IÑAKI DE MUJIKA: "KIROL EMANKIZUNETAN LEHER EGINDA BUKATZEN DUT, NERONEK JOKATUTA BEZALA"

  • Baina ba al dakizu Filosofia eta Letra irakasle izan zela Madrilen? Eta Japoniakoaldizkari batentzat elkarrizketatu duela Karpin? Eta arbitro aritu dela, edo EntrenatzaileEskolako irakasle ere izan dela? Kirolaz dena jakiten dugu Mujikari esker, eta ahots horrenatzean dagoena da ezagutzen ez duguna.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Futbol eta eskubaloi emankizunetan frogatu duzu hitz jarioa. Umetatik al zara hain berritsua?
Gogoan dut neure buruarekin bakarrizketan lokartzen nintzela. Ikasleei eskolak ematen ariko banintz bezala hitz egiten nuen, bakarrik. Nire benetako bokazioa irakaskuntza da. Klaseak bete egiten nau.
Telebistarik ez zegoenez, irratia bakarrik entzuten zen garaikoa naiz. Gogoratzen dut asteazken gauetan ematen zuten «Matilde, Perico eta Periquin» haurrentzako programa. Albisteen ordez ematen ziren parteak ere gogoan ditut. Irratia beti izan da nire laguna. Beti gainean daramat kotxean, lanean, etxean... Etxeko gela denetan dut irratia, baita komunean eta sukaldean ere. Denak izaten ditut piztuta, horrela, gela batetik bestera joaten banaiz ere, ez dut entzuten ari naizen programaren haria galtzen.

Oraindik ere hitz egiten al duzu bakarrik?
Bai. 500 kilometro joan eta beste hainbesteko etorria egiten dudanean kotxez, bakarrik joaten naiz, eta neure buruarekin hitz egiten dut. Elkarrizketak imajinatzen ditut. Egoera bereziak irudikatzen ditut, sekula biziko ez ditudanak, eta pentsatzen hasten naiz, zer galdetuko nioke Monserrat Caballe-ri? Eta berak zer erantzungo lidake? Neronek irudikatzen ditut galderak eta erantzunak. Kaskotik eginda nagoela pentsa liteke, baina ikasteko modu bat da. Burua erne edukitzen laguntzen dit, pentsamendua ordenatzen, eta nire eguneroko lanari bueltak ematen.

Madrilen ikasi zenuen. Nola bizi zinen?
Ikasle garaian larunbatero joaten nintzen antzerkira. Antzerki bikaina ikusi dut. Unibertsitarioek «cla» sarrerak erosten genituen. Funtzioa hastean txalo gogor jotzea zen gure lana, giroa sortzeko. Horren truke 50 pezeta ordaintzen genuen sarrera, besteek 500 pezeta ordaintzen zuten bitartean. Prado museoko zuzendari izan den Fernando Chueca lagun mina nuen. Klase berean genbiltzan, eta harekin joaten nintzen batera eta bestera. Museoetara ere maiz joaten ginen, konferentziak ikustera... Kulturarako bizi nintzen. Oso ongi bizi zitekeen, eta ez diru gehiegirekin. Garai hartan askoz kotxe gutxiago zegoen, jende gutxiago ere bai, ez zegoen hainbeste Corte Inglesik... Arruntagoa zen.
Oraindik ere joaten naiz Madrilera, nire aita han bizi baita. Baina bortitza iruditzen zait. Dena da anabasa, hiru lerroko auto ilarak... Eromena da. Hiria gainera etortzen zait.

Irakasle esperientzia zer moduz?
Madrilen Filosofia eta Letrak ikasi nituen ikastetxean egon nintzen irakasle. Gogoratzen dut, irakasle gisa lehen klase egunean nuen sentipena. «Hainbeste latin, greko eta filosofia jakinda ere, nik zer egin behar dut 47 ikasle hauekin!». Pentsa, nik 22 urte nituen, eta ikasleek 17. Esperientzia txundigarria izan zen. Dena erakutsi zidan mundu horrek. Oraindik etxean ditut gordeta lehen promozioaren argazkiak, eta azken promozioaren kalifikapen koadernoa. Ez litzaidake axolako irakaskuntzara itzultzea. Baina dena aldatuta dago, ikasgaiak, sistema, diziplina... Berriro lan handia egin beharko nuke eguneratzeko.

Nola hasi zinen irratigintzan?
Kasualitate hutsez. Erru osoa Bidasoa eskubaloi taldeak dauka. Nik eskubaloi kronikak egiten nituen «Deia» egunkariarentzat. Bidasoa hazi eta hazi egin zen, boom informatibo bat eragin zuen, horren berri emateko beharra sortu zen, eta Herri Irratiak korrespontsal lanak egiteko deitu zidan. Kronikak ematen hasi nintzen, eta ondoren konexioetan. Azkenik, zuzeneko emankizunei ekin genien, eta hura zen hemen egiten zen eskubaloi emankizun bakarra.
Tito Irazusta beste komunikabide batera joan zen, eta niri eskaini zidaten bere lekua. Joxan Alkorta futbol esataria hil egin zen, eta lan karga eskutan aurkitu nuen. Karrotik tira egin beste biderik ez zegoen. Hemen naukazue, zortzi urtez latina, lau urtez grekoa, bi urtez arabiera,eta gainerako guztia ikasi ondoren, «gooool eta gooool» builaka.

Zertan aldatu dizu bizitza lan honek?
Orain kirolerako bizi naiz. Asteburuero lan egin behar dut, eta partidak ikusi... Bizitza aldatu zait erabat. Ondo egin nahi izanez gero, ordu asko eta asko eskaini behar zaizkio langintza honi. Ez daukat neuretzako denborarik. Oso informatuta egon beharra dut, ez daukat ordutegirik.
Gauza bakarrean dira berdinak irakaskuntza eta irratiko lana. Publikoari hitz egiten diogula, eta gazte jendearekin lan egiten dugula. Gazte jendeak indarra ematen dit, asko gozatzen dut. Zintzoagoak dira, esan beharrekoa aurpegira esaten dute, ez dute guk adinako erreparorik.

Nola moldatzen zara kirolari artean?
Kirol informazioak ez du zentzurik kirolaririk gabe. Behartuta gaude elkarlanera, elkarbizitzara. Kirolari bati belauneko lesioaz galdetu, eta ongi dagoela eta igandeko partida zail ikusten duela erantzutea, porrota iruditzen zait kazetari profesional gisa. Haratago iritsi nahi dut. Elkarrizketa pribatuak eduki, elkar ezagutu, konfiantza lortu eta jakin ez diogula elkarri traiziorik egingo.
Kazetariok kirolarien nahien elikatzaile izan behar dugu. Nik euren kamiseta janzten dut, eta euren proiektuekin bat egiten dut. Zer hoberik bere ametsak lortzen dituen jendearekin bizitzea baino! Kirolari bat heltzen ikustea hunkigarria da. Eta gogorra da, gorago iritsi nahi eta bidean geratzen denaren erronka hori. Horrek asko irakasten du. Jende bat aldarera igotzen dute hasieran, eta bost egunera hankak mozten dizkiote. Eta ezin izaten dute bururik altxa. Komunikabideek ziztu bizian eman eta kentzen dute. Ni saiatzen naiz jokalariren batek kolpea hartuko badu, geldi arazten. Nik ez dut besteren sufrimenduarekin gozatzen.

Beraz, zu ez zara objektiboa?
Ez, noski. Eta objektiboa dela dioenak gezurra dio. Ni erabat subjektiboa naiz, nire nahietan. Talde hau gustatzen zait, kirolari hau gustatzen zait, eta hori animatzen dut. Kirolariek ere aukeratzen dituzte bere kazetariak. Kirolariek konfiantza gehiago jartzen dute kazetari batzuengan besteengan baino, hezur eta haragizko pertsonak dira eta. Kirolariak oso bakarrik ikusten ditut. Zenbat eta profesionalago izan, gutxiago fidatzen dira inguruko jendeaz. Batez ere hiri handietan bizi badira, eta presio handia jasaten badute. Segurtasun elementuak bilatzen dituzte, eta euren defentsa mekanismoak dituzte. Askok oso gaizki pasatzen dute, ez dute babesik.

Esperientziak zer irakatsi dizu?
Heldu, eta gauzak bizi ahala, ziklikoa denaz konturatzen gara. Sena pizteko eta aurreikuspenak egiteko balio du horrek. Sumatzen dugu noiz alde egin nahi duen jokalari batek, beste zeinek duen jarraitzeko gogoa...
Miguel Santosek behin esan zidan, onena beti bigarren izatea dela. Horrela beti dago gorago iristeko nahi hori. Lehenengoa zerorri zarela sinistuz gero, ez da erronkarik izaten. Horregatik, sekula ez da sinistu behar dena ikasi dugunik. Borrokatzen segitzeko bidea da hori.

Nola ikasi duzu zuzeneko emankizunak egiten?
Makilkadaka. Inork ez dizu irakasten. Audientzia ez lokartzen saiatu behar da. Husna amaitzen diren partida aspergarrienei bizitasuna eman behar zaie, entzuleak joan ez daitezen. Eta partida distiratsua eta bizia denean, geure burua kontrolatu behar dugu 90. minutura indartsu iristeko. Tentsio handiko partida batzuetan arnasik gabe geratzen naiz, eta beste batzuetan 3 litro ur edaten ditut. Oso nekatuta bukatzen dut, neroni korrika aritu banintz bezala.
Partida egunetan ongi gosaltzen dut, eta ia ez dut bazkaldu ere egiten. Lozorroan ez erortzeko. Vigon gertatu zitzaidan ederra, eskubaloiko Kopako finalaurrekoan: kazetari batzuk joan ginen hemendik, eta hango lagun batek mariskoa jatera eraman gintuen. Lepo bazkaldu genuen, 14:00ak aldera. Partida 20:00etan zen. Emozioz betetako partida zen, eta partida berdinduta bukatu ostean luzapen bat, eta bestea, eta bestea luzatu zen... Mariskoaren gatza atera zitzaidan ezpainetan. Hura zen egarria, hura sufrimendua! Orduan eskarmentatu nintzen.

Jokalari denak ezagutzen dituzue, edo nahasten zarete?
Igande eguerditan prestatzen dut partida. Ziurrenik aterako den hamaikakoaren eskema egiten dut. Eta buruz ikasten dut, zuzeneko emankizunean gehiegi ez galtzeko. Talde oso ezagunen partidak errazak egiten zaizkit. Baina Huelvako Recreativo horrek bezalakoek buruhauste ederrak ematen dizkidate. Gainera, kazetarion kabinak zelaitik gero eta altuago daude, «ez baitugu ordaintzen». Eta ez da piperrik ikusten. Anoeta inauguratu zen egunean makina bat aldiz hanka sartu genuen, eta hurrengo egunean prismatikoak erosi nituen. Anoetan, San Mamesen, Bernabeun, eta Camp Noun gaitzerdi, hor telebista aparailuak baititugu, eta horri esker ongi ikusten dugu. Baina beste zelaietan ez dugu aukera hori. Askotan egiten ditugu hanka sartzeak. Eta huts batzuk larriak dira. Ezin da gola nork sartu duen esaterakoan hanka sartu.
Lapsusak izaten ditugu, kontzentrazioa galtzean. Beste zerbaitetan pentsatzen hasiz gero, haria galtzen duzu. Ez dakizu zer arraio esan duzun, baina berriro heltzen diozu hariari, eta kito.

Elkarrizketak ere egiten dituzu. Zein da elkarrizketa onen giltza?
Elkarrizketa luzeak gustatzen zaizkit, ibaiak bezala bere kasa doazenak, lasaiak. Egungo komunikabideetan elkarrizketa onak falta dira. Dena bizkorregi baitoa. Ez dugu ongi prestatzeko denborarik hartzen. Elkarrizketatzaileak ez du protagonista izan behar, elkarrizketatuak baizik. Eta egun ez da hori ikusten. Eta elkarrizketatua ezagutzeaz gain, bere konfiantza irabazi behar da, erantzunik onenak lortzeko.

Hasi zinenetik hona zertan aldatu da kirol kazetaritza?
Orain askoz errespetu gutxiago dago. Niri ez litzaidake aterako «nork ordaindu dio kirolari honi hemen egoteko?» salaketa, eta entzun dut hori. Egun iraindu egiten da, irrati estiloa oso erasokorra da.
Errespetua zor zaio, hasteko entzuleari. Ez baitakigu irratiaz bestaldeko horren sentiberatasuna nolakoa den. Eta kirolariari, noski. Ez dakigu kirolari horrek bezperako gaua gaizki pasatu duen, edo arazo pertsonalen batek eragiten dion beherakada. Ezin da iritzia hain erraz eman. Gainera, informazioa eta iritzia nahastu egiten dira. Audientzia lortzeagatik zilegi ez diren bideak erabili dira batzuetan.
Teknologian asko aurreratu dugu, ezbairik gabe. Oviedon ehun metro kable bota behar izan nituen, eskubaloi partida bat eman ahal izateko. Soinuaren kalitatea asko hobetu da. Orain telefono mugikorra dela, eta beste hamaika sistema direla, oso zaila da denak huts egitea. Lehen, zuzeneko emankizunik gabe ere geratzen ginen. Eta irratiaren abantaila horixe da, oso baliabide urriekin ere edozer lekuko berri eman dezakegula. Telebistak eta egunkariek askoz gehiago behar dute. Horregatik eutsi dio irratiak telebista sortuta ere.

Jende askok pizten du kirola ikusteko telebistaren irudia eta irratiaren ahotsa...
Telebista esatariak zozo hutsak dira. Guk hurbiltasuna transmititzen dugu. Nik badakit realzaleek animoak ematea nahi dutela, ongi goazela esatea... Telebistak arketipoekin funtzionatzen du, erabat instituzionalizatuta dago... Ez du graziarik. Irratiak beste erritmo bat du, ez da eteten, ziztu bizian doa...

Zuzeneko emankizunen erdian publizitatea sartzen duzu...
Egun oso gauza gutxi egin daiteke dohainik. Meza entzun, paseatu, eta irratia entzun. Irratiak publizitatetik bizi dira. Zorionez, futbolak publizitate asko erakartzen du, baina jakin egin behar da sartzen. Nik emankizunean barneratzen dut, horrela entzulearentzat, publizitatea partidarekin batera doan zerbait da. Bestela, eten egin behar dut haria, publizitate tarte bat sartu... Eta jendea komunera altxatzen da, edo katez aldatzen du. Gainera, publizitate tarte asko sartuta arriskua dago golak galtzeko, eta niri hori gertatu zitzaidan behin.
Sartu behar ditudan iragarki guztien zerrenda izaten dut prest. Gidoia ere ondoan daukat, eta badakit zer minutu ingurutsutan sartu behar dudan iragarki bakoitza. Baina askotan jokaldia oso interesgarria izaten da eta ezin izaten dut iragarkia sartu, eta beraz, hurrengoarekin pilatzen zait... Baloia kanpora irten den unea baliatzen dut iragarkiak sartzeko, baloiaren bila joan eta atera bitartean segundo batzuk izaten baitira. Jokaldira iragarkiak lotzeak, inprobisaziotik asko du. Horrek sentiarazten nau bizirik. Noski, egindako esaldiak ere baditut. Esaterako, arbitroak zerbait ikusten ez duenerako, «Zinkunegi Optika».

Osasuna dela eta inoiz utzi duzu zuzeneko emankizunik egin gabe?
Sukarrarekin, buruko minarekin, katarroarekin... egin ditut emankizunak. Baina entzuleak ez du zertan hori jakin. Belarrietaraino Frenadolez beteta joan izan naiz, zutik eutsi ezin niolako, Coca-Colaz blai...
Eztarria asko zaintzen dut. Beti heze eduki behar izaten dut. Ez dut batere erretzen. Ke asko dagoen lekuetan ere ezin naiz egon. Ahotsa sabeletik zuzenean ateratzen ikasi dut. Tenperatura aldaketekin oso kontuz ibiltzen naiz. Kontuan izan, -3 gradutatik 26 gradutara aldatu izan naizela egun berean (hemen txingorra eta hotza ari zuela, Andaluziara joanda).

Kontatu lanean gertatu zaizkizun bitxikeriak...
Gogoan dut Sevillan orain bi urte, ligako lehen partidan egin zuen beroa. Txankletak eta galtza motzak jantzita joan nintzen, inoiz ez bezala. Gaueko 22:00ak ziren, eta ikustekoa zen nire piura, 2 litroko ur botila burutik behera botatzen! Ikusle denak erdi biluzik zeuden, kamiseta kenduta... Beroa ezin dut jasan, eta nire gorputz honek ez dit gehiegi laguntzen...
Arbitroekin nahastu izan naute... Eta urte batean, hiru partidatan arbitro lanak egin nituen jubenilen mailan. Arbitroak greban zeudela eta, boluntario aurkeztu nintzen. Oso dibertigarria izan zen. Arbitro izanda korrika asko egin behar da, eta oso ondo prestatuta egon.

Partida galdu edo irabazteak umorea aldatzen dizu?
Galtzeak izorratzen nau, gure lana asko aldatzen baita. Orain, Reala lider doanez, dena askoz atseginagoa da. Emaitza txarrekin, berriz, giroa, jendearen jarrera eta jokalariak ere uzkurtu egiten dira. Inork ez du hitz egin nahi izaten, bere burua gordetzen dute... Publizitate aldetik ere, irabazten doanean askoz etxe gehiagok jartzen ditu iragarkiak.

Zer deritzozu Realari medioetan ematen zaion tratamenduaz?
Hemengoen lana ona da, horretarako bizi baikara. Espainiako komunikabideek ez dute ongi ulertu nahi, eta kito. Realak, beste klubekin konparatuta, saltzen du saltzen duena. Horregatik, albistea ez da Reala lehenengo doala, ea noiz harrapatuko duten baizik.
Baina ez naiz larritzen, jada denok ezagutzen dugu elkar. Niri axola zaidana hemen egiten dena da. Gainera izateko modua ere bada. Hemengoak oso umilak gara. Beste kluben bat izango balitz lider, egun santu osoa pasatu beharko genuke hori entzunez.

Eliteko kirolari egozten zaio aisia hutsa dela, ez dela kultura...
Hainbeste jendek jarraitzen badu, bai praktikatzen duelako edo zaletua delako, errespetua zor zaio. Kirolak sortzen du Barne Produktu Gordinaren zati handi bat, eta jende asko bizi da kiroletik, modu batera edo bestera.
Kirolaren psikologia bat dago, kirol medikuntza ere bai... asko ikertzen da kirolaz, eta idatzi ere bai. Galdeanok futbolaz idatzitako liburuak zoragarriak dira, eta bertan besteak beste kiroleko bizipenak eta emozioak deskribatzen ditu. Kirola ere bada kultura mota bat. Espainiako Estatuan gehien saltzen den egunkaria kirol egunkaria da, eta gustatu edo ez, errealitate horretan bizi gara.

Aurrera begira, zer proiektu dituzu?
Interneteko web orri bat prestatzen ari gara denon artean. Irratian egiten duguna ikusteko beharra sentitzen dut, produktua esku artean izatekoa. Gure lanean, unea sekulako intentsitatearekin bizi dugu, baina unearekin batera alde egiten du gure lanak. Hainbeste urte irratiko hitz jarioan, eta lan hori ezin dut «ikusi».
Bestalde, neure bizipenak kontatuz liburu bat argitaratu nahiko nuke, egunen batean. Baina ez dut ez denborarik, ez argitaratuko lidakeen argitaletxerik. Gustatuko litzaidake bizitako emozioak kontatzea, edo egindako elkarrizketarik mamitsuenak argitaratzea. Jendearentzako liburua idatzi nahi nuke, ez neuretzako izango dena.

Zure ahotsa entzuten duzu?
Ez, sekula. Ez zait batere gustatzen, ez neure burua entzutea ez ikustea. Nire lana bukatu dut eta kito, ez naiz egindakoa entzuten aritzen, hurrengoan pentsatzen hasten naiz. Beti aurrera begiratzen dut.

Zer beste zaletasun dituzu?
Itsasoa izugarri maite dut. Asko erlaxatzen nau, eta talasoterapiara sarri joaten naiz. Jatea ere asko gustatzen zait. Entsalada eta patata tortilla bat aski dut. Kontua ez baita zer jaten den bakarrik. Etxetik atera, nortasuna duen taberna edo baserri batean sartu eta giro horretan jatea da gozamena. Hori bai, presarik eta sakelako telefonorik gabe. Patxada horregatik gustatzen zait elkarte gastronomikoetako giroa ere. Barre asko egiten da. Elkartean ez dago beste lanik, gozatzeko esertzea baizik. Eta giro hori galtzen ari da. Orain elkarteetan ez da kantatzen. Eta niretzat, taldean giroa jartzeko kantuan edo txiste kontari hasten denak ez du preziorik
Bidaiatzea ere asko gustatzen zait, turismoa egitea. Irakurtzea ere bai.
Ez naiz sekula zinemara joaten. Beti jendearekin joaten naiz toki guztietara, eta ez dakit zinemara ere bakarrik joaten. Zer egin behar dut film erdian aspertzen banaiz? Norbaiti egin behar dizkiot komentarioak...
Bestalde, bakardadearen beharra daukat. Egun osoa zalapartan pasatuta, neure buruarentzat denbora hartu behar dut.
Gustatzen zait okupatuta egotea, eta gauza ezberdinak egitea. Nire lanaren gauzarik onenetakoa da, ez dakidala zer gertatuko den

CURRICULUMA
- Jaio: Irunen, 1952an.
- Kirol esataria.
- Herri Irratian: 1983an hasi zen. 1986tik da kirol saileko burua, programazio buru daramatza hiru urte, eta zuzendaritza taldeko kide da. «La movida deportiva» programa egiten dihardu 17 urtean, eta «El rebote» programa ere bai, 8 urtean.
- Irakaskuntza: Filosofia eta Letrak ikasi zituen Madrilgo La Salle ikastetxean. Bertako irakasle izan zen 1974tik 1982ra. Entrenatzaileen Eskolan ere klaseak eman izan ditu.
- Argitalpenak: Artikulu mordoska idatzi du, besteak beste, «Deia», «Gaur Express», «As» eta «Mundo Deportivo» egunkarietan.

MUJIKAREN IRAKASLEAK
Letren munduan sartu ninduten irakasleek markatu naute, nire bizitzako erabaki denetan. Beste irakasle batzuk izan banitu, agian beste era bateko bizimodua eramango nukeen. Zientziak gorroto ditut.
Umetan, inongo jolasetan ez ninduten euren taldean hartu nahi izaten, gizena izateagatik. Baina ez daukat konplexu eta traumarik txikiena ere. 120 kilo pisatzen baditut, berdin-berdin zait.

BERTSOA
Doinua: Espainian behera

Madrilen estudiante
zuzen eta argi,
gero gustua hartu
irakaskuntzari.
Bidasoaren erruz
kirol kazetari,
orain Gooool! oihukatuz
mikrofonoari;
jokaldirik onena
izan al zen hori?


Azkenak
Ez hil, faborez

HIL FABOREZ FEST
Lekua: Ibaola Harriak, Eskuernaga.
Taldeak: Lukiek, Las Sexpeares, Seggs Tape, GAL, Chuleria Joder!, Aposapo, Bayou la Batre, Borla, Türbot, Malakias MX3

Data: 2025eko ekainaren 14a.

--------------------------------------------------------

[+]


EAEko herritarren %58k mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu du 2024an

EAEko 1,3 milioi biztanlek Europar Batasunak 2030erako ezarri berri dituen mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu zuten 2024an, Ekologistak Martxanek eginiko ikerketaren arabera.


2025-06-25 | Hala Bedi
Gasteizko lorezainek grebarako eskubidea aldarrikatu dute hiriko hainbat iturri berdez tindatuz

ESK eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, lorezainek greba egiteko duten zilegitasuna aldarrikatu nahi izan dute ekintza ikusgarri honen bitartez. PSE eta EAJren gobernu-taldea seinalatu dute erantzule nagusi gisa, "Green Capital markaren atzean hiriaren ikurra zaintzen... [+]


2025-06-25 | Rafael Poch | CTXT
Mendebaldea bere mundu-gerra eskalatzen ari da

Gaza izan zen iragarpena, Ukraina tanteoa, Iran eskalada, baina Errusia eta Txina dira traka eta azken helburua. Europar Batasunak "Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea" baieztatzen jarraitzen du, eta bere lehen potentziaren buruak aitortzen du "Israel lan... [+]


2025-06-25 | Xiberoko Botza
Ikusgarrietako intermitenteek lana mentx düe

Frantziako gobernamentüak ekonomiak egin nahian, leküko kolektibitateer eta eskülder sos pübliko gütigo banatü dü. Horrek ondorioak badütü, ekonomia handiena kültüran egin beita. Intermitenteek nekeziak ezagütze... [+]


Statkraft, Kutxabank eta Azpeitiko Udala

Ia oharkabean pasa da joan zen asteazkenean (2025eko ekainak 18) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia.

Izenburua: Azpeitiko 5. poligonoko 58. lurzatian aldi baterako estazio meteorologiko bat
interes publikokotzat deklaratzeko eskaera (GHI-049/25-J01)
. Hemen... [+]


EAJren hizkuntza eskakizunetarako proposamena “atzerapausoa” dela salatu dute ELAk eta LABek

Euskara eskakizunak zehazteko derrigortasun indizea ezabatzea eta erabakia erakunde bakoitzaren esku uztea proposatu zuen iragan astean EAJk. LABek salatu du derrigortasun indizea kenduz gero, epaileen "borondate euskarafoboak" ezarriko lukeela hizkuntza eskakizunaren... [+]


Arabako Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei arreta murriztu diela salatu du ESK-k

Lanpostuak, emakumeak artatzeko egonaldi ertaineko harrera zerbitzua eta aurrekontua murriztu ditu Aldundiak.


Zenbait lagun zauritu dira Hernaniko San Joan gaueko istiluetan, eta gutxienez pertsona bat atxilotu dute

Xabier Lertxundi alkateak adierazi du istiluak leku eta ordu ezberdinetan gertatu direla, eta haien artean ea loturarik dagoen ikertzen ari dira. Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari 03:30 aldera, eta haiek oldartzean hainbat lagun zauritu dituzte. Segurtasun Sailak... [+]


2025-06-24 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Chen Yun: txoria eta kaiolaren auziak hortxe jarraitzen du

Ekainaren 13an, ezohiko ekitaldi baten lekuko izan zen Pekineko Herriaren Areto Handia: Txinako Alderdi Komunistaren aginte goren osoak (baimenduta leudekeen absentziak salbu; nola jakin horietakoa ote zen He Weidong jeneralarena? Izan ere, ez zen ageri mahai nagusian,... [+]


Bilboko Bira Kulturak eskaintza gutxituko du laguntza publikoen murrizketagatik

Ez dute itxiko, baina orain arte eskaini duten programazioari ezin izango diote eutsi. "Bira txikiago bat" izango dela zabaldu dute sare sozialetan.


Nola debekatu sare sozialak erabiltzea 16 urtez azpikoei? Australiako Gobernuak badu formula

Legez, 16 urte bete arte ezingo dituzte sare sozialak erabili Australian, urte bukaera honetatik aurrera. Baina nola gauzatzen da hori praktikan? Gobernuaren azterketa batek ondorioztatu du teknikoki bideragarria dela, eta aurrekaria jarri du bide bera hartu nahi duten... [+]


Israeli boikota musika jaialdietan ere

El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]


NATOtik ukatu egin dute Sánchezek iragarritako gastu militarraren salbuespena

Mark Rutte NATOko Idazkari Orokorrak ukatu egin du “baztertze klausula” onartu zaionik Espainiako Estatuari. Kalkuluen arabera, BPGren %3,5a gastu militarretara bideratu beharko du gobernuak, NATOk eskatzen dituen kompromisoak betetzeko.


Trumpek Israel eta Iran arteko su-etena iragarri du eta ordu gutxira zalantzan dago jada

Iranek AEBen Qatarreko base militarrari eraso egin ostean eman du ustezko akordioaren berri Etxe Zuriko maizterrak, Truth Social sare sozialean. Ostean, Israelgo Gobernuak adierazi du Trumpen proposamena onartu duela, eta berdina egin du Irango Segurtasun Nazionaleko... [+]


Eguneraketa berriak daude