Gorka Salmeron: «Irudiaren kultura gehiegi ezagutzen dugu»

  • Gaztetako ero bolada bat gehiago zirudien argazki zaletasunak, baina laster erabakiko zuen horixe nahi zuela bizibide: 20 urterekin Artelekun serigrafia ikastaroa egin zuen, eta sormena, gauzak egiteko interesa zuen jendea ezagutu zuen. Pare bat gauza argitu omen zizkion horrek. Beka bat eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hura izan zen aitzakia industri peritutza ikasketak utzi eta etxean argazkigintzan sakondu nahi zuela esateko. Koloreak baino zuri-beltza du nahiago, eta zuria baino beltza maiteago. Begirada jartzea da argazkilariaren lana. Argazkietan Gorkaren begirada urrunekoa omen da, batzuetan hotza izateraino. Iluna. «Lotsatia naizelako», dio.
Hamasei urte zenituen lehen argazkiak errebelatu zenituenean, Legazpiko Ikatza Elkartean. Argazkigintzan 19 urte daramatzazu. Zein izan dira zure ibilbidean aldaketa nagusienak?
Hasieran teknika aldetik asko esperimentatu nuen, eta gauza piktorikoagoak egiteko erabiltzen nuen argazkia. Teknika hori, oinarria, beharrezkoa da. Baina gero teknika ahaztu eta edukiak azaltzeaz interesatzen zara. Geroz eta argazkilariagoa naiz, "puruagoa"-edo: zuri-beltza, irudiak manipulatu gabe... Gaur teknikarekin bilatzen dudana, irudiak berak duen xarma harrapatzea da, gauzak gehiegi konplikatu beharrean.
Bestetik, lehen gehiago kezkatzen ninduen besteek zer esango ote zuten nire lanaz, nire ideiak berak baino. Gaur gehiago arduratzen nau nire lanak, besteek esango dutenak baino. Horrek lasaitasuna ematen du.

Autodidakta izan zara beti. Kanpora ere asko jo duzu, formazio gehiagoren bila. Hemen formatzeko aukerak falta al dira?
Argazki elkarteak hastapen moduan oso ondo daude, baina behin etapa batetik aurrera hor ez daukagu gauza berri askorik lantzerik. Elkarteetako dinamika nahiko mugatua izaten da. Lehiaketak edo argazki rallyak egiten dituzte, eta ez dago gaizki, baina gauza gehiago egin daitezke. Kultura fotografikoa da behar dena. Argazkilarien artean tramankuluei eta duzun kamera puskari ematen zaio garrantzia, eta baita lehiaketetan dauden patroiei eta estetikari ere. Lehiaketetan araudi batzuk daude eta horiek dira eredu, hortik ezin zaitezke irten. Gaur argazkigintzari erabilpen asko ematen zaizkio; argazki taldeetan, berriz, mugatu egiten dute eurek eman nahi dioten erabilpena. Zentzu horretan ere irekiagoak izan behar lukete. Ez dut kritiko ezkorra ere izan nahi. Argazki elkarteek bere gauza onak badituzte, baina gauza gehiago egin ditzakete.
Niretzat hemengo erreferente garrantzitsua Elgoibarko Ongarri da. Batetik, Euskal Herriko argazkilariak bultzatzen dituzte, euren liburuak argitaratuz edo lanak aurkeztuz. Gainera argazkilariok harremanetan jarri gaitu; garrantzitsua da hori, lanak elkarri erakusteko eta zalantzak elkarbanatzeko. Atzerriko argazkilariak ere ekartzen dituzte, beste lekutan zer egiten den ezagutzeko.

Sormen aldetik, zein da zure lan prozesua?
Nire lana instintiboa da gehienbat, intuizioak narama. Gauza askoren zergatia gero ulertzen dut, egindakoa erakusketa moduan aurkezten dudanean. Hasieran gai edo kezkaren batek erakartzen zaitu, eta irudi bitartez sentimendu eta kezka horiek azaltzen saiatzen zara. Eta jada erakusketa moduan aurkezten duzunean, aditu edo kritiko bat etorri eta errepaso bat ematen dizu; eta konturatzen zara, nahiz hasieran zerorri jabetu ez, hor dauden gauza asko inkontzienteki azaldu dituzula. Jota uzten zaitu.

Gai edo kezka horiek denboran irauten al dute?
Zure lana, zure bizitzaren arabera doa. Gaia beti dago hor, baina zure begirada ezberdina da; gai beraz une batean edo bestean interesatzen zaizun alderdia ez da berdina.
"Leaxpi, industri paisaiak" lana orain 13 urte egin nuen. Orduan egina gaur ikusi eta ondo dago, baina gauza batzuk falta ziren. Garai hartan fabrika kanpotik eta barrutik atera nuen. Gaur fabrika herrian eta haranean kokatzen ari naiz.
Naturaren gaian ere eboluzio bat egon da. "Paseoak eta Paisaiak" lanean udazkena interesatzen zitzaidan, koloreen leherketa hori, mugimendua. Begirada nahiko subjektiboa zen, inpresionista ere bai. Formatu handian ziren argazkiak. "Natura" lanean, berriz, gauza handi eta txikien kontrastea dago. Eta gehiago interesatu zait negua, zuhaitzak biluzik, dena zuri-beltzean. Hotzagoa da, eta pentsatuagoa. Kritika puntu bat ere badago, mendian zaborra ikusten dudanean atera egiten dut argazkian.

Ruandara 1992an joan zinen, Nyundoko Arte Eskolan argazki ikastaro bat ematera. Nola sortu zen proiektua?
Iokin Otaegi Lasalletarraren bitartez joan nintzen; Nyundoko Arte Eskolako zuzendaria zen Otaegi, nire aitaren laguna, ikastolan maisu izan nuena. Hango maisu eta ikasleen lanak ekarri zituen, eta harrituta utzi gintuen zer indar zuten koloreek. Bai eskulturan, zeramikan, pinturan... Argazkigintzan, berriz, maila baxuagoa zuten. Hortik sortu zen ikastaroa emateko ideia. Aita eta biok joan ginen, hilabeterako.
Ruandan bertakoei argazkiak egiten hasi nintzen. Erretratu zuzenak ziren denak, jendea kamerari begira. Baimena eskatzen nuen erretratua egin aurretik. Ez nuen aurrez pentsatutako ideiarik eraman, aurkitu heinean egindako lan bat izan zen, lan etnografikoa: nortzuk ziren eta nola bizi ziren erretratatzea interesatzen zitzaidan.

Gure kulturan jendeak kameraren aurrean jartzeari panikoa dio, ez dakigu natural egoten. Zergatik da hori?
Irudiaren kultura gehiegi ezagutzen dugu, eta horrek mugatu ere egiten gaitu. Hainbeste irudi daukagu edozein lekutan (telebistan, kalean...), eta hainbeste ezagutzen ditugu irudia fabrikatzeko medioak, guk ere itxura aldetik gure alde bat azaldu nahi izaten dugula. Ruandan jendeari naturaltasuna, duintasuna ikusten diozu; nahiz eta lau gauza izan, sekulako elegantziarekin daramate. Hemen prostituituago gaude, zentzu horretan.

Erretratuak nola lantzen dira?
Erretratu batean bi osagai daude beti: bata, erretratatuaren fisonomia eta bere buruaz azaldu nahi duena, eta bestea argazkilariaren begirada, edo argazkilariak nola ikusten duen pertsona hori. Horrekin guztiarekin azkenean ikuspegi bat ematen da. Baina asko eman daitezke.
Erretratu onaren unera iristeko lan edo prozesu bat dago. Argazkilaria eta pertsona horren artean joko batek egon behar du, ideia lantzen zoazen heinean komunikazio bat behar da, eta unea sortzen denean, hor dago argazkia.

Autorretratuak ere egin izan dituzu.
Autorretratua nire tenple ezberdinak azaltzeko erabili izan dut. Segun eta zer egun daukazun edo nola zauden, bakardade tarte bat hartu eta "gaur nire alde hau azaldu nahi dut" esaten duzu. Garai batean dezente egiten nituen autorretratuak. Azken aldian ez ditut gehiegi egiten.

Diru asko jarri behar izan duzu zure lanean. Inoiz egon zara proiekturen bat bertan behera uztekotan?
"Leaxpi, industri paisaiak" lana aurkeztu nuenean, markotan sekulako diru pila gastatu nuen. Lanean ere denbora asko pasa nuen. Kamera zintzilikatzeko zorian egon nintzen.
"Paseoak eta Paisaiak" lanarekin ere sekulako aberia ekonomikoa egin nuen. Asteburu batean mendira joan, eta 240 bat euro joaten zitzaizkidan materialetan; eta hurrengo asteburuan gehiago. Gainera hasierako ideia gehiegizkoa zen: nire buruan 11 metro zabalerako muntaiak ikusten nituen, eta horrek koloretan diru pila balio du. Erakusketa moduan muntatzea lau urte kosta zitzaidan. Bakarkako pieza batzuk 1'25 metro dituzte zabaleran eta 3 metro luzeran. Hori dena ordaintzea latza izan zen.
Azkenean laguntzak edo bekak lortzen saiatzen zara. Pazientziarekin hartu behar da, lasaiago ibili. Ideia hor badago eta epe luzera atera daitekeela ikusten badut, oso burugogorra naiz: urtetako lanean sartzeko gai naiz, erakusketa gauzatu arte.

«Paseoak eta paisaiak» laneko argazki batzuekin jaso zenuen «Imajina ezazu Euskadi» saria. Ez omen zinen argazki abstraktuak aurkeztera ausartu...
«Paseoak eta Paisaiak» lanarekin egin nuen zuloa betetzeko aurkeztu nintzen lehiaketara. Nire lanean baziren irudi oso mugituak eta abstraktuagoak ere. Baina sariketan aurkezteko, nire ustez komertzialagoak edo irakurtzeko errazagoak zirenak hautatu nituen. Argazki munduan eta elkarteetan arau batzuk daude; ni ere ibili izan naiz epaile lanetan, eta ikusten duzu zer gauzengatik egiten duen apustu batek edo besteak.

Enkarguzko lanen artean, zeintzuk gustatu zaizkizu gehien?
Beti saiatzen naiz enkarguzko lanak eta lan pertsonalak bereizten. Batzuetan bat egiten dute, enkarguzko lana zure egiten duzunean, interesatzen zaizuna denean.
Arrantzaleei buruzkoa izan zen polita. Gipuzkoako Foru Aldundiak ateratzen duen "Bertan" sailerako eskatu zidaten lana. Liburuko testuak ilustratzeko nahitaez lan bat egin behar zen museoetako objektu zaharren, grabatuen eta argazki zaharren erreprodukzioak egiten. Baina bestetik aukera eman zidan ontzi batean sartu eta mundu horri buruzko nire ikuspegia emateko. Jakina, ez da aski joan eta "zer polita" esanda argazkia ateratzea. Ontzian eurekin eman behar dituzu egunak; jakin nortzuk diren, nola bizi diren, zein diren euren arazoak. Gero gai horri zure ikuspegia ematen saiatzen zara.
Bestetik, beti izan naiz Hertzainak taldearen zale porrokatua. Gariren bakarkako lehen diskorako azala egitea gozamen hutsa izan zen. Maketa entzun eta musikari irudi bat jartzea zen lana.

