ESTRESA: GAIXOTASUNA LAN ISTRIPU BIHURTZEKO BIDEAN


2003ko apirilaren 13an
Oraingoan, Bartzelonako Laneko 16. Epaitegiak eman du aldeko epaia. Desgaste pertsonalaren sindromea, burnout izenez ezagutzen dena, laneko istripua dela aitortu dio estresa eta urduritasuna nozitzen zituen irakasle bati, eta irakaskuntzan aritzeko laneko ezintasun iraunkorra eman dio. Bestalde, irakasleak lan egiten zuen ikastetxeko mutualitateak oinarri erregulatzailearen %100 pagatu beharko dio irakasleari. Aldez aurretik, bazen antzeko epai bat, Eibarko Epaitegi batek emana eta EAEko Auzitegi Nagusiak nahiz Auzitegi Gorenak berretsia.

Europako Batasunaren datuen arabera, lanarekin zerikusia duen estresak 20.000 milioi euroko kostua du urteko, eta langileen %28k jasaten du. Hego Euskal Herrian bakarrik eta irakaskuntza publiko ez unibertsitarioaren eremuan, 50.000 lanegun inguru galtzen dira eta 500 milioi eurotik gorakoa da irakasle estresatuen ordezkoen lansarien kostua urteko. Ingurura ezin moldatua da estresa, eta eritasun hori dute jatorri Europako Batasuneko laneko bajen %50ek. Espainiako Laneko Ministerioaren arabera, langileak sektore hauetan estresatzen dira errazen: irakaskuntzan, meategietan, finantzetan, hedabideetan eta garraioan. Datu estatistiko ofizial berezi eta esanguratsu gisa, ekar dezagun honako hau: iaz, eta errezeten bidez, 35 milioi kaxa antsiolitiko saldu ziren Espainiako Estatuan, estresari aurre egiteko.


BARTZELONAKO MAISTRA BATEN KASUA.

Bartzelonako Laneko 16. Epaitegiaren epai baten arabera, jada ez da eritasun komunen batetik eratorria, baizik lanean sortua, Gizarte Segurantzako prestazioren bat behar duen ondoko ezaugarri hauetako gaixotasuna: akidura emozionala, neke fisikoa eta psikologikoa direla kausa, urduritasunezko sindrome hedatu batetiko sintomak dituena. Antza denez, beren beharra duten beste pertsonei laguntzen lan egiten duten profesionalei gertatzen zaie batik bat. Ezin moldatuaren, gaitasun ezaren edota inefikaziaren sentsazioa dela kausa, lanean behar bezala ez erantzuteko beldurra izaten dute, eta hortatik etortzen zaie horrelako sintomekiko eritasuna, zauri psikologiko larriak sor ditzakeena, hala nola, errepikapenezko blokeo kognitiboak eta kroniko bihur daitezkeen memoria hutsuneak. Epaiaren arabera, horrelakoxea zen Bartzelonako maistra baten egoera.

Kataluniako maistra horrek Irungo Olart Abogados bulegora jo zuen, Desiderio Torres buru deneko zerbitzura, eta kasuaren defentsa hartu zuten bulegoko profesionalek. Maistrak, batetik, laneko bajaren hainbat prozesu laneko istripu kalifikatzea eskatzen zuen. Bestetik, berriz, Gizarte Segurantzako Institutu Nazioanalak (GSIN), aitortuak zizkion eritasun komunagatiko ezintasun iraunkorreko eta absolutuko prestazioak, eta haiek ere laneko istripuagatikoak izatea nahi zuen. Maistra hori duela hamabiren bat urte hasi zen akidura fisikoa eta emozionala sentitzen. Gerora, pixkanaka, beste egonezin hauek guztiak iritsi zitzaizkion: parestesiak, fobiak, beldurra, urduritasuna, distimiak, memoria hutsuneak eta blokeo kognitiboak. Halako neurrira iritsi zen non gero eta maizago izaten baitzituen eskolak ematen zebilen bitartean.

Epaiak zera azpimarratzen du: «Beste pertsona batzuekin batera lanean diharduten langileen estres ohikoa da burnouta, hala nola, irakasleekin, arlo sanitarioko langileekin eta gizarte laguntzaileekin aritzen direnena. Eritasun hau ez da bat-batean sortzen, baizik eta prozesu jarraitua da. Izaera kronikoko estresa da, testuinguru laboralean progresiboki sumatzen dena". Auzitegiak benetakotzat jotzen ditu jasotako txosten medikoak, eta, letran datorrenez, "nortasun obsesiboki perfekzionista eta autoeskakizun izugarria ditu maistra eriak, eta nekea, ondoeza, parestesiak, fobiak, beldurra, urduritasuna, distimia eta blokeo kognitiboak izaten zituen klaseak ematean". Egoera horren ondorioz, ia urtebete eman behar izan zuen bajan, eta langabe aldi horrek "izugarrizko antsietatea sortu zion". Denboraren joanean, "autoestimu apala, ezgai eta errudun izatearen sentimendua eta urduritasun neurrigabea" azaldu zitzaizkion, eta "lanean hasi behar zuen bakoitzean areagotzen zitzaizkion, murritzagoak baitzituen oporretan eta asteburuetan".
Epaitegiaren iritziz, 2002ko urriko bista eta gero, egiaztatua geratu da egindako lanak ekarri dizkiola zauriak, hau da, 35 urtez aritu da irakasle, eta jarduera hori aditu guztiek sailkatzen dute "arriskuko taldeen" barruan, burnout deritzan eriak erasandakoek beren lana gauzatzeko dituzten kondizioengatik. Epaiak baztertu egiten ditu kanpoko gainerako faktoreak patologia horren genesian eta garapenean. Horregatik, Epaitegiak ezintasun iraunkor absolutua aitortu dio maistrari irakaskuntzan aritzeko, eta langile zeneko ikastetxeko mutualitatea oinarri erregulatzailearen %100ko pentsioa pagatzera behartu du.


EIBARKO LANTEGI BURUA.

Sententzia horren aurretik bada beste bat, Eibarko Laneko Epaitegiak emana, EAEko Auzitegi Nagusiak nahiz Auzitegi Gorenak berretsia, eta Irungo bulego horretako profesionalek defendatu zutena. Kasu horretan, laneko istripu gisa kalifikatu zizkioten langileari familiako medikuak eritasun komunean oin harturik egin zizkion bajak. Lantegi buruak langile elbarrri-talde baten zuzendaritzako eta produkzioko egitekoak zeuzkan izendatuak; lantegi babestu bateko edo zentro berezi bateko elbarri psikikoak ziren. Aitortu zioten urte askotan jasan zituela loaren gaineko transtornoak eta maiz tratatu zizkiotela sintoma horiek, eta, bestalde, gero eta usuago erasaten ziotela laneko zailtasunek eta haiei aurre egin ezinak, nahiz eta benetan ahalegina egin behin eta berriro. Azkenean, lanera joateko moduan ez zela geratu zen. Buruko osasuneko zentroko psikiatra espezialistak desgaste pertsonala edo burnouta diagnostikatu zion. Antsietateko transtorno gisa deskribatu zuen txostenean, eta langilearen nortasunean lanak edo laneko egoerak izan zuen ondorioagatik izan zela idatzi zuen.

Bi kasuetan, aldez aurreko prozedura administratiboetan, GSIN erakundeak atzera bota zituen kontingentziaz aldatzeko eskabideak, Gizarte Segurantzako organismo horrek irizten baitzion lantegi buruari nahiz maistrari eritasun komunagatik zegozkiela prestazioak

ADMINISTRAZIOAK ORAINDIK EZ DU EZAGUTU ERITASUN PROFESIONAL GISA
Nahiz eta artikulu honetan komentatzen ari garen erako epaiak ematea oso aldekoa izan, administrazio publikoak oraingoz ez du honelako lan eritasunen erantzukizunik hartu, eta erreklamazio judizial amaigabeen prozesua da ondorioa, zein, bestalde, laneko istripuen mutualitateek errekurritzen baitituzte sistematikoki. Halaxe da, bai. STEE-EILAS sindikatuak esaterako, zeinek ordezkari ugari baitu irakaskuntzan, ondoko kezka hau azaldu du: nola estresa, burnouta eta eraso morala ez baitaude eritasun profesional gisa sailkatuak, pertsona afektatu bakoitzak ekin behar dio erreklamazio judizialen bideari, eta prozesuan zehar erakutsi behar du lana dela eritasunaren kausa bakarra. Bestalde, laneko istripuen mutualitateek sistematikoki errekurritzen dituzte pertsona afektatuen aldeko epaiak, eta, sarritan, tratamenduak edo liskarraren kalte ordainak balio duten baino askoz gehiago gastatzen dute prozesuan.

Espainiako Estatuan oraindik ez dute landu laneko eritasun profesionalen gaineko araudi berriturik, eta 1978koak jarraitzen du indarrean. Arrisku Laboralak Prebenitzeko Legeak (1995), dena dela, ezarri zuen berritze horren beharra. Estatuko Gobernuak hitz eman zien sindikatuei, 2002an, Europako Batasuneko sei hilabeteko presidentzian onetsiko zuela eritasun profesionalez Europak aholkatua zuena, eta haren gainean berrituko zuela Espainiako Estatuan indarrean zegoen zerrenda. Jose Maria Aznarren Gobernuak, ordea, behin behar eta, bete gabe utzi du agindua, eta Konstituzioaren aurreko araudiarekin segitzen du eritasun profesionalei dagokienez.

Burnouta eta beste estres batzuk eritasun profesionalen zerrendan emendatuz gero, enpresek eta organismo publikoek prebentzioko neurri efikazak hartu beharko lituzkete, inguruko arrisku psikosozialak eragozteko. Alabaina, beste sektore batzuetan ez bezala, irakaskuntzako, osasuneko, administrazioko edo zerbitzu sozialetako arriskuak ez dira heriotzetan neurtzen, eta, horrenbestez, ez da hartzen prebentzioko neurririk, nahiz eta egoera batzuk sufrimendu handia eragin hainbat pertsonarengan eta gizarteari kostu ekonomiko izugarria

DESIDERIO TORRES MARTINEZ: "PROTEKZIO SOZIALAREN HOBETZEARI ZABALDURIKO BIDEA"
Kataluniako maistraren eta Eibarko lantegiko buruaren kasuen gainean emandako bi sententziak, zeinetaz luze eta zabal jorratzen den orri hauetan, oso garrantzitsutzat jotzen ditut zuzenbidearen eta prebentzioaren ikuspuntutik, baita ikuspuntu higieniko eta terapeutikotik ere, lagungarri gertatuko baitira laneko estresak afektaturiko langileen estaldura sozioekonomikoa hobetzeko. Langile afektatuaren estaldura sozioekonomikoa betiere handiagoa izango da baldin eta laneko estres hori epaileek laneko istripu gisa kalifikatzen badute, eta ez gaixotasun arrunt gisa.

Bi kasu horietan, aldez aurreko prozedura administratiboetan, GSINek ez zituen onartu kontingentziaz aldatzeko eskabideak, segurantza sozialaren entitate horrek estimatu baitzuen lantegiko buruari eta eskolako maistrari aitortutako prestazioek gaixotasun arruntean zutela beren kausa.

Bi langileen defentsa Olar Abogados Irungo gure bulego profesionalak eraman zuen, eta, defentsa sostengatzeko, burnout sindromea hartu zuen aintzat -euskaraz, "erreta egotea"-. Estres mota hori oso karakteristikoa izaten da zenbait profesionaletan, hala nola sanitatekoetan, irakaskuntzakoetan, asistentzia sozialekoetan, eta abar, beste pertsonekin egiten baitute lan, harreman estuan, eta pertsona horiek, dituzten defizientziengatik, besteren beharra izan ohi dute. Profesionalak bere espektatibak frustratuak ikusten dituenean gertatzen da egoera hori, ezindua sentitzen da bai laneko egoera aldatzeko, bai bere eginkizuna betetzeko moduaz dituen ideiak praktikan jartzeko, ia beti laneko baldintza kaskarrak direla medio. Horren ondorioz, aipatutako kaltezko manifestazio hori kontuan hartu beharra zegoen laneko istripuaren kontzeptu legalaren barruan, lan egitetik etor daitekeen kalte oro hartzen baitu bere baitan.

Lantegiko buruaren kasuan, enpresaren produkzio eskakizunetatik zetorren kaltea, desegokiak baitziren, argi eta garbi, lan hori egin behar zuten minusbaliatu psikikoen gaitasun urrituaren aldean. Maistraren kasuan, berriz, gaur egun irakaskuntza nolako baldintzetan ematen den aztertzeko egindako edozein ebaluaziok konstatatu izan du premiazko neurriak ezarri beharra lanbide hori prestigiatzeko. Izan ere, aldaketa normatiboak ezartzen zaizkio etengabe, irakasleen iritzia kontuan hartu gabe.

Aipatu ebazpenak ardurakoak dira esparru juridikoan, laneko istripua kontzeptua zauri psikologikoetara hedatzen dute eta. Maiz, egungo lan harremanak direla kausa sortzen dira horrelako gorabeherak, izugarriak baitira konkurrentzia eta langileek beren lanari erantzuteko hartu beharreko ardura. Horrez gainera, prebentzioaren aldetik ere interes nabarmena dute, hau da, arrisku laboralak prebenitzeko planak egokitzeko beharra erakusten dute, kontuan izanik lanaren antolamendua eta ordenazioa bera izan daitekeela arrisku laboralak generatzeko "baldintza". Horregatik, prebentzioko teknikarien formazioa sustatu beharko da, ikasgai dituztela ergonomiako eta psikosoziologia aplikatuko modulu espezifikoak eta estres laboralari buruzko unitate espezifikoak. Azkenik, ebazpen horiek interes higieniko terapeutikoa ere badute. Izan ere, zauriaren jatorria onartzea determinantea da tratamendu psikoterapeutiko zuzena egiteko. Tratamenduak, bestalde, hasierako sintomei aplikatutako sendabide farmakologikoa baino zerbait gehiago izan behar du, bestela okertu besterik ez baitu egiten koadroa, kroniko bihurtzen baita eragiten duen inguruaren eraginez.

Eskerrak eman nahi dizkiet pertsonalki eta profesionalki Eibarko Lan arloko 1. Epaitegiko titularrei eta Bartzelonako Lan arloko 16. Epaitegikoei, horrenbesteko sentiberatasuna eta gaitasuna erakutsi dutelako arau juridikoak aplikatzeko posibilitateetan sakontzeko. Beren ahaleginari esker, bide egokia ireki dute neke psikikoak sortutako asistentzia sanitario, baja laboral eta ezintasun ugariei aurre egiteko. Ildo horretatik, profesio jakin batzuek sortzen duten neke fisikoa lan-istripu gisa babesteko aitorpena etorriko da, ondorioz dezente hobetuko da babesa eta, horrez gainera, juridikoki eta sozialki ezagutuko da biztanleriaren behar oinarrizkoenei kontu egiten dieten profesionalen ahalegina


ASTEKARIA
2003ko apirilaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude