LENDOIRO


2003ko urtarrilaren 19an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
PPren ondasuna Galizan. Bertako diputatua izateak bere nia asetzen ez zuenez nonbait, futbol espektakuloari jo zion begiz. Eta beste askok bezala, berarentzat baloia aza eta zelaian lekurik ez, baloilarien salerosketan ikusi zuen bere pagotxa. Riazoreko palkoa estrado, Brasilen aurkitutako artistak ekarriz eman zion hasiera egungo jardun espekulatzaileari. A Coruñako Deportivoa gora, Lendoiro gorago. Espainia eta Europa lekuko. «Prestige»ren beltzak estalitako Galizako kosta, solidaritatearen itsasoa den honetan jokatu da bi galizar futbol taldeen arteko derbya. Telebista autonomikoek zuzenean erakusteko aukeratutako partida genuen. Hainbat futbol zelaietan "nunca mais" pankartak ikusi ditugun garaiotan, Riazoren deus ez. Lendoiro aski izan da, Vigoko celtiñak eta A Coruñako zaleen asmoak desaktibatzeko. Ez da inongo protestarik ezagutu ez Vigon ez A Coruñan, eta futbola hain azkarra den prentsan, isiltasuna nagusi. Bitartean, kaioak bailiren, pieza bateko jantzi zuriz galizartutako boluntarioak hatzaparka ikus zitezkeen lanean bertan. Honetaz ari ginela, lagun batek irakatsi zidan Castelao handiaren esana: gailegoa ez da oldartzen, emigratu egiten du


Azkenak
Eguneraketa berriak daude