LIBRE


2003ko apirilaren 06an
Zelakoan bizi zen bere poesietako maitalearekin. Presoek inoiz ez dutela ziega abandonatzen jakitunak, etxe berrirako semea ere egina zuten. Hirurak elkarrekin bizi nahiak ez zion poetari lagun presoekiko ahanzturarik ekarri, eta hura bisitatzera abiatu zen etxetik urrun, Espainiara. Lagunarengana kartzelan sartu ostean, bere atzean utzitako ate alimalia ez zioten berriro irekiko. Bertan atxiki zuten preso, berriki eraikitzen ari zen mundutik aparte. Espainiako Justiziatik libre uste zuenak, ez zion tankerarik hartzen zentzugabeko egoerari. Fiskal baten esku omen zegoen. Bitartean, preso. Egunak joan, egunak jin inork ez zion adierazpen garbirik egiten. Halako batean kalean utzi dute, ezer askorik ez dakiela baina epaile baten peko. Bere etxe berritik urrunduta, maitalea eta semea gogoan bizitzera behartu dute. Eta poetak izua irentsiz, bere lotsa erakutsiz kartzelan utzitako lagunei idazteko astia hartu du, haien harrera eskertzeko edo. Ez omen dute egurtu. Ez omen dute poltsaz itolarrian eman. Baina Estatuaren inpunitateaz gaztigatu dute, inguruak ikas eta egiazta dezan presoak inoiz ez duela ziegarik gainditzen. Bere hurrengo poesia liburuan, Mikel Ibargurenek berriro ere irekitzen ez diren ate alimaleetatik haratago dagoenaz ariko zaigu segurki


Eguneraketa berriak daude