ENPRESABURUEN MANIPULZAIOA ETA XANTAIA


2003ko ekainaren 15ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Munduko ekonomia inflazioaren eta deflazioaren artean dabil, hots, geraldiaren eta depresioaren artean. Europako ekonomiari, berriz, aurreko egoerak ez ezik, euroak dolarraren aurrean duen sendotasunak ere erasaten dio. Bien bitartean, jakina, Euskal herriko ekonomiak ere nabarmentzen ditu ondorioak. Esportazioak dira Euskal Herriko ekonomiaren habe, eta, oro har aztertuta, jada igarri da euroaren sendotasunaren kaltea gure esportazioetan.

Azken aste hauetan, metalurgiako eta papergintzako lan hitzarmenak direla kausa, aurrez aurre ikusi ditugu sindikalismo abertzalea eta enpresaburuak; Gipuzkoan batik bat. Krisia iristen denean, enpresaburuek egoera horri heltzen diote zeinahi eskaera ekonomiko eta sozial galgatzeko. Oso bestela, ordea, inoiz ez dute gogoan izaten ekonomiaren onaldia, langileen bizi kondizioak hobetzeko garaian. Enpresaburuek tresna bat eta bera baliatzen dute beti, eskaerak alde batera uzteko: xantaia eta manipulazioa. Hau da, honela mintzatzen dira beti: "Eskaerak onartuz gero, itxi egingo dira enpresak eta murriztu egingo da enplegua". Are gehiago oraindik. Baldin ikusten badute sindikatuak sendo mantentzen direla negoziazio kolektiboan, berehala leporatzen diete sindikatu abertzaleei "enpresen deslokalizazioa", hau da, Euskal Herriko enpresak lekuz aldatuko direla "ohartarazten" hasten dira segituan.

Cebek eta Confebask patronalek xantaia horixe baliatzen dute, jendea estutzeko. Alabaina, gezur biribila eta manipulazio hutsa da hori guztia. Alde horretatik, bistan da, eta ez dezagun ahaztu, ondoko hauxe da enpresak lekuz aldatzearen eta inbertsioak desbideratzearen arrazoi bakarra: oraindik ere kapitalismoa jaun eta jabe izatea. Eta, jakina denez, kapitalismoa irabazi handienaren bila ibiltzen da beti, eta, gaur egun, kostu laboral apalak eta lanegun luzeak tarteko, Ekialdeko herrietan jasotzen ditu mozkinak errazen. Horregatik, Cabot multinazionalak adibidez, adierazi du dagoeneko itxi egingo duela Zierbenako planta. Horretarako arrazoia, parte handi batean bederen, honako hau da: pneumatikoen industria Europako Ekialdera migratu izana. Berdin gerta daiteke automobilgintzako sektorearekin zerikusia duten Euskal Herriko beste planta batzuekin. Chupa Chups multinazional katalanak aste honetan bertan erabakiko du Baionako planta ixtea ala zabalik mantentzea.

Pentsioen murriztea. Eraso gogorra antolatu dute Europan langileek ondo borrokatuta lortutako ongizatezko estatuen eta onura sozialen kontra. Euskal Herrian ere igartzen da erasana, eta aurrerantzean ere igarriko da, jakina. Gure kasuan, gainera, nola ez baikara burujabe, Espainiako eta Frantziako Estatuen mende ibili beharko dugu. Aurreko asteetan, Frantziako Estatuko langileak, beraz, Ipar Euskal Herrikoak ere bai, kalera atera dira, pentsioen beste murriztaldi bat galarazteko. Europa guztian dabiltza langileen bizialdi laborala 65 urtetik gora luzatu nahirik; pentsioa kobratzeko kotizazio urteak ugaldu nahirik eta pentsioaren kalkulua langilearen bizialdi laboral guztiaren arabera kontatu nahirik (orain arte azkeneko zortzi edo hamabost urte hartu izan dira kontuan). Nahi horiek lege bihurtzen badira, %25eko beherapena ere izan dezakete gaur egungo pentsioek, eta, jakina, horrez gainera, lanaldi luzeagoak eta kotizazio handiagoak ezagutuko ditugu.

Esan gabe doa, Hego Euskal Herria ere estaliko du uhin horrek, eta luze gabe gainera, nahiz eta hauteskunde garaiak murrizteak iragartzeko baino onurak eskaintzeko egokiagoak izan (datorren urtean, 2004an, hauteskunde nagusiak izango dira Espainiako Estatuan). Kontu horien harira, egun hauetan jada, Toledoko ituna berritzeaz hitz egiten ari dira administrazioa, patronala eta sindikatuak. Duela bi urte, behin aurreko murrizketak gauzatuta, adierazi zuten berehala etor zitekeela pentsioa langile bakoitzaren bizialdi laboral osoaren arabera kalkulatzea. Bestalde, orduantxe ireki zuten, halaber, bizialdi laborala 65 urtetik gora luzatzeko zirritua. Aitzitik, oparotasun ederrean bizi dira erabaki horiek hartu dituztenak: batetik, dirua aurrezteko modua izan dute, beren soldata eta laneko sari bikainei esker; bestetik, bizkarra ederki estalia dute milioi ugariko pentsio plan pribatuen bidez. Urritu, beti bezala, langileari urritzen zaio, ez beste inori. Nahikoa da, alajaina.

Nekazaritza hilzorian eta arrantza krisian. Bizialdi laburra geratzen zaio Euskal Herrian laborantza sozialaren ereduari. Azken mementoan norbaitek zerbait egin ezean, Europako Batasunak emango dio azken ziztada oso gutxi barru, erakunde horrek luze gabe onetsiko baitu Nekazaritza Politika Bateratua deritzan plana. Ipar Euskal Herriari dagokionez, egoera aspaldian da hilzorikoa: egungo egunean, enpleguaren %72,6 zerbitzuen sektorekoa da. Hego Euskal Herriaren kasuan, berriz, antzeko bilakaera aurreikusten da. Nekazaritza Politika Bateratua plana multinazional handien neurri-neurriko egitamua da: laborantza intentsiboa, produktibista eta jabe gutxikoa ezartzea du helburu. Horrenbestez, inoiz baino handiagoa izango da aurrerantzean injustizia historikoa, beti ekoizle handienak eta onuradunenak mesedetzen dituena, eta betiereko bihurtuko da laguntzen banaketa bidegabea. Horren guztiaren ondorioak? Bada, urteko egun orotan ixten da Euskal Herriko ustialekuren bat, eta azken urte hauetan ehunka ustialeku desagertu zaizkigu.

Bien bitartean, gure arrantzaleak Prestige ontziaren hondamenak nozitzen ari dira. Berdelaren arrantza aldian bururik altxatu ezinik ibili ziren, antxoaren arrantza aldian erabat esku hutsik ari dira geratzen, eta ikusi beharko zer gertatuko den berehala datorren hegaluzearen arrantza aldian. Zer dago orain gure itsas hondoan? Ez ote da gutxietsi galipotaren eragina? Espainiako administrazioa bakarrik al da erantzule? Gasteizko administrazioak egin al dezake Pilatosena?


Azkenak
Eguneraketa berriak daude