Lepotik burua. Espainiako tribunaletan supremoenarenetik dator notizia. Manzanas torturatzaileak saria merezi du. Donostiako Amara berriko komisaldegia egur zerra bilakatzea du, sobra ere meritu. Kasualitatez, lehengo larunbatean hark 1965an torturatutako batekin izan ginen bazkaltzen. Kafearekin batera, aspaldi ez bezala aritu zitzaigun hartaz. Zehatz mehatz. Eta igarotakoak adieraztean haren aurpegiaren mudantzak ikusirik, denborak ezabatu ezin izan duenaren izugarrikeriaren aurrean ginela ohartu ginen. Hitzek baino, haren marru irentsiezinek zuten kafea ozpintzen, marka oneko patarrek gozatu ezin izan zutena. Urak bere onera datoz. Torturatzaile basatienetako bat sarituaz bat, orain torturatuak, torturatuak izan direla esateagatik terroristatzat jotzen ditu demokraziak bere aurpegi publikoa mudatu gabe. Ez du horren beharrik, hain du Espainiako iritzi publikoa bereganatua eta lokartua. Aitaren etxerik gabeko amaren sua itzaltzea xede, gaurko torturatzaileak bihar sarituak ez izatea espero dugu, horretarako gure amaren suak gure aitaren etxea beharko duela jakitun, gure seme alabek eta sortzen ari zaizkigun bilobek torturarik ezagutuko ez duen etxea eta bere suaren beroa izan dezaten. Amen