BESTE ZINEMALDIAK