KOMUNIKAZIOA ETA ARTEA, BIAK BAT


2003ko otsailaren 09an

Izenez ezagunak ez izan arren, ziurrenik guztiok izan dugu inoiz flyer bat esku artean. Flyerra publizitatea egiteko bide bat da. Jatorri ingeleseko hitza da, eta hegalari esan nahi du. Hegalari zergatik? Antzina publizitatea egin asmoz, airetik banatzen zelako.

Flyerra, beraz, publizitatea egiteko euskarri bat da. Berria ez baina berreskuratua, kalitatezkoa eta era berean zaindua. Eskuorri formatua izan ohi du eta edozein gertakari mota iragartzeko erabiltzen da. Oro har komunikatzeko eta iragartzeko funtzioa badute ere, euskarrietan erabiltzen diren irudi, kolore, forma eta orokorrean diseinuek izaten dute garrantzirik handiena. Hasiera-hasieratik, irudia izan baita flyerrek transmisiorako erabili duten bide nagusia.
Historian atzera eginda, II. Mundu Gerran aurki daiteke egun ezagutzen ditugun flyerren sorrera. Ekitaldi eta erabaki politikoen berri eman asmoz, hegazkinetatik botatzen ziren propaganda politikoa ziren. Flyer hitzak hegalari esan nahi badu ere, Ingalaterran 70eko hamarkada inguruan, klub kulturaren eraginez gonbidapen zentzua hartu zuen. Hura izan zen flyerren garairik oparoena. Turismoaren gorakada, Ibiza moduko irletan ematen hasi ziren eskaintza berriak: diskoteka berrien sorrera, kaleko festa alternatiboak... testuinguru horretan gertatu zen flyerren gorakada.
Diskoteka eta festa giro horretan, orduko artista gazteek grafismo minimalista bat sortzeari ekin zioten, garai hartan agertu berri zen fotokopiagailuari esker. Logotipo eta argazki erakargarriez osaturiko konposizioak egiten hasi ziren, eta testu informatiboa bigarren maila batean geratzen zen. Jendea ez baitzegoen ohituta, flyerra bezalako euskarri txiki batean izugarrizko informazio pila ikustera. Irudi eta argazkien jokoan, guztiak balio zuen. Eta testuingurutik ateratako irudiez osatutako gonbidapenek, jendea erakartzea lortu zuten.


PUBLIZITATEA EGITEKO MODU BERRIA.


Egun egiten diren flyerrek ere gonbidapen edota emanaldi zehatz bat ezagutzera emateko funtzioa betetzen dute. Testuinguruak ahalbidetuta-edo, flyerrek, Bartzelona, Paris, Londres eta Ibiza bezalako hirietan izugarrizko garapena eta eragina lortu dute. Euskal Herrian ordea, flyerrak giro eta kultura jakin bati loturik ezagutzen dira. Tartean-tartean, baina, adibide ederrak ikusteko aukera izaten da.
Espainiako Estatuan bereziki flyerrak egiteko enpresa jakinak dauden bitartean, Euskal Herrian oso bestelakoa da egoera. Publizitate agentzia, inprimategi, egunkari edota aldizkarietan lanean dabiltzan diseinugileak izan ohi dira gure artean flyer egileak. Flyerrak ordea, lanpostuetatik kanpo, euren etxeetan egiten dituzte. Hori dela eta, diseinugile hauek formatu honen bidez izaten dute aske sentitzeko aukera. Esperimentuak egiteko aukera, eta sarritan lanpostuetan inposatzen dizkieten agindu eta arau zurrunak hausteko aukera.
Euskal Herrian, baina, izan zen publizitatea egiteko antzinako metodo hura berpizten saiatu zen enpresa bat. Duela lau bat urte Flying Company izeneko enpresa sortu zuten Portugaleten. Bi urte eta erdiz lanean aritu ostean, Euskal Herrian hain espezializatuta zegoen enpresa batentzat lekurik ez zegoela ikusita, bertako partaideek beste proiektu eta helburu profesional batzuei ekin zieten. Jende gaztea izanik, batzuek formazio bide berrietara jo zuten, beste batzuk ordea, publizitate agentzietan dabiltza lanean. Eider Corral algortarra, Flying Company proiektuan aritutakoa, publizitate agentzia batetan dabil lanean; flyerrak egiteko beta ere izaten du, ordea. Honen ustez, "eguneroko publizitatean ikusten ditugun konposizio eta ideietatik aldendu eta espresio modu desberdinak bilatzen dituzten euskarriak dira flyerrak". Egun, arte eta kultur ekintzen inguruko informazioa zabaltzeko erabiltzen dira, batez ere. "Hastapenean musika elektronikoari lotuta sortu baziren ere, muga horiek gainditu eta publizitatea egiteko modu 'berria' bilakatu dira: arropa dendak, ile-apaindegiak, tabernak eta oro har, gaur egun hiri handietako kulturan sortu diren interes eta adierazpen moduen erakusle eta bermatzaile bihurtu dira", gaineratu du Corralek.
Flyerren kontua Euskal Herrian beranduxeago hasi bazen ere, diseinugile ugari dabil aspalditik diseinatzeko modu berri eta ezberdinetan sakontzen. Flyer egileak, beraz, uste baino gehiago dira, baina bakoitza bere bakartasunean aritzen denez, euren irudia oso ezezaguna izan ohi da.
"Flyerrak egiteko estudio txiki batzuk ere badaude. Hauetan, sormenari balio gehiago ematen zaiola esan daiteke, baina, hala ere, diseinugilea ez da artista oso bat, beti nagusi batentzako lan egin beharko duelako. Hemen batez ere, lagunartean egiten dira flyer gehienak. Euskal Herrian oso gutxi dira flyer moduko publizitatearengatik dirua ordaintzeko prest dauden klub edo diskotekak. Dena den, lan hauengatik diru gehiegi ez irabazi arren, sarritan beharrezkoa izaten dugu gure ideiei bidea emateko modua aurkitzea, horrek lanetik kanpo ordu mordoa sartzea badakarkigu ere", azaldu du Corralek.
Euskal Herrian, beste leku gehientsuetan bezalaxe, flyerrak kultura zehatz baten erakusle izan dira; kultura horren ideia eta bizimoduen isla. Muga horien barruan, flyerrek gure artean garapen txikiagoa izan dute, Euskal Herriko hirietako beharrizan eta azpiegiturak ezin daitezkeelako Bartzelona, Londres edo Paris bezalakoekin alderatu.
Flyerren ezaugarriei dagokienez, askatasun handiko euskarritzat daukate egileek. "Diseinuaren munduan askotan modari gehiegi jarraitzeko arriskua egon da baina, orokorrean, diseinugile gazte askok sormena garatzeko euskarri ezin hobea izan dugu, askatasun handia izaten baita flyer bat diseinatzerako orduan", azpimarratu du Corralek.


HIRI HANDIETAKO BEHARRAK ASETZEKO.


Hernaniko Kardaberaz kalean dagoen Andrekale 35 dendan diseinua, serigrafia, konposizioa... egiten dituz. Euren eguneroko jarduna horretara mugatzen ez bada ere, flyerrak ere egiten dituzte. Bertako langileen esanetan, "Egun egiten diren flyerren kontsumitzaileak mota guztietako publizitatea jasotzera ohituta daude. Beraz, flyer egileen erronka, jendearentzat euskarri erakargarri bat osatzea da. Erakargarritasuna lortu nahi horretan, testuko informazioak ez du garrantzirik, bigarren maila batean geratzen baita".
Flyerrak oro har, hiri handietako beharrak asetzeko sortu ziren. Esaterako, Bartzelona moduko hiri batean aste egun nahiz asteburuetan dauden emanaldiak ezagutzera eman nahi badira behintzat, ezinbestekoa da publizitatea egitea. Milioika biztanle dituen hiri batean ezinezkoa baita ahoz ahoko transmisioa.
Euskal Herrian, aldiz, hiriak askoz ere txikiagoak dira eta emanaldi eskaintza ere murritzagoa da. Horregatik flyerrek, beharrizanak eraginda baino gehiago, herentziak eraginda izan dute jaiotza eta garapena Euskal Herrian. «Hiri handietan flyerrek irudi bat sortu eta horren bitartez bereizketa bat lortzen dute, beste festa, klub edo tabernenganako bereizketa. Baina guztiaren atzean komunikazio behar bat dago. Euskal Herrian behar hori badagoen arren, beste bitarteko batzuen bidez osatzen da: egunkarietako agenda, argitalpen bereziak, ahoz aho...", adierazi du Corralek.
Publizitatea egiteko modu berria bada ere, egileen esanetan, geroz eta jende gehiagok daki flyer bat zer den. "Baina noski, kultura zehatz bat bizi dutenek askoz ere sakonago ezagutzen dituzte", Eider Corralen ustez. Izan ere, egun edozein musika mota izanda ere, emanaldiak iragartzeko ezinbesteko euskarri bilakatu dira Andrekale 35eko lagunen iritziz.
Orain arte flyerrak gizartearen gutxiengo batek sortu eta kontsumitzen bazituen ere, egoera ari da aldatzen. Hedabide eta enpresa erraldoiak flyerren estetika erabiltzen hasiak dira, publiko gazteari zuzenduriko produktuetan batez ere.
Flyerrak publizitatea egiteko euskarri izanik, euren eragina nahiz errentagarritasuna neurtzea ez da batere erraza izaten. "Flyerrek negozio bati balore batzuk ematen dizkiote, irudi bat garatzen dute eta hori denboran zehar landu behar denez, emaitzak epe luzera ikusten dira. Taberna askok hilabete batetako programazioa antolatu, flyerrak egin eta segituan ikusi nahi dituzte emaitzak. Hori ordea, oso gutxitan gertatzen da. Nire ustez, Euskal Herrian komunikazio modu honetara hurbildu diren ostalariek oso pazientzia gutxi izan dute", azpimarratu du Corralek.

MODAK.

Egun egiten diren flyerren ezaugarriak definitzerakoan, «formatua guztiz komertziala» dela adierazi dute Andrekale 35eko lagunek. Izan ere, flyerraren bizitza oso laburra da; egun edo ordu gutxi batzuk baino ez ditu irauten, eta oso azkar kontsumitzen den produktua da.
Flyer egileen ustetan, flyerrak diseinatzeko orduan, modak beti ere eragin handia izan du. Baina modaz gain, iragartzen den emanaldia ere baldintza bilakatzen da, flyer bat egiteko euskarri eta iturri grafikoak aukeratzerako garaian.
Urteetan zehar itxura ‘retroa’ edo oso robotikoa erabili izan da. Elementu urritasuna eta garbitasuna ere oso modan egon da. Egun konposizio beteagoak osatzeko joera dagoela dio Eider Corralek: «Sarritan, estilo eta irudi zahar nahiz berriak nahastu izan dira flyerretan. Horrek ez du esan nahi garbitasuna modan zegoenean izaera barrokoagoa zeukaten flyerrak egiten ez zirenik, eta alderantziz. Diseinugile bakoitzaren estilo pertsonalak eragin handia izaten du flyerretan, eta hori modaz haratagoko kontua da"

Blami
Euskal Herriko flyer egile gehienak ezezagunak edota anonimoak izan ohi dira. Badira ordea, guztien artetik bereizten diren ale batzuk. Horien artean Blami margolari lasartearra dugu. Euskal Herriko hainbat tabernetako flyerren egilea izateaz gain, Bartzelonako flyer egile garrantzitsuenekin lan ugari egin baitu


ASTEKARIA
2003ko otsailaren 09a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude