«Aurrelariena janari azkarra da, atezainena gourmet sukal daritza»


Badirudi futbolean nabarmentzeko postua aurrelariarena dela. Ez al dizute «pitxitxi»ek inbidiarik ematen?

Ez. Txikitatik hasi nintzen atezain jolasten, eta gainera Iribar zen nire idolorik handiena.
Baina 13-14 urterekin, denboraldi oso bat pasatu nuen eskubaloia jokatzen, futbola erabat utzita. Egia esan, beti gustatu izan zait eskubaloiko partidak ikustea, eta jolasa bera ere bai. Nahiko ona nintzen gainera. Arrasateko taldeak jokatzeko eskatu zidan, baina ez nuen bide hartatik segi. Pauso hura eman izan banu ez dakit zer gertatuko zen nire ibilbidearekin... Garai hura "krisi" garaia izan zen. Futbolerako ere eskubaloiko esperientzia hura mesedetan izango zela uste dut, azkenean jokoaren mementoak antzekoak dira eta gainera eskuak erabili behar dira. Zer edo zer ikasiko nuen...
Futbolera itzuli, eta eskolan aurrelari moduan hasi nintzen. Baina hura ere nerabezaroko «aldaketa psikologiko» garaia edo auskalo zer izango zen! Hurrengo urterako atezain moduan jokatzera itzuli nintzen.

Euskal Herrian atezain asko atera da. Kasualitatea ote da?
Ez dut uste kasualitatea denik. Euskal Herriko kiroletan, nahiko harreman izan dute beti eskuak eta tresnak. Adibide garbiena esku pilota izan daiteke.
Izenek ere bere pisua dute. Athletic edo Realaren historian erreferentzia izan dira atezainak, eta horrek guretzako (atezainontzako) garrantzia handia du. Talde txikietan ere, nik uste postu hori landu egin dela. Beste leku askotan, atezaina «azken postuaren» pareko zerbait da. Beste postuetan gaizki jokatzen duena nonbait jarri behar-eta atezain jartzen dute.

Horrelako historia edukita, zer presio dakar Euskal Herrian atezain izateak?
Athleticen atezain jokatzea ez da erraza, historiak pisu handia duelako. Baina hori ahaztu egin behar da.
Athleticen jokatu nuen lehen denboraldia ez zen ona izan, eta txistuak eta kritika asko entzun nituen. Baina gero gauza horiek denak ahaztu egiten dira, eta denbora aurrera doan heinean lehengo atezainak mito bezala gogoratzen gaituzte. Ahaztu egiten direlako gaizki egindako gauza asko.
Azkenean atezain guztien ibilbideak antzekoak izaten dira. Egin behar dena da jendeari lasai jokatzen utzi, eta aterako dira. Gero maila noraino emango duten? Hori ikusiko da, bakoitzaren arabera. Baina ez da erraza, beti konparazioak egiten dituzte, eta atezainak mito horiek ahaztu egin behar ditu, eta bere lana egin, gauza asko entzunagatik.

Gaur egungo jokoan zer tratu ematen zaio atezainari?
Nik uste azken hamar urteetan, arau guztiak aldatzen joan direla, beti aurrelariaren alde. Zalantzarik badago, beti aurrelarien alde hartzen da erabakia, beti golen alde.
Baina niretzat, futbolean alde biek pisu bera eduki behar dute, golak eta golik ez sartu izanak. Partidetan gol mordo bat sartzeak ez luke erraza izan behar, zaila izateak ematen baitio meritua golari. Gauzak oso erraz jartzen badituzu, meritua galtzen dute. Aldaketa horiek guztiak atezainaren aurka joan dira azkenean.
Bestetik, atezainei jarritako zigor gehienak penaltiak izaten dira, edo kanpora bidali eta gainera partida gehiago ez jokatzea. Zigor gogor horiek jokalari «erasokorraren» itxura ematen dio atezainari, denak egurtzen dabilela dirudi, eta guztiz kontrakoa da. Futbolean, biolentzia aldetik atezaina izango da, seguru asko, jokalaririk lasaiena.

Telebistak ikuskizuna eskatzen du. Aurrelarien figura nagusitu izana horregatik izan daiteke?
Seguru asko, futbolean telebista sartu denetik, gauza handienek edo "a grosso modo" egiten direnek hartu dute protagonismoa, horiek oso argi ikusten direlako eta xamurrak direlako imajinetan erakusteko. Aldiz, atezain postua askozaz ere teknikoagoa da. Konparazio batera, aurrelariena janari lasterra da, eta atezainena gourmeteko sukaldaritza.
Atezainen lana preziatzeko jakin egin behar duzu, detaile asko hartu behar baitira kontuan gauzak ondo edo gaizki egin diren jakiteko. Detaileetan ezagutu behar da futbola, eta posturetan. Atezainen posturak, postu horretan jokatuta ezagutzen dituzu. Baina jende gehienak aurrelari moduan jokatu izan duenez, gutxiago ezagutzen du gurea.
Apurka-apurka futbola aurrelarien alde eroan dute, eta atezain postua galdu egin da. Beste joko batzuetan (eskubaloia, izotz hokeya...), atezainak badu bere garrantzia; are gehiago behar luke futbolean, gol bakarra erabakigarria denean partida irabazi edo galtzeko. Zuria eta beltzaren arteko marran dagoen postu hori oso zaila da, eta gero komunikabideetan lan hori ez da hainbeste ikusten.

Atezainen posturak aipatu dituzu. Zein dira postura horiek?
Zelan jartzen dituzten hankak, gorputza, eskuak. Lurretik altxatzeko eskuak lurrean jartzen dituzten edo ez, metro bat aurrerago edo atzerago jarri, zelan kokatzen diren kornerretan... xehetasun asko daude.

Komunikabideetan, futbolari buruz egiten den kazetaritza zer moduzkoa iruditzen zaizu?
Cruiffek dioen bezala, komunikabideetan ez da futbolaren kirol aldeaz hitz egiten. Bere inguruaz hitz egiten da, ez lanari buruz.
Oso zaila da egunero-egunero hainbeste orri betetzea, egiazki futbolean ez direnean egunero hainbeste gauza gertatzen. Prentsaurreko gehienak antzekoak izaten dira. Entrenamendua oso arrunta izan bada ere, sei edo hamar orri bete egin behar dituzte txikikeriekin. Batek txandala zeramala esango dute, besteak praka motzak zituela, halakok hotza pasa zuela...
Igandea iristen da, eta irabazi edo galdu egin duzula da albistea. Bi edo hiru egunetarako gaia ematen du horrek (zer egin duzunaren arabera), baina hortik aurrera zer edo zer kontatu behar. Eta ez da xamurra hori: zerbait kontatu behar duzu, baina gainera berria behar du izan, aldameneko kazetariak ere berdina ikusi duelako, eta egunkari guztien artean zeure berezitasuna bilatu behar duzulako.

Kanpoko zelaietan, askotan eskatzen zizuten iritzi politikoa. Nola bizi izan duzu hori?
Azkenean, bizitza ikusteko zure ikuspegia, zoazen tokira eramaten duzu zurekin. Bakoitzak eramaten du hori barruan, eta horrek erakusten du zure gauzak egiteko modua zein den. Horrek ez du esan nahi gure herriko denek gure jokabide edo ikuspegi bera dutenik. Kanpoan beti jartzen zaigu etiketa bat denoi.
Baina azkenean geure eguneroko lanak egiten ditu Euskadiko gauzak ere. Nik uste hori dela katalanek «herria egitea» dioten hori. Badakigu kanpoan entzuten diren Euskal Herriko albiste bakarrak nolakoak diren. Horiek beti zailak izaten dira esplikatzeko, nahiko min egiten dute gainera kanpotik ikusita. Badakigu gure herri barruan beste hamaika gauza on eta erakusgarri badirela, baina azkenean kanpora iristen diren bakarrak albiste horiek dira.

Euskal selekzioa ere arazo politikoa da. Praktikoki lortzeko modukoa iruditzen zaizu?
Kirola beti joango da politikaren atzetik. Akordio politiko baten ondoren sartuko dira aldaketa horiek futbolean, beste alor askotan bezala. Beti erreferentzia gisa hartzen dugu Ingalaterra, Gales eta horiena, baina jakina, horiek hasiera hasieratik sartu ziren selekzio ezberdin gisa.
Orain gauzak aldatzea oso zaila izaten da. Hala ere bakoitzak bere helburuak izan behar ditu, eta garrantzitsua da selekzioaren alde egiten den ahalegina. Baina selekzioaren gatazka ez dator kiroletik, beste arlo bateko arazoak dira, eta beraz partidak beste zelai batean jokatu behar dira eta irabazi.

Futbol klubak ere enpresak dira. Kudeatzeko orduan, beste enpresekiko zer ezberdintasun eta antzekotasun dituzte?
Uste dut oso zaila dela kontzeptu berdinak erabiltzea enpresez eta kirol munduaz hitz egiteko. Kirolaren berezitasunak oso ezberdinak dira. Azkenean, igandean arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara gertatzen denak aldatzen du dena.
Valdanok esaten du, administrazio kontseiluak edo bazkideen batzarrak larunbatean bilera bat egiten badu ere, igandean beste bat izango dugula. Partidak erabakitzen duela, alegia. Guk 15 egunero izaten ditugu bilerak, eta hori enpresa arruntetan ez da hala gertatzen.
Partida baten ostean, burtsan bezala, euforia edo pesimismoa sortzen da jendearen artean. Partida batek gauzak ondo edo gaizki doazen adierazten du, edo inpresio hori zabaltzen du. Azkenean, arazorik handiena da (eta uste dut enpresa askok ere badutela memento honetan), epe motz, epe ertain eta epe luzerako ikuspegi hori zaintzea. Orain arte, enpresa barruan epe motzeko ikuspegia bazegoen, baina gehiago zen epe ertain eta luzekoa. Baina memento honetan, hiru hilabeteroko aldaketak oso garrantzitsuak dira, zeren azkenean burtsak ere diferentzia handia egiten du. Horretan futbola beste enpresen antzekoa da.
Gure asmoa da klubean plan orokor bat edukitzea, eta jakitea erabakiak nork eta nola hartu behar dituen, nahiz eta beti gertatzen diren ezustekoak. Baina gutxienez plana egina edukiz gero, samurragoa izaten da plan horren barruan erabakiak hartu edo gauza berriei aurre egitea.
«Make a Team»eko jendearekin harremanetan jarrita, jabetu gara antzekoak izaten direla futboleko eta enpresetako esperientziak. Enpresa eta kirola, azkenean pertsonek egin behar baitute. Helduek onura batzuk ekar ditzakete, eta gazteek beste batzuk, eta enpresa guztietan gertatzen da hori. Enpresa bateko zuzendariak langileekin duen harremana, arduradunen arteko koordinazioa edo futbol talde batean entrenatzaileak jokalariarekin duen harremana edo entrenatzaileak zuzendariarekin duen harremana antzekoak dira.

Zer da «Make a Team»?
Aholkularitza enpresa baten proiektua da. Taldeak sortzen eta kudeatzen laguntzen dute. Jorge Valdano hasi zen Juan Mateorekin hitz egiten (Joan Mateo aholkularitza arlotik dator), eta konturatu ziren kirolean eta enpresetan dauden antzekotasunez. Hortik atera zen enpresa bat sortzeko ideia. Kiroleko esperientziak enpresa arlora eroatea da kontua.

Futbolean ohikoa da milioika euroko zifrak entzutea. Klubek zein baliabide ekonomiko dituzte?
Une honetan, gutxi gorabehera, %60 dira telebista eta halakoetatik datozen sarrerak, eta %40 bazkideengandik eta klubaren kudeaketa baliabideetatik. Baina inork ez daki zer gertatuko den telebistetako diruekin, ikusi egin behar zein norabide hartzen duen. Horregatik, gure asmoa da diru-sarrera horien portzentajeak aldatzea: %60 gure baliabideetatik sortu ahal izatea, eta %40 izan dadila beste leku batzuetatik datorrena (telebista, edo marketingaren bidez, marken bidez).

Jokalariak "saltzea" da beste diru iturri bat. "Saltze" hori nola bizi zenuen jokalari zinenean, eta nola orain, kirol zuzendari zarenean?
Memento honetan oso zaila da jokalariak salduz dirua ateratzea. Merkatua oso geldirik dago eta hor gutxi dago egiteko. Orain arte diru asko egon denez, jokalariak merkatuan mugitu egin dira. Baina diru kopuru handi horiek ez daude jokalari guztien eskura.
Lehenengo bost edo sei taldeek bai, baina erditik beherako taldeek ez dituzte kopuru handi horiek lortzen jokalariak salduta. Langile arrunt batekin alderatuta bai, 300.500 euro asko dira, baina futboleko mila milioi pezetako parametroetan diru etekin hori ez da hainbesterainokoa.

Nola lantzen duzue harrobia Lezaman?
Proiektu berri bat jarri dugu martxan, DENA esaten dioguna (Denon Ekimen Nortasun eta Athletic proiektua). Helburua da, mutikoak euren inguruko taldean mantentzea 14-15 urteraino. Talde horien azpiegiturekin eta gure jende eta baliabideekin harrobia gehiago landu nahi dugu.
Mutiko guztien artea aztertu egiten da, nork dituen gaitasunik gehien eta horrekin lan berezitu bat egingo da, "eliteko lana" esaten dena. Elite hitza entzunda jendeak uste du oso gauza gogorra dela. Baina ez, teknika eta taktika aldetik oso gauza arruntak dira. Asmoa da, azkenean, maila oneko mutiko gehiago edukitzea. Uste dugu hori Bizkaiko beste talde guztientzat ere ona dela, maila hobetzea denontzat mesedegarri izango baita. Baina proiektuak guztiona izan behar du, ez Athleticena bakarrik, bestela oso zaila izango baita halako proiektu bat aurrera ateratzea.

Talde handiek jokalari onenak har ditzakete. Harrobia atera behar denean posible al da talde handiekin lehiatzeko mailari eustea?
Guretzat gauza ez da bakarrik futbolean egitea, baizik eta nola iristen garen horraino. Gauzak nola egiten diren oso garrantzitsua da guretzat. Ligan, beste guztiak bezalaxe, partida guztiak irabazteko intentzioarekin hasten gara geu ere. Irabazi nahi dugu, baina gauzak gure modura eginda, eta modu honetan irabaztea da ona gure azpiko taldeentzat ere.

Zeu Athleticetik Bartzelonara joan zinen. Nola lortu liteke jokalari euskaldunak taldean gelditzea?
Jokalarien inplikazioa, proiektuan partaide sentitzea eta konpromisoa lortzea da kontua. Dirua ere bai, azkenean jokalaria profesionala da, eta hamar urte baino ez ditu bere karrera aurrera eramateko. Baina Bartzelonara joatea urte pare baterako izaten da eta gero ez dakizu nora joango zaren. Athletic, berriz, proiektu egonkorra da. Alde horretatik erakarri behar ditugu bertako jokalariak

- Jaio: Aretxabaletan, 1961. urtean.
- Athleticeko kirol zuzendaria.
- Atezain talde hauetan jardun zuen: Aretxabaletan (1977-79), Deportivo Alavesen (1979-81), Athleticen (1981-86), Bartzelonan (1986-94) eta Valentzian (1994-97).
- Palmaresa: Athletic taldean Espainiako bi Liga (1983 eta 1984 urtekoak), Errege Kopa bat (1984) eta Espainiako Superkopa (1983/84) lortu zituen. Bartzelonarekin lau Liga (1991, 1992, 1993, 1994), bi Errege Kopa (1988 eta 1990 urtekoak), Espainiako bi Superkopa (1992,1993), Errekopa bat (1989), Europako Kopa (1992) eta Superkopa (1993) irabazi zituen.
- Espainiar selekzioan: Munduko lau Txapelketatan hartu zuen parte (Mexiko, Italia, AEB eta Frantziakoan). 129 aldiz jokatu du nazioartean. 1984an Europako txapeldunorde postua lortu zuen, bai 21 urtez azpiko taldearekin eta baita Espainiako selekzioarekin Frantzian jokatutako Eurokopan.
- Enpresen gestioa: Iaztik Athleticeko kirol zuzendaria da. Jorge Valdano, Juan Antonio Corbalán eta beste zenbaiten artean, enpresetarako aholkularitza talde bat sortu dute, «Make a Team» deitua.


"Ondo ezagutzen nuen zelaiaren eta aldagelen aldea, baina bulegoena batere ez. Niretzat eliteko klub baten kirol zuzendaritzan egotea erronka bat da, eta hare gehiago filosofia berezia duen klub hau izanda".
www.eldiariomontanes.es/planetfutbol/datos/entrevista_zubizarreta
«San Mamesek duen xarmaren berri badute jokalariek, eta taldeak beharra sortzen jakin behar du. Cruyffen Bartzelonan argi ikusi nuen egoera hori. Jokalariek, eskaintza hobeak eduki arren, Bartzelona aukeratzen zuten»
Euskaldunon Egunkaria, 2002-01-02
«Mundialetan, Espainiarentzat edo lehena zara edo ez zara ezer. Are gehiago, finaleraino iritsiko bagina eta ez bagenu irabaziko, hori ere ez litzateke ona.»
www.el-mundo.es/deportes/francia98/entrezubizarreta
"Terrorismoari buruz esaten dena erabili egiten dute, eta azkenean iristen da momentu bat euskaldunok erantzun estandarra ematen dieguna gisa horretako galderei, esaten duzun guztia erabat matizatu egiten dutelako, dena pintzekin hartzen delako. Exigentzia maila hori bagenu estatu honen gainerako arazoekin, elkarbizitza erabat zaila litzateke".
www.el-mundo.es/deportes/francia98/entrezubizarreta
«Argentinan bizi den eta euskal jatorria duen Athleticzaleari ezin zaio ukatu talde zuri-gorrian jokatzeko ametsa.»
Euskaldunon Egunkaria, 2002-01-02

Bartzelonara joan berria nintzen, eta aurkezpen eguna zen. Nou Campera joan, aldageletan botak jantzi, eta zelaira irteteko eskailerak igota, justu aurrean markagailua ikusi nuen. Hantxe zintzilikatuta, zelaiaren erdi-erdian, izara handi bat zegoen: "Zubi vete!". Zortzi urteko kontratua nuen sinatua, eta une horretan pentsatu nuen: "Hau da mementoa edo geratu edo bestela alde egitekoa". Zortzi urtez aritu nintzen. Baina Nou Campen emandako lehenengo pausoa ez zen ederra izan!

Doinua: Misiolari baten moduan
Atezain batek egin behar du
datorkiona geratu,
prespektibari erreparatu,
jokalariak kokatu.
Taldekideak elkartu eta
agindu nola jokatu,
eta unea heltzen denean
besteen ordez pentsatu,
beraz, atzeak erakusten du
aurrea nola dantzatu?

Aitor Mendiluze

Atezainarentzat emaitzarik onena, golik eza da.


Azkenak
2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-05-05 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude