Gorka Espiau


2002ko urriaren 13an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Ekainean «Proiektu guztiak, ideiak guztiak eta pertsona guztiak» lemapeko manifestazioa antolatu zenuten Bilbon. Uda ostean, Batasunaren ilegalizazio prozesua bideratua, bi manifestazio eredu lehian daudela dirudi. Horrela al da?
Badago lehia hori, bai. Ekaineko manifestazioaz oso balorazio ona egin genuen, jendea Batasunaren legez kanporatzearen aurka agertu zelako eta bide bateratu bat planteatu zelako: giza eskubideetan ondo oinarritutako bidea. Manifestazioaren eredua anitza eta sendoa izan zen, eskubide guztiak kontuan hartu zituen, baita etorkizunerako ate bat irekia utzi ere.
Uda ostean, Batasuna legez kanporatzeko prozedurak areago zakartu du egoera politikoa. Egoera honen aurrean, ezker abertzaleak zilegitasun osoa berreskuratu du manifestazio eredua planteatzeko. Hala ere, gure ereduaren araberako manifestazioak gauzatzeko aukerak ikusten ditugu, ate hori irekita dago. Noski, ilegalizazio posibleak irekitako zauriak bizirik dauden bitartean eta ETAk bere estrategian jarraitzen duen bitartean, kontzienteak gara oso zaila dela guk ireki dugun ate horretatik bide bat urratzea, sakon urratzea behintzat.

Manifestazio bi ereduetan zenbait sektorek parte hartu ohi dute. Bi ereduak urrun al daude elkarrengandik?
Bai. Manifestazio ereduak oso ezberdinak dira, eta jendeak bere hausnarketa egin behar du horri buruz. Uneon, ordea, ezker abertzalea da ilegalizazioaren egoera gehien nozitzen ari dena, eta haiek dioten bezala, hau ez doa haien aurka soilik, haratago doa, gizartearen sektore gehiagoetara irits daiteke, baina erantzun hori gauzatzeko ezker abertzalearen -edo Batasunaren, kasurako- jarrera berebizikoa da. Guk, gure aldetik, «Proiektu guztiak, ideiak guztiak eta pertsona guztiak» lemapeko manifestazio anitz eta bateratu bat egiteko egoera aztertzen ari gara, abagune horren zain gaude.

Egingarria al da?
Bai, baina funtsezkoa da ezker abertzalearen jarrera argitzea.

Aski da! mugimenduak «Derrigorrezko nazionalismoaren aurka» lemapeko manifestazio bat antolatu du urriaren 19an. Nola ikusten duzu gizarte sektore hori?
Euskal gizartearen gehiengoak ez du sektore honen aldarrikapenekin bat egiten. Hala ere, ezin dugu sektore honek aldarrikatzen duen guztia errefusatu. Sektore horren atzean badago egiaren parte bat ere, eta egiaren zati hori zein den ezagutu behar dugu. Gatazkak oraingo espiralean segitzen badu, sektore horien manifestatzeko eredua indartuz joango da. Hainbat zinegotzi sozialista eta popularrek bizi duten egoeraz jabetuko bagina -bere familien eta ingurukoen egoera barne-, bada, hobekiago ulertuko genuke sentsibilitate horiek adierazten dutena. Beren jarrerak entzun eta ulertu behar dira, baita onartu ere. Beste gauza bat da planteatzen dituzten argudio politikoak, hori besterik da.

Elkarrik ba al du talde horrekin harremanik?
Komunikazio bide bat badugu, baina oso ahula da. Gure asmoak elkar trukatu ditugu nolabait, baina ez gara elkarrizketa gune bat gauzatzera iritsi.

Sektore hori bil liteke «Proiektu, ideia eta pertsonak guztiak» lemapeko manifestazio batean?
Mundu sozialistaren barruan hainbat sektore dago Batasunaren ilegalizazioaren aurka, batzuek publikoki adierazi dute eta beste batzuek pribatuan. Sektore hauek prozesuaren aurka eta lema honen pean manifestatu litezke, baina manifestazioaren planteamenduaren arabera, noski.

Beste gaietara paseaz, Elkarrin espero al zenuten Ibarretxe lehendakariak aurkeztu duen proposamena?
Guk proposamen garrantzitsu bat aurkeztuko zuela espero genuen, ekainean egin zuen hausnarketatik abiaturik nolahalako asmo bat antzematen genuen Gobernuan. Ez genekien zehatz-mehatz nolakoa izango zen, baina guretzat ez da gauza berri bat izan.

Alderdiak ezustean harrapatu al ditu?
Alderdi guztiek bazekiten Ibarretxek proposamen inportante bat egingo zuela. Espainiako Gobernuaren eta ETAren estrategiek harrapatua izaki, Ibarretxeren Gobernuak erantzun sendo bat eman behar zuen bere estrategia markatu aldera. Haatik, ez dut uste ezein alderdik hain proposamen konkretua eta espezifikoa espero zuenik.

«Izan» izeneko zuen txostenarekin parekotasunik al dauka?
Bai, baina ez. Ibarretxek gatazka eta egoera politikotik ateratzeko bide bat planteatu du, bide hori urratzeko ideia eta eduki batzuk plazaratu ditu. «Izan» proposamena, berez, akordio bat zen, abiatzeko oinarrizko planteamendu bat. Bi proposamenetako ideiak osagarriak dira, baina hau prozedura bat da eta «Izan» akordio esparru bat.

Subiranotasun kontzeptua berri bat eraiki beharraz hitz egiten da. Ibarretxek «atxikimendu librean» oinarritutako ituna proposatu du. Zein aukera ikusten diozu proposamenari?
Subiranotasunaren eztabaida plazaratzea oso inportantea da. Hasteko, Ibarretxek subiranotasunaren eztabaida zabaltzea lortu du. Espainiako hainbat sektorek horri buruz hitz egiterik ez dagoela diote. Lehendakariak argudio ahul hori esanarazi die, zeren eta eztabaida izan badago, eztabaida hau aspalditik dago eta orain Eusko Jaurlaritzak bide eman dio. Subiranotasunaz ezin dela hitz egin argudiatzea ez da berez mantentzen. Eusko Jaurlaritzak ez du akordio zehatz bat lehenesten, herri honen ezaugarrietara egokitu behar den akordio baten beharra lortzea du helburu. Izan ere, soberaniaz hitz egiten denean oso eskema itxietan mugitzen gara: estatu-nazioa, autonomia, federakuntza, koofederakuntza... Ordea, munduan ez dago egitura aratzik edo erabatekorik, dauden ereduak egokituak dira, eta guk ere, herri bezala, gaurko egoerari eredu egokitu bat aurkitu behar diogu. Horregatik, Ibarretxeren proposamena oso interesgarria eta konkretua da.

Bidea lantze horretan non aurkituko ditu eragozpen handienak?
Hiru eragozpen nagusi ditu. Lehena, ETAren estrategia. Su-eten egoera batean proposamenak beste neurri bat hartuko luke. Bigarrena, Batasunaren legez kanporatzea. Badago erantzun gabeko galdera bat: Batasunak aukera izango al du datozen hauteskundeetan aurkezteko? Bidea horren arabera urratuko da neurri handi batean, Batasunak bidean parte hartzeko inflexio puntu bat izango da. Batasuna bidetik kanpo geratzen bada, ez badu proposamenaren garapenean parte hartzen, prozesua hanka motz geratuko da. Hirugarren eragozpena bidearen amaiera argitzea da. Prozesu honen irtenbidea gizarteari egin beharreko galdeketan datza. Ez badago aukera juridikorik prozesu hau bukatzeko, eragozpen handi bat izango du. Hori gainditzen bada gizartearen iritzia ezagutuko da eta prozesua arrakastatsua izan daiteke

«Identitate sentimenduak ezberdintzen gaitu»
Paddy Woodwort kazetari irlandarrak dioenez «Downing Streeteko adierazpenak zabaldu zuen bake bidea Irlandan, baina Mayor Orejak edo Aznarrek diote ez dela hemen aplikagarria. Londresek Ipar Irlandan ez bezala, beraiek Euskal Herrian interes ideologiko eta estrategikoak dituztelako».
Orokorrean ados naiz, baina ezberdintasun bat dago: identitate sentimendua deitzen duguna. Britainia Handiko Gobernuak ez du Ipar Irlandarekiko identitate sentimenduzko loturarik, aldiz, Espainiako Gobernuak eta espainiar gizarteak badauka oso sentimendu identitarioa Euskal Herriarekiko.
Aznar eta Mayor Orejak elementu estrategikoak, politikoak edo ekonomikoak dituztela diote, baina, nire ustez, elementu sendoena identitatezko sentimendua da. Espainiako Gobernuak ezin du ulertu Espainia Euskal Herririk gabe, eta gizarte espainiarrak ere ez. Hori datu funtsezkoa da. Horrek zaila egiten du hemen Ipar Irlandako bezalako prozesu bat irekitzea.
Guk badugu hango prozesutik zer ikasia, baina ez modu mimetikoaz. Downing Streeteko adierazpena ezin da honera aldatu besterik gabe, prozesua bai, ordea. Prozesu hura, funtsean, adierazpen baten bidez hasi zen, adierazpenak bide bat ireki zuen. Hemen ere, Espainiako eta Gasteizko gobernuek, adibidez, adierazpen komun bat egin lezakete, egin beharko lukete. IRAk Downing Streeteko adierazpena ez zuela onartzen esan zuen, alabaina prozesu bat irekitzeko zirrikitua ikusi zuen. Orduan, nahiz eta Espainiako eta Gasteizko gobernuen ereduak zeharo ezberdinak izan gatazkari aurre egiteko orduan, adierazpen bateratu bat sinatzeak bidea asko erraztuko luke

«Ezinezkoa izango zaigu Konferentziaren hasierako helburu guztiak lor tzea»
Bake Konferentziaren amaiera atzeratuz joan da. Bere emaitzak aurki aukeztuko dituzue jendeartean. Egingo al diguzu balorazio labur bat bien bitartean?
Balorazioa bi maila ezberdinetan egin daiteke. Maila sozialean balorazioa oso positiboa da, Elkarrik egundo burutu duen esperientzia garrantzitsuena izan da, gizartetik jaso dugun babesa izugarria izaki. AEBetan Bake Konferentzia aurkeztu genuenean, hangoen ustez, inportanteena ez zen alderdiekiko landutako harremana, gizartearengandik jaso dugun babesa baizik. Hain herri txiki batean 50.000 lagun baino gehiagok gure adierazpena sinatzea eta 6 euro ematea ekimen itzela da. Maila politikoan, berriz, gestio guztiak ixteko oraindik hilabete bat geratzen bazaigu ere, errealistak izanda, ezinezkoa izango zaigu konferentziaren hasieran jarri genituen helburu guztiak lortzea. Hala ere, lortu dena azpimarratu behar da: alderdien arteko komunikazio lerro bat garatzea oso egoera latza eta ezkorretan.

Konferentzian zehar metodologia azpimarratu duzue.
Konferentziak utzi duen esperientzia inportanteenetako bat erabilitako metodologia izan da. Eskuarki, proiektu hauek sozialak edo politikoak izaten dira, oso zaila da hau bezalako proiektu bat, soziala eta politikoa, batera garatzea. Alderdien arteko komunikazioa gauzatzeko Camp Daviseko Akordioan erabilitako metodologia erabili dugu. Hau da, solaskideak ez dira beren alderdiaren bozeramaile gisa aritu, komunikazio bidea errazteko gisa baizik. Adostasun une batera iristean, lortutakoa alderdiaren kargudun batekin batera bermatzen zen. Mariano Ferrer, Juan Pablo Fusi eta Jose Manuel Sinde izan dira lan hau bideratu dutenak. Alderdiak bildu ez diren arren, komunikazio bide bat ireki da, oso metodologia interesgarria eta baliagarria landu dugu etorkizunean gatazka egoera gainditzeko


Azkenak
“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


Azpiegitu handiak
Osasunak bat egin du Nafarroako AHTren aldeko Plataformarekin

Osasuna futbol taldeak bat egin du Nafarroako Abiadura Handiaren aldeko plataformarekin, azken honek ostegun honetan jakinarazi duenez. UGT sindikatuak eta Eraikuntzaren Industrializatzearen Aldeko Nafarroako Klusterrak ere bai.


Bilboko etapa Palestinak “irabazi” zuela azpimarratu dute, eta protestan jarraitzera deitu

Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu ditu adingabeen artean Macsonrisas-ek

Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.


Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion

Asteleheneko bileran helarazi zioten asmo hori enpresa batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.  


Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeei eraso egin diete Errioxako Cervera herrian

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]


2025-09-05 | Gedar
Gaztetxea lortu dute Etxaurin

"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".


“Hondarribiko alardearen bi aldeak parez pare jartzea da zilegitasun bera ematea zapaltzaileari eta zapalduari”

Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]


Eguneraketa berriak daude