Igaro dira urteko lehen sei hilabeteak, eta, dirudienez, aurreikuspen ekonomietan bederen, hala Euskal Herrian, nola Europan, okerragoak izango dira urtearen bigarren aldiko beste seiak. Diotenez, espero baino hazkunde txikiagoa izango da Europan, eta errekuperazioa datorren urtera arte atzeratuko da. Dena dela, aurreikuspen eta espekulazio hutsa da, ez besterik. Espekulazio hutsa ez dena, baizik eta errealitate gordina, laneko heriotza da. Hego Euskal Herrian, 76 langilek galdu dute bizia gutxienez, lehen sei hilabeteetan. Orain ere eraikuntza da sektore arriskutsu eta hilgarriena. Lanaren Nazioarteko Erakundeak, OITk, argitara eman berria du txosten bat. Dokumentuan datorrenez, lanak, egunero, 5.000 langile hiltzen ditu munduan, 270 milioi soldatapekok istripu laboralen bat izaten dute eta beste 160 milioik eritasun profesionalen bat hartzen dute. Guztion egitekoa da istripu laboralak eragoztea: patronalarena, sindikatuena, langileena, administrazioena eta justiziarena. Lan egiteko baldintzak prekarioak dira oso, eta horregatik ugaltzen dira istripuak neurri horretan. Enpresaburuarentzat obligazioa da segurtasunean inbertitzea, errentagarria izateaz gainera. Eta, hemen, Europako batez bestekotik oso azpitik inbertitzen dugu.
Zaleak dira gogotik manifestazioetara eta kontzentrazioetara berehala deitzen, atentatu politikoen ondoriozko heriotzetan, baina noiz ikusiko ditugu Ibarretxe eta Sanz antzeko zerbait egiten gure lantokietan gertatzen diren biziaren kontrako atentatuetan, Euskal Herrian bertan azken hamarkadan mila langileri baino gehiagori bizia kendu diotenetan? Era horretako deiek, esan gabe doa, produkzioan parte hartzen duten agente guztiak eta biztanle guztiak egoeraz ohartarazteko balioko lukete, eta, horrez gainera, administrazioak administrazio gisa bere obligazioak betetzeko eta erantzukizunak ez saihesteko. Bestalde, ez genuke heriotzen arteko diskriminaziorik izango.
Multinazionalak eta subentzioak. Multinazional askotxok dute lantokiren bat Euskal Herrian. Hemen inbertitu badute, seinale eskulan espezializatu ona dugula, baina, era berean, administrazioek emandako erraztasun fiskalak eta diru publikoa (subentzioak) ere bista-bistako amuak dira. Multinazional horietako batzuek gupida handirik gabe hartzen dute atea ixteko erabakia eta ehunka langile eta haien familiak langabezian uztekoa, dela etekin marjina murrizten ari zaiela jabetu direlako, dela errentagarritasun handiagoko lekuren bat aurkitu dutelako (orain Europako ekialdea jo dute begiz, kostu laboral eskasagatik). Halaxe egin dute, esaterako, Zierbenako Cabot multinazional iparramerikarrak, Baionako Chupa Chups katalanak, Zamudioko Ericson suitzarrak (kasu berriena da) eta Babcock Borsig alemanak, zeinek "harrika" bota baitu ezkerraldeko Babcock Wilcox zaharra. Espainiako Telefónica multinazionalak ere, aitzakia moduan konkurrentzia hartuta, iragarri du jada 15.000 enplegaturen kaleratzea. Tartean, jakina, euskaldun mordo bat, zeren 3.000 lagun baitabiltza hemen lanean. Eta, multinazional horietako batzuk subentzionatu dituzten administrazioek ezin dute ezertxo ere egin "ihes" horien aurrean? Erreklamatzen al dute emandako diru publikoa, edota segurtatua al dute?
Tratularien Europa. Osatu dute jada Europako Konstituzioa. Testuan, ez da ageri erreferentzia sozialik. Oso bestela, filosofia kapitalistari eusten zaio, aldian aldiko multinazional pisutsuei interesatzen zaien horixe, eta baztertu egiten da autodeterminatzeko eskubidea. Hortaz, eta berriro diogu, oraingoan ere tratularien Europak irabazi du: behin behar eta, alde batera utzi dute hiritarren eta herrien Europa. Eta, behar izatera, diogunaren egiaztagiri dira ondoko hauek guztiak: globalizazio kapitalistaren kontrako manifestazio etengabeak, mugimenduko buru agerikoenen atxilotzeak (adibidez, Bové nekazaria Frantziako Estatuan), abian jarri diren foro sozialak (baita Euskal Herrian ere, azkeneko jarduna Gasteizen izan da). Bestalde, oraintsu onetsi duten Nekazaritza Politika Bateratua da tratularien Europa hori ongien ezaugarritzen duena: lurdunen eta multinazionalen esanera egina da guztiz, eta suntsiturik utziko ditu Euskal Herriko ustialeku familiarrak. Estatu Batuek berehala txalotu zuten erreforma, eta, ez da zertan harritu, zeren aspaldian ari baitzen erreklamatzen Munduko Merkataritza Erakundea (MME).
Politikoen soldatak. Europako Batasunak, bistan denez, multinazionalen zerbitzura eta Euskal Herriko ustialeku familiar laborantzakoen kontra legislatzen du. Era berean, bizialdi laborala luzatzea eta pentsioen kostuak murriztea defendatzen du, edota soldatak moderatzea. Bien bitartean, legegile eta europarlamentario horiek berek beren buruen soldatak eta bidaia sariak igo dituzte, halako neurrian non aireportuetako denbora atzerapenak kobratzeko modua ere jarri baitute. Aurrerantzean, 8.000 eurotik gora irabaziko dute hileko (1.300.000 pezeta, diru zaharrean kontatuz gero!). Ez da mauka makala alajaina, baina, bidaiak ez ezik, luxuzko pentsio planak ere ordaintzen dizkiegu, 60 urterekin erretira daitezen. Gainerako politikoak ere ez dabiltza maila horretatik urrun, proportzionalki. Froga gisa, jo dezagun gure udal handietara, horietan baititugu "gure" politikoen ereduak! Lana 65 urtetik aurrera? Egin dezatela gainerakoek, eta neurriko ordainsariekin gainera, guk geuk gozatzeko aukera izan dezagun!