Batek daki Egia, maiuskulaz idazten den hori, non eta zertan ote dagoen. Erlijioa ulertzeko modu extu, zikiratzaileak utzi gintuen transzendentziarako umezurtz. Etengabe beharrizan berriak sortzen dituen bizimoduak zurrupatzen digu denbora ezezik burmuina, izatearen perspektiba edukitzearen bitsetan galtzeraino. Sikologia telebista saio milioidunak manejatzeko tresna bihurtu den honetan, Ameriketatik datorren azken moda filosofo aholkularia, edo aholkulari filosofoa, alboan edukitzea omen da. Horregatik, norbaitek bere egia, argiro, gordin, tranparik gabe plazaratzen duenean, astintzen gaitu besteok eta jartzen nor bere egiari so, hizki larriz idazten denaren arrastoan.
Joxe Aranzabalek "medikuak esan dit minbizia dudala" zabaldu du internetez, eta aitorpen horrekin eragin du harri koskorrak uretan bezalako onda konzentriko geroz eta zabalagoa, eta sareko pantaila isilek biderkatu dute oihartzuna harrizko hormatzarrak bailiran. Izkutuan gorde zezakeen Aranzabalek medikuaren diagnostikoa, baina minbiziaren tabuari adarretatik heldu eta dagoeneko irabazi dio lehen bataila. Ba omen zuen kezka, exhibizionistatzat hartu ote zezakeen jendeak bere erabakia. Sustatu.com-eko tertuliakideen lehen erantzun uholdeak kendu dio beldurra eta kronikarekin segitzeko indarra eman.
Tabuak hauste horretan, dena den, bere ausardiari garrantzia kenduz bezala, beste kasu bat dut gogoan, Jon Salaberrirena; HIESa, hura bai tabua, artean mamu izendaezintzat genuen garaian, bere burua kutsatutzat aitortu eta azaldu zuen herrikidearena, arrasatearra hura ere. Salaberri izan zen, egia da, HIESaren inguru honetako lehen aurpegia.
"Minbiziak biluztu egiten zaitu" dio Aranzabalek, "biluztu kanpotik eta barrutik", paralelismoa eginez ilea galtzearen eta aurreiritziak eranztearen artean. Eta kimioak gaitza ezabatzen dion bezala, "barne garbiketa" bat sentitzen du bere baitan. Zaborrak eta lastoak alde batera utzi eta sakonera, sustraira, benetan axola duen hartara zuzen zuzenean zaramatzan barne garbiketa.
"Ikusiko dok -esaten dio sustatu.com-etik antzeko esperientziatik pasatako batek- zelan aldatzen diren gauzen eta parajeen koloreak ederraren aldera (hasi haiz, ez dok?), zaratak musikaren menera, gogoetak zelan agertzen diren sekula baino argiago, sekula baino gozoago". Eta bai, aitortzen du Joxek ospitaletik irten eta etxera zihoala, "egun eguzkitsua, zoragarria, Udalatx eta Anboto ikusi aurrez aurre eta..." ahotsaren dardarak adierazten du, esaldia ez bukatu arren, zeinen eder agertu zitzaizkion bere eguneroko paisajean nagusitzen diren bi mendiak.
Joxe Aranzabal sustatu.com-en bidez kronikak bidaltzen segitzekotan dago, ondo frogatu eta gero hain hotza dirudien interneti jendeak jartzen diola arima, eta "zirrara zabaldu eta jasotzeko" balio duela. Puntakoa beti herri hedabideen garapenean, bizitza osoa komunikazioaren munduan, Aranzabal kazetaritzaren muinera iritsi da oraingoan, madarikatzeko motiboak horrenbestetan ematen dituen ofizioari duintasun oinarrizko eta benetakoa itzuliz