BARRASKILOAK BEZALA


2003ko ekainaren 15an
«Sekulako terrazadun etxea» edo "egunero lorategi ezberdina duen etxea". Honela gustatzen zaie furgoneta eta autokarabanazaleei beren gurpildun etxeei deitzea. Hauetako etxe mugikor batean bidaiatzeak begibistako abantailak ditu: edozein txokotan, non lo egitearen buruhaustea konpondua dago; ez da ostatu edo kanpina bilatu, prezioak begiratu eta lekua erreserbatu beharrik, ezta prezio garestiak ordaindu beharrik... ez da ondoko bizilaguna jasan beharrik ere: nahi duzunean etxea lekuz aldatzen duzu eta kito. Autokarabanista eta furgoneteroen artean oso errotua dago halako filosofia alternatibo bat, nahi den txokoetara (turistikoak edo ez) iristea ia erabateko independentzia eta askatasunez (erregai, ur eta gas existentziek jartzen dute muga), eta norberak nahi duen erritmoan.

Autokarabanen zenbait ibilbide ia mitikoak dira, batzuetan aukera turistikorik ez dagoen lekuetan barna. Ur eta gas erreserbak begiratu beharra, Europako ibilbide klasiko askotan ez da arazo bat, gaua pasatzeko eta atseden hartzeko prestatutako lekuak baitaude, autokarabanentzat bereziki pentsatuak. Euskal Herrian eta Espainian ez dago halakorik, eta edozein lekutan edo ahal den lekuan pasa ohi da gaua. Toki jakin batzuetan espreski debekatua dago, beste askotan, nahiz eta libre lo egitea orokorrean debekatua egon, toleratua izan ohi da. Kanpinetatik libre ibiltzen den edonork, jakina, oharkabe pasaz ingurua aurkitu duen bezala edo garbiago utzi behar du, are gehiago etxetxoa naturaren erdian paratu badu.

Europako beste herrietan, Kanadan eta Estatu Batuetan bidaiatzeko modu hau ia legendarioa da. 2001ean, Europan ia 60.000 autokarabana saldu ziren; gure mugetatik kanpo, aisialdirako aukera honen inguruko merkatua, baita bigarren eskukoa ere, oso zabala da eta erabat finkatua dago.

Furgonetako bizimodua
Askori furgonetan bidaiatu, lo egin eta otorduak egitearen ideiak halako agobio sentsazio bat ematen dio: jeikitzean ohea jaso eta gosaltzeko "jangela" montatu beharra, kutxa estu batean dutxatu... Beste askok diote oporretan ez dutela sukaldeko lanez eta garbiketez ezer jakin nahi eta dena egina jaso nahi dutela. Baina furgonetazale porrokatuentzat furgoneta edo autokarabanan bidaiatzea ia bidaia filosofia bat da, eta askotan bidaiatzeko modu honen inkondizionalak eta apasionatuak izaten dira.

Gurpildun etxetxoa kokatuko duzun leku batera iristean, lehenengo lana horizontala bilatzea izaten da, furgoneta maldan dagoela egotea nahiko deserosoa baita. Horretan laguntzen dute gurpilentzako takoek. Lo egiteko leku ona bilatzea erraza edo zailagoa izan daiteke zonaren arabera. Guretik gertu, Frantzia oso egokia da furgonetan bidaiatzeko, aparkaleku asko baitago, herrixketan ere bai, iturri eta komun publikoekin. Gurean apenas dago komun publikorik. Askotan furgonetazaleak aparkaleku berean elkartzen dira gaua pasatzeko. Denetariko jendea izaten da; autokarabana handietan jubilatu asko edo familiak haurrekin ibiltzen dira, "camper"etan jende gazteagoa, askotan zaletasunen bat duena, mendizaleak, eskiatzaileak, piraguistak, surfistak... Aparkalekura bizilagunen bat iristen bada, gauza berak egingo ditu, horizontala bilatu eta gurpildun etxea ondo paratu. Honela, furgonetazaleen artean erraz sortzen da elkarrizketa: «nondik zatoz, nora zoaz, nola daukazu furgoneta barruan montatua, nolako motorra duzu», bakoitza bere "makinaz" hitz egiten... Gero, etxetxoko kortinak itxi eta norberak bere bizimodua egingo du. Ondoko furgonetakoak gau baterako bizilagunak izango ditugu.


Nolakoa da autokarabana bat?

Autokarabana, teknikoki, gidatze-kabinadun txasis bat da, bere gainean aluminio edo poliesterrezko estalki bat duena, kamioiek bezala. Estalkiaren barruan bizilekua atontzen da. Gehienak 3.500 kilo baino arinagoak direnez, autoak gidatzeko behar den baimen bera behar da. Gidatzeak ez du gaitasun berezirik eskatzen, haize gogorrarekin kontuz ibili eta neurrietara ohitu behar da soilik. Nahiz eta autokarabanek eta bidaietarako prestatutako furgonetek oso istripu gutxi eduki, aseguruen prezioak zeharo eskandalagarriak izaten dira. Hemen aseguruak Europako gainerako herrietan baino bi eta hiru aldiz garestiagoak dira. Hala ere, aisialdirako diren furgonetak aseguratzeko elkarte bereziak badira; prezio pixka bat baxuagoak (pixka bat bakarrik) lor daitezke honela.

Autokarabana estandar berri batek 24.000 euro inguru balio ditzake (gama altukoek 50.000), eta nahiko ongi ekipatua dator fabrikatik: espazioa izugarri aprobetxatua, insonorizatua eta isolamendu termiko onarekin; dutxadun komuna du eta hozkailudun sukaldea. 80 bat litroko erregai depositoa izan ohi dute, 100 bat litroko ur garbi depositoa eta ur zikinentzako beste deposito bat, eta sukalderako eta ur beroa lortzeko, gas bonbona bat.

"Kaputxina" motako autokarabanak (ezagunena) gidatze-kabinaren gainean ganbaratxo bat dauka. Hor bi lagunentzako ohe bat dago, eta gainerako espazioan gehienez beste bost lagunek lo egin dezakete. Hauek dira arruntenak, baina aerodinamika txarrena daukatenak ere bai. Beste batzuek ez dute kabinaren gaineko ganbararik, honela altuera txikiagoa dute eta kanpoko itxura gainera dotoreagoa da. "Camper" delako furgoneta mota, kontzeptu desberdin samarra da. Berez garraiorako furgonetak dira, karga-konpartimendua bizileku gisa egokitua dutenak.

Camper-ak, autokarabanen anaia txikiak

Kanpotik apenas nabaritzen da furgoneta hauen barruko erabilera eta horrexegatik askok eguneroko ibilgailu gisa ere erabiltzen dute. Barruan leku gutxi eduki arren, beste autokarabana handiagoek bezalako zerbitzuak izan ditzakete eta bi pertsona oso ondo molda daitezke bertan. Merkatuko aitzindari den Volkswagen etxeko California Coach modeloa da ezagunena, baita Mercedes etxeko Vito Marco Polo modeloa ere, azken hau oraindik ez da hemengo merkatuan sartu. Biak fabrikatik Westfalia-ren barruko ekipamenduarekin datoz. Garraio-furgoneta industrialak ere erabiltzen dira, Ford Transit, Renault Traffic, Citroën Jumper eta tankerakoak. Gero eta handiago, barruko erosotasunean irabazten da, baina eguneroko erabilerarako maneiukortasuna eta gidatzean estabilitatea galtzen dira. Motor motaren arabera, autobideetan edozein auto arrunten abiaduran ibiltzen dira, soilik bide txikiagoetan bihurguneak hartzen ohitura hartu beharra dago, orduan furgonetaren neurriak eta zama nabaritzen baitira. Diesel batek 100 kilometroko bederatzi litro inguru kontsumitzen du. Furgoneta industrial oinarrizko batek 12.000 eurotik aurrera balio du.

Honelako batean hiru eta lau pertsonak ere luze-luze lo egin dezakete, batzuei jartzen zaien sabai handituari esker bi ohe bikoitz lortzen baitira. Zenbait lekutan, altuerak badu garrantzia: furgoneta-turismo asko egiten den inguruetan, bi metrotik beherakoak bakarrik sar daitezkeen aparkaleku asko izaten da. Bi metrora artekoek ere, autobideetan kotxeek bezala ordaindu ohi dute.

California kategoria honetako furgoneten artean ia mitikoa da. Volkswagen furgonetak tradizio handikoak dira bidaiarien artean; horrelako ibilgailu txiki batean gustura bidaiatzeko imajina daitezkeen detaile guztiak ditu, bidaiatzeko sortua baita. Atentzioa gehien deitzen duena, sabai altxagarria da. Bi aukera ematen ditu gorantz altxa daitekeen sabaiak: batetik, furgoneta barruan zutik kabitzea (sukaldean aritzeko edo janzteko...); bestetik, goiko ohe bat edukitzea, non bi pertsona nagusik eroso lo egin dezaketen. Umeen gozamena izaten da goiko "logela" honetan lo egitea... Alde txarra zera da, hotz egiten duenean oihalak ez duela askorik isolatzen, ezta zaratetatik ere. Gainera, euria denean, oihala lehortu egin behar da gero.

Gidari eta kopilotoaren eserlekuak biratu egiten dira furgonetan espazio handia irabaziz, honela atzeko eserlekuarekin eta tartean mahaiarekin lau pertsonentzako "jangela" eratzen da. Sukaldea gas bonbona batekin dabil. Bonbona furgonetaren atzealdean dago eta ihesen bat izatekotan gasa furgonetatik kanpora atera dadin segurtasun-sistema bat du. Sutegiaren ondoan ur garbien depositotik ponpa txiki baten laguntzaz ura hartzen duen arraska dago eta erabilitakoa ur zikinen depositora bideratzen da. Bestalde, bateriatik elikatzen den hozkailu bat dago. Furgoneta industrialak fabrikatik bateria bakarrarekin etortzen badira ere, autokarabanek eta bidaiarako furgoneta txikiek ere, bi bateria independiente izaten dituzte, bata motorrarentzat, eta bestea argi, hozkailu eta berogailuaren beharretarako. 12v-ko instalazio elektrikoa denez, 220v-rako bihurgailuak erabiltzen dira bateriara bestelako aparailu txikiak entxufatu ahal izateko. Honek hainbat egunetan autonomia osoz ibiltzeko aukera ematen du.

Furgonetazale asko udaz gainera neguan ere bidaian ibiltzen direnez (eski garaian adibidez), ibilgailuaren motorretik independientea den berogailua instalatu ohi dute. Ibilgailuaren erregaiarekin eta bateria auxiliarrarekin funtzionatzen du, eta noski, ibilgailua erregairik gabe ez geratzeko sistema bat dauka. Furgoneta barrua (eta motorraren zirkuitua) ongi berotu arren, berogailu hauek oso gutxi kontsumitzen dute (litro bat gasoil zortzi ordutan gutxi gora behera). 600 eta 1.000 euro artean kostatzen da.

California eta Vito Marco Poloren antzeko ekipamendua neurri egokiko edozein furgonetari egokitu ahal zaio. Horretara dedikatutako enpresaren batera joz, garraio-furgoneta arrunt bat, lau gurpildun etxetxo mugikor batean bihurtzen dizute. Ibilgailuaren neurri eta formek ahalbidetzen badute, ohe tolesgarri bat, armairuak eta sukaldea egokitzen dituzte barruan, eta furgoneta handienetan, komuna eta dutxa ere bai; ur eta gas instalazioak jarri eta nahi izanez gero, sabai altxagarriak egin ere bai. Karga-konpartimendua hutsik duen furgoneta baten ekipamendu oinarrizkoena (1,90 x 1,60 m-ko ohea eta mahaia) 2.500-3.000 euro kostatzen da; sabaia altxagarri bihurtzea, beste 3.000 euro inguru. Askok, hala ere, furgoneta hutsa erosi eta beraiek egokitzen dute: kortinak josi, ohea egiteko plataforma jarri, tapizatu...

Autokarabanen merkatua
Europako beste herrietan, Kanadan eta Estatu Batuetan bidaiatzeko modu hau ia legendarioa da. 2001ean, Europan ia 60.000 autokarabana saldu ziren; gure mugetatik kanpo, aisialdirako aukera honen inguruko merkatua, baita bigarren eskukoa ere, oso zabala da eta erabat finkatua dago.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude