiek ziren Guardia Zibilaren operazioaren ondorengo orduetan Martin Ugalde Kultur Parkean egin zen lehen protesta ekitaldiaren eguratsean. Ordu batzuk lehenago, Martin Ugalde Kultur Parkea, 'Egunkaria' eta Elkar-Zabaltzen enpresetako zortzi lagun eraman berri zituen Guardia zibilak: Juan Mari Larrarte, Joxe Mari Sors, Mikel Arrizabalaga, Angel Ramon Diez, Mikel Sorozabal, Amando Hernandez, Mikel Azkune eta Xabier Legarra. Aipatutako etsipen kutsua ez da bakarrik kronikagile honen usaimenak harrapatutakoa, bai bilkuraren ondoren eta baita ondorengo egunetan ere batek baino gehiagok zuen ikuspegi bera. Donostiako manifestazioak ere bazuen tristura doinu hori, bere hasierako lerro eta metroetan behintzat.
Otsaileko operazioak amorrua piztu zuen lehenbiziko egunetan eta hori nabarmen sumatzen zen Donostiako kaleetan. Artean, atxilotuen senide, lankide, lagun eta protestan parte hartzen zutenek nekez imajina zezaketen euskal kulturan horren ezagutuak eta errespetatuak ziren pertsona haiek bizitzen ari ziren infernua. Oraingoan, ordea, hainbestetan entzun eta irakurritako tratu txar eta torturak lehen minututik irudi bilakatu ziren gehienen buruetan. Ikuspegi aldaketa hori agerikoa izan da Juan del Olmo epaileak berak agindutako bigarren operazio honetan.
Gai eta hari ugari atera dira ehunka iritzi eta ikusmoldetan, bizi dugun labirintoan beste barne labirinto bat osatzeraino. Ikuspegi adinako aterabideak dituen labirinto horretan, dena den, bazen otsailean eta bada urrian galdera nagusia: nola saihestu halako egoerak? Nola babestu euskal kulturaren esparruan diharduten enpresak halako eraso juridiko-politikoetatik?
Erantzun zehatz eta eraginkorrik ez da, ordea. Epe motzean labirintoak ez du aterabiderik eta erasotuak bizkarreratu beharko du ondorioaren zama, gizartearen gehiengoaren berotasun eta elkartasunarekin, baina funtsezkoak diren oinarri ekonomiko eta baliabiderik gabe. Alegia, aurretik izandako kolpe judizialak errepikatuz gero, nekez ikusi ahal izango genukeela 'Egin'en edota 'Egunkaria'ren hirugarren bertsiorik kalean, gutxienez epe motzean. Bistan da sosak mugatuak direla eta ez balira ere egungo egoeran antzua dela zulo handia duen poltsa betetzen saiatzea, antzua dela Sisiforena errepikatzea. "Gara"ren egoera haritxo batetik zintzilik da uztailaz geroztik, eta askok sumatzen du oraingo Del Olmoren jokaldiak aurrera begira 'Berria' duela helburu hurbilenetakoa. Enpresa jarraipenaren miaketa lanak aspaldi hasi bide dira.
Bigarren aterabidea akordio politiko-sozial zabalarena da, eta zenbat eta zabalago are eta eraginkorrago. Zeresanik ez, honek gaur egun bizi den gatazka bortitza geldiarazi beharko luke, hainbatetan aipatutako konfrontazio demokratikoari paso emanez. ETA desagertzeak edo gelditzeak ere eraso hauei aitzakia kenduko liekeela esan izan da, ez arrazoi faltarik gabe gainera. Edozein modutan arazo politikoak jarraitzen duen bitartean eta egoera tenkatzen den bakoitzean Estatuak beste aitzakia batzuk ere bilatuko lituzke euskal kultur munduaren aurkako erasoekin jarraitzeko. Ibarretxe planarekin gertatzen ari den guztia da horren adierazle esanguratsuena; ETArekiko gaitzespenetik eginda badago ere, espainiar nazionalismo handi eta berrituaren argudioetan argi ikus liteke arazoaren muina espainiar eta euskal gehiengoen artekoa dela, haien ikuspegian behintzat. Baina egia da, halaber, ETArik gabe, eta Europan bereziki, Espainiak ere korapilatsuago izango lukeela urteotan eta egunotan bizi diren tankerako jokaerak justifikatzea.
Era batera ala bestera, agerikoa dena erasotua den munduaren ahultasunarena da. Euskaltzaletasuna eta euskal kultura ahulak dira, baina baita egun EAE ordezkatzen duten instituzioak ere, seguruenik instituzio horietako kudeatzaile nagusienek pentsatzen dutena edo irudikatzen dutena baino ahulago. Industria eta etxegintzan indartsua izatea erdipurdikoa bilakatzen da norberaren nortasun eta oinarrizko eskubideak defendatzeko aukerarik ez dagoenean. Nola liteke, bestela, epaile soil baten sinadurak Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra edota hiru diputazioak baino indar handiago izatea?
ETArekin harreman maila desberdinak izatearen akusaziopean azken urteetan begiz jota direnen zerrenda amaigabeak egiteaz gero eta aspertuago eta beldurtuago daude euskal kulturaren protagonista nagusienetakoak. Egunerokoan jarduteko baldintza estuetan dabilenak ETA finantzatzen duela entzuteak barregura emango luke atzetik Estatu handi eta erasokor baten esku beltza ez balego. "Egunkaria"ren aurkako bigarren edizio honetan, Elkarlanean Fundazioak ordezkatzen duen guztiari ere eraso egin zaio, euskal kulturaren talde indartsuenari iragarritako kronika zehatzaren berri emanez.


Zuzenbide Estatuaren errugabetasun printzipioa

Euskal gizartearen gehiengoaren begietara Espainiako justiziak ez du sinesgarritasunik, eta egunetik egunera gutxiago. Dagoeneko ez dira ezker abertzalea eta euskal kultura bakarrik susmopean jarri eta zigortutakoak, Eusko Legebiltzarra eta bere agintari gorenak auziperatze bidean dira, eta Ibarretxe Lehendakaria bera ere deabrua bailitzan buztan eta guzti irudikatzen dute Estatuko komunikabide nagusienek.
Mota guztietako susmagarri eta atxilotuekiko errugabetasun printzipioa aspaldi txikitu dute espainiar agintari eta komunikabide nagusienek. Ia atxiloketa guztietan gertatzen den zerbait da, eta areago hauek kualitatiboki edo kuantitatiboki esanguratsuak direnean.
Hala eta guztiz, Estatuaren jokaeraren apologia etengabekoa egiten duten euskal komunikabide filialek, euskal herritarren errugabetasun printzipioari baino zuzenbide estatuaren errugabetasun printzipioari ematen diote garrantzi handiagoa. Hau da, Estatuak ia edozer gauza egiteko eskubidea du, berme demokratiko guztiak dituelako eta hori zalantzan jartzen duena, edo ETAren ingurunean jartzen da, edo fronte nazionalistaren ikusmoldera makurtzen da, edo atxiloketa egoera hauek baliatu nahi ditu euskara eta euskal gizartea ikuspegi sektario batetik eraikitzeko. Berdin da 'Egin' itxi eta bost urtera Auzitegi Nazionalak berau berriz zabaltzeko aukera ematea; berdin dozenaka atxilotu kargurik gabe aske gelditzen badira; berdin 'Egunkaria' itxi eta handik zortzi hilabetera Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria oraindik kartzelan badira; berdin tortura salaketak etengabekoak badira; berdin da euskal gizartean, erakundeetan eta nazioartean torturaren gaiaz arduratzen diren erakundeek salaketa horiei sinesgarritasuna ematea; berdin da Gipuzkoako Diputazioak Del Olmo epaileak atxilotuen enpresei egindako iruzur fiskalaren salaketa gezurtatzea... ETAren aurkako ekimenek hori eta batek daki zer gehiago ere justifika dezakete, eta, akatsak akats, zuzenbide estatuak zutik dirau. Zuzenbide estatuari dagokionez, pertsonen errugabetasun printzipioa eta Estatuaren errugabetasun printzipioa eskatzen dutenen artean banatzen da egun euskal gizartea.
Gaur egun ez da nahiko susmagarri diren enpresa guztiek agintari judizialen aurrean beren jarduera eta finantzen ateak parez pare zabaltzea: besteak beste, Jose Mari Sorsek eta Elkar-Zabaltzen taldeak behin eta berriro egin izan dituzten ahaleginak alferrikakoak izan dira. Estatuko segurtasun indar desberdinen esanak eta ETAren egiazko eta ustezko idazkiek esaten dutena da garrantzitsuena. Azken urte luzeetan ARGIA ere behin baino gehiagotan agertu da susmagarrien zerrenda horietan eta, dagozkion legezko bideak erabiliz eta dagokion lekuan, argi utzi izan du ez duela ezer gordetzeko eta bere etxeko ateak zabalik dituela behar diren azterketak egin eta behin-betiko susmagarrien zerrenda eta ikerketa horietatik albo batera uzteko. Beldurra, ezintasuna eta indefentsioa da euskal kulturako sektore zabaletan hedatu diren sentipen nagusiak, seguruenik Madrilgo zenbait bulegotatik bilatzen diren helburu nagusietakoak, eta ez bakarrik euskal kulturari zuzendutakoak, egungo statu quoa era batera ala bestera zalantzan jartzen duten guztiei baizik.

