Bertako larreetan pagotxa bila

  • Euskal Herriko artzaintzaren arazoak eta aukerak aztertu, eta sektorea indartzeko bideak urratzen ari dira artzainak.

Euskal Herriko egoera aztertuz, ardi arraza hedatuena latxa da. Latxaz gain, Iparraldean euskal-biarnesa arraza ere hazten da, Bizkaia eta Araban karrantza, eta Nafarroan lacaune eta assaf.

Urtean 50,3 milioi litro ardi esne ekoizten dira Iparraldean eta EAEn. Gehiena, 40 milioi Iparraldean. Ardi esnea merkaturatzeko modua alderantzizkoa da bi inguruetan. EAEn artzainek beraiek egiten dute gazta, eta gaztatan merkaturatzen da esnearen %48. Esnearen beste %47 esne zentralei saltzen diete. Iparraldean, berriz, esne ia dena (%95) kooperatibei saltzen diete artzainek.

6.900 artalde daude EAEn, batez beste 40 burukoak. Iparraldean, berriz, 1.600 artalde. Bi kasuetan nabarmen ikusten dena da, gero eta artzain gutxiago dagoela, eta aldiz, gero eta ardi gehiago. Artaldeak asko hazi direla, eta sektorea kontzentratzen ari dela, alegia. EAEn, 15 urtean orokorrean baserritik bizi diren pertsonak erdira murriztu dira, orain 8.000 dira. Gainera baserrian lan egiten dutenen artean %10 bakarrik dira 40 urtetik beherako gazteak. Hori bada etorkizunaz kezkatzeko kontua.

Datu hauek jarrera ezberdinak piztu zituzten topaketetan. Batzuek artzaintza zentralizatzen ari delako, eta martxa horretan lau artzain bakarrik geratuko direlako kexatzen ziren. Beste batzuek erantzun zuten kalitatea dela etorkizuneko bidea. Alegia, artzain gutxiago baina gutxi horiek oso onak izatea.


Gomiztegiko artzain eskola

1997an jarri zen martxan artzain eskola. Ideia bitxia dirudien arren, Miren Elgarrestak ederki azaltzen du: «Oraindik ere jendeak pentsatzen du artzaintza ez dela ikasten, ez dela eskolara joan beharrik. Baina lanbide honi kasurik egiten ez bazaio, galtzeko zorian egon liteke».

Artzain berriak hezteko eta etengabe ikasten jarrai dezaten, teknologia berriak eta prozesuak irakasten dira. Eta eskolaren gaurko erronkak gestioa eta marketinga dira. Eskolako kide den Batis Otaegik azaltzen duenez: «Ikasturteak klase teorikoak eta praktika denboraldiak uztartzen ditu. 8-9 astez lantzen dugu teoria, eta ikasitakoa 16 hilabetez praktikan jarri. Hala ere, ikasleen %50ak oraindik praktika ordu gehiago eskatzen ditu».

Urte hauetan 81 ikasle pasa dira eskolatik. Horietatik 62 euskaldun, eta 19 atzerritar. Gazteak dira ikasleak, batez beste 29 urte dituzte, eta %88 gizonezkoak dira. Mattin Echamendy, Kalifornian bizi den artzainak aitortzen duenez: «Euskal Herrira etorri eta lanbide zoragarri honekin jarraitu nahi duen artzain gazte talde bat aurkitzeak erabat hunkitzen nau». Batis Otaegi irakasleak pasadizo bitxi honekin azaldu zuen egungo artzain gazteek gizartearen aurreiritziei nola aurre egiten dieten: «Ikasleekin parrandara irten ginen gau batean, eta inguruko neska gazteei begira zirikan hasi ziren: ‘zer esan behar diegu hauei, artzainak garela?’ batek, eta besteak: ‘tira, esan dezakegu nekazaritza ekoizpeneko ingeniariak garela, arraza autoktonoetan espezializatuak’. Baina ondorioa: ‘ba, artzainak gara eta kito!’ izan zen».

Artzain eskolak laster zabalduko du egoitza berria. Eraikin funtzional eta polita izango da, ingurunean integratua. Gomiztegiko egoitzak atal hauek izango ditu: teoria lantzeko lekua, ukuilua, gaztandegia, kanpotik datozenentzat informazio gunea, eta artzain produktuen denda. Gutxi barru, kanpotik ikustera doazen bisitariek Duruko kortan artzaintza ezagutu ahal izango dute, zuzenean.


Artzain izateko erronka

Ikastea, ordea, ez da aski. Artzain eskolakoek kalkulatzen dutenez, egungo egoeran artzaintzaz duin bizitzeko 300 buruko artaldea eta 180.000 euroko inbertsioa behar dira, ukuilua eta gaztandegia jartzeko. Hala ere, azalpenak ematerakoan ez ziren hain ezkor agertu, eta inbertsioei diru laguntzekin eta lanarekin buelta eman dakiekeela argudiatu zuten.

Denek onartu zutena da, artzainek elkartu, antolatu eta erantzun bateratu bat eman behar diotela errealitateari. Eta helburua, artzainen bizitza kalitatea hobetzea dela. Bestela, bai baitakite artzaintzak ez duela iraungo.


Gazta nola merkaturatu?

Yolanda Jugok ederki bota zituen baserritik bizi direnek ahotan maizen erabiltzen dituzten esaldiak: «Erosleak ez du gehiago ordaindu nahi. Beretzat, garrantzitsuena prezioa da. Jendeak gaur egun edozer jaten du. Ez daki ona zer den ere. Kalekumeek ez dute errespetatzen baserri mundua eta gutxietsi egiten dute.»

Yolanda Jugok arrazoitu zuenez, jende gehienak prezioari begiratzen dio lehendabizi, eta erosteko erosoagoa eta prestatzeko azkarragoa dena bilatzen du. Alabaina, gero eta jende gehiago kezkatzen da elikadurak osasunean duen eraginaz eta elikadura munduan gertatu diren eskandaluez ez da fidatzen. Gero eta jende gehiago kezkatzen da produktuen jatorriaz, egiteko prozesuaz, eta produktuaren osagaiez. Zaporea preziatzen badaki jendeak, eta ezberdina dena bilatzen du.
Ondorioz, elikadura industrializatuekiko alternatiboak diren produktuak gero eta arrakasta gehiago du.

Horren lekuko dira, merkaturatzeari buruz Artzai Gazta elkartearentzat 2001ean egindako inkestaren emaitzak. Bertan agertzen denez, preziorik garestienean saltzen duten artzainak dira lehendabizi gaztarik gabe geratzen direnak. Artzain horien %86 batez beste urtean hilabete baino gehiagoz gaztarik gabe geratzen da. Eta artzain horietatik erdiak hiru eta sei hilabete bitartean. Preziorik garestiena, artzaina zuzenean kaleko kontsumitzailearengana iristen denean lortzen da: azoketan, esaterako.

Ondorioz, gaztaren prezioa merkatzeak ez du esan nahi gehiago salduko denik. Bi gako ematen ditu Yolanda Jugok salmentak gehitzeko: lehena, eroslearengana zuzenean iristea, bitartekariak sartzeak tarte gutxiago uzten baitio artzainari prezioa negoziatzeko. Eta bigarrena, erosleari informazio gardena ematea: erosleen %46k gazten etiketari begiratzen dio, hori da gehien eragiten duen sinboloa. Eta %47k kalitate etiketa duten gazten informazio gehiago eskatzen du.

Kenyako artzainak, lehoien kontra borrokan
David Nkedianye masai tribukoa da. Pribilegiatu sentitzen da unibertsitatera joateko aukera izan duelako, baita hegazkin bat hartu eta hona etorri delako ere.
Txikitatik izan omen ditu ardi eta ahuntzak inguruan: «Orain jabetzen naiz etxean sentiarazten nauena animaliak direla». Kenyan abereek ez dute dirua bakarrik esan nahi, Daviden hitzetan, «abelburuak elkartrukatu egiten ditugu edo beste zerbaitegatik aldatu. Laguntasunaren seinale da bi abeltzainek ganadua trukatzea. Ezkontzea ere zazpi abelbururen truk lortu nuen». Bizitza naturari lotuta dago, kenyarrentzat: «Ezagutu ditut herriak, euren hizkuntza bakarra lurra suntsitzea zutenak. Guk iraganetik ikasten dugu: naturarekin bakean egotea da guretzat zoriontasuna.»
Euren arazoei buruz galdetuta, bat baino gehiago aipatu ditu. Horietako bat da, orain arte Gobernuak egin duen politika. Nekazariengan pentsatuta egin da, ez artzainengan. Horregatik, artzaintza babesteko politika indartsu baten beharra aldarrikatzen du.
Eguneroko bizitzan, animalia basatiei egin behar diete aurre. Gauero bildu behar izaten dituzte ardi denak, ondoan dagoen erreserba naturaleko lehoiek eta hienek jaten baitizkiete bestela. «Ados gaude animalia dibertsitatea errespetatu behar dela, baina gobernuak aniztasun hau babesten duen bitartean, artzainei ez die galdutako ardien ordainik ematen. Horregatik, Kenyako artzainak lehoiak hiltzen hasi dira», azaltzen du Davidek.
Gero eta lur gehiago erabiltzen da nekazaritzarako, eta beraz, larrez ere estuago dabiltza. Klima ere ez da txantxetakoa Kenyan. Iazko lehorteak, esaterako, ganaduaren erdia akabatu zion. Arazo horien aurrean, elkartu eta ahalik eta gehien borrokatzen saiatzen dira Kenyako artzainak. Baina ez omen da erraza Gobernuak kontuan hartzea, «ez baikara artzain asko».

Transhumantzia Mongolian: bizitza nomada galzorian
Mongoliako klimak oso muturreko hotz eta beroak ditu. Udan 40° egiten ditu, eta neguan 50°. Gainera, apenas euririk botatzen duen. Paisaiak ere oso ezberdinak dira: basoak, mendi oso garaiak eta Gobiko basamortua ere badute. Nekazaritza eta abeltzaintza dira bertako ekonomiaren ardatz. Bost abere mota zaintzen dituzte: behia, ardia, ahuntza, zaldia eta gamelua.

Klima eta inguruneak baldintzatuta, Mongoliako artzainek 200 kilometro egin behar dituzte artaldea larrera eramateko. Familia guztiak hartzen du parte transhumantzia bidaia honetan, Mongoliako artzainak nomadak baitira. Gamelua dute garraiobide, eta etxe osoa garraiatu behar dute batetik bestera. Han umetatik dira denak artzain, hori delako betidanik bizi dutena.

Azken hamar urteotan artzain kopurua laukoiztu egin da Mongolian. 1990.urtean 147.508 artzain bazeuden, 2000.urtean 421.392raino hazi zen kopurua. Berdin gertatu da abereekin ere: 3 milioi ahuntz edukitzetik, 10 milioira pasatu dira. Arrazoia da sozialismotik merkatu ekonomiara pasatu zela gobernua. Trantsizio horretan fabrika asko itxi zirenez, biztanle askok hiriak utzi eta artzaintza nomada izan zuen irtenbidea.

Denbora gutxian hainbeste artzain sortu izanak arazo larriak ekarri ditu. Artzain berri asko daude, esperientziarik ez dutenak. Larre tokietan kabitzen ere lanak dituzte. Behin larre toki bat aurkituta, denbora luzez egoten dira bertan, lurrak atseden behar duela ahaztuta. Sozialismo garaian, Gobernuak kudeatzen zuen lurra, artzainak txandatuz joan zitezen. Lurra bi hilabetez erabiltzen zen. Azken aldaketokin, ordea, lurraren higadura izugarri zabaldu da. Kalte hauen ondorioz, 10 milioi abelburu galdu dira. Gainera, zaila da bizimodu nomada merkatu ekonomiak dakarren bizitzarekin uztartzen, eta osasun zein hezkuntza aldetik ere arazoak sortzen ditu.

Merkatu ekonomia nagusitu den honetan, milaka urte dituen sistema, transhumantzia, galtzeko bidean dago. Biztanleen %60 dabil abeltzain lanetan, beraz, 24.000 familia geratu daitezke irabazpiderik gabe. Dagoeneko, gainera, Mongoliako biztanleen egoera oso larria da, %60 ez da gutxieneko bizi mailara iristen.
Batbuyan Bapjavek hitzaldi amaieran esan zuenez: «Beste errealitateak ezagutuz Mongoliako transhumantziarentzat irtenbide bila etorri naiz topaketetara».

Juan de Oñateren ardiak, navajoen banderako ikur
Artzainen mundu mailako harremanak ez dira atzo goizekoak. 1598an joan zen Juan de Oñate kolonoa navajoen herrira, armada eta guzti. Eta berarekin eraman zituen hemengo churra ardiak, orain zer eta navajoen kulturaren erdigune dira. Banderaren erdian ere, ardi bat ageri da.

160.000 navajo bizi dira erreserban, Amerikako Estatu Batuetako Utah eta Mexiko Berria estatuen artean. Lillian Benalliek kontatzen duenez: «Navajoen bizitza familian antolatzen da. Oso lotura estua da familia, eta familia elkartzen duena lurra da. Lurra ama da navajoentzat, eta ardiak bizitza, euren kultur balioen erdigunea». Ardiak Coloradoko Kañoi azpira eramaten dituzte ura edatera. Harrigarria da nola jaisten duten artaldea harkaitz izugarrietan behera, saltoka. Artzainak zaldiz joaten dira, kantari.

Ardien haragia etxean jateko gordetzen dute. Artilea uretan eta kimikoki garbitu ondoren, tindatu egiten dute. Ondoren, denbora eta pazientzia handiz ehuntzen dituzte mila koloretako oihal ezagun horiek. Artilea eta oihalak dira kanpoan gehien saltzen dituztenak. Baina oso merke ordaintzen direlako kexatzen dira navajoak.

Errituak ere uztartzen dira ardiekin: Ardia beti burua ekialdera begira duela hiltzen dute.

Navajoen institutuan ardiei buruzko programa bat lantzen ari dira, 1993az geroztik. Programa horrekin irakasten zaie navajo gazteei bertako ardi arrazaren berri, nola zaindu, eta artilez nola oihalak ehundu.

Navajoak euren balio kulturalak hurrengo belaunaldiei transmititzeko ahalegin handiak egiten ari dira. Lillianek dionez: «Gazteek hirietara joan nahi dute, beste kultura eta bizierak ikasteko. Hala ere, navajoen kultura barruan gordetzen dute». Lillianen itxaropena da kanpora irteten direnak berriro itzuliko direla erreserbara, kanpoan ikasitakoa irakasteko eta kultura errekuperatzen laguntzeko. «Hori da nik ere egin nuena».

Peruko Andeetako aimarak. Artzaintza eta herria antolatzeko modu propioa
Aimarak Bolivia, Txile eta Peruko Andeetan zabalduta bizi dira. Inguru berean bizi dira Inkatatik eratorritako kitxuak, eta Europatik joandakoen ondorengo diren mestizoak. Aimarena da Andeetako hiru etnia horietan zaharrena, eta inkek inbaditu bazituzten ere, edo beranduago Espainiako kolonoek, beti gorde izan dute euren nortasuna. Andeetan hiru maila ekologiko daude: Titicaca laku ingurua (3.800-3.900 metro artean); erdigunea (3.900-4.200 metro artean) eta goialdea (4.200 metrotara).

Antonio Peñak, bere ikerketan laku inguruko eta erdiguneko hiru komunitate aztertu ditu: Erdiguneko Calahuyo komunitatea (70 familia inguruz osatua) eta Tipuirini-Toteria komunitatea (100 familia inguruz osatua) eta laku inguruko Titihue komunitatea (260 familia inguruz osatua). Hauetan nekazaritza eta abeltzaintza uztartzen dira.


Abeltzaintza diru iturri

Artalde eta behiak salduz lortzen dute aimarek hiriko produktu eta zerbitzuak ordaintzeko dirua: eskola ordaintzeko, gaixo daudenean medikuarengana joateko, edo janzteko arropak erosteko. Azienda ez dute jateko hazten, traturako baizik. Etxeko barazki, zerri, oilo eta arrantzatutakoarekin osatzen dituzte otorduak. Gainera, abeltzaintza beste jarduera batzuekin osatzen dute: nekazaritza, arrantza eta fabriketan denbora baterako egiten duten lanarekin.


Behi bat eta hamar ardi

Erdigunean, familia batek batez beste behi bat eta 6-10 ardi izaten ditu.
Laku inguruan, berriz, familia bakoitzak abelburu kopuru bikoitza du: 2-3 behi eta 15-20 ardi.


250 sol (65 euro) hilabetean familiak bizirauteko

Abereak kumetan erosi, etxean hazi eta salduta ateratzen dute irabazia aimarek. 1.500 soletan (400 euro) saltzen badute ganadu burua, erdia beste ganadu txiki bat erosten inbertitu behar dute. Beraz, 750 sol (200 euro) irabazi geratzen zaie, familia osoa erosi berri duten ganadu buru txikia hazi arte (3 hilabete inguru) bizi dadin. Familia oso bat, hilean 250 sol edo 65 eurorekin bizi da, beraz.


Pobreak al dira?

Ezin da mendebaldeko merkatuko ikuspegiarekin neurtu aimaren bizitza kalitatea. Oso kultura aberatsa da, eta bere oinarrizko balioak komunitate sentimendua eta hitzeko izatea dira. Ez da gizarte pobrea. Familia bakoitzaren ekonomia jarduera ezberdinek osatzen dute, eta horrek larrialdiei erantzuteko aukera bat baino gehiago ematen dizkie.


Esku luze asko, eskuzabal gutxi

Aimaren ganadu tratuan, bi oztopo nagusi daude: garaian garaiko gobernuetan inork ez du bertako abeltzaintzaren aldeko politikarik egin. Eta bestalde, aimaren abelburuak merke erosi eta hiriko merkatu handietan garesti saltzen duten bitartekari asko dago. Bitartekari hauek dute azoka handietako monopolioa, eta artzainak zuzenean merkatu handietan saltzen saiatu izan diren arren, aimarentzat ez da erraz monopolioari aurre egiten.


«Minka» auzolana aimaraeraz

Hiru lan harreman daude aimaren komunitateetan. «Ayni» familien arteko elkarlana da. Hitzez adosten dute zein lanetan lagunduko dion etxe bateko gizonak beste bati, eta hurrengoan laguntza itzuliko dio, lan berdintsurako. «Minka» Euskal Herriko garai bateko auzolanaren parekoa da, eta komunitate osoak hartzen du parte. Herriko eskola egiteko, edo denen ganaduentzat askak egiteko elkartzen dira, besteak beste. «Aparceria», berriz, hitzez denbora luzerako egiten den tratua da. Alde bakoitzak bere ondasunak jartzen ditu (batek ganadua, eta besteak ganadua hazteko ardura), eta aberea saldutakoan, irabaziak erdibanatzen dituzte.


Zergatik bete hitzezko legeak?

Hitzez egiten diren lan tratu hauek betetzeko ohorea dute akuilu. Hitzekoa izateak balio izugarria du aimararren komunitatean. Gainera, ohorea familia osoari dagokion ondasuna da, ez kide bakoitzari. Familiaren ohoreaz gain, espiritu kolektiboa bizi dute. Komunitate sentimenduak bultzatzen ditu besteren buruak eta lur eremuak errespetatzera. Komunitate osoarenak diren lurrak eta ondasunak ere badituzte, hemengo herri lurren parekoak.
Legeak ez betetzeagatik arazorik sortzean, lehenik liskartutako familiak saiatzen dira elkarrizketen bidez adostasun batera iristen. Baina euren artean konpontzen ez badira, komunitateko Botere Judizialak esku hartzen du. Botere Judizial Komunal honek komunitate osoak parte hartzen duen asanbladan hartzen ditu erabakiak.


Nola hobetu aimaren abeltzaintza?

Komertzializazioa hobetzea da bide bat: nekazari aimarek zuzenean salduko duten herrietako merkatuak indartuz, edo hirietarako garraioa kolektibizatuz eta koordinatuz. Produktu landuak egiten hastea da beste bide bat: haragia izoztua saltzea, eta larrua lantzea. Behi eta ardi arraza berriak integratu daitezke Andeetan, esne gehiago emango dutenak. Horrek gazta egiteko aukera zabalduko luke. Bertakoak diren llama eta alpaka abereak berreskuratuta, produkzio aukerak zabalduko dira. Helburu hauek denak komunitatean adostuta bakarrik aterako dira aurrera.


Azkenak
Anne-Marie Lagarde. Matriarkatuaz (eta biziaz)
"Zukak puruki ezabatzen du sexu identitatea eta, hikak, aldiz, eraikitzen"

Matriarkatuaz doktore tesia egina da Anne-Marie Lagarde eta, gurean, gaiari buruzko espezialista egina da. Batean prima, bestean kadet, gure herrietako matriarkatua zertan zen deskribatu eta interpretatu digu, munduan diren formula matriarkalen berri emanez, eta bere historia... [+]


2024-05-19 | Lander Arretxea
Musika iruditan (II)
Bideoklipak: aurpegia ala gurutzea

Musikariaren lana musika sortzea eta jotzea da. Baina soilik hori? Irudiak eta sustapenak gero eta pisu gehiago dute alor gehienetan, eta musikariak ere ez dabiltza zurrunbilo horretatik aparte. Bideoklipa bilakatu da abesti edo disko bat kaleratzeko euskarri (ia) ezinbestekoa... [+]


Australiako aborigenen buztingintza

Australiako ipar ekialdean dagoen Jiigurru uhartean duela 2.000-3.000 urteko zeramika zatiak aurkitu dituzte James Cook unibertsitateko eta Australiako Ikerketa Kontseiluko kideek. Australian orain arte aurkitutako zeramika arrastorik zaharrenak dira. Arrastoen azterketa... [+]


Erroldan zentsuratuak

Erroma, K.a. 443. Lehenengoz zentsoreak aukeratu zituzten. Handik bi mendetara Errepublikako magistraturarik garrantzitsuena izango zen zentsurarena. Bost urtean behin bi zentsore aukeratzen zituzten, kontsul izandako senatarien artean.

Erantzukizun handiko kargua zen:... [+]


Eguneraketa berriak daude