"TXIKI". IRUDIEN KAZETARI HANDIA

  • estilo trinko eta indartsuaren emaitzarik ederrenak. Bainakartelgintzan, komikitan,karikaturatan ere bere marka jarri zuen. Orain Koldo Mitxelenan daude ikusgai bere lanak.

Manchesterren jaio zen John Zabalo Ballarin 1892an, bizkarra kaltetu zion gaixotasun batekin jaio ere. Txiki geratu zen horregatik «Txiki». Itxuragatik ezizen egokia zena, bere lanari esker are egokiagoa bihurtu zen, Joxean Muñoz erakusketaren komisarioak dioen moduan: «Arte industriala da ‘Txiki’ren jarduna, arte "txikia", Pinturaren, Arkitekturaren, hau da, maiuskulaz idatzitako Artearen ahaide pobrea. Euskarazko produkzio urriaren alde egin zuen, gainera, ‘Txiki’k, txikienaren alde alegia. Txikitasunari egokitu behar izan zitzaion gizonaren historia izan daiteke Juan Zabalo Ballarin-ena: txikitasunak handi egin zuen gizonarena».

Kasualitatez jaio zen «Txiki» Ingalaterran, Zabalo familia hara joana baitzen, itsas merkataritzako konpainia baten buru zen aitaren lanak hala eskatuta. Gainerako anai arrebak Donostian jaio ziren. Eta kasualitate haren ondorioz, Gerra Zibilean erbesteratu zenean, Ingalaterrak eman zion aterpe bertan jaioa zelako. Bere familiakoak, aldiz, Ameriketara joan ziren. 1948an, urte luzez Juan edo Jon izana, John izenez hil zen Londresen.

«Xabiertxo»ren beste aita


20ko hamarkadakoak dira lehen ikastolak. Eta hamarkada horretan haurrak eskolaratzeko liburuak sortzeari ekin zion Ixaka Lopez Mendizabalek. Beste haur batzuekin batera, bere seme Xabierrek Ixakak berak idatzitako «Xabiertxo» ikasliburua erabili zuen. Eta aitaren testu en lagungarri, Jon Zabaloren ilustrazioez gozatu zuen. «Xabiertxo»ren lehen edizioa, azal gorrikoa, 1925ean eman zen argitara. Bigarrena, ikusgarriagoa, azal berdeduna, eta gerora 60 eta 70eko hamarkadatan askok erabili genuen hura, 1932an. Joxean Muñozen esanetan, tarte hori da «Txiki»ren garairik oparoena. Eta tarte horretan, haurrentzako liburu gehiago ere ilustratu zituen: «Martin Txilibitu», «Umearen Laguna», «Txomin Ikasle» eta «Sabin euskalduna». Muñozen hitzetan, «euskarari eta euskarak bideratzen zuen mundu ideologikoari irudi oso bat, gorputz eta soin, eman zien ‘Txiki’ Zabalok. Berak ekarri zuen euskara haurren begietara». Kolore bizi eta lauak, marra nabarmenak, irudi sinple eta trinkoak... Zabaloren estiloaren erakusle argienak dira haurrentzako ilustrazioak. «1925etik aurrera estilo naïf, umekoi horretan ematen ditu emaitzarik zoragarrienak; haurrentzako lanetan bete-betean asmatu zuen».

Beste hainbat literatur lan ere edertu zituen, Pierre Lhanderen «Yolanda» nobelatik hasita (1921). Art Nouveau kutsuko lehen lan horren ondoren, 1924ko «Sorgin-Lapurra»n dagoeneko sinplifikaziorako joera nabari zaio eta 1927ko «Pernando Amezketarra»ri hain bereak dituen kolore lau eta marra nabarmenak emango dizkio. Bi urte beranduago Maruriren «Txomin Arlote»n hiru koloreri izugarrizko zukua atera zien. 30eko hamarkadan ere hainbat liburu ilustratu zuen: Lizardiren «Umezurtz Olerkiak», Txomin Agirreren «Garoa»... Estilo klasikoagoa, akademikoagoa erabiltzen du horietan, neurri handi batean, edukiek hala eskatuta.

Kazetari grafikoa


Errotatibetan argazkiak apenas erreproduzitzen ziren garaietan, marrazkia zen irtenbide. Donostiako «El Pueblo Vasco» egunkarian hasi zen «Txiki», 1921ean, karikaturak egiten. Gerora «El Día»n ere jardungo zuen lan horretan. Ixaka Lopez de Mendizabal bera, Paulino Uzkudun, Montes Iturrioz, Antonio Labaien edo Jose Antonio Agirre irudikatu zituen, besteak beste, zirriborro azkar eta trinkoen bidez, pertsonaiei barre egin gabe, haien erretratu soil eta laburrak osatuz.

Prentsarako txisteak ere egin zituen, bai aipatu egunkarietan, bai Donostian egiten zen «Argia» aldizkarian eta honen egutegian. Joxean Muñozek hala dio: «Argiako orrietan landu zuen iruditerian, urte haietan euskaraz egiten zuen edo egin zezakeen jendearen erretratu soziala eskaintzen digu.»

Umore «garbia» zen Zabalorena (31tik aurrera giroarekin batera ozpintzen joango den umorea). Bere txisteetan marrazkia ez da narrazio, hots, testua eta marrazkia, biak, autonomoak dira. Haurrentzako ilustrazioetan bezala, irudien trinkotasuna nabarmentzen da prentsarako lanetan, «Empresa Txiki»ren marka. «Egun Olariagak bezala, orduan Zabalok kronistatzat, kazetaritzat jotzen zuen bere burua, ez artistatzat. Artistak ez bezala, marrazkilariak erantzun profesional bat eman behar dio enkargu komunikatibo bati, egun batetik bestera».

«Txiki»ren kaleko hizkuntza


Juan Zabaloren lana ezagutzeko ez zen nahitaezkoa liburu edo egunkarietara jotzea. Kalean bertan ere topa zitekeen haren sinadura. Kartelgintza kalea hartuz joan zen garaietan «Txiki»k ere bere estiloa ipini zuen denen bistan. Bere lehen kartelak Artista Berrien Erakusketa iragartzeko egin zituen. 1922tik aurrera, urtez urte, afitxa horiek gero eta umetasun handiagoa izango dute. Beste alorretan hain berea duen estiloari esker kartel zuzen eta indartsuak egitea lortzen du, ikusterraz eta ulerterrazak. Bere kartelik ezagunenak 1933an egin zituen, Alderdi Jeltzaleak Estatutuaren aldeko kanpainarako irudia eskatu zionean.

Bere garaiko gizona


Juan Zabalo «Txiki» ez zen bakarrik, isolaturik, aritu bere jardunean. Belaunaldi baten parte da bera, ez bakarrik arte grafikoetan, eta ez Bakarrik Euskal Herrian. Afitxei dagokienez, esaterako, 20ko harmarkada horretan kartelgintzak pinturarekiko autonomia lortuko du eta indar handiz hedatuko da. Fauvismoaren koloreetatik, kubismoaren sinplifikaziotik, suprematismoaren konposizio autonomiatik.... abangoardietatik edango du kartelgintza berriak. Eredu makinista, geometrikoak nagusituko dira kasu askotan. «Txiki»ren kasuan aldiz, Art Deco-aren eragina nabariagioa izango da.

Abangoardiei zukua ateratzeaz gain, gari hartako arte grafiko berriak tradizioaren iturriak ere bilatuko ditu, beste alor askotan gertatu bezala. Eta Euskal Herrian, noski, euskal tradizioari begira hasi ziren. Aranzadi, Barandiaran, Azkue edo Aita Donostiaren garaia da, biltzaileen garaia. Arkeologian, antropologian, herri ipuinetan, musikan... tradizio bat badagoela erakusten dute. «Artean akademizismotik ihes egin nahian, iturri freskoetara jotzen da, herrira» dio Muñozek. Baina Euskal Herrian ez dago tradizio bisual sendorik. «Txiki» eta bere belaunaldiko grafistek ezin diote ez dagoenari eutsi eta modan dauden elementu grafiko berriak hartu eta tradizionala izan zitekeen zerbait sortu zuten.

«Txiki»k, Pablo anaia arkitektoarekin batera, «Grafia y ornamentación popular vasca» lana eman zuen argitara erbestean, 1947an. «Txiki»ren belaunaldia izan zen euskal grafia finkatu zuena, egun hain betikoa iruditzen zaigun letra multzoa. «Zabaloren lana ikusi eta ‘betikoa’ ematen du, baina betikotasun hori berak asmatua da, nolabait».

Txikia izan arren, itzal luzea da «Txiki»rena. 60 eta 70etako belaunaldiaren zati bat «Xabiertxo»rekin trebatu zen. Jon Zabaletaren ilustrazioetan «Txiki»ren eragina oso nabarmena da. Asun Balzolaren lanetan ere nabari da bere kutsua. Orain, erakusketa, liburua eta aurki etorriko den museo birtualari esker 1973an argitaratu zen «Txiki, marrazkilari eta umoredun» liburuari jarraipena eman zaio. Eta horri esker prozesu bat ireki da gainera. Erakusketa zabaldu ondoren ere, datu berriak iristen ari dira. Muñozek azpimarratzen duenez, «garai hartako gauzak gordeta dituenak atera egin behar ditu. Materiala bilduz joan behar dugu, memoria hori guztia berreskuratzeko». Eta ez da «Txiki»z ari soilik, euskal arte grafikoetan funtsezkoa izan zen belaunaldi oso batez ari da: Gezala, Antequera-Azpiri, Lagarde, Martinez Ortiz, Elosegi, Lasheras, Landi, Cabanas...

Erakusketa baino gehiago
Jon Zabalo «Txiki»ren erakusketa uztailaren 12a arte izango da ikusgai Donostiako Koldo Mitxelenaren Ganbara aretoan. Tipula osatzen duten Joxean Muñoz eta Txabi Basterretxeak hainbat erakusketa antolatu dute lehenago ere KMn, eta «Txiki»ren inguruan ere zerbait egitea aspaldi zuten gogoan. Kulturuneak Tipularen proposamenari berehala eman zion baiezkoa.
Maialen Lujanbiok jardun du dokumentalista lanetan, hainbat liburutegi eta bilduma partikularretara jo ondoren, guztira 1.600 dokumentutik gora bildu dituzte azkenan. Erakusketaren irizpideak eta aukeraketa Joxean Muñozen lana izan dira eta koordinazioa Txabi Basterretxeak eraman du. Diseinatzaile lanetan Lanzagorta estudioa aritu da eta arkitektura Diana Gorostidi eta Almudena Grandiarena da.
Baina erakusketa proiektuaren alderdi bat baino ez da. Liburu bat ere atera dute. lanen katalogoaz gain, «Txiki»ri buruzko Muñozen testu bat eta garai hartako euskarazko kazetaritzaren inguruko javier Diaz Nociren beste testu bat jasotzen dituena. Gainera, web orri bat ere zabalduko dute, «Txiki»ren museo birtual modukoa. Erakusketa beste herri batzuetara eramateko proposamenak ere jaso dituzte, baina objektu askok behar dituzten baldintzak eta segurtasuna kontuan hartuta, erreprodukzioak egitea aurreikusten dute erakusketa herriz herri ibil dadin. Finean, erreprodukziorako sortutako obra bat da «Txiki»rena.

Ignacia Zabalo «Nor-Nai»: gerrak etendako bizitza eta obra
1925eko «Argia’ren Egutegia»n ageri da lehen aldiz «Nor-Nai» sinadura marrazki batean. Gainetik begiratuta «Txiki»renak dirudite «Nor-Nai»ren lanak. 1973ko «Txiki, marrazkilari eta umoredun» liburuan ere bien marrazkiak nahasian daude bilduta.

Agiriano, Mur, Unsain eta beste batzuk XX. mendeko lehen erdiko arte grafikoa aztertzen hasi zirenean ordea, garbi geratu zen «Nor-Nai»ren atzean Ignacia Zabalo zegoela, eta ez bere anaia Juan. «Txiki»ren arreba txikia baitzen Ignacia, 1905ean jaioa eta 1925etik 1931ra anaiarekin batera lanean jardundakoa. Euskal Herrrian XX, mendean lanbidez marrazkilari izandako lehen emakumea, seguruenik. «Argia’ren egutegia»z gain, Irungo Jaietako liburuxkako akuarelak bereak dira eta lanik azpimarragarriena neska gazteentzako Elizak argitaratzen zuen «Agere» aldizkarian egin zituen: «Agere»ren orrietako marrazki, txiste, komiki eta apaingarriak bereak ziren.

Ignaciaren marrazkiak anaiaren ildokoak dira, baina ongi begiratuta arabeskorako eta jolaserako joera handiagoa du «Nor-Nai»k, elementu dekoratibo gehigarri bat dute haren marrazkiek, Joxean Muñozek dioenez «eleganteagoa da».

Muñozen aburuz, ezizena ederki aukeratu zuen Ignaciak; hala dio «Txiki Zabalo: kronista grafikoa» bere testuan: «Anonimatutik irteteko asmatu zuen «Nor-Nai» ezizena: edozein, berdin du, ez dut izenik. Izenik ez edukitzeaz ikurra egin zuen Ignacia de Zabalok. Izen artistikoa du Zabalo andereak bere obrarik biribilenetako bat».

Baina Ignaciak ezin izan zuen bere obra borobildu. 1931an «Txiki» enpresa utzi eta Bartzelonara joan zen bakarkako marrazkilari bideari jarraitzeko. 1939an Bartzelonako bere etxeko atarian bonba batek hil zuen.

Xabiertxo 1967an berriro kalean
«Berrogei urteren buruan ia, irakurtzen ikasteko metodo berberak erabiltzeak inor harritu balezake ere, Frankismoa zenbaterainoko atzerapena izan zen gogoan duenak onartuko dit, neke handirik gabe, ‘Txiki’k ilustratutako liburuak erabili genituen umeok ez geniela batere inbidiarik auzoan erdaraz ikasten zuten lagunei. Itsusiagoak ziren haien liburuak». JOXEAN MUÑOZ


ASTEKARIA
2003ko ekainaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Gorka Bereziartua
#4
Estitxu Eizagirre
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Eguneraketa berriak daude