Martxelo Otamendi: «Estatu eraso baten aurrean gaude eta horrek estatu defentsa eta estrategiak eskatzen ditu»
Donostiako manifestazioa amaituta elkarrizketatu genuen Martxelo Otamendi, osteguneko operazioan atxilotutakoek epaile aurrean deklaratu baino lehen. Manifestazioagatik poza eta esker ona adierazi zuen; lankide eta lagun atxilotuekiko, aldiz, kezka.

Euskalgintzatik beste ezer egitea zaila dela esaten da eta alderdi politikoen eta instituzioen babesa eskatu da. Zer egin behar dute? Zer egin dezakete?
Ez dugu hori guk bakarrik eskatzen. Jabetu behar dugu estatu eraso batean aurrean gaudela eta horrek estatu defentsak, estatu estrategiak eskatzen dituela. Badakit zaila dela, baina modu bat bideratu eta egituratu behar da berriro gerta ez dadin. Madrilek operazio bat inpunitate osoz egin eta kalkulatuta dauka, asimilitatuta, gero manifestazio bat egingo dela. Gaur Donostia berriro gainezka jarri dute herritarrek, dirua eman digute egunkari berria egiteko, aurrera egiteko esaten digute... Baina guk ezin dugu bakarrik aurrera egin, parean Espainiako indar judizial, politiko, mediatiko eta polizialak baditugu. Euskalgintzak ezin du baldintza hauetan lanik egin. Zilegi da dagokionari babes batzuk artikulatzeko eskatzea. Beste pauso bat eman behar dugu, ahal dela denak elkar hartuta.

Zeren bila dabiltza operazio hauekin? Noraino iritsi nahi dute?
Euskalgintzak amore ematea bilatzen ari dira. Herri honek bere buruari eman dizkion kulturaren zabalkunderako eta euskararen normalizaziorako egituren aurkako erasoa da. Euskara aurrera atera nahi duen sektoreari gorriak ikustarazteko estrategia bat dago. Jomuga Martin Ugalde Kultur Parkea eta haren sustatzaile diren enpresak direla ematen du. Baina ez dut baztertzen egitura horretatik kanpo dauden egiturak jotzea. Otsaileko operazioan "Euskaldunon Egunkaria"z gain, zeharka ARGIA, "Jakin", Herri Irratia eta ikastolak jo zituzten. Ez nuke etorkizun beltzaren iragarle izan nahi, baina adierazle hauek erasoak hemen geratuko direla pentsatzeko esperantzarik ez dute ematen.

"Berria" sortzean aipatu izan zen egokia ote zen egunkari berriak aurrekoaren zuzendari bera, administrazio kontseilu beretsua izatea. Zentzu horretan har litezkeen neurriak zerbaitetarako balioko al lukete eraso hauen aurrean?
Erasoa ez da Otamendiren kontrakoa, erasoa jardun baten kontrakoa da. Eta eraso horietatik libre dagoela pentsatzen duenak, ez dezala konfiantza gehiegirik har, hemen denontzako dago-eta.
Eta arlo juridikoak ere ez du babeserako aukera handirik ematen.
Bide ofizialetik, Espainiak uzten duen zirrikitutik, atxilotuekin ahal den defentsa egiteaz gain, askoz gehiago egiterik ez dago. Bide judizialetik egin daitekeen bakarra Euskal Herriko epaileak Madrili intsumisioa planteatzea da, Madrilgo aginduak bideratuko ez dituztela esatea. Hori enfrentamendua, kontraerasoa izango litzateke. Eta hori da politiko batzuk esaten ari direna, eusteko garaia pasa dela eta kontraerasora pasatzeko garaia dela.

Ostegun goizeko operazioaren berri izatean, zer etorri zitzaizun burura?
Bartzelonan harrapatu ninduen eta bueltako bidaia aurreratu behar izan nuen. Bi bizipen izan nituen. Batetik, nire bila ere etorriko ote ziren. Bestetik, atxilotutako lankide eta lagunek jasoko duten tratuaren beldurra hor dago. Aurrekariak baitaude, eta ez bakarrik gure kasuan. Prest egon beharko dugu gauzarik gogorrenak entzuteko.
Aurrera egin beharra berretsi da, "Berria"ko langileek ostegunean bertan lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi zenuten. Baina noiz arte jarraitu daiteke horrela?
Guk dakiguna egiten jarraituko dugu. Askoz gehiago egiterik ez dugu eta, gainera, ez dakigu. Gure lana, azken batean, komunikabideak lantzea da. Babesaren beharra gizarteratu behar dugu, atxikimendu humanotik babesera pasa behar dugu. Azken batean, gu, euskalgintza, enpresak ere bagara, gerenteak, langileak, komiteak dauzkagu, zergak ordaintzen ditugu, lanpostuak sortzen ditugu, eta Euskal Herriko ekonomiaren parte bat gara. Ez da euskalgintzaren kontrako erasoa soilik, enpresa batzuen kontrakoa ere bada.

Iñaki Lasa: «Koiunturazko erantzunak ez dira aski egoera honi erantzuteko»
Zein da Kontseiluak deitutako manifestazioari buruzko zure balorazioa?
Oso pozik gaude, espero genituen erantzuna eta babesa jaso ditugu. Baina koiunturazko erantzunak ez dira aski egoera honi erantzuteko, euskalgintzak ezin dio jazarpen honi aurre egin, gure txikitasunetik ez dago estatuaren aldetiko eraso honi erantzuterik. Erantzun estrategiko bat artikulatu behar dugu, eta bertan eragile politikoek, sozialek eta instituzionalek parte hartu behar dute ezinbestean. Bestela, ezingo dugu euskalgintza babestu.

Baldintza onenetan euskararen normalizazioaren lana konplexua da, gora-behera handikoa, gizarte osoa hartzen duena. Erasopeko baldintza hauetan, berriz?
Baldintza hauetan ez dago lan egiterik. Haatik, azken manifestazioak erantzun estrategiko hori artikulatu ahal izateko indar nahikoa badagoela islatu du. Kontseilutik indar hori errealitate bihurtu nahiko genuke egoera hau gestionatzeko. Aipatutako eragile horiekin guztiekin estrategia hori artikulatzeko lanean ari gara.

Bigarren eraso honek nola eragin dezake Kontseiluaren lanetan?
"Egunkaria"ren aurkako eraso handia izan zenean, eragile hauei gure proposamena helarazi genien, eta bigarren eraso hau etorri den garaian lan horretan ari ginen. Dagoeneko euskalgintzan ari garen enpresa eta taldeen artean eztabaida prozesu luze bat garatu dugu. Prozesu eta bide horrek beharko lituzkeen estrategiak diseinatu ditugu Kontseiluan. Bigarren eraso honek epeak azkartzea espero dugu, ondo bidez, datozen hilabeteetan erantzun artikulatu bat plazaratuko dugu.

Noiz arte manifestazioak eraso hauen aurrean? Ez al da beste erantzun moduko bat behar?
Kontseiluaren ustez eraso guztiek erantzun bat behar dute, eta era berean, koiuntura gainditu beharra dago. Halaber, egia da, euskaltzaleen artean ezberdintasunak daude, baina jazarpen honen aurrean gehiago da batzen gaituena desberdintzen gaituena baino. Uneon, euskalgintza bizitzen ari den egoera itogarri honen aurrean ezberdintasunek ez dute honenbesteko garrantziarik, hil ala biziko egoera bizi baitugu. Egoera honi aurre egiteko norberak bere desberdintasunetatik ere eutsi egin behar dio. Era berean, espazio bateratu bat bilatu eta estrategia zehatz bat artikulatu behar dugu, batzen gaituen horren baitan zerbait artikulatzeko gauza izan behar dugu. Kontseiluak ez du euskalgintza uniformatu bat nahi, ez gizarte uniformatu bat, gizarte anitza, ezberdina eta bere ezaugarri guztiekin baizik. Kontseiluak kohesioaren aldeko ildo hori lantzean ez du inoiz euskalgintzaren mugimenduaren uniformetasuna bilatu. Aitzitik, ezberdinak garela aitortuz, denontzat egokiena dena bilatzen ari da Kontseilua.

"Gora Euskal Herri euskalduna. Euskarari bai!" izan da manifestazioaren lema. Helmuga horretara iristeko bitarteko lema estrategikoa falta al du euskalgintzak?
Lemaren inguruan eztabaidak izan dira eta, beharbada, bere zergatia azaldu beharra dago. «Bai euskarari» ez da «ez erdarari». «Gora Euskal Herri euskalduna» ez da «Euskal Herri erdalduna behera». Guk lema edota mezu hori euskararen defentsa ideiaren inguruan artikulatu nahi izan dugu, babesa ideiaren inguruan. Tinkotasuna adierazteko unea izan da, prest gaudela aurrera egiteko eta badugula helburu bat. Helburu hori lema horretan laburbil daiteke. Autoafirmazio ekintza bat burutu nahi izan dugu. Horrela ulertu behar da mezua, denon helburua laburbiltzen duena. Adibidez, "Bai euskarari" mezua errazagoa da, baina egoera hau ez da "Bai Euskarari" bakarrik esateko, haratago joan behar dugu. Lema estrategiko bat behar ote den? Ados. Artean, Euskal Herri euskaldun horretara iritsi baino lehenago beste etapa batzuk burutu behar dira, bide horretan hainbat urrats teorizatuta dago dagoeneko.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude