ANTONIO ALVAREZ SOLIS: "BATASUNAREN IDEOLOGIA TERRORISTA BADA, NI ERE BAI"

  • Goizero irratian darabilen dotorezia, zorroztasun eta umorez arrazoitu digu gaur egun esatea debekatutako guztia. Diskurtso koherente eta betez jarri ditu agerian gaurko ordenaren kontraesanak. Jatorriz zelta sentitzen da Solís, Galeseko amona zuen eta. Orain, «Gobernuz Kanpoko Erakundeen herri» definitzen duen honetan, «Solís Adoptatzeko Kanpaina» egiten ari da. Bonolotoa tokatu orduko etorriko omen da hona bizitzera. Dagoeneko hemengoa bertakook adina bizi du, eta guri hemen bizitzen lagundu digu kanpotik sarri garbiago ikusten den bere diskurtsoak.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
PCCko (Kataluniako Alderdi Komunista) txartela omen daramazu beti soinean. Baina komunista berezi xamarra omen zinen.
Umetan kontserbadore hasi nintzen eta heterodoxo bukatu dut, gizarte honetan normalean alderantziz gertatzen bada ere.

Langile auzoetan asko ibiltzen nintzen, eta lagun handiak nituen. Baina esaten nien, beraiek komunista izateak ez zuela inolako zailtasunik. Haiek komunistak jaiotzen ziren. Apezpiku bati berdin esan nion. "Nola izan zintezke kristaua eta komunista?" galdetu zidan, eta nik, "esaidazu nola izan daitekeen kristaua, komunista izan gabe" erantzun.
Niretzat zaila zen komunista izatea. Gizarteko maila erosora egokitutako familia zen nirea, eta komunismora iristeko ideologikoki lan handia egin behar izan dut.


PCCko kontsul gisa Moskura joaten zinen urtean bi-hirutan.
Nik Moskun nuen kontaktua Etxebarria izeneko bat zen, alderdi komunistan kargu handiduna. Bere aita Franco etorri zenean eraman zuten barku batean Moskura, umea zela.

Gizarte hark bazituen bere gauza oso onak. SESB ohian jaiotzeagatik bakarrik bazuten euren soldata. Ikasleek 80 errublo kobratzen zituzten hilean, lan bat zen. Eta federalismoa hain zegoen gauzatuta, estatuko telebista nagusia ezin baitzen errepublika federatuetan emititu. Aldiz, errepublika federatuetako telebistak ikusten ziren Moskun. Hizkuntzak errespetatzeko neurria zen. Gainera, zazpi urtera arte bakoitzak bere ama hizkuntzan ikasten zuen, ez errusieraz. Baita diplomatikoen seme-alabek ere.

Istorio bitxi bat gertatu zitzaigun, hizkuntzen harira. Donostian bost urteko haur georgiar bat zegoen gurekin, enbaxadako kultur kontseilari baten semea. Hemengo ume batek euskaraz egin zion, eta besteak erantzun. Gero jakin dut, teoria baten arabera, euskara eta georgieraren artean loturak direla, hizkuntza aurreindoeuroparrak baitira biak.


Madrilen Euskal Herria defendatzen duen bakarrenetakoa zara.
Euskal Herriak betebehar historiko oso garrantzitsua du. Estatu mailan abangoardia izatea tokatzen zaio. Hemen askatasun politikoak eztabaidatu egiten dira kalean. Hain dira eztabaidatuak, enfrentamendua indarkeriara iristen baita. Hemen sustantzia kritikoa dago. Zailagoa da ekonomia globalizatzea, enpresa txikiek funtzionatzen dute oraindik, kontzientzia biziagoa dago, inon baino sindikatu indartsuagoak daude, balio tradizionalak gordetzen dira, kolektibotasunaren zentzua dago, prentsa aniztasuna… Euskal Herria da askatasunaren erreferentzi puntua, zabaltasunarena, eta datorren bizimodu berrian puntakoena.


Zergatik gorrotatzen da Madrilen euskal kutsua duen edozer?
Euskal Herria "eskandalu" moral bat delako. Errealitateari aurre egiten dio, eta errealitate horretan sartzen ez den alternatiba bat eskaini, gainera. Bideez hitz egiteak ematen diete minik gehien. Hemen erreferendumaren zentzua zabalduago dago estatuan baino. Hemen gobernatzeko, kontuan hartu behar dira batzarrak, foru aldundiak, udaletxeak...

Bihar subiranotasuna lortzen badu Euskal Herriak, atzetik etorriko zaizkio Katalunia eta Galizia.

Euskal Herria eskandalu morala da ez Espainiako estatuan bakarrik, baita Europan ere. Estaturik gabeko Europako nazio gehienak ekonomikoki ahulak dira, eta kulturalki ere ez dute indar handirik. Euskal Herria indartsua da ekonomikoki, kulturalki garrantzitsua… Europako gizarte mailaren batez bestekotik gora dago.


Nola sentitzen zara Madrilen?
Niri Madrilen ate denak itxi dizkidate. «Deia»n, Radio Euskadin eta Radio Valencian irabazitakotik bizi naiz orain. Copetik Opusekoek bota gintuzten, baita Copeko sortzailea bera ere! Telebistatik ere bota ninduten, su-etena zetorrela sumatu nuelako. Hona maiz etortzen naiz, eta garai hartan batekin eta bestearekin hitz egin ondoren, su-etena etor zitekeela bota nuen tertulia batean. ETArekin auskalo nolako telefono-konexioa baneuka bezala hartu zuten, eta kalera bota ninduten. Barregarriak dira ateratzen dituzten ondorio asmatuak.

Etsaien lurraldean bizi naiz. Maiz, emazteak «Deia»n idatzitakoa irakurtzen duenean, edo irratian esandakoak aditutakoan, ikaratuta botatzen dit, "zer, orain ere ari al zara hemen, Madrilen, lagunak irabazten..."

Nik, Bilbora iritsitakoan, arnasa hartzen dut. Hemen aurkitzen dut «Egunkaria» (orain, tamalez, «Egunero»), euskaraz izateaz gain, pentsamenduz zabala zena. «Gara», egunkari abertzale ezkertiarra. «Deia», abertzalea. Eta egunkari espainolistak ere badaude, «El Correo», «El Mundo», «ABC»… Radio Euskadi asko entzuten da, baina SER eta besteak ere oso indartsuak dira. Medioen arteko konpetentzia eta oreka handiagoa dago.

Tira, Madrilen ere «Gara»ren eta «Deia»ren salmenta hazi egin da, azken aldian. Baina nik nahiko nuke Madrilen egunkari estatalistaren bat egotea, besterik ez bada, hemengo «Deia»ren modukoa izango dena. Espainiako estatuari buruz, gizarteari buruz, askatasun nazionalei buruz pentsamendu alternatibo bat eskainiko lukeen medioren bat, alegia. Uniformizatuta daude denak, sekulako kontrol estua dago. Han ez dago hemen bezalako prentsa aukerarik. Beraz, non dago askatasun gehiago?


Hainbeste urtez kazetari den batentzat lehorte gogorra izango da.
Egungo komunikabide gehienak boterearen transmisio kate huts bihurtu dira.

Lehengo kazetariak naufragoak ginen. Hondamendi batetik gentozen. Ni 27 urterekin hasi nintzen kazetari, aitak altxatu zuen «La Voz de Galicia»n. Pentsa garai hartan kazetari izateak zer esan nahi zuen: Lagun handi bat dut, «La Vanguardia»ko erredaktore izan zena hogeitaka urtetan. Hura kazetari hasi zenean, ez omen zion aitonari aitortu. Aitonak "baina hi zertaz bizi haiz?", galdetzen zionean, erantzuten omen zion: "ez esan familiari, baina pianoa jotzen dut putetxe batean". Kazetari zela aitortzea baino nahiago zuen hori esatea!

Tribu arraro bat ginen. Gauez kabaret mundua ezagutu nahi izaten nuen, jakin nola bizi ziren bertako neskak, sindikatuen erakunde klandestinoetan zer ari ziren aurkitu, diktadura garaiko fotokopiagailu vietnamdarretan zer egosten zen atera… Kaleko kazetari jende horri esker, presioa egiten saiatzen ziren, enpresen aurrean askatasuna gordetzen zen. Kazetariei errespetua zitzaien, eta denok zutitu egiten ginen goizeko ordu txikietan zuzendaria erredakziora sartzen zenean. Orain, berriz, Informazio Zientzietan doktore dira kazetariak. Lizentziaturak gizarte sistema hierarkizatuan sartu ditu.


«La Vanguardia»tik nola egin zenuen alde?
Zuzendari berriarekin «La Vanguardia»k ildoa aldatu zuenean, dimititu egin nuen. Egunkariko jabeak deitu ninduen, eta enpresa bateko kargua eskaini zidan. Ezetz erantzun nion, ni kazetari nintzela. Taloitegia atera zuen, dirua emateko. Ez zidala ezer zor esan nion, dimititu egin nuela, ez nindutela bota. Bulegotik ateratzerakoan, "zu erotu zara!" oihu egin zidan. 1970. urtea zen eta 2,5 milioi pezetako txekea zen. Ez naiz sekula damutu.


Pentsamendu bakarra nagusitu al da?
Aznar faxismoaren ordezkari da, baina ni gehiago mintzen nau egungo faxismo honek. Lehen faxista jendeak hortik kanpo mantentzen gintuen beste denak. Orain, berriz, gizarteko muinera iritsi da. Lehen alderdi politiko bakarra zegoen, errepresioa oso gogorra zen, jendea fusilatu egiten zuten... Baina kontzientzia askatasuna gordetzen genuen. Orain alderdi asko daude, baina kontzientzia eta pentsamendu bakarra. Beraz, faxismoa kanpoan egotetik jendeak barneratzera pasatu da. Lehen Franco bakarra zen, eta orain 25 milioi Franco daude. Hala ere, Irakeko gerrarekin egitura hauek kolokan jartzen hasi dira. Askatasun gehixeago sortzen hasi da, eta Madrilgo jendea beste tonu batean hasi zait hemengo gaietaz hizketan.


Zer diozu Batasunaren ilegalizazioaz?
Batasuna talde terrorista deklaratzeak ez du ez hanka ez bururik. Niri bi milioi biztanleko herri batean 200.000 terrorista gehitxo iruditzen zaizkit! Gainera, jende honek ez du pistola bat hartu bere bizitzan, ez du bonbarik jarri… Pentsamenduz, ezker abertzaleak ez du konstituziorik nahi, ildo sozialista bat du… Nik ere ideia horiek ditut, bada! Pentsamendu hori terrorista deklaratzen badute, ni ere terrorista naiz orduan! Hiltzen duenarekin bat etor naiteke bere gizarte proiektuan. Baina gaur egunean pentsatzea arriskutsua da, eta sekulako adorea behar da, delitu ideologikoak sortu baitituzte. Gaur egun, autodeterminazioaz hitz egiteagatik bakarrik kriminalizatu egiten da. Adibidez, hitzaldi bat ematen ari nintzela, entzule artetik andre batek salatu ninduen: "Uste dut soberanista zarela". "Ez andrea!" erantzun nion "separatista naiz". Zergatik beldurtzen gaitu hitz horrek? Gainera nire kasuan, bi zentzutan naiz separatista, hiru aldiz ezkondu naiz-eta!

Beste gauza bat da, ETAri oso gogor eztabaidatzen diodan bortxakeria komeni ote den gizabide aldetik hasteko, moralki gero eta politikoki azkenik. Baina bat nator nazio honek bere botere politiko propioa behar duela, eta berak erabaki behar duela zer izan nahi duen.

Estatuetako boterea nazioek hartu behar dute, boterea demokratikoagoa izan dadin, herriarengandik gertuagokoa.


Nola ikusten duzu munduaren ordena?

Galdera hau egiten diot nire buruari: Irakeko gerran ikusten dugun odola zer da, jaiotzen ari den sistema batena, edo hiltzera doanarena? Globalizazioa ez da garai berri baten hasiera, burgesiaren amaiera baizik, sistema burges honek galdu baitu liberalismotik zuena.

Lehengo liberalismoa klasista zen, tranpa askoko liberalismoa, egunero injustiziak egiten zituena... Baina lege batzuk baziren, eta formak zaintzen ziren. Parlamentuan eztabaidatu egiten zen, eta ez zuten alderdietako ordezkariek bakarrik hitz egiten, parlamentari guztiek baizik. Ez ziren pertsonak jazartzen, pertsonen ekintzak baizik. Gaur egiten diren legeek bilatzen dutena etsaia da, ez bidezkoak ez diren ekintzak epaitzea. Joko politikotik kanpo utzi nahi diren pertsonak jazartzen dira. Lehen atxiloketak abokatuen aurrean egiten ziren. Orain atxilotuak ez du berme juridikorik. Eta torturatzen jarraitzen da.

Egungo estatu liberal burgesak krisian daude, faxistak bihurtu dira. Estatu errepresiboak dira, polizialak, gizarte bertikalizatua kontrolatzeko ardura dutenak. Estatuak bere bertute liberalak ere galdu ditu. Estatu handiak eroriko dira eta nazioak piztu. Horregatik erakusten dute estatuek horrelako bortxa, ez dutelako heriotza hori onartzen. Eta uste dut horrekin batera demokrazia erreferenduala etorriko dela

Nazioartean ere gerra askoren bidez sistema bat sortzen saiatu zen liberalismoa. Nazioarteko legedian ere arau batzuk jarraitzen ziren. Irakeko gerran argi ikusi da lege eta sistema horrek ez duela indarrik, AEBek nahi dutena egiten dutela. Gerra horretan amerikarrek (besteek lagunduta) egin duten txikizioa eginda, askapenerako gerrez hitz egitea, edo demokrazia ezartzeaz jardutea, iraingarria da. Horrek sortu du jende askorengan estatuaren kontrako jarrera.
Euskal Herritik Madrilera «askatasun bila» joandako bat aurkitu nuen Barajaseko aireportuan. Ni Bilborako hegazkina hartzera nindoala esan nion, eta galdetu zidan ez al nintzen Euskal Herriarekin nazkatu, berak Madrilera iritsi arte ez zuela askatasunik sentitzen. «Joño!» erantzun nion, «horixe da niri Bilborekin gertatzen zaidana!» Uste dut aireportuan bakarrik egingo dugula topo.

Jaio: Madrilen, 1929an.
Bizi: Haurra zela Mieresen, Asturiasen. Ondoren Bartzelonan, eta gero Madrilen.
PCCko militantea: Bartzelonako Komite Exekutiboko kide izan zen, Komite Zentralekoa ere bai, eta Senaturako hautagai bi aldiz.
Bizibidez: Kazetaria.
Ikasketak: Ekonomian lizentziatua.

Ibilbidea
27 urterekin «La Voz de Galicia»n hasi zen.
Ondoren «La Vanguardia»n.
«Interview» aldizkariko lehen zuzendaria izan zen.
Orain «Deia»ko zutabegilea da eta Radio Euskadiko tertulietako partaidea.

Argitalpenak
«Jóvenes de corazón: la utilidad de la vejez» (2000. urtean)
«Cartas a Euskadi» (2003)

Bertsoa

Euskal Herriarentzat
hainbeste hitz gozo,
entzutea arraro
egiten zait oso.
Erreferentearen
lekukoa jaso
arren askatasunik
badugu akaso?
Ez al gaude ba geure
buruengan preso?


Azkenak
Barkoxeko pastoralaz

Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.


Elizondoko Benito Menni egoitzako langileek 60 greba egun bete dituzte

Greban dira Benito Menni egoitzako langileak joan den abuztuaren 25etik, irailaren 8ra bitarte. Hermanas Hospitalarias enpresak agindutako kaleratzeen eta unitate itxieren aitzinean, Nafarroako Gobernuak ez duela arduratsuki jokatzen ari salatu dute.


2025-09-04 | El Salto | El Salto
Genoako portuko zamaketariek Israelerako bidalketak blokeatuko dituzte, sionistek elkartasun ontzidiari eraso eginez gero

2010ean "Mavi Marmara" itsasontzia abiatu zenetik, Palestinarekiko elkartasun itsas operaziorik handiena osatzen du Global Sumud Flotillak. Israelgo Gobernuak terroristatzat jo ditu nazioarteko ekintzaileak.


Espainiako Vueltako Bilboko etapa geldiarazi dute Israelen aurkako protestek, eta ez dira helmugara iritsi

Bilboko erdigunean amaitu behar zuen txirrindularitza etapak, baina Deustun sartzear zirela antolakuntzak erabaki hori hartu du, helmuga ingurua manifestariz beteta zegoelako. Aurretik ere igaro dira helmuga puntu horretatik, eta istiluak izan dira. Ertzaintzak gutxienez hiru... [+]


Jerusalemgo tranbiaren proiektuaz “gogoeta etikoa" eskatu dio CAFi Pradales lehendakariak

Kontratua segi ala eten, enpresaren erabakia "errespetatuko" lukeela argi utzi nahi izan du Imanol Pradales lehendakariak, Euskadi Irratiari egindako elkarrizketan. Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza.


Analisia |Txiki eta Otaegi, fusilamenduaren 50. urteurrena
2025: Egiaren Ministerioa

Valle de Odietako makroetxaldearen epaiketa
Digestato kutsadura handia izan zen, eta isurketa, antza, Valle de Odietak eragin zuen

Astearte honetan egin da Valle de Odietako makroetxaldearen aurkako epaiketa Iruñeko Justizia Jauregian. Epaileak ebatzi behar du ea 2021ean haien lur sailetan egindako isuri baten ondorioz, lur eremu horiek larri kutsatu zituzten ala ez, eta nork eragin zuen. Aditu... [+]


2025-09-03 | ARGIA
Baionako Atalante zinema-ohia jarduera politiko eta kulturalerako okupatu du Kontseilu Sozialistak

Baionako Herriko Etxearen jabetzapean, eraikinak bost urte daramatza hutsik, eta espazio hori hartu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, “elkartzeko, kolektiboki pentsatzeko eta borrokak antolatzeko”.


Euskalduntze prozesu osoa doakoa izateko pausoak eskatu ditu AEK-k

Aurtengo ikasturtean A2 mailara arteko ikastaroetako dirua itzuliko dute EAEn, baita C1ekoak 16-18 urteko ikasleei ere. Nafarroan A1 mailan matrikularen prezioa itzuliko diete.


2025-09-03 | ARGIA
Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen aurkako protestek Vueltaren Nafarroako etapa hartu dute

“Israelgo Estatuaren enbaxadore” gisa datozen txirrindulariei parte hartzen uzteagatik, zale ugarik protesta egin du Vueltaren aurka, hamargarren etapan. Irunberrin, errepidea mozten saiatu diren herritarrak baztertu eta bi pertsona identifikatu ditu Poliziak.


Venezuelak gezurtatu egin du AEBek ontzi baten aurka egindako erasoa

Trumpek asteartean baieztatu du Venezuelako ontzi bati eraso egin eta bertan zeuden 11 lagunak hil dituela. Hildakoak Tren de Aragua "talde terroristako" kideak zirela eta droga trafikoan ari zirela adierazi du Donald Trumpek. Venezuelak dio bideoa Adimen Artifizialez... [+]


Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua:
“Jaurlaritzarena zehaztasunik eta daturik gabeko txosten politikoa da”

Pentsioak osatzeko 145.000 sinadura bildu dituen herri ekinaldi legegilea eztabaidatzeari ezezkoa eman ondoren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua oso gogor agertu da Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin eta "bi aldiz engainatuta" sentitu direla azaldu du. EH Bilduk eta... [+]


Analisia |Txiki eta Otaegi, fusilamenduaren 50. urteurrena
2025: Egiaren Ministerioa

Gatazka politiko bat egon da azken 60 urteetan Euskal Herrian, eta horrek izan du bere bertsio biolentoa, ETAk bideratu duena, zeinari Espainiako Estatuak errepresioz eta estatu-terrorismoz erantzun dion. Sei hamarkadetan, ordea, biolentzia horiek ez dira berdin ikusi izan... [+]


Eguneraketa berriak daude