Gernikako gorpua

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Aspaldion da gorpu Gernikako Estatutua. Euskal kimu berriak jaiotzekotan gehienez fetu gisa nahi zituztenen kontra forzepsen bidez sortuta garai batean, hala holako ahalmen auto-hazkorreko eta izaki bizidun baten itxuraz jaio zedila lortu zen. Baina akabo. Hilotz dugu. Gaur, hasiera-hasieratik fetu nahi zutenek baizik ez dute defendatzen Estatutua. Eta orain zer?

Zer egin daiteke, gaur egun, gorpu batekin? Hiru jokamolde izan ditugu gure tankerako gizarteetan. Bat gorpua desagerraraztean datza, errausketa dela medio edo malbak haztera bidaliz lurpean; poesia eta erromantizismorako biziki egokia, bertze munduarekin sinistu ala ez, nolabaiteko biziraupena, betierekotasuna, segurtatzen diogulako desagertutakoari: lau haizetara barreiatzen baditugu errautsak, mundu osora zabaldu nahi ditugu hildakoarekiko gure amodio edo gorroto bizipenak; lurpean ustel dadin ehorzten badugu, lore koloredunek edo sasi zakarrek adieraziko dituzte luzerako gure maitasuna edo herra. Bigarren jokamoldea, zahar-zaharra ere bai, gorpua momia bihurtzean datza: sinesleen irtenbide bat, zendua betiko iraunarazi eta erlijiosoki gurtu nahi dutenena. Hirugarrenak materialistago, praktikoago dirudi: gorpuaren organoak, galdu aurretik, birziklatu gura ditugu hautu honetan, gorputz batek aukera gehiago izan dezan bizitzeko edo bere bizi-kalitatea duintzeko.
HIRU jokabide horietan lerrokatuta ikus ditzakegu Hego Euskal Herriko eskaintza politikoak, Gernikako gorpuaren aurrean. Ezker abertzale ortodoxoak argi eta garbi ikusten du apustua: zendua desagerrarazi nahi du, estatutuarekiko gorrotoa lau haizetara barreiatuz edo sasitzan betikotuz; irtenbide erromantiko eta epikoa, gerra loriatsu batean hildako etsaiak ematen duen aukera ederra, garaileek mundu berri bat aiseago eraikitzeko. Garbi dute, baita ere, PP eta PSOEkoek beraiena: Gernikako gorpua betikotu nahi dute momia gisa, bizitza berria sortzeko antzu eta agorra, idolo baten aurrean bezala sinesleak debotki makurrarazi eta belauniko mantentzearren baliagarria. Hirugarrenik, ezker abertzale heterodoxoak, abertzale progresistek eta bertze ezkertiarrek osaturiko indar politikoen multzoa dugu, Gernikako gorpuaren zenbait organo probestu nahi lituzketena bertze autonomia bizidun sorrarazteko, dela subiranotasun bidean, dela federalismoarenean abian jartzearren. Baina zeren alde dago indar politikorik ahaltsuena, aukera batera edo bertzera jotzeko gakoa, EAJ alegia? Badirudi hirugarrenaren alde egin nahi duela apustua, Ibarretxeren azkeneko eskaintza ikusita.
ARAZOA da EAJk, ez bakarrik, ezta hirugarren multzokoekin batera ere, ezin duela gorpuaren organoak transplantatzeko kirofanoa eraiki. Momiaren aldekoek erraz izanen dute haren suntsipena altxatzen hasi bezain laster, errausketaren aldekoek gorputegiari su eta gar erasoka ibili artean. Azkeneko hauek, aldiz, eraso egin eta ebakuntza-gela eraikitzen ez uzteko bai, baina gorpua errauts bihurtzeko ahalmena ez dute. Fida izaten dira, agian, gorpua ustelduko dela bitartean eta loreak, mundu koloretsu alai berria berez sortuko dela ondorioz. Baina EAJk ez du horrekin sinetsi. Eta inondik ere ez dago prest gorpua inolako probetxu gabe desagertzen uzteko. Kirofanoa eraiki ezinean, ahal duenari, den gutxienari ere, eutsi nahiago dio: momiari alegia.
Kontsolatze aldera, gauzak horrela egonda eta ETAren itsukeria bortitza tartean, erromantikoen heroitasuna, momia-zaleen maltzurkeria, puertorricoarren-edo zuhurtasuna eta bertzeen ezintasuna direla kausa, euskaldunon lorpena, abagune honetan, historikoa izan daiteke: Gernikako gorpua Historiatik atera eta momia eternal bihur daiteke, honen kultu antzua PPk eta PSOEk, zuzen-zuzen -Nafarroan bezala- edo EAJ aldare-lagun, kudeatuta


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Barraskilo bat Amanita Muscaria baten gainean
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren udazkeneko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Izara formatu berritzailean, landareak lantzeko jakintza praktikoa, lurraren eta bizidunen osasunarekin lotutako gaiak eta poster eder bat deskubrituko dituzu urtaro bakoitzean. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!