Champourcin-eko Ernestina: 27-ko poetisa ezezaguna


2003ko irailaren 28an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Emakume izateari eta bere poesia modan zeuden joeretatik apartekoa izateari atxikitzen diote, batik bat, Ernestina ezezaguna izatearen errua. Nolanahi ere, pentsatzekoa da arazo frankori egin ziola aurre Champourcin-eko Ernestinak bere bizitza luzean, eta ez bakarrik 1936ko gerran galtzaile izatea egokitu zitzaiolako eta ondorioz hogeita hamahiru urte erbestean pasa beharrean izan zelako: Emakumea zen Espainiako gizartean misoginia jaun eta jabe zen garaian; batxilergoa ikasi zuen neska dirudunek ere apenas ikasten zutenean; poesia liburuak argitaratu zituen emakume oso gutxik idatzi eta ia inork argitaratzen ez zuen denboran; eta horietan guztietan gurasoen eta gerora Nobel Saria eskuratuko zuen Juan Ramon Jimenez idazlea bezalako adiskideen laguntza izan bazuen ere, Ernestina harantzago joatera ausartu zen, Errepublikaren aldeko agertuz etxekoek erregezale amorratu zituenean, eta zibilez ezkonduz bere familiakoentzat hutsaren hurrengo eta etsai politikoa zen beste idazle eta errepublikazale batekin. Bere senarra, Juan Jose Domenchina, Izquierda Republicana alderdiko partaide eta Manuel Azañaren idazkaria zen, Azaña Espainiako presidente izatera iritsi baino lehen.

Gasteizen jaioa

Emakume adoretsu hau 1905. urteko uztailaren 10ean jaio zen, Gasteizen, bere amaren sendagileak oporrak Arabako hiriburuan pasatzen zituelako. Horri zor zaio Champourcineko eta Loredoko Moran Ernestina Michels izenez bataiatu zuten neskatoa arabarra izatearen zoria. Baina Madrilen bizi izan zen geroztik, ihesi alde egin behar izan zuen arte.

Ernestinaren ama Montevideon jaioa eta militar aberats baten alaba bakarra zen, eta bere aitak, Champourcineko baroiak, jatorri frantziarreko titulua erabiltzen zuen Espainiako Alfonso XIII.a erregeak onartu zuenetik. Bestenaz, abokatu eta idazle erregezale liberala omen zen. Horrela bada, oso giro jantzia eta diru eskasiarik batere ez zuen etxe batean jaio zen gure olerkaria.

Eta etxean bertan hasi zuen bere heziketa, liburutegian zeuzkaten liburuetatik eta gurasoek jarri zizkioten etxe-irakasle frantziar eta ingelesetatik ikasiz. Horrela bilakatu zen hirueledun (erbestera joan behar izan zuenean itzultzaile gisa lana izateko primeran etorri zitzaion gorabehera hori), eta horrela ezagutu zuen Frantzia eta Ingalaterrako literatura. Espainiakoa beranduxeago, hamar urte betetzerakoan Jesusen Bihotza ikastetxean hasi zenean. Han egin zuen Oinarrizko Batxilergoa. Goi Mailakoa, berriz, etxean prestatuz eta Cardenal Cisneros institutuan azterketak eginez. Oso giro misoginoa aurkitu omen zuen azken horretan, eta agian horregatik, edo unibertsitatera zihoazen etxe oneko emakumezko ikasleak bere amarekin edota beste emakume "heldu" batekin joan behar zutelako, uko egin zion Ernestinak Filosofia eta Letretako ikasketak unibertsitatean egiteari. Etxean, eta Juan Ramon Jimenezek eta beste idazle ezagunek antolatzen zituzten kultur bileretan jarraitu zuen bere heziketa.

Lehen poema bilduma

Hamabi urte zituela idatzi omen zituen Ernestinak bere lehen poemak, frantsesez. Gero gaztelaniaz idazteari ekin zion ordea, eta 1926an, hogeita bat urterekin, argitaratu zuen "En silencio", Juan Ramon Jimenezi eskaini zion eta eragin erromantiko eta modernista garbia zeukan bere lehen poemarioa. Aitak ordaindu omen zuen argitalpena, eta ama ere pozez txoratzen omen zeukan, baina berak nonbait ez zion maitasun handirik bere arrakasta horri. Izan ere, liburu hura gogoan zuela, zera gomendatzen omen zien idazle gazteei 1947an: beraien lehen eta bigarren poema-liburuak ez sekula argitaratzeko.

Dena dela, idazteari ez zion utzi behintzat. Gerra lehertu arte "Ahora" (1928), "La voz en el viento" (1931), eta "Cántico inútil" (1936) poema bildumak, eta "La casa de enfrente" nobela argitaratu zituen. Gerraren zurrunbiloan "Mientras allí se muere" titulua zuen beste nobela bati eman omen zion hasiera, baina bukatu gabe utzi zuen, eta geroztik ez zen eleberri gehiago idazten saiatu.

Emakumearen duintasunaren alde

Champourcineko Ernestina ez omen zen erabat feminista, baina hala ere beti borrokatu omen zuen emakumearen duintasunaren alde. 1926an Maria de Maeztuk eta Concha Méndez poetek martxan jarri zuten Club Lyceum -beste batzuk Lizeo Feminista izendatzen dute- elkarteko partaide egin zen, eta hango Literatura saileko arduradun. Victoria Kent, Isabel Oyarzabal sozialista, Zenobia Camprubí eta beste intelektual asko batu zituen elkarte horrek emakumeen arteko elkartasuna sustatzea zuen helburu, eta era guztietako emakumeei ireki zizkien bere ateak, nahiz eta azken batean partaide gehienak intelektualak izan. Joera politikoko zein erlijiosoko ekitaldiei uko egiten zienez, bai feministen, bai sozialisten eta bai katolikoen kritikak jaso zituen. Azkenean, arduradunek estatutuak aldatzea erabaki zuten, helburu artistiko, zientifiko, literario eta ongintzazkoak baino ez zituztela aldarrikatuz. 1936ko Gerrak jarri zion amaiera elkarte hari ere.

Lehenengo erbestea

Zaila da gerrak inori onurarik ekartzea. Ekartzekotan, sortzen dituenari ekartzen dizkio. Ernestinari behintzat ez zion onurarik egin. Gurasoak erregezaleak, anaiaren bat falangista, bere familia eskuindarretik urrutiratu behar izan zuen. Horrez gain, ba omen ziren etxe aberatseko alaba izateagatik begirada okerrak zuzentzen zizkioten milizianoak ere, eta huraxe izan omen zen gurasorik gabeko haurrak zaintzeari utzi eta eritegi batean lanean hastera eraman zuen arrazoia. Gero, bere senarra eta biek Madril utzi eta Valentziara, handik Bartzelonara, eta azkenean Frantziara abiatu behar izan zuten. Eta handik Mexikora, Ernestinari hogeita hamahiru urtez bere babesa eskainiko zion herrialdera (ikus 1978an argitaratu zuen "Primer exilio" idazlana).

Antza denez, oso gustura sentitu zen emakume hau Mexikon, bizitasun eta sormenezko urteak izan ziren erbesteko haiek berarentzat. Ez hala Juan Jose Domenchinarentzat, ordea, herriminak jota iraun omen zuen gizon hark bizirik, Espainiara noiz itzuliko zain, azkenean bere ametsetik urrun hiltzeko, 1959an, Ernestinaren bihotza erdibituz. Geroztik Jainkoarengana itzuli zuen bere barrena, inoiz baino gehiago. Maitasuna azaltzen da Champourcineko Ernestinaren poemetan, baina 1952an argitaratutako "Presencia a oscuras" liburuaz geroztik, Jainkoa izan zen bere poemen xede. Eta senarra hil zitzaionetik, Jainkoa izan zuen lagun, babes, eta bere galderen erantzun. Hirurogeiko hamarkadan plazaratutako "Hai-kais espirituales" eta "Poemas del ser y del estar" dira horren lekuko.

1970ean berak eginiko antologia bat hasi zen kaleratzen. "Dios en la poesia actual" izenburua badu ere, Gabriela Mistral, Dulce María Loynaz, Concha Méndez edo Gloria Fuertes bezalako beste hamaika emakume poeten lanak jasotzeaz gainera, berdin agertzen ditu hartan Unamuno, Miguel Hernandez, Lorca, Blas de Otero, Cesar Vallejo edo Rafael Alberti bezalakoen poemak, eta hitzaurrean garbi uzten du zergatia. Berarentzat, poesia beti dela poesia edo ez dela ezer, eta benetako poesian beti dagoela Jainkoa, nahiz eta olerkariak espresuki ez izendatu. Horregatik jaso dituela berak antologian Jainkoaren presentzia zein ez egotea islatzen duten poemak.

Zazpi edizio izan zituen antologiak. Eta 1972koan, Auñamendi entziklopediak dioenez, Orixe, Kerexeta, Lekuona eta Azurmendi bezalako euskal olerkarien poemak bildu zituen Champourcinek. Urte hartan itzuli zen Madrilera, baina ezer gutxi aurkitu zuen han oroimenean hain ondo gordeta zeuzkan gaztaroko sentsazioetatik, eta bigarren erbeste bat bezala bizitu omen zuen geroztikakoa.

Antologien misoginia
Biziki gorrotatzen omen zuen Champourcineko Ernestinak "poetisa" izendapena. Berarentzat poeta zena, poeta zen eta kito, baina ez hala beste askorentzat: Gerardo Diegok eginiko "Poesía española contemporánea" antologian, Ernestinaren eta Josefina de la Torreren poema batzuk jaso zituen, 1934ko edizioan. Antologia osoan beste emakumerik agertu ez arren, presio handiak izan omen zituen haien poemak ere ken zitzan eskatuz. Gauzak horrela, ez da harritzekoa Champourcineko Ernestinak bere antologiaren hitzaurrean antologoei buruz zioena. Hiru motatakoak ei zeuden: emakume idazleen lana batere aintzakotzat hartzen ez zutenak; hitzaurrean aipatu bai, baina beti ere leku ezagatik baztertutako beste gizonezko idazleekin batera; eta emakume idazleen lana jaso arren beti aparte jartzen zutenak, emakumezkoentzat espresuki sortutako atal batean.


Azkenak
Gizon bat atxilotu dute Erriberagoitian beste bat hiltzea leporatuta

Gizona Bilorian (Araba) hil dute, ustezko hiltzailea atxilotu dute Añanan (Araba).  


Al Jazeerako bost kazetari hil ditu Israelek

Hildako kazetarietako bat Anas al-Sharif da, palestinarren genozidioa zerrendatik kontatzen dutenen artean ezagunenetako bat. Al Jazeera hedabideak adierazi du Israel errudun dela Gazako sarraskia barnetik azaleratzen duten kazetariak nahita hiltzeagatik, eta horrela sarraskia... [+]


Zarrakazteluko sutea kontrolatzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek

Larunbat gauean hasi zen sutea Zarrakaztelu eta Figerol lotzen dituen errepideko pinudi batean. Herritarrentzat arriskurik ez dago momentuz, gobernuak adierazi duenez. Gizakiek eragindako sutea dela jakinarazi du gobernuak.


“Gaza militarki okupatzeko plana berehala gelditu behar du Netanyahuk”, esan du nazioarteak

Ostiral goizeko albisteak erreakzio ugari piztu ditu Israelen zein nazioartean. Aurka agertu dira Israelgo bahituen familiak eta NBE. Alemaniak, Israelen aliatu tradizionalak, armak saltzeari utziko diola jakinarazi du.


Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


Non dago Maider?

Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen gaituzten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia... [+]


Oñatiko egoitza batera mugituko dituzte Donostian kale egoeran bizi ziren migratzaile maliarrak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Oñatiko Arantzazu egoitza eskaini dute maliar migratzaileentzat. Bertan geldituko dira Espainiako Gobernuak haien asilo eskariak ebazten dituen bitartean.


“Intentsitate altuko” bi sexu eraso salatu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak ostegun gauean

Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak. 


Gaza Hiria okupatzeko plana onartu du Israelgo Segurtasun Kontseiluak

Ostiral goizaldean eman du erabakiaren berri Israelgo Gobernuak, hamar orduz luzatu den bilera baten ondoren. Dena den, okupazioa gauzatzeko, gobernu osoaren baiezkoa behar du Netanyahuk: igandean izan daiteke bilera. Segurtasun Kontseiluak, halaber, mugak jarri dizkio... [+]


Oholtza denontzat?
Feminista izango da, edo ez da izango

Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]


2025-08-08 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Errusiak baieztatu du Putin eta Trump datozen egunetan bilduko direla

Joan den astean Trumpek ohartarazi zion Putini hamar eguneko epean Ukrainarekin su-eten akordio bat sinatu ezean, zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola. Zelenskik sare sozialetan adierazi du ezinbestekoa dela Errusiako presidentearekin bildu aurretik lehenbizi su-etena... [+]


Boubacar Diouf: “‘Manteroa’ izatea ez da delitua; bakean bizi nahi dugu, diskriminaziorik gabe”

Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]


Nafarroako suteak nekazaritzako makina batek sortu zituela baieztatu du gobernuak

338 hektarea erre ditu astearteko suteak. Nekazarien sindikatuak haserre agertu dira Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko ezarritako murrizketekin. Asteazkenean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean, baina hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek.


ChatGPT psikologo bezala erabiltzearen arriskuez mintzatu da Mireia Centeno Gutierrez psikologo eta psikopedagogoa

Ohartarazi du ChatGPT lanketa emozional “sakonak” egiteko erabiltzea “arriskutsua” izan daitekeela ez duelako erabiltzailearen testuingurua ezagutzen eta “gehiago biktimizatu” dezakeelako.


Eguneraketa berriak daude