Hoskide


2003ko urriaren 05an

Adostuko diagu ariketa? Nik zera egingo nikek, artikuluero bi hitz hoskide hartu eta haien inguruan jardun. Hik bi hitz, eta hurrengoan nik beste bi, eta horrela. Beste barik. Louniko, hurrengoarekin jarraitu aurretik hoskidetasunari berari buruzko oldozpen bat egitea otu zaidak. Gure ariketari markoa emateko balioko dik eta hor zihoak, hiru begiratutan.

Lehen begiratuan, bertso-artisautzaren baliabidea da hoskidetasuna. Bertsolaritzaren konbinaketa mugatuen jolasgaia (gitarra-jolearena sei soka diren moduan, pianistarena teklen disposizioa den moduan) sorkuntza inprobisatua zurrun mugatzen duen eta horrexegatik posible egiten duen mekanismoa. Ur, agur, gailur eta zuhur kasualitatez-edo dira hoskide. Eta kasualitate hori hari esanguratsu bihurtu behar du bertsoak, hari horrekin norbaiti zerbait eragiteko.

Bigarren begiratuan, hitzen hoskidetasuna askotan ez da kasualitatezkoa. Hoskidetasunak hizkuntzaren geneak ditu bistarazten, gene zaharrak edo berriagoak. Lur-ek dakar gailur. Baina mintzoaren hasierako auskalo ze intuiziok lotu zituen ur eta lur. Eta elur. Eta Otxandioko jakitunak iradokitzen duenez, hasierako fruituak, hur, intxaur, ezkur. Eta beldur? Eta zuhur? Eta makur? Eta uzkur? Bertsolariak badaki, oharkabean bada ere, errima honek atmosfera berezi bat eskaintzen duela. Gauza politak daude hitzen kidetasunean gordeak, sumatu bakarrik egin ditzakegunak. Hizkide izan gabe hoskide direnak haskide dira, nolabait. Begira azken hiru hitzoi ere, zerbaitegatik baitira, denboraren ilunean, multzo bereko hitz, hots eta hats.

Hirugarren begiratuan, hoskidetasuna jarrera bat da. Bertso batean bi hitz hoskidek jatorri ezberdina izaten dute gehienetan, baina arrasto berean jartzen dira. Gauza desberdinak esan ditzakete beren puntuetan, baina bertso beraren zerbitzuan daude. Hoskidetasunaren senak bertsolariaren jarrera ere busti du. Bertsolari bat bere temalagunaren ildo beretik joan liteke, edo kontra, hari barrez ari liteke, edo haren argudioak eraisten, baina forma guzti horien hondoan, hoskide ari da harekin. Bertso saio baten haria aldi berean da korapilatua eta txirikordatua. Korapiloz txirikordatua. Bertsolaria bakarrik doa etxetik saiora, bere nortasuna behar du agertu, bere prestigioa behar du zaindu, bere gaitasunak behar ditu proban jarri. Eta bestetik hari bat sortu behar du besteekin, emaitza kolektiboaren zerbitzuan jartzen da, hizkide izan gabe, hoskide da oholtzalagunekin. Hitz lehiatuen hoskidetasuna da bertso saioa. Kidetasun lehiatua du gure jolasak zoru. Ez da antzezpen kontu soila, bere mamia duen egoteko eta egiteko era bat da. Bapateko kantuaren ondareak erantsi digun jarrera-modua.

Ez dakit oholtzatik kanpo ere hala garen. Gure euskal fauna honetan behintzat hoskidetasunaren sena galduxe dagoela esango nuke. Alde handia genuke, hizkide izan gabe ere, elkarlanean jarri gabe ere, lehian hoskide izaten asmatuko balute gure ahaldunek. Gure idazle eta intelektual klasikoak nahiz azken aldian ugaritzen ari diren euskarazko iritzi-emaile eta zutabegileak ere saiatzen dira begiratu pertsonalen bila. Badabil iritzia gure mundutxo honetan. Zalantza gehiago daukat lumaren eta hitzaren distiratik haratago hotsaren kidetasunerako sena erakusten dugun. Eta esango nuke sen bizigarria dela hoskidetasuna ipar hartzea, ziriaren, dialektikaren, arrazoiaren norabide. Beharbada gehiegi esaten ari nauk, hoskide, gogoeta hala orokortzean gure bizipenetatik. Baina igurtzi eta gozatu ederrak hartutakoak gaituk hoskidetasunaren lehian. Mundualdia justifikatua zegok askorekin hots kide eta bat edo besterekin hats kide izatera iristen bagara.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude