Telefoniaren txotxongiloak

  • Sukaldean, egongelan edo pasilloan, baina bakarra. Finkoa zen duela gutxi arte telefonoa eta telefono konpainia ere bakarra, Telefonica. Orain sakelako telefonorik gabe ezin du bizi askok eta Internet erabiltzaileak urtez-urtez gehiago dira. Telefono konpainietan zer esanik ez, monopolioa hautsi da. Aukera berriek arazo berriak dakartzate ordea. Telefono fakturak kontu korronteak astintzen ari dira. Gero eta negozio handiagoa den honek bezeroak aztoratu ditu eta asko kexu dira txotxongilo ez ote garen bihurtu, faktura asko ezusteko bihurtu baita.

2003ko urriaren 05an
Hirurogeita hamar urtetan eskaintza ekoizle bakarra izan ostean, 1998an Euskaltelek Telefonicaren monopolioa hautsi zuen. Orduz geroztik, operadore ugari sortu dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, linea zuzena soilik Telefonicak eta Euskaltelek eskaintzen dute. Hala ere, zuntz optikoa autonomia osoan zehar pixkanaka instalatzen ari direnez, oraindik ere ez da posible herri eta auzo guztietan Euskaltelekin linea izatea. Zerbitzu horrez gain, ordea, operadore askok zeharkako zerbitzua eskaintzen dute, hau da, Telefonica edo Euskaltelekin linea zuzena eduki eta beste operadore baten aurrezenbakia markatuz deiak beste konpainia batekin fakturatzeko aukera. Telefonia konpainia bakoitzak lau zenbakiz osaturiko aurrezenbakia du. Aurrezenbaki horiek aurre asignatzeko aukera ere eskaintzen da, hau da, aurrezenbaki hori markatzen aritu behar ez izateko zerbitzua kontratatu daiteke. Adibidez, Telefonicaren aurrezenbakia 1077 da. Guk ez dugu sekula zenbaki hori markatzen dei bat egiterakoan. Beste konpainia batekin zeharkako zerbitzua kontratatuko bagenu ordea, konpainia hari dagokion aurrezenbakia markatu beharko genuke. Demagun Telefonicako linea dugula eta Euskaltelekin zeharkako zerbitzua kontratatzen dugula. Kasu horretan, egitera goazen deia Telefonicak fakturatzea nahiko bagenu deia normal egingo genuke. Aldiz, Euskaltelek fakturatzea nahiko bagenu, telefono zenbakiaren aurretik 1050 markatu beharko genuke. Hala, linea eskaintzen digun operadoreari ordainduko genioke hileroko kuota, eta kontsumoak berriz, aurre asignatzea eskatu dugun konpainia horri. Edozein kasutan ere, zerbitzu horiek kontratatzean sekula ez da gure telefono zenbakia aldatzen, fakturazio zerbitzu bat kontratatzen baitugu, ez linea bat.

Aipatu konpainiez gain, badira zeharkako zerbitzua eskaintzen duten beste operadore batzuk, besteak beste, Jazztel, Uni2, Tele2, Auna eta Aló. Horiek guztietatik tarifa merkeenak eskaintzen dituen operadorea zein den jakiteko xedez, telefoniaren merkatua aztertu dugu. Guk egindako errepasoaren arabera, prezio merkeenak Aló operadoreak ditu (ikus prezioak 9. orrialdean). Tele2, aldiz, egun osoan zehar deien prezioa aldatzen ez duen konpainia bakarra da. Prezio garestienak dituzten operadoreak, berriz, Telefonica eta Jazztel dira.

Zerbitzua ala iruzurra?

Egunero ikusten ditugu telebistan 906/806 aurrezenbakia daramaten telefono zenbakietara deitzeko iragarkiak, lehiaketak eta bestelako zerbitzuak. Letra txikian agertu ohi da, ordea, dei horien prezioa. Sexu eta laguntasun zerbitzuak eskaintzen hasi ziren linea horiek euren baliabideak ugaritu dituzte beste esparru batzuk bereganatuz, esaterako, Internet. Kostu gehigarria duten telefono zenbaki horien aurrezenbakiak 906/806, 903/803 eta 807 dira. Minutuko 0,90 euroko kostua dute gehienez eta kopuru horri, noski, dei ezarpena (0.01 euro) eta BEZ (%16) gehitu behar zaizkio.

Linea horietara telefonoz konektatzeaz gain, Internet bidez ere konektatzeko aukera dago. Hori dela-eta, azken boladan, milaka familia euskaldunek linea horiekin topo egiteko zorigaitza izan dute. Web gune batzuek konexioa egin aurretik baldintzak zeintzuk diren jakinarazten badute ere, teknologia bereziaz eginiko beste web gune batzuek, kargatzen ari diren bitartean, linea pribatu horietara konexioa egin eta erabiltzaileak ohiko sarbiderako erabiltzen duen nodo zenbakia aldatzen dute. Beraz, erabiltzailea Internetera konektatzen den aldi oro, linea pribatu horietara konektatzen da eta itzelezko fakturazioa egiten du. Egoera horien inguruan mintzatu gara telefonia konpainia batzuetako teleoperadoreekin. Beraiek adierazi digutenez, honelako erreklamazioak egunero egiten dira. Karmenen hitzetan, "erabiltzaileek ez dakite horrelako lineatara konektatzen aritu direnik, ezta horrelako gastua egin dutenik ere. Beraz, faktura iristean izugarrizko ezustekoa hartzen dute. Guk ordea, ezin dugu ezer egin, beraiek zerbitzua erabili dute eta ondorioz konpainiak berak ere gastua egin du". Vanessak, berriz, bezero gehienek beren onetik aterata deitzen dutela azaldu digu: "Ama asko eta askok negarrez deitzen digute faktura jasotzean. Indarge sentitzen dira, maulatuak, iruzurtuak".

2002ko otsailaren 14az geroztik telefonia konpainia guztiak fakturazio gehigarria duten zerbitzu horietatik deskonektatzeko aukera dagoela jakinaraztera behartuta daude. Beste modu batera esanda, telefono operadorera dei bat egite soilarekin linea horietara ez konektatu ahal izateko zerbitzua aktibatu daitekeenaren berri eman beharko litzateke etxera bidaltzen diren fakturetan. Honelako "iruzur" baten aurrean, lege horrek aukera ematen dio erabiltzaileari telefono konpainiarengandik maulatua izan dela alegatzeko. Kasu horietan jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren jakiteko xedez, Interneteko Erabiltzaileen Elkartera jo dugu. Bertako adituek, Guardia Zibilean, Polizia Nazionalean edo Instrukzioko Epaitegian salaketa ipintzea gomendatzen dutela jakinarazi digute, hain zuzen ere, aurrez aipaturikoa alegatuz.

Kontsumitzailearen Bulegoan, berriz, arbitrajea izeneko doako epaiketa eskatzea gomendatu ohi dute. Horretaz gain, telefono konpainiara deitu, erreklamazio bat ipini eta epe horretan tarifa gehigarria duten linea horietara eginiko konexio edo deiez gain eginiko bestelako deiak ordaintzeko inprimakia eskatu behar du erabiltzaileak. Hala eta guztiz ere, honelako "iruzurrak" ez gertatzeko bi modu daude: mota honetako deiak egin ahal ez izateko zerbitzua aktibatzea dagokizun operadorera deituz edota ordenagailuan checkdialer izeneko programa instalatzea. Programa horren bitartez, konexio zuzena bermatzen da, bestelako konexioak egiteko aukera murriztuz. Aplikazioa Interneteko Erabiltzaileen Elkartearen web gunean bertan lor daiteke doan, www.internautas.org helbidean.

Kontsumoa murrizteko proposamenak
Telefono fakturaren zenbatekoa murriztu eta dirua aurrezteko erronkari jarraituz, adituekin kontsultaturiko hainbat proposamen eta aholku bildu dugu:
Tarifa murritzak aplikatzen diren ordutegietan deituz, dirua aurreztu ahal izango duzu.
Merkatua sakon aztertu eta zure beharrei ondoen erantzuten dien konpainia aukeratu.
Murrizte zerbitzua: telefono operadorera dei bat egite hutsarekin, edozein motatako deiak murrizteko eskubidea duzu. Esaterako, zure seme-alabek mugikorretara dei asko egiten dituztela jabetu bazara, mota horretako deiak ez egiteko zerbitzua aktiba dezakezu doan.
Fakturaren kontrola: zure gastua kontrolatu eta ordura arte gastatu duzun kopurua jakin nahi baduzu, operadorearen web gunean sartu eta zure fakturazioa kontsulta dezakezu.
Bonoen kontratazioa: ohiko tarifez gain, telefonia konpainia askok ahots tarifa finkoak edota bonoak eskaintzen dituzte. Zure faktura aztertu eta mota berdineko dei asko egiten dituzula ohartzen bazara, bono horiek dituzten ezaugarriak eta prezioak azter ditzakezu, gehien komeni zaizuna aukeratuz.

Zerbitzu edo aukera hauen informazio gehiago eskuratu ahal izateko bezeroaren arreta zerbitzura deitzea aholkatzen dizugu.

Ana Lanchas, bezero kaltetua: «Ia bihotzekoak eman zidan telefono faktura ikusi nuenean!»
Lekukotasunaren isla da Ana Lanchas nafarraren kasua. 22 urteko gazteak 2002ko abenduan 2.696,52 euroko faktura jaso zuen, 448.663 pezetakoa alegia. Hartu duen ezustekoa azaldu digu eta baita irtenbide bila jo dituen ateak zeintzuk izan diren azaldu ere.

Gogoan al duzu faktura horren berri izan zenuen eguna?

Ez dut sekula ahaztuko. Nire bizitzan ez dut inoiz horrelako sustorik jaso. Lanean nengoela nire gurasoen deia jaso nuen. Aztoratuta zeuden eta nik ere une hartan ez nuen ezer ulertzen. Etxera iritsi nintzenean, ordea, dei horiek Internetera konektatuta egon nintzen une berean egin zirela konturatu nintzen. Ia bihotzekoak eman zidan telefono faktura ikusi nuenean! Beraz, Telefonicaren errakuntza izan zela pentsatu nuen. Bezeroaren arreta zenbakira deitu nuenean eta web gune batek nire nodo zenbakia aldatu zidala jakinarazi zidatenean ezin nezakeen ulertu, ezta sinetsi ere. Iruzur egin zidaten!
Web gune pribaturen batera konexiorik egin al zenuen? Edo zure onespenik eman al zenuen konexio pribatu bat egiteko?
Bai zera! Nire bizitzan sekula ez naiz sexuarekin, ez tarot jokoekin ezta bestelako jokoekin harremana duen web guneetan sartu. Adituen aburuz, egun, edozein gairi buruzko web guneekin gertatu ohi da. Gune horiek konexio pribatua egiteko ez dute erabiltzailearen onespena eskatzen. Hala eta guztiz ere, demagun erabiltzaile batek egun batean web pribatu batera sartzeko gogoa duela. Erabiltzaileak soilik une horretan ematen du konexioa egiteko baimena, beraz, legez kontrakoa da sistemak zure ohiko nodo zenbakia aldatzea. Horregatik diot nik beti, ez naizela sekula horrelako web guneetara konektatu, baina hala egin izan banu ere legez kontrakoa izaten jarraitzen duela.
Egoera honen aurrean zer nolako neurriak hartu zenituen?
Ohiko beste edozein iruzurren aurrean bezala, Ertzaintzara joan nintzen salaketa ipintzera. Bertan, ordea, ez zidaten salaketa jartzen utzi, linea horietara konektatzeko Interneteko web guneren batean nire baimena emango nuela argudiatuz. Behin eta berriz salaketa jartzeko nire gogoa agertu banuen ere, alferrik izan zen. Indarge sentitu nintzen, zer egin eta nora jo ez nekiela.
Ondoren, Kontsumitzailearen Bulegora joan eta arbitrajea eskatzeko gomendatu zidaten. Epaiketa galduko banu, ordea, fakturaren zenbateko osoa ordaindu beharko nukeela azaldu zidaten. Beraz, ez nuen eskatu.

Geroztik zerbait egin al duzu?
Ez. Bere garaian oso gaizki pasatu nuen eta ez dut gai honi buruz entzun ere egin nahi. Duela astebete Telefonicatik eskutitz bat jaso nuen esanaz zorra dudala beraiekin eta ordaintzen ez badut auzitara eramango nautela. Oilo ipurdia jartzen zait pentsatzen dudan aldi oro. Nik neurriak hartu nahi izan ditut. Justizia da oztopoak jarri dizkidana. Gainera, Telefonicak ez al du bezeroari dei horiek ez egin ahal izateko zerbitzuaz informatzeko betebeharra? Nik ez dut sekula informazio hori jaso.
Ana Lanchasek jakinarazirikoa frogatzeko, Telefonicara eta Euskaltelera deitu dugu. Hala, bezeroari tarifa gehigarria duten zenbaki horietara ez deitzeko eskubideaz informatzen duten galdetu diegu. Biek ere erantzun bera eman digute, bezeroek galdetzen ez badute informazio hori ez zaiela eskaintzen. Kontratuetan ere informazio hori ez dela agertzen baieztatu digute. Erantzuna, ordea, duela hilabete batzuk bezeroei informazio hori postaz bidali zitzaiela izan da. Beraz, bezero berri batek egun linea bat kontratatuko balu zerbitzu horren berri ez lukeela izango ondoriozta dezakegu.

Zerbitzu bera zenbaki ezberdinekin mozorrotuta
Orain arte tarifa gehigarria izan duten bederatziehun lineak, zortziehun lineak izatera pasatu dira urrian. Aldaketa hori Zientzia eta Teknologia Ministerioaren legediaren ondorioz gertatu da. Legediaren xedea erabiltzailearen eskubideak babestea da, besteak beste, deien iraupena murriztuz. Linea horien erabilpena ere aldatu egin da:
803: Helduentzako zerbitzuak.
806: Aisialdi eta denbora pasarako zerbitzuak.
807: Zerbitzu profesionalak.
Aurrezenbaki bakoitzaren barruan ere kategoria ezberdinak mailakatzen dira. Esaterako, 906/806 aurrezenbakia daraman telefono zenbaki batera deitu nahi badugu, hurrengo zenbakia (laugarrena) zein den kontuan hartu behar dugu, aurrezenbakia berdina bada ere, kostua ezberdina delako.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude