LUIS CAMINO: "PERKUSIO HINDUA DA OSOENA ETA MISTERIOTSUENA"


2003ko apirilaren 06an
Luis Camino perkusionistak bere bakarkako bigarren diskoa argitaratu berri du Karonte diskoetxe madrildarraren eskutik. Aurreneko lanari "Abya Yala" izena jarri zion. Orain, berriz, izen hura taldeari utzi dio. Luis Camino & Abya Yalak "Indiosincrasia" izeneko lan instrumental eta etnikoa aurkeztu digute.

Esandako orduan eta tokian itxaroten genuen Luis Camino. Ezaguna egiten ez zitzaigun sinboloa zuen kamisetan eta indiar itxurako zintzilikarioa lepoan. Erritmo asiarrez igo genituen bere etxeko eskailerak. Eta irribartsu gonbidatu gintuen bere etxera. Musika eta bidaia usaindu zitezkeen bertan.

Nondik datorkizu Asiako musikarekiko zaletasuna?
Istorioa logikoa da. Hogeita lau urte daramatzat musika munduan. Eta perkusionista naiz, erritmoak interesatzen zaizkit. Perkusiorik osoena asiarra da. Batez ere, hindua. Oso zaila. Ni neu ere ez naiz jotzen ausartu. Indian ume bat hiru urterekin hasten da taula hindua jotzen. Eta, agian, hemezortzi urte izan arte ez da zuzenean jotzera irtetzen. Oso oso zaila da, ia matematikak egiten ari dira jotzerakoan. Hemen oso ezberdina da. Hemen hiru tempo erabiltzen ditugu, 4/4, 3/4, 5/4 eta ezertxo ere ez gehiago. Euskaldunok zortzikoak eta horrelakoak ere bai, nahiko bereziak garelako. Hindua konpletoena da, horregatik da misteriotsuena eta erakargarriena. Hamazazpi urterekin jada musika hindua entzuten nuen. Ez nuen ulertzen, baina txunditurik uzten ninduen. Beti erakarri nauen zerbait da. Gero, duela bi urte, Asiara pare bat aldiz joateko aukera izan nuen. Eta orduan jarri nintzen bertako musikarekin benetan harremanetan.

Lehen diskoari "Abya Yala" deitu zenion. Bigarrenean, Abya Yala izena taldearentzat gorde eta "Indiosincrasia" titulua aukeratu duzu.
Panamako Kuna indiarrek Amerika kontinenteari Abya Yala deitzen diote. "Ama natura" edo horrelako zerbait izango litzateke. 21 Japonesas taldean ia abesti denen hitzak idazteaz arduratzen nintzen. Hortaz, hitzak erabiliz gauza asko esan nitzakeen. Hau, ordea, proiektu instrumentala da. Eta gaur egun gauzak dauden moduan pena ematen zidan ezer ez esatea. Horregatk, taldeak hitzez adierazi ditzakeen gauzak, izena eta proiektu musikala, aldarrikatzaileak izatea nahi nuen. Niri gogorra egiten zait, eta era berean ilusioa ematen dit, jende horrek mendeetan bere kultura gordetzeko eta mantentzeko borrokatu duela jakiteak. Izan ere, zapalduz eta tiro eginez jaun batzuek hura Amerika zela esan zuten eta beren nortasuna kendu nahi izan zieten. Joseba Tapiak "Dultzemeneoa" izeneko diskoan grabatzeko deitu zidan eta bertan "Abya Yala" izeneko abestian aritu nintzen perkusioan. Orduan, nik Tapiari deitu eta ea nire proiektu musikalei Abya Yala deitzea axola zitzaion galdetu nion. Berak oso ongi iruditzen zitzaiola esan zidan. Eta gaur arte. Hasteko, nire lehen diskoari "Abya Yala" titulua jarri nion. Lan hark ez du beste honekin zerikusi handirik. Izan ere, hark nolabait, 21 Japonesaseko garaiari amaiera ematen baitzion. Orain, berriz, taldeari deitu diot Abya Yala eta diskoari "Indiosincrasia".

n Diskoa errespetua galtzen zaion jendeari dedikatu diozu, zergatik?
Ez dut filosofiko jarri nahi. Baina, nire ustez, mundu honetako gaitzen %80 errespetua galtzeagatik sortutakoak dira. Etxe barruan errespetua galtzen denean, herri bat zapaltzen denean... gauza asko sartzen dira horren barruan. Errespetu falta da akatsik handiena. Errespetua egongo balitz urak bere bidea jarraituko luke eta ez litzateke elkarbizitzeko arazorik egongo.

Pascal Gaigne, Ritxi Salaberria, Javier Area, Iñaki Salvador... Euskal Herriko musikari onentsuenez inguratu zara diskoa grabatzeko.
Hemengo instrumentistak izatean, hemen izan diren bakarlari eta talde gehientsuenekin lan egitea egokitu zaigu. Orduan, nolabait, harreman hoberena dudan musikariak dira. Iñaki Salvadorrekin Zilbor Hestean jo dut, Ritxi Salaberriarekin Zaldibobon izan nintzen, Javi Arearekin hainbat proiektutan izan naiz, Amaia Zubiriarekin, Pascal Gaignerekin... Nik abestiak konposatu eta Errenterian estudio bat duen lagun batekin hitz egin nuen. Abestietan sinesten nuela eta disko bat grabatu zitekeela esan nion. Gaur egun Operación Triunfo erako disko bat egin nahi ez baduzu, egoera zaila da. Orduan, berak abestiak gustatu zitzaizkiola esan zidan eta zerbait egin genezakeela. Albiste horrekin nire lagunengana jo nuen abestiak erakutsiz eta estudioa genuela esanez. Kantak asko gustatu zitzaizkien eta elkarrekin aurrera egitea pentsatu genuen. Argi utzi nahi dut proiektuak nire izena duela abestiak hasieratik neuk egin ditudalako eta ni izan naizelako ideiaren bultzatzailea. Bestalde, Abya Yala kolektibo bat da eta guztiak maila berean gaude. Lehenengo lanean Pascal eta biok batera eginiko abestiak daude eta hurrengo diskoetan Ritxik, Iñakik, Javik... eginikoak entzun ahal izango dira.

Nolakoa izan da grabaketa prozesua? Sesioan ala banaka grabatu al duzue?
Banaka grabatu dugu. Ordenagailu batean grabatu dugu diskoa, Cubase izeneko programarekin, besteak beste, aukera gehiago ez zegoelako. Merkeago irtetzeaz gain, autoproduzitzeko era bat da. Noski, ez dituzu estudio erraldoi batek dituen baliabideak alde teknikoari dagokionez, efektuak eta abar. Baina mikrofono onak genituen. Hortaz, ordenagailu batekin disko bat egin daiteke. Halaxe egin dugu.

Diskoko abesti bat BBC irrati kate britainiarreko informatiboetako sintonia bihurtu da, ezta?
Bai. Nik proiektuaren maketa egin nuenean, Madrileko diskoetxe askotara bidali nuen, diskoa ateratzeko asmotan. Orduan, maketatako bat Radio 3eko Lara Lópezen eskuetara heldu zen. Berak mundu osoan oso ezaguna den eta Londresen bizi den kazetari batekin, Charlie Guilletekin, lan egiten du askotan. Berari esker heldu zen diskoa Londresera. Guilletek BBC irrati katean munduko musika ezberdinei buruzko hiru irratsaio egiten ditu. Gizon honek bere irratsaioetan berak gustukoen dituen abestiak jartzen ditu. Eta gero jendearen deiak kontuan hartuz, aukeraketa egiten da. Berari "Ala Akbar" abestia, diskoko lehena, gustatu zitzaion. Irratsaioetan sarritan jarri zuen eta jende askok deitu zion. Bera EMIrentzat egiten den munduko musikei buruzko bildumaz arduratzen da eta abestia diskoan sartzea erabaki zuen. Horrez gain, mundu osorako emititzen diren BBCko informatiboetarako ere aukeratu zuen. Niretzat ikaragarria da Zeelanda Berrian BBC irratian nire abestia entzutea.

Zein eragin izan du diskoan zure Asiarako bidaiak? Gero zure lanean erabili dituzun gauza asko grabatu zenituen bertan.
1995ean Marokora joan nintzen pare bat aldiz eta hainbat gauza grabatu nituen. Hortaz, nire lehen diskoan, Aztarnarekin grabatu nuen hartan, Marokon grabaturiko hainbat gauza entzun daitezke. Lan horretan grabaketa haiek abestien arteko lotura bezala erabili nituen. Hau da, abestiak bere horretan mantendu nituen, eta kanta tarteetan Marokon grabatutako gauzak sartu nituen. Orduan, Asiara joan nintzenenean pentsatu nuen: "Ongi dago hura guztia han entzutea, baina grabaturik ekartzen badut, hobe!". Orduan, minidisca eta pare bat mikro eraman nituen. Eraginik izan duen? Konposizioan ez. Izan ere, bidaira maketa grabatuta eraman nuen. Eta entzun ere egiten nuen. Askotan etxetik kanpo eta hain urrun izatean gauzak nola doazen ikusteko parada ematen baitizu horrek. Dekorazio musikalean izan du eragina. Grabaketa horiek mundura gerturatzen baitzaituzte. "Chelal" abesti afrikarrean, adibidez, Indiako neskato batzuk entzun ditzakegu abesten. "La serpiente encantada", berriz, 5/4 bat da eta Erdi Aroko musikaren ukitua du, folk pixkat bat ere bai. Sartu diodan abeslari arabiar horrekin beste kolore bat hartzen du, zabaldu egiten dela dirudi. Munduko musikei dagokion lan instrumental bat izatean, asko gustatu zait ukitu berezi hori ematen dioten gauzak sartzea.

Disko instrumentala eta etnikoa. Euskal Herriko publikoari arraroa gertatuko zaio, ezta?
Ez dago oso ohitua, ez. Dena dela, horrek irakurketa bikoitza du. Izan ere, kanpoko musikari on bat etorri eta kontzertua eskaintzen duenean, jendea mugitu egiten da. Nolabait, hemengo publikoa nahiko bitxia da. Hasteko, horrelako gauzak ez ditu ulertzen edo hor sartzea nahiko zaila iruditzen zaio. Baina, gero eginak ikustean eta gainera kanpoan eragina izan dutelarik, onartu egiten ditu. Otsailaren 12an, Donostiako Gazteszenan aurkezpen emanaldi bat egin genuen eta guztiz txunditurik gelditu nintzen. Aretoa goraino bete zen. Gero, oso ona da taldean musikari oso ezberdinak egotea. Pascalek, adibidez, musika garaikidea asko kontrolatzen du, baita musika arabiarra ere. Hortaz, talde barruan mundu txiki bat da. Beste izkinean, berriz, Iñaki Salvador dago. Honek oinarri etnikoen gainean solo oso jazzeroak egiten ditu. Uztartze eta nahasketa horiek dira niri benetan interesatzen zaizkidanak. Taldearen barruan hainbat eremu jorratzen dira eta hori asko gustatzen zait.

Instrumentu kolekzionista samarra dirudizu. Zer ekarri duzu Asiatik?
Taula hinduak. Dena dela, ziur asko, nire bizitzan jo gabe utziko dudan perkusio instrumentu bakarra izango da. Benetan oso zaila baita. Etxean pixka bat jo izan dut. Baina instrumentu horrek bizitza guztiko dedikazioa behar du. Eta erakartzen nau, noski. Baina dena utzi beharko nuke taula ikasteko

BIDE LUZEA DANBORREN ERRITMORA

Luis Camino donostiarra da jaiotzez, baina duela hiru urtez geroztik Ordizian bizi da. Izukaitz taldean hasi zuen bere musika ibilbidea 1978an. Baina ez perkusionista bezala, gitarjole bezala baizik. Berehala pasa zen, ordea, erritmoaren mundura: "Gauza oso naturala izan zen, ni ez nintzen hasi pentsatzen zein instrumentu gustatzen zitzaidan. Gitarra jotzen hasi nintzen era batera edo bestera musikaria izan nahi nuela sentitu nuelako. Orduan, Izukaitzen baxua, bi gitarra, biolina eta abar zeudenez, taldea gehiago osatzeko beste zerbait jo nezakeela pentsatu nuen". Bongoak izan ziren lehenengo eta gero beste hainbat perkusio instrumentu. Izukaitzen egon ondoren, Txetxo Bengoetxea eta Alfredo Beristainekin batera 21 Japonesas taldea sortu zuen Donostian. 1988tik 1992ra lau disko grabatu zituen hirukote donostiarrak. "Inoiz ez zen izan gehiengo bati zuzenduriko taldea. Baina, bere garaian disko baten 30.000 ale saldu genituen, eta hori ez dago batere gaizki talde nahiko berezi batentzat. Izan ere, popa egiten genuen, baina fusio askorekin. Oso etnikoa zen. Txetxo Bengoetxea oso poperoa zen eta Alfredo ere dezente. Ni, berriz, oso etnikoa nintzen. Orduan, bi estiloen arteko nahasketak oso ongi funtzionatu zuen. Uztarketa hori zen, nire ustez, 21 Japonesasek zuen onena", dio Caminok. Urte haietan The Fall, Katrina & The Waves, The Stranglers edota Madonna bezalako musikariak teloneatzeko parada izan zuten: "Hori oso bitxia izan zen. El Nidon, Donostian, geunden abesti baten bideo bat grabatzen eta hurrengo egunean ea Madonna teloneatu nahi genuen galdetuz deitu ziguten. Madonnarekin jo behar zuen taldeak kale egin omen zuen eta gu joatea nahi zuten. Hortaz, Donostiatik arrapalada batean Madrilera joan behar izan genuen 80.000 pertsonaren aurrean jotzera. Eta gero Batzelonara". Orduz geroztik Euskal Herriko bakarlari eta talde ugarirekin lan egiteagatik da ezaguna Luis Camino: Tapia eta Leturia, Ganbara, Amaia Zubiria, Diego Vasallo, Sorotan Bele, Pascal Gaigne, Javier Muguruza... Baita Espainiako taldeekin ere, Celtas Cortos eta Mecano, adibidez


Eguneraketa berriak daude