JON SARASUA: "POLITIKAN ETA EUSKALGINTZAN GOLDEA PASATZEKO GARAIA DA"

  • Gehiago da erlea, Sarasua. Aitaren etxea taldean eraikitzen duena, gelaz gela, baina sukaldetik hasita. Mila loretako polenak elkartutako eztitik edaten du. Eta batez ere, gizarteko kontraesanak eztenkatzea du maite. Hasieran mingarria da, erleen ziztada jasotzea. Baina gaitz larrienen terapia ere bada.
Estitxu Eizagirre @eeizagirre  |  Ixiar Eizagirre
2003ko apirilaren 06a

Dela bi urte utzi zenion plazaz plaza kantatzeari. Une honetan non kokatzen zara? Zer harreman duzu bertsolaritzarekin?
Ez dut hainbesterainoko itzulminik. Ikusi dut ez garela uste bezain bertso dependienteak. Bolada barnerakoiagoa dut, bertsolaritzari eta beste gauzei buruz pentsatzeko eta distantzia hartzeko.
Ez nuen krisi momentuan utzi bertsolaritza, une onean nengoen. Baina azken urteetan pistoia jaisten hasi nintzen, eta urtean 30 saio baino gehiago ez egitea erabaki nuen. Oholtzan egoteko beste modu baten bila nenbilen, eta pentsatzen dut itzultzekotan beste zerbait egitera itzuliko naizela, eta ez lehengo trotera.

Zer botatzen duzu faltan?
Bertsolaritzaren inguruan dagoen harreman sarea. Bertso lagunekin, antolatzaileekin, eta inguratzen den jende pilarekin dago etengabe bertsolaria, eta ikuspegia aberasten da. Zerbaitek lotu banau bertso mundu honetara, da maitasunetik oso gertu dagoen begirunea sentitzen dudala bertso munduko dozenaka bertsolari, ehunka bertsozale eta ehunka elkartekideekiko.

Egungo egoera sozio-politikoak nolako bertsolaritza eskatzen du?
Oinarri ona dugu. Jarri dizkiguten etiketen gainetik, bertsolaritza gertutik jarraitu duenak badaki beti egon direla kuestionamendu aski libreko ahotsak. Gaur bertsolaritzan nagusi den belaunaldia ere, gai politikoekiko iritzi eta ñabardura aberatsekoa da.
Nire joera, batez ere azken hamarkadan, bertsotan autozentsura erabat kentzekoa izan da, gaia edozer zelarik ere. Uste dut memento honek inongo gairi muzin ez egitea eskatzen duela.

Mezuari dagokionean, zer diskurtso dabil egungo bertsolaritzan?
Bertsolariak autoreago izan behar luke nire ustez. Ez luke hainbeste kantatu behar gizarte eta komunikabide arteko kontsentsutik esatea ongi ikusia den hori. Gizarteak begiratu pertsonal sinesgarriak behar ditu, eta uste dut bertsolariak hori eskaini behar lukeela. Ez naiz politikaz edo pentsamenduaren gai sakonez ari, edozeri buruz baizik, baita goizean kafea hartuz sentitzen den edozein txikikeriari buruz ere. Guillermo Velazquezek zioen bezala, gure lana herri honi bizitzako edozeri buruz beste ahots batekin hitz egiten saiatzea da, politikariena edo kazetariena ez den beste ahots pertsonal batekin.

Uste duzu bertsolariek gaiei buruzko begirada pertsonal hori lantzen dutela?
Gehiago landu liteke. Niri gertatu zait egun saio batera joan, eta pentsatzea "nire burua ez dut hori egiten ikusten". Baina gero pentsatzen dut, "eta hik hor hengoenean zer egiten huen ba?". Beraz, ezin orain eskatu lehen ni emateko gauza ez nintzena.
Azkeneko Txapelketa aztertuz gero, maila aldetik garai hauetako txapelketarik onena izan zen, dudarik gabe. Baina zenbait gaitan gehiago eskertuko nuen hain adostua ez den ikuspegi pertsonalak agertzea, gizartearen kontraesanetan gehiago zirikatzea.