Arte ederren artean argazkilaritza ez da besteak adina baloratzen. Zergatik?
Azken erakusketa Paupa galerian egin nuen, martxoan. Bertako arduradunak, Jon Idiakezek, esan zidan jende gehien ekarri zuen erakusketa izan zela nirea. Saldu nuen pieza bakarra, galeristari saldu nion.
Batetik interesa badago, jendeari argazkia gustatzen zaio. Baina hain erraz ailegatzen da edonor mundu horretara, ez zaiola balorerik ematen. Oso zabaldua dago irudia, leku denetan daukagu. Irudia fabrikatzea ere oso eskura dagoen zerbait da. Edonork ez du eskultura bat egiten, baina denok ematen diogu botoiari oporretako argazkiak ateratzeko. Hain dago eskura, jada argazkigintza sormenerako edo espresio bide bezala erabiltzen denean jendeak ez duela baloratzen. Kultura fotografikoa falta da.
Bestetik, negatibo batetik kopia ezberdinak egin daitezke, eta badirudi horrek balorea kentzen diola pieza bati. Alde horretatik argazkia grabatu bat bezala ikusten dut. Argazkigintzan ere norberak mugatu behar luke bere lana eta esan: "irudi honetatik hainbeste kopia bakarrik daude".

Europako beste herrietan ere hain gutxietsia al dago argazkigintza?
Frantzia aldean dezente ibiltzen naiz, eta han harrituta gelditzen naiz. Koska ateratzen digute. Ikustekoa da argazkigintzan zer bizitasun dagoen eta zer balioa ematen dioten. Jakina, argazkigintza Frantziatik dator. Ez dakit guk baino denbora gehiago daramatelako ote den, edo mentalitate aldetik ere ezberdinak direlako ote den. Baina lekutan gaude.

Zeri ez zenioke aterako argazkia?
Prentsan azaltzen diren irudi gogor horiek ez nituzke sekula aterako. Ni ez naiz hori egiteko gai. Baina argi dut irudi horiek azaldu behar direla. Komeni da. Argazkiak badu bere funtzio kritikoa eta hori egin behar da. Baina nik ez dut egingo.

Curriculuma
jaio: Legazpin, 1969an.
argazkilaria
formazioa: Legazpiko Ikatza Argazki Elkartean errebelatu zituen bere lehen argazkiak, 1985ean. Artelekun Manuel Bellorekin serigrafia ikastaroak egin zituen, eta argazkigintza tailerrak egina da Pierre-Jean Amar, Jordi Guillumet, Eiichiro Sakata, Miguel A. Martin eta Juan Manuel Castro Prietorekin.
1990az geroztik ikastaro eta tailerrak ematen ditu.
1992an Ruandan, Nyundoko Arte Eskolako irakasleei argazki ikastaroa eman zien.
Hainbat erakusketa jarri du. Besteak beste, Zaragozako Spectrum galerian (1993an), Israelgo Tel-Hai Industrial Parken (1995ean), edo Tourcoingeko Nadar galerian (2000. urtean).
1993an Zum Edizioak sortu zuen.

Argazki lanak
Beste askoren artean, «Leaxpi, Industri Paisaiak», «Rwanda 1992», «Paseoak eta Paisaiak», «Arrantzaleak» eta «Natura» lanak daude.

Diren bezala
Ruandan gehien harritu zuena, kamera aurrean erakusten duten naturaltasuna eta duintasuna izan zen. Gizon bati ateratako argazkia zintzilik du bere lantokian. Ez zaio ahaztuko une hura: «Beti tiro bat baino gehiago egiten dut. Gizon hura hain tinko plantatu zitzaidan kameraren aurrean, halako begirada sarkorra zuen, tiro bat egin eta ez nintzela gai izan beste bat egiteko. Begirada horrek jota utzi ninduen. Eta hor zegoen argazkia, ez zen gehiagoren beharrik».

Argazkirik ez.
«1990ean Portugalen izan nintzen. Kamerarekin batera eta bestera nenbilen, gauza denei argazkia ateratzen. Behin gaixo terminalen ospitale batera eraman ninduten. Shock izugarria izan zen. Segituan gorde nuen kamera. Jendeak errespetua merezi du».

Bertsoa
Doinua: LAGUNDURIKAN DANOI
Gauzak kolore, argi,
forma egokian,
islatu al badira
zure bekokian
klik! egingo diozu,
baina arestian
begi bistan ikusten
zenaren azpian
zerbait gehiago dago
zeure argazkian.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude