Mila herritar hil dira Argentinako Santa Fe-n

  • XXI. mendeko katastrofeen eredu izan daitekeena gertatu berri da Argentinako Santa Fe-ko uholdeekin: deforestazioa, nekazaritza burugabe baten ondorioak, Lurraren berotzea, agintari ustelek oker planifikatutako obrak... eta ehunka herritarren heriotzari buruzko informazioa bahitzea.

2003ko maiatzaren 29an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Argentinako medikuadiskide batek Santa Fen apiril honen azken egunetan gertatua aipatu zidan bere e-mailean. "Arratsaldeko seietan arazorik ez zegoela esan zuen Gobernuak, eta goizaldean jendea bere etxe barruetan ito zen. 24 hildako aipatu dituzte agintariek, baina Onura Gabeko Erakundeek mila aipatzen dituzte. Gertatua ezkutatzearren, uholdeak harrapatutako eskualdea militarizatu egin zuten eta polizia eta soldaduek mugitzen zen edozeri egiten zioten tiro. Gorpuak atera eta ezkutatzen ari dira...".
Hemen 24 heriotzen albiste laburrarekin geratu ginen. Nazioarteko aktualitatea segitzen zuten kazetariek ere ahaztua zuten gaia. Baina gure lagun hori ez zegoen paranoiak jota: sekulakoa izan da Santa Fen gertatu berri den hondamendia.
Euskaldun batek -Juan de Garaik- XVI. Mendean fundatutako
Santa Fe hiria Argentinako iparraldean dago, 400.000 biztanle ditu eta bere inguruan bildutako konurbazioan denetara milioi lagun inguru bizi dira. Oihan tropikaletatik datorren Parana ibaiaren arroan dago, horren eta bere adarra den Salado ibaiaren tarteko ordoki zabaletan eraikita. Lehen ere uholdeak ezagutu ditu hiriak, historian erregistraturik geratu den 1905ekoa adibidez, eta beti hango udazkenean jazo dira. Baina hauek asko ugaldu dira azken urteetan: 1983, 1992 eta 1998koak gogorrak izan ziren.

Hala ere, bereziki larria da apirilaren 29an eta ondorengo egunetan gertatutakoa. Argentinar Lurraren Lagunek erakundeko koordinatzailea den eta Nazio Batuek berrikitan saritutako Jorge Cappatok honela definitu du: "Argentinak bere historian nozitu duen ingurumen hondamendirik handiena izan da, baina era berean saihestu zitekeen katastroferik okerrena ere bai".
Uraren Institutu Nazionala erakundeko jakitunak urtarriletik ari ziren abisatzen Atlantikoko urak inguru horretan ohi baino askoz beroago zeudela, eta Santa Feko iparraldeko zenbait kazetarik alarma deia egin zuen, pilatzen ari zen ur kopurua zela medio. Baina agintariek ez zuten jaramonik egin. Eta horrela iritsi zen apirilaren 28a.
Astelehen horretan Salado ibaia ohi baino kasik 6 metro haziago zetorren, eta hala ere agintariek ezikusiarena egin zuten, 100.000 lagun urak erraz harrapatuko zituen auzoetan bizi direla jakin arren. Gauean urek gainezka egin zuten, baina 29 goizean oraindik alkateak zera zioen: "Ez dut uste ebakuazio handi baten ordua denik". Berak salbu zeudela esandako auzoetan ura sartzen ari zen eta arratsalderako ordu bakoitzeko ehun metro zabalagoa zen ibaia.
Asteazkenean hiriaren zati handi bat urpean zegoen, eta eguerdian kasko historikoa estali zuen, sekula ikusi gabekoa. Arratsaldean hiri inguruko zenbait autobide lehergailuz zulatu behar izan zituzten: urek bere bidean behera egiteko oztopo nagusiak zirela demostratuta zegoen berriro ere.
Gau eta egun luze guztietan horietan, herritarrek beren kabuz moldatu behar izan zuten. Askok, teilatu edo terrazetara igo eta ibaiak ez estaltzeko otoitz egitea beste erremediorik ez zuten. Txalupa bakarrak, herritarrenak ziren, eta horiek hondoratuta ito ziren asko eta asko. Armadak oso berandu erreakzionatu zuen eta katastrofe horri erantzuteko ezarri zituen medioen zerrenda negar egiteko modukoa da.
Komunikabideek ondoko egunetan 24 hildako eta ehunka desagertu aipatu zituzten. Euskal Herrian askok pentsatu genuen 1983an hemen gertatutakoaren antzekoa izan ote zitekeen. Baina "ehunka desagertu" horietan dago diferentzia. Tragediaren ondoko egunetan -mundutarrok ordurako beste lekuetan "pil-pilean" dauden gertakizunei begira geunden- auzo elkarte eta bestelako mugimenduetako jendea ehunka lekukotasun lazgarri biltzen hasi zen.
Horietatik jakin dezakegu Santa Fe eskualdean -egitura ekonomiko osoa hondatuta geratzeaz gain- aitortutako 24 horiek baino askoz gehiago izan direla laguntza faltaz eta planifikazioaren ondorioz hildakoak. Ehunka heriotz izan dela segurua da, eta zenbait erakundek kopurua milaraino igotzen du.
Salaketa horietan ageri dira agintariek heriotzak ezkutatzeko erabilitako trikimailuak: identifikatu gabeko gorpuak ezkutuan erre, lekurik kaltetuenak militarizatu eta hango informazioa bahitu, identifikatu bai baina uholdeek eragindakoen zerrendan ez sartu... Eta kexu direnak zanpatu. Horrela, gertatzen ari zena salatu zuten lau suhiltzaile lanetik bota zituzten "laguntza materiala ostu" zuten aitzakiarekin.
Agintarien ustelkeriak hondamendiraino eraman duen Argentina honetan, Santa Feko burokrata eta politikariek bazuten, izan ere, zer ezkutatu.
Herritarrek gogoan dute 1983an urek eraman zutela Zubi Eskegia-Santa Feren ikur bihurtua zena- zergatik eta uholdean ibaiak dakarren indarra kontuan eduki gabe eraiki zutelako.
Agintariek ez zuten horrekin ere ikasi, eta geroztik eraiki diren autopistak eta abar berriro bihurtu dira herritar gaixoentzako tranpa errukigabe. Kalteak areagotzeko, aspaldi ibaiaren indarra kontrolatzeko planifikatu eta aurrekontua ere bazuten obrak egin gabe zeuden. Ikusi den bezala, gero eta ugariagoak diren uholdeetatik babesteko egindako plangintzak ere ahulegiak ziren, eta horiek aurreikusitako materiale eta neurriak ere ez zeuden prest.
Hondamendien loterian sari berezia irabazteko txartel asko zeuzkan Santa Fe eskualdeak. Planeta gero eta beroago eta orain arte Parana arroa erregulatzen zuten Brasil, Bolivia eta Paraguayko oihanak egunetik egunera birrinduago... ondorioz, gero eta ur gehiago eta abiadura handiagoz ibaietan behera, non eta monolaboreek hondatu dituzten Argentinako lautada handietan. Urak bere aurrean oker diseinatutako autopista eta bestelako oztopoak aurkitzeko.
«Tranpa egin diezaiokegu moralari -idatzi du Jorge Cappatok maiatzaren 3an- politikan gezurra erabili ere bai. Baina bromarik ez dute onartzen ez klimaren aldaketak, ez txirotasuren ugalketak, eta ez uraren eta uholdeen erabilerak".
Broma gutxi ikusi da Santa Fen beren senideak eta zituzten ondasun apurrak galdu dituztenen lekukotasunetan. Baina kazikismoaren errezeta zaharra erabiliz beti agintean jarraitzen duten buruzagiek berriro ere arriskurik handiena -informazioa- kontrolatzea lortu dutela dirudi. Beraz, adi hurrengo tragediari.
Jorge Cappatok maisutasunez definitu du ikusitakoa: "Santa Fekoa bezalako hondamendiek formula bati erantzuten diote. Errezetak ez du huts egiten: agintariek okerretatik ez dute ikasten, informazio zientifikoak axolarik ez die eta hori interpretatzeko gai ez dira, eta funtzio publikoa harrokeria eta utzikeriaz erabiltzen dute. Kasu honetan osagai gehiago ere izan da: abisuei kasurik ez zieten egin, erreakzionatzen izugarri mantsoak izan dira eta botoemaile pobreak abandonatu egin dituzte, hogei urtez haiei agintea eman dieten botoemaile txiro horiek".


Azkenak
Nekropolitiken politika

"Oxala Mediterraneoko herrialdeek beren betebeharrak beteko balituzte, eta bilaketa eta erreskateko uretan eskura dauzkaten operatibo guztiak martxan jarriko balituzte, jendeak itsasoan arriskurik izan ez dezan". Mikel San Sebastian Aita Mari erreskate ontziko kidearen... [+]


Astelehenean hasiko dira Zaharraz Harro! jaiak Gasteizko Alde Zaharrean

Astelehenetik igandera askotariko 106 jarduera antolatu dituzte auzoko bizilagun eta eragileek, parte hartzea, auzo harrotasuna eta autogestioa ardatz. Aurten poliziak bortizki hustu berri duen Korda espazioa izango dute gogoan. Hamazazpigarren edizioa da aurtengoa.


Gasteizko lorezainak hiru hilabete greba mugagabean
“Egoera oso zaila da une honetan, baina langileek borrokari eutsiko diote”

Ostegunean hiru hilabete beteko dira Gasteizko lorezainek greba mugagabea hasi zutenetik aho batez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Gasteizko parke, igerileku eta berdeguneak belar eta sasiek hartuta ikusteak oso ikusgarri egin du greba, baina iragan astean “zerbitzu... [+]


Sergio Ayucar (BSH): “Prozesuari eustea oso gogorra izaten ari da; mediku-bajak bikoiztu egin dira”

Eskirozko BSH lantokia ixteko asmoa plazaratu zutenetik lan taldearen mediku-bajak bikoiztu baino gehiago egin direla salatu dute gaur: "Abenduan prozesua hasi zenean lan taldearen %4 zegoEn bajan, orain %13 baino gehiago dago", adierazi du Sergio Ayucar BSHko langile... [+]


Kanpaina bukaerako ariketa

Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek izango dituztela bospasei kilo. Uztailaren bigarren astean edo utzi egingo diogu gazta egiteari.


2025-06-23 | Irati Diez Virto
Askari izena duen haragijale txikia

Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia ikusita, kume bat izan behar zuela pentsatu nuen; baina oker nenbilen. Munduko ugaztun... [+]


2025-06-23 | Jakoba Errekondo
Arrosa basatiaren izen saltsa

Loratu da. Kostata baina loratu da, bai, arkakaratsa (Rosa spp.). Lore arin, mehe, hegalari itxurakoa da, arrosa bat da eta lorea ere arrosakara eta zuriaren arteko kolorea du. Urtero loratzen da lurrin fina zabalduz. Lore horiek destilatu egiten dira, ia erabat kosmetikan eta... [+]


2025-06-23 | Garazi Zabaleta
Azpigorri
Bertako ahuntz arrazaren txorizoak

David de Blasek abiatutako proiektua da Azpigorri Ahuntz Txorizoak, eta izenak argi uzten duenez, azpigorri arrazako ahuntzekin ari da lanean. “Urteetan industrian aritu nintzen lanean, baina pandemia garaian artzain eskolara joan nintzen, eta ikasketak amaitutakoan... [+]


NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Eguneraketa berriak daude