IMANOL URBIETA


2002ko azaroaren 17an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Esker ona azaltzen ez da erraza. Guretzat behintzat ez. Ez dakit geu garen lotsatiak esker on hori azaltzea dagokigularik edo esker ona jasotzea dagokiona den lotsatzen dena unea iristean. Bat dela bestea dela, gure herrian lan eskerga asko geratzen da merezi bezala eskertu gabe. Izaera kontua izango da seguraski. Gurea baino beheraxeagoko latitudeetan ezer handirik egin ez duenari ere losintxaz igurzten zaio belarria ordainetan hark berak losintxatzaileari balakuak eskein diezazkion.

Gu, lotsatu egiten gaitu omenaldia eskeintzeak. Eta omenduaren tokian egoteak are gehiago.
Horregatik, ez dakit nola izendatu datorren hilean Imanol Urbietari egin behar dioguna. Datu hotzak honakoak dira: Durangorako Azokarako bere lanen bilduma bat prestatu dugu bere biografia xume batekin uztarturik. Musika eta hitza. Eta abenduaren 12an Kursaalean elkartuko gara bere lagun mordoa bere abestiak kantatzera. Hunkigarria izango dela ziur nago, maitasunez prestatzen ari garen ekitaldia da eta. Bitxia ere izan daiteke ordea: Imanolen abestiak askotarikoak dira eta bere adiskideak ere bai. Eta adiskide horietako batzuk beste kanta moeta bati ekiten gaude ohituak...
Imanolekin igutzia izan dugunak ere arlo askotakoak gara. Bere ikasle izandakoak ikastolan, Musika-eskolan berekin ibiliak, Maisutza Eskolako irakaskide eta ikasleak, Xirula Mirulako ume eta gurasoak, herriko orkestrina, koro eta abesbatzatakoak, Euskal Herri zabaleko maisu-maistrak... Luzea eta zabala da Imanolen itzala. Hamelingo txirularia bailitzan, beti asmatu du, haurrak batik bat, bere atzetik eramaten. Haur izandako heldu asko gara ordea, -ume askoak gehienak- gaur egun esker ona azaldu nahi geniokeenak.
Mundua bestelako begiz ikusten ikasteko parada izan dugu Imanolen inguruan ibili izan garenok. Kantuz hezi izan gara. Kantuz ikasi izan dugu. Ikasiz bizi eta biziz ikasi. Sormena bizijarreratzat hartzeko bidean Imanolek jarri gintuen. Irudimenaren babespean ingurua goxoagoa dela ere berak irakatsi digu. Ez digu sekula kantatzen edo solfeo edo musika-tresna jakin bat jotzen irakatsi nahi izan. Horretarako maisu-maistrak badira. Imanolenak zerikusi handiagoa izan du orotariko ikasketa prozesuarekin. Berak tresnak eman izan dizkigu eta tresna horietaz baliatzeak zenbaterainoko xarma izan dezakeen azaldu. Hortik aurrerakoa haurraren eskuetan utzi izan du.
Ibilbide luze bati oniritzia eman eta gizon berezi bati omenaldia eskeini. Horiexek dira gure asmoak. Eta irakaslearen ikasle leial, dena ongi irtengo dela amestu dugu. Eta datozen urteetarako planak egiten hasi gara. Eta... berak zertan ari garen jakiten duenean txiki txiki egingo gaitu! Txiki txiki, txikiak!


Azkenak
Eguneraketa berriak daude