Bertso Egunek azken urteetan formatu eta ikuskizun berriak probatu dituzte. Zer diozu?
Uste dut bertsolaritza konplikatu nahian gabiltzala, beti zerbait berria sortu nahian, ikuskizun bila. Eta bertsolaritzaren muina justu bere soiltasuna da, eta soiltasun hori ongi egiten ikasi behar dugu. Zenbat eta artifizio gutxiago, hobe. Baita Kursaalean ere. Niretzat Kursaaleko gorengo maila, Kursaala bi bertsolarirekin betetzea litzateke, eta bi bertsolarien arteko elkarrizketa eta bakarrizketaren soiltasun hori lortzea. Argi foku bat, eta mikro bat. Hori da bertsolaritzaren gailurra. Biluztasun horretan jarri, ea bertsolariak gai diren komunikatzeko eta zerbait transmititzeko.

Kontraesana al da artista eta era berean Bertsozale Elkarteko bultzatzaile izatea?
Bertsozale Elkartearen inguruan bertsolari batzuk batera eraman dugu gure txori kantari izaera eta aldi berean kolektiboko inurri lana. Batzutan tentsioan egon da artistaren indibidualtasuna eta mugimendu kulturalean lan egitea aldi berean. Giza tentsio denak bezala oso polita da, hain zuzen indibidualtasunak balioa hartzen duelako eraikuntza kolektibo batekiko tentsioan, eta alderantziz. Hori da Bertsozale Elkarteak duen gauza ederretako bat: sorkuntza mailan dabilen jendea eta bertsozaleak elkartuta kultur estrategia bat sortzea eta egungo errealitate hau eraikitzea lortu izana. Errealitate beregain eta autonomo bat eraiki dugu, etorkizun ikuspegi propio bat sortu dugu, estrategia propioak ditugu. Hori ez litzateke posible izango artistaren indibidualtasuna eta inurri lan hori pertsona batzuengan bateragarri ez balitz.
Bertsozale Elkartea eraikitzearen meritu nagusia ez da izan bertsolariona. Bertsozale konprometitu batzuk izan dira, luzerako ikuspegia dutenak, lika funtzioa egiten egon direnak.

Guillermo Velazquez repentista mexikarrarekin erdaraz egin zenuen bertsotan. Zergatik?
Gazteleraren komunitatekoa ere banaiz. Nire baitan biak daude, nahiz eta garbi eduki zein den nire ama hizkuntza eta nire amets on eta gaiztoen hizkuntza. Bertso batean nion bezala: "Asumiendo como íntimo / lo bastardo y lo legítimo". Uste dut gutako batzuei badagokigula erdara barru-barruko eta gure bezala onartzea, nahiz eta jakin bortxaketa baten ondorio izan dela.

Ez al da erregistro arazoa ere? Gai izango al zinen erdaraz esandakoak euskaraz esateko?
Egia da hizkuntza eta tradizio poetiko bakoitzak bere estiloa garatu duela. Ni berari entzundako tradizio poetiko horretan txertatzen saiatu nintzen. Euskaraz esango ez nituzkeen gauza batzuk ateratzen zitzaizkidan erdaraz, eta harritu egin nintzen neroni ere.

Mundu mailako inprobisatzaileen topaketak egingo dira udazkenean Euskal Herrian. Zer helburu jartzen dizkiozu?
Euskal kulturak bere nazioartekotasuna lantzeko modu bat da, eta txokokeria gisa ulertu gaituztenek ikusi dezatela ez bakarrik baditugula ahaideak, baizik kasu honetan ahaide horien erreferentzia gune ere izan gaitezkeela.
Askotan herri honetako agintariek nahiago dute ezer gutxi garen zerbaitetan alfonbrak jartzea amerikarrei edo zerbait direnei, edo homologatzen saiatzea, benetan darigun horietan munduko erreferentzia xume izatea baino. Aztertu beharko genuke kultura sailetako aurrekontuetatik zenbat doan alfonbratara eta zenbat herri honi darionari bidea irekitzera.

Zer alde dago Kontseilutik Aholku Batzordera?
Euskararen gizarte erakundeak zentralak dira euskararen garapenean niretzako. Eta niretzat askoz muinekoagoa da Kontseilua, Jaurlaritzaren Aholku Batzordea baino. Hor dago paradoxa: nik Kontseiluan dimititu egin nuen hasi eta berehalaxe, eta orain Aholku Batzordeari baiezkoa eman diot.

Askatu ezazu paradoxa...
Uste dut euskalgintzaren eragile nagusiek ez dutela lortu ikuspegi beregain bat garatzea, martxan dauden bi kultura politiko abertzaleen azpitik (eta azpitik diot, sakonagotik delako). Bi kultura politiko hauek, estrategia politiko-militarrean ardazten den ezker abertzalea eta botere autonomikoan ardazten den nazionalismoa, ez dira nahikotasun mailara iristen etorkizun-ikuspegi mailan. Ez garamatzate inora. Ez daukagu martxan estrategia sinesgarri bakar bat ere euskal herria garatzeko.
Eta berez, badaude elementuak, euskalgintzatik hasita adibidez, bi kultura politikoon grabitate-indar antzutik aurrerago joateko, bisio beregainetik lan egiteko. Kontseilua, euskalgintzaren artikulazio beregain baten gune izan zitekeela pentsatzen genuen batzuk. Baina ez zen mamitu, beste joera batzuk nagusitu ziren. Orain pitzatuta dago guztiz, kanpotik ikusten ez bada ere.

Zer mamitu zen, bada, Kontseiluan?
Nik uste lehengo euskalgintzako aparatuetatik zetozen inertziak nagusitu zirela Kontseiluan. Aparatu para-instituzionala sortu zen, euskalgintzaren muinetik kanpoko gizarte sektoreen plangintzarako. Hortik erakunde publikoen betebeharrekiko lehia zetorren, baina hori ez da txarrena, kontua da funtsezko funtzioei ez zitzaiela lehentasunik eman.
Euskararen komunitatearen gune sinbolikoa eta muineko estrategia praktikoen abiagunea izan zitekeen Kontseilua. Eta horretarako pausoak eman ordez, aparatu plangintzagile eta kanpainazale bat sortu zen. Ez zen sinetsi euskalgintzaren etorkizun-ikuspegi eta estrategia beregainak lantzearen lehentasunean. Bestetik plan estrategikoenganako eta halako estilo teknokratikoarenganako lilura zegoen. Baina gehiago dago. Egin zen apustua koherentea zen garai hartan ezker abertzaleak zerabilen apustuarekin, Lizarra-Garazi garaia zetorren eta para-erakunde nazionalak indartu behar ziren, erakunde autonomikoei funtzioak lehiatuz. Jakina, orain alde politiko oso bat kontra du, eta barrutik ere erdi-blokeatuta dago.

Justu ez al da kulturgintza bi politikatatik ateratzen den bakarra?
Bai eta ez. Alde batetik eragile nagusiak ez dira gai bi kultura politiko horien bisioetatik ateratzeko. Eraketa askotan badago zilbor heste ikusezin bat, eta ez dut esaten zilborreste organikoa denik, baina zilborreste horrek askotan zabaltasunaren ideia bera lorrindu du. Zabaltasuna aspalditik dago modan, baina zabaltasun beregaina, denekin enfrentatze- rainoko zabaltasun librea ez da ohikoa. Eta egon denean ez zaio sinetsi.
Bestalde baietz ere esango dut, euskalgintzak badituela elementuak, herri honek behar duen bestelako ikuspegiaren muinetako bat osatzen hasteko. Baditu elementu teorikoak eta esperientzia praktikoak. Badira erakunde batzuk bidea egin dutenak, badaude pertsona asko sinesgarritasuna dutenak, eta ikuspegi egokiagoen oinarri izan daitezkeenak. Badugu potentzial hori euskalgintzan, baina poliki doa.
Hala ere, honen guztiaren aurrean autokritika egin behar dut. Beharbada oraindik ez dago indarrean dauden kultura politikoen inertziak gainditzeko masa kritikorik. Kontseiluan beste ikuspegi bat geneukanok ez ginen gai izan nagusitzeko, besteak beste gutxiago ginelako eta lanerako gaitasun gutxiago geneukalako. Hori ere hala da, bakoitzari berea.

Zein da euskalgintzarako proposatzen duzun ikuspegia?
Euskalgintzaren etorkizuneko ikuspegi beregain baterako bi kultura politikoetatik kualitatiboki desberdinak diren oinarriak ematen hasita daude. Garatu egin behar. Hizkuntzen ekologia dei dezakegun paradigma etiko-zientifikoaz ari naiz, urteak dira Jose María Sanchez Carrion formulatzen hasi zela gure artean, eta nire ustez potentzial bereziak ditu orain arteko diskurtsoekin alderatuz, zentzu gehienetan. Beste era batera planteatzen du hizkuntzaren garapena, trinkotzea eta gune sinbolikoa osatzea kontuan hartzen du, aspektu kualitatibo eta kuantitatiboei beste era bateko oreka ematen die, hizkuntza komunitatearen egituraz arduratzen da... Tresna potentzial handiak ematen ditu estrategiak diseinatzeko, politika zehatzetarako. Ez da egin, eta esandakotik asko debaluatu da. Bestetik, orain arte gure kultura politikoek uxatu dituzten sektoreekiko elkarrizketarako ere beste oinarri batzuk ditu, aldi berean sakonago, exijenteago eta sinpatikoagoa da. Eskemak mugitzen dituen debate etiko bat du sakonean.

Zer diozu «Egunkaria»ren kasuaz, nola ulertzen duzu gertatu dena?
Onartu behar da estatuaren estrategia oso zentzuzkoa dela. ETA egoera ahalik eta gehien estutzen ari da, erabat zabaltzen ari da mehatxatuen zerrenda, eta estatuak gauza bera egin du. Ezker abertzalearen estrategia politiko-militarrarekin hari muturrik minimoena izan dezakeen guztia ito, ahal dituen tresna juridikoekin.
Ni ez nau hainbeste arduratzen analisi taktikoak. Gehiago kezkatzen nau Atxagaren galderak. Zer egin dugu gaizki, eta zer egin behar dugu? Manifestazio erraldoiak oso ondo daude, baina kaltetuen sentimenduetatik, eta eraso-erreakzio dialektika horretatik ez dugu eraikiko behar dugun ikuspegi politiko eta kulturala, eta horri darizkion estrategia eta ekintzak.
Kontua da, guri bidea egitea dagokigula. Uste dut gauza askotan bidea egiten ari garela, elementu interesgarrienak ertzetan daude. Horrek du benetako sinesgarritasuna. Aurrera joate horretan gero eta gutxiago balio digute martxan dauden bi kultura politikoen diskurtsoek. Eta gainera, kaltea denontzat dator. Ni txunditu egiten nau ezker abertzalean dagoen hipokrisia mailak eta zorroztasun faltak. Horrelako kasu baten aurrean zer hasi behar dugu, Estatua gaiztoa delako kexatzen? Arbitroa erosia daukala jakinda berrehun kiloko boxeolari batekin ringean sartzen bazara, ez zara negarrez hasiko jo egiten zaituelako, ezta? Ringean sartu zara ala ez? Ni ez naiz sartu, sartu egin nahi nauzu? Eta zu sartu bazara, zer egin behar duzu konbatea irabazteko? Mehatxu, salaketa eta kexaren pedagogia ezin da gehiago jasan.

ETAk, komunikatu batean, egin zuen bere balorazioa. Zer diozu komunikatu horretaz?
ETAn badago adimen politikoa eta estrategia pentsatu bat. Komunikatuak komunikatu, esango nuke estrategia horren arabera «Egunkaria»rekin gertatu denaren balorazio biziki positiboa egingo zutela seguru asko.

Eta zer balorazio egiten duzu zuk estrategia politiko militarraz?
Joseba Sarrionaindiak, bost idazleak agertzen diren azken liburu horretan, aipatzen zuen biolentzia politikoa katastrofe bat dela. Ez dakit atzetik "baina" bat jartzen zion. Nik beti pentsatu dut katastrofe bati atzean "baina" bat jartzea dela katastroferik handiena. Ikuspegi humano, etiko eta politikotik begiratuta, bai estrategia aldetik eta bai zabaltzen duen pedagogiatik begiratuta, katastrofe bat da.
Aldi berean, ezker abertzalearen kultura politiko honen inguruan sortu den emankortasuna eta berari darion borroka armatua dira herri honetako gauzarik miresgarrienetarikoak. Gaitasun eta eskuzabaltasun itzela dago, gaitasun politiko ukaezina dago. Hor dago herri honen energia zatirik ederrenetako bat.

"Katastrofe" eta "miresgarri" hitzekin definitu duzu borroka armatua. Beste paradoxa bat...
Hala da. Eta paradoxarekin bi gauza egin daitezke: paradoxan harrapatuta gelditu, edo paradoxa kudeatu. Nik uste paradoxa hau kudeatzeko modua, betidanik, eta orain inoiz baino gehiago, katastrofeari begietara begiratzea dela, katastrofeari katastrofe deitzea.

Zer da zure ustez ezker abertzaleak aldatu beharrekoa?
Ez da estrategia mailako edo ekintza mailako aldaketa, baizik horren sakonean dagoen kultura politikoa, idearioa eta imaginarioa bera. Zoruak huts egiten du nire ustez: darabilen hizkuntza-normalizazioko ikuspegiak, lurraldetasunari lotutako eskubide-diskurtsoak, mehatxu eta salaketaren dinamikan sortzen duen pedagogiak... zuloak ditu alde guztietatik. Eta hiru planoen arteko lotura falta du, bisio planoaren, estrategia planoaren eta eraikuntza pragmatikoaren arteko lotura. Irakurri Gernika Deialdia. Garatzeko bide pragmatikoen eta utopien arteko zubia galduta daukan kultura politiko baten erradiografia poetikoa da. "Gu ezkerreko abertzaleok ez gara herri honetakoak" dio Gernika Deialdiak. Bada ni banaiz herri honetakoa, bere miseria guztiekin. Poetika horretatik oso urruti nago. Ez da harritzekoa kultura politiko hori borroka armatuaren estrategia gainetik kendu ezinik egotea.
Eta ez da ahaztu behar beste kultura politikoa ere. Ezker abertzalearen pentsamenduzko eta estrategiazko agortzetik jeltzaleetara hurbiltzea akatsa da niretzako. Nazionalismo demokratiko deituak ez du nahikotasun mailarik ia ezertan, jende on asko dauka, baina base sozialean oinarrizko nahimena falta zaio, ez da gai Euskal Herriaren garapenak behar duen energia soziala aktibatzeko. Hortik ez dago. Eta hori, onartuta bi kultura politikoek fruitu on asko ere eman dutela.

Bigarren Lizarra-Garazi bat behar da?
Nahikotasun mailara iristen ez diren bi kultura politikoren baturak, ez du behar dugun kultura politikoa ematen. Behar dugunerako elementuak badaudela uste dut, baina ez datoz batze estrategikotik. Arazoa sakonagoa da. Zoritxarrez, Lizarra-Garazin gertatuak arrazoi eman digu. Eta horrek ez du esan nahi desiragarria ez denik bigarren bat.

Beste jende batek hartu behar du gidaritza?
Metafora batekin erantzunaz, nire ustez ez da jorratzeko garaia. Goldatzeko garaia da. Jorratzea aitzurra lur azaletik pasatzea da, azaleko belar txarrak kentzeko. Eta goldea, berriz, barrura doa, irauli egiten du lurra, eta goian zeuden belarrak azpian gelditzen dira. Epe askoz luzeagoko arnasa behar du gure bideak.

Eman beste kultura politiko horretarako klabeak...
Ikusteko dago, baina nire usteak botako ditut. Etika berritze bat, nire ustez iadanik gertatzen ari dena. Herri izaera eta hizkuntza komunitateen garapena ulertzeko beste eredu bat. Bestetik, gizarteari darion energia horretan etorkizun ikuspegi bat oinarritzeko elementuak baditugu. Gizarteari, gizartearen arkitektura oinarriko txikiei, ez zaie inoiz zentraltasuna aitortu estrategian. Eraikuntza askotariko hori eta erakundeak eta erresistentzia zibileko tresnak guztiz beste era batera konbinatu daitezke. Kanpora begira, mundu mailan mugitzen ari den sentsibilitate sare horretan kokatzeko aukeran gaude. Mundu mailan egiten diren gogoeta interesgarri askotako praxi-foko gara; esaterako, autoeraketan. Askoz konektatuago egon gaitezke nazioarteko mugimenduekin eta laguntza eta energia gehiago lor dezakegu. Baina indar pila bat ari gara alferrik galtzen azken urteetan. Energia pila bat erabiltzen ari gara botere politiko administratiboaren mugen obsesioan, eskubideen aldarrikapenetan. Eta ez dut esaten eskubide arazorik ez dagoenik, baina gauzarik inportanteenetan bideak dira arazo. Eskubideak baino gehiago zangobideak.

Instituzio eta herri mugimenduen arteko harremanak nolakoa behar luke?
Herri honen berezitasunetako bat da darion energia soziala. Eragile politikoek askotan ez dute politika abiatzen horretatik, alegia, herri honi darion hori garatzetik, eta horri protagonismoa ematetik. Euskalgintza zer da? Euskararen aldeko XX. mende bukaerako mugimendu modernoaren ezaugarri nagusia izan da euskararen gizarte erakundeak sortu dituela. Eta hor ardaztu da Euskal Herri osoko ikuspegi bat, ikuspegi profesional eta borondatezkoa, euskararen beharrak herriaren senari lotuta garatzeko ikuspegia... Gizarte erakundeen espazio hori da euskararen mugimendu modernoaren muina. Botere publikoak hori hobeto ulertu behar du, ez dagokiola berari gauza askotako lidergoa, eta elkarlana hortik abiatzen dela, gizarteari darion horri bere tokia ematetik

- Jaio: Aretxabaletan, 1966. urtean.
- Unibertsitatean: Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakaslea. Lanki ikerketa institutuko zuzendaria.
- Kooperatibak: Arrasateko Kooperatibetan oinarrituta, kooperatibismoari buruzko hausnarketa munduan murgilduta dabil.
- Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kidea
- Bertsolaritza: 19 urte eman ditu plazaz plaza bertsotan. Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kidea da. Hainbat musika talderen kantuei hitza jarri die.
- Ikasketak: Kazetaritzan lizentziatua. Euskarazko kazetaritza hizkerari buruzko tesia atera zuen, 1996an.
- Kazetari lanak: artikuluak kaleratu ditu ARGIA, «Jakin», «Euskaldunon Egunkaria» eta «Bertsolari» aldizkarian.
- Argitaratutako lanak: «Zozoak beleari» (1997); «Txepetxekin solasean: biziaren hizkuntzaz» (1997); «Fauna txiki bat bertsotan» bertso musikatuak (1998); «Bat-bateko bertsolaritza» (2002)...

Joni berari ez zaio istoriorik bururatu. Baina guri, dakizkigun bere hamaika pasadizoetako bat kontatzeko lizentzia eman digu.
Andoni Egañak eta biek asteburu osoa eman zuten saio batetik bestera. Ostaturen batean pasatu zuten gaua, eta hurrengo goizean, Andoni dutxatik atera berri ikusi zuenean, Sarasuak galdetu omen zion:
-Egunero dutxatzen al haiz, bada?
-Bai...-Egañak, natural.
-Hau duk, hau, «europeo tzarra»!-Bota zion Jonek.

Doinua: Antton eta Maria
Bertsoa heldu bada
heldu den mailara,
ez da noski mugatu
soilik teknikara.
Baina zuk diozunez
pasa behar bada
iritzi adostutik
pertsonaletara,
lastima da galtzea
zure begirada

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Bardean benetako bonbekin maniobra militarrak eginen dituzte asteazken honetatik aurrera

Urriaren 17tik 19ra eginen ditu Espainiako Armadak maniobrak, beste behin. Tiro Poligonoaren Aurkako Taldeak salatu du "Parke Naturalean gailentzen dela maniobra horiek egiteagatik Armadak ordaintzen duen kanona segurtasuna eta ingurumenaren gainetik".


2018-10-17 | ARGIA
Pinuen gaitzari aurre egiteko oxido kuprosoa erabiltzea oso toxikoa dela salatu dute

Pinuen gaitzari aurre egiteko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek aurkeztu duten plana gogor kritikatu du Naturkon kolektiboak, besteak beste gaitzari aurre egiteko erakundeek proposatu duten oxido kuprosoa toxikoa baita: “Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten ziurtatzea gure ibaiak edo edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 hektarea fumigatzen badira?”.


2018-10-17 | Iigo Igartua
Manifestazio nazionala deitu dute urriaren 27an Nafarroako gaztetxeen alde indarrak biltzeko

Maravillas, Errotxapea eta Lizarrako gaztetxeen aurkako prozesu judizialak irekita daude eta epe motzean kaleratuak izateko arriskuan daudela ohartarazi dute manifestazioa deitu dutenek.


2018-10-17 | ARGIA
Karlos Apeztegia kartzelaratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak Hernanin duen bulegoan egiten du lan Karlos Apeztegiak. Asteartean bertatik atera zenean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta asteazken goizean, espetxeratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta.


2018-10-17 | ARGIA
Irueko sutea indarkeria matxista kasu bat izan daiteke

Hipotesi hori darabil gertakaria ikertzen diharduen Espainiako Poliziak. Hala bada, ikerketa bere gain hartu zuen instrukzio epaileak Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegira bideratuko du kasua.


2018-10-17 | ARGIA
Eider Rodriguez, Irene Aldasoro eta Kepa Altonaga Euskadi Sarien irabazle

Asteazken honetan jakinarazi dituzte literaturako Euskadi Sarietan falta ziren kategorietako irabazleak: Eider Rodriguezek aurtengo bigarren saria eskuratu du, oraingoan haur eta gazte literaturari eskainitako kategorian, Santa familia liburuari esker.


2018-10-17 | Iigo Igartua
Kalean bizi den jendearen zenbaketa: errefuxiatuen auziari erantzun ezean, ez espero miraririk

Ostegun honetan zenbatuko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zenbat pertsona bizi diren kalean. Erakunde publikoak konprometitu ziren etxegabeen kopurua %20 jaistera, baina errefuxiatuen krisiari emandako erantzun eskasa ikusita, zaila dirudi aurreikuspena betetzea. Bilboko kasuari erreparatu diogu.


2018-10-17 | ARGIA
Parisko Cervantes Institutuaren eraikina EAJri bueltatzeko eskatu dio Ortuzarrek Espainiari

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak asteartean Espainiako Estatuari eskatu dio itzul dezala Cervantes Institutuak gaur egun Parisko Marceu etorbidean daukan eraikin bat, 1936an EAJk erosi zuena eta II. Mundu Gerran Gestapok –Alemania naziaren polizia sekretua– bereganatu zuena.


EAEn 'fracking'-a abiarazteko urrats berriak egin ditu Jaurlaritzak: zundaketak baimendu Bizkaia eta Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Bizkaia eta Gipuzkoako 1.300 kilometro koadrotan zehar lurpean egon daitezkeen erregaien bilaketan ikerlan eta zundaketak egiteko. Zundaketa lanetan "fracking" teknika erabiliko ez dela aipatu den arren, zundaketa berriok dira urrats garrantzitsu bat Ibarretxeren garaietatik teknika horrekin hidrokarburoak ustiatzeko Jaurlaritzak egindako apustua aurrera eramateko.


2018-10-17 | dantzan.eus
Indarkeria ardatz hartuta, Bilboko antzerki eta dantza garaikide jaialdia hasiko da asteazken honetan

Bilboko Udalak antolatzen duen BAD jaialdia urriaren 17tik 28ra hiriko sei agertokitan ospatuko da dantza eta indarkeria lotuz. Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, lau estreinaldi eskainiko ditu Campos Antzokian, Sandra Gómez, Blanca Arrieta, Isaak Erdoiza eta Pablo Fidalgo artisten eskutik. Horrez gain, BADek lekua gorde du nazioartean ibilbidea duten ekoizpen lanetarako, Arkadi Zaides koreografoaren Archive edo Juan Domínguezen My Only Memory lanetarako, adibidez.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude