ZERTAN ARI GARA?


2002ko azaroaren 03an
Lehengo batean «Gara» irakurtzen ari nintzela honako izenburu honek zer pentsatua eman zidan "euskal musikan inoiz baino hobeto gabiltza baina publikoa falta zaigu". Hala zion Xabier Montoia idazle eta musikariak.

Irakurri orduko gogoratu zitzaidan, uste dut, Zegamako bertso saio batean gertatua. Lau bertsolari izan behar zuten eta haien artean Uztapide eta Lazkao Txiki. Bertsotan ari zirela, Uztapidek botatako bertso bati entzuleek ez omen zioten batere txalorik jo eta, orduan, Lazkao Txikik:
- Bertso ederra huen bada hori. Lastima, jendeak ez dik ulertu!
Eta Uztapidek erantzun omen zion:
- Kaka orduan!
Alegia, jendeak ulertzeko modukoa ez dena ezin dela bertso ederra izan edo, munduko ederrena bada ere, ez duela ezertarako balio. Izan ere, bertsolariaren helburua, bertsoaren bidez entzuleekin komunikatzea da eta ez berak bertsotan gozatzea bakarrik.

Ez daukat inorekin sestran hasteko intentziorik, eta gutxiago, nik oso gutxi menperatzen dudan gaian. Horregatik, lehenik, eskerrak ematen dizkiot Xabierri aspaldian buruan nituen ideiak, artikulu honen bidez, plazaratzeko aitzakia eman didalako.

Eta lehengo hariari tiraka: zertarako hobeto ibili edo asko produzitu edo... publikoa falta bazaigu? Zeinentzat ari gara, zergatik, zer dela eta? Ez dago publikorik ala beste batzuk limurtzen dute? Zer egin behar genuke gureganatzeko?
Kultura musikala erlatiboa dela diozu eta erabat ados nago. Neu naiz horren lekuko, badakit, ordea, zer musika dudan atsegin eta orduak, egunak, asteak ematen ditut burua raiatutako diskoa dirudiela, sortu berria den euskal abestia behin eta berriz errepikatzen. Baina, gauza honek harritu nau aurten, gure alabaren edadeko gaztetxo gehienek (ikaragarrik 12-14 urterekin) zergatik irensten dute hain erraz Bisbal, Chenoa eta konpainiaren musika eta gurea ez dute gozatzen? Ez da posible, ezin liteke... esango luke gure Ruperrek.
Euskal bilera jendetsuenetan musika festa arrakastatsuak ikusten ohiturik nago. Behar bada nire ezjakintasunagatik edo, kalko gehiegi entzun/ikusten dudala nago. Mota bereko edo antzeko musikatik asko eta beste estilo batzuetakoak falta. Ezin ote da kultura musikal zabalagoa bideratu? Baita produkzioan ere?
Ni ez nago kanpoko kultura irenstearen kontra, ez horixe, aberats gaitezen mundukoaz eta aberats ditzagun gureaz besteak. Hala ere, eta zenbait produkzioren kontra ez ote nukeen egon beharko zalantza dudan arren, maxkal, axal, mehe... egindakotik ere ikaskizunak atera daitezke. Zer egin dute gure gaztetxoen burmuinetara hain erraz iristeko Bisbal eta Ciak? Zergatik hartu ahal izan dute hainbeste leku, publizitateagatik, azalkeriengatik, estiloagatik?
Nik dakidana da, espazio bat aurkitu dutela eta ederki dabiltzala igerian. Guk nahi ez dugun espazioa dela hori? Bale, eta ezin ahal zen beste era batera, beste maila batean, beste ekarpen onuragarri eta geureagoekin bete? Kultura hori ezin ote da/dugu bideratu?
Uste dut transmisioaz ahaztu garela eta, garela diot. Kantatzeko ohitura, lehen hainbeste omen zena gure herri honetan, hoztu da. Kantu afariak noizbehinka egiten dira eta oso haurrak edo helduak sumatzen ditut partaideen artean. Gazteak hor zai! berriro ere.
- Etor hadi neska/mutil, ondo pasako dinagu/diagu!
- Baita zera ere, ni horra, hi ez hago burutik sano!
Edozein erdaretan eta euskaraz kantatzeko ere inolako erreparorik ez dutenek, ez hori bakarrik, kantuan gozatzen duten gazteek oso gutxi baliatzen dituzte aukera hauek. Ez dugu formatuan asmatzen, nonbait!
Kultura zentralizatzaileak garaitu (ko) gaitu joera berriak, joera ausartak geureganatzen hasten ez bagara. Kultura gutxituok geure eremua sortu, lortu eta zaindu behar dugu. Garbi izanaz gainera, gure kasuan, inguru hurbileko beste kulturek baino askoz ere lan gehiago egin beharko dugula, batik bat, zaintzeko, sortzaile faltan gabiltzanik ez baitut sinetsi nahi


ASTEKARIA
2002ko azaroaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude