GAIZKILE


2003ko ekainaren 01an
Berriak. Martxan dago operazioa. Eta operatiboak ere, sortzear daude. Osasunaren izenean, industria sortuko dute. Aholkularitza, prebentzioa, tratamenduak. Kultura. Tabakoa maite dugunok, sasira. Zigarroak ezkutuan ibiltzen genituen garaiak. Etxeko komona, ama konturatu ez zedin leihoa irekita, genuen bazkalosteko lekurik gogokoena. Zurrupada bakoitzeko, besoz aire astintzearen gimnasia. Kalean berriz, zigarro piztua esku ezkerrean ahurraren erregarri. Eta eskolan, gure ezkutuko jarduna maisuen salatarien aitzaki. Ez ziren gutxi izan prostituzioa bezain zaharra den salatari ofizioan, orduan hasitakoak. Eta ugariak, guk bildu belarrondokoak eta jaso zigorrak. Ezagutu ditut kirolan ere, erretzailea salatuz taldean beren lekua egiten saiatutakoak, bestalde emaitza kaskarrek merezi zuten tokian ematen zituenak. Izan ere salatariek oso bide motxa egin izan dute beti. Eta orain iragartzen zaiguna, omen datorkiguna antzekoa dugu. Baimena eskatzearekin aski izango duguna pentsatuz, eguneko bigarrena piztera noa bakarrik nagoela profitatuz, antiterrorismoaren estrategietan sartuko ez gaituztenaren esperantzan. Bestela, zigarroak ezkutuan mendira.



Eguneraketa berriak daude