EMAKUMEA LARRUGORRITAN


2002ko urriaren 27an

Hiru emakume taula gainean. Baliteke bakarra izatea? "Nahiago ditut titi txikiak handiak baino. Askoz ere erosoagoak dira, batez ere kirola egiteko", dio batak, bere gorputza ferekatuz. Berehala, ordea, ustez aldatzen du: "Titi handiagoak izan nahi nituzke. Hain dira femeninoak... Titi handiak izango banitu beti sujetadoretik irten beharrean eramango nituzke". "Dudan indarra sentitzea gogoko dut", dio besteak, hirugarrenak denborak aurrera egin ahala itxurak gero eta gutxiago arduratzen duela aitortzen duen bitartean. Euren barneko mundu txikiez mintzo diren emakumeak dira hiruak. Mundu handi hori osatzen duten mundu txiki horiez mintzo direnak.

Hiru emakume eta hamaika desio, hamaika gorroto, hamaika beldur. Horixe da Donostiako Agerre Teatroaren azken ikuskizunak proposatzen duena, emakumeak gori-gori erakustea, biluzik. Horretarako Legaleon T antzerki taldeak 1995ean eszenaratutako testua hautatu du, taldeko Edurne Rodriguezek idatzi eta zuzendu zuena, hain zuzen ere. Gaixotasun baten ondorioz hil zen Edurne Rodriguez, baina bere testuak bizi-bizirik dirau.
Bere garaian Legaleonen muntaia ikusteko aukerarik izan ez bazuen ere, Agerre taldeko zuzendari Maite Agirrek aspalditik zuen testua lantzeko gogoa: "Behin liburutegi batean topatu, irakurtzen hasi, eta berehala maitemindu nintzen. Testuak guztiz erakarri ninduen". Agerrekoek muntaia egitea erabakita, Legaleonen antzezlana bideoan ikustea erabaki zuten, idazleak berak zuzendutako lana izaki, honen asmoak hobeto ezagutu ahal izango zituztelakoan: "Edurnek testua nola ulertzen zuen jakiteko pista handia izan da".

Egunerokoaren lirikotasuna.

Edurne Rodriguezen testuak emakumeen eguneroko gatazkak azaltzeko mundu poetiko batera egiten du jauzi. Testua nahiko lirikoa den arren zuzendariaren ustez horixe da antzezlanaren bertuteetako bat: "Oso hizkuntza berria erabiltzen du, dramaturgia modernoa dauka. Hasieran poetikoa dela iruditu arren, taula gainean jende arrunta erakusten du" . Ikuskizuna muntatzerako garaian hori izan da taldearen xedeetako bat: "Ikusleak taula gainean emakumeak ikustea, eta ez aktoreak".
Elementu bakan batzuekin hornitutako eszenategia betetzeko ardura Tania de la Cruz, Kris Eizmendi eta Julia Hernandezek hartu dute. Hiru aktoreek ez zuten lehendik elkar ezagutzen eta, beraz, lan handia egin behar izan zuten lehen entsegu egunetan: "Hasieran testuarekin berarekin ere nahikoa arraro sentitzen ginen. Gero, ordea, pertsonaiak ezagutuz joan gara, eta bide batez, gu geu ere bai", dio Julia Hernandezek.
Aktoreek sentimenduekin akrobaziak egin behar dituzte ikuskizun honetan. Errealitatean bezalaxe, taula gainean gorpuzten dituzten emakumeak ere algaratik malkoetara igarotzeko gai dira istant batean, ia zentzurik gabe. Oraindik ere nahiko hotz nabari dira aktoreak oholtza gainean, testua edo beste kanpoko elementuak pertsonaiak baino nabarmenago ageri baitira oraindik ere.

Urak dakarrena...

«Emakumeak gori-gori» antzezlanean hainbat elementuk berebiziko garrantzia du. Kolore gorriak, esaterako, ikuskizun guztia bustitzen du hasieratik bukaeraraino. Pertsonaiak kolore laranjaz jantzita agertzen dira hasieran eta gorri bizi batekin amaitu. Kolorearen erabilpen hau Edurne Rodriguezi omenaldi gisako bat egitearren erabili dutela aitortzen du ikuskizunaren zuzendariak, hark hala irudikatu baitzuen muntaia. Dena den, gorritasuna pertsonaien baitan azaldu nahi izan dute Agerrekoek: "Hezur-haragizkoak garela esatea, hemen gaudela aldarrikatzea".
Urak ere berebiziko garrantzia du Agerreren azken ekoizpenean. Izan ere, sinbolo gisa oso ondo egokitzen zitzaion taldeak adierazi nahi zuenari: "Niretzat bizitza horixe da, ibai bat bezalakoa", dio Maite Agirrek, "etengabe aurrera doan zerbait". Julia Hernandezek gorpuzten duen pertsonaiak ere oso garbi du ideia hori: "Ez da kezkatzen gaur dituen arazoengatik, pasako direla pentsatzen baitu".
Agerre Teatroak aurkeztutako hiru pertsonaiek emakumeen gogoetez zipriztintzeko aukera eskaintzen diote aldarri hori entzun nahi duenari. Isilune hori entzun nahi duenari

Ezinegonaren bila
Edurne Rodriguez Muro Donostian jaio zen 1964. urtean, nahiz eta Irunen hezi eta hazi zen. Legaleon T taldearekin izan zuen bere idazkiak eszenaratzeko beta, gaixotasun luze batek bizitza eten zion arte. "Pentsatzeak min ematen dit. Jaio nintzenetik susmo bat izan dut. Gertatuko zaidan gauza arraro bat. Heriotza ote?", idatzi zuen Edurnek «Mujeres al rojo vivo» lanean, egokitu zitzaion patua sumatu izan balu bezala.

Genevako Serge Martin antzerki eskolan hiru urtez ikasi ostean, Irungo antzerki taldean topatu zuen behar zuena: "Ikuskizunak ezinegona transmititu behar du eta Legaleonen ezinegona konstante bat da". Idatzi zituen antzerki testuen artean da «Merilú, historia de la muñeca hinchable», Legaleonek 1995ean taularatu zuena

«Kultura ez badugu mimatzen, ez goaz inora»
Dagoll Dagom antzerki talde kataluniarrarekin hasi zen Maite Agirreren ibilbide profesionala, duela ia hogeita hamar urte. Italian Domus de Janas taldean lanean aritu ostean, Euskal Herrira itzuli zen, 1986an Agerre Teatroa sortuz. Besteak beste, «Zergatik panpox?», «Molly Bloom» eta «Txerrikeriak» ikuskizunak ekoitzi ditu taldeak. Zarauztar honek hainbat antzezlan ere idatzi du, «María, hiru aldiz amapola» eta «Bilbao», esaterako. Hil honetan Arriola Antzerki Saria jaso du gremioko beste emakume batzuekin batera.

Egungo antzerki enpresetan zein da emakumeen egoera?
Ekoizpen etxeetan emakumeak lan eta lan dabiltza. Enpresari gisa emakumea oso ondo moldatzen dela uste dut, nahiz eta oso lan gogorra izan. Antzerki talde askotan arduraduna, taldea aurrera eramaten duena, emakumezkoa da.

Idazle gisa zer eskatzen diozu antzerki testu bati?
Ikuskizun batek zentzuzkoa izateaz gain, bihotzetik irtendakoa izan behar du. Antzerki idazleok batez ere horren bila gabiltzala uste dut. Aurkitzen dugun edo ez beste kontu bat da. Gainontzeko elementuak osagarriak dira.

Korronte berritzaileentzat ba al da lekurik?
Nik uste dut Euskal Herrian oso maila ona dagoela antzerkiari dagokionean. Pauso garrantzitsuak eman dira. Taldeak gauza berriak probatzen ari dira, hizkuntza berriak bilatzen... Dena den, esan beharra dago, antzerkia profesionalizatu den heinean, erakunde publikoen lanak oraindik amateurra izaten jarraitzen duela.

Ekoizle gisa nola ikusten duzu antzerkiaren etorkizuna?
Enpresa gisa antzerki taldeek dirua eta energia inbertitzen jarraituko dute. Gauza da lan honetan irauteko bokazio handia behar dela, eta beraz, bertan gabiltzanok, nahiz eta asko kexatu, beti egongo gara prest antzerkia egitearren edozein prezio ordaintzeko. Eta prezio hori ordaintzen ari gara dagoeneko. Era berean, gizarte mailan, mentalitatea irekitzea, zabaltzea eta aberastea ezinbestekoa dela iruditzen zait, kulturak etekinik ematen ez duela pentsatzeari utziz. Kultura ez badugu mimatzen, ez goaz inora


Azkenak
Irantzu Fernandez eta Belen Ausejo: "Arlo askotan aurrekaria izan zen Julia Fernandez Zabaleta, nortasun handiko emakumea"

Julia Fernandez Zabaleta emakume aitzindariaren bizitza ezagutzera ematen duen pastorala larunbatean estreinatuko da, San Frantzisko eskolako jolastokian.


2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


Eguneraketa berriak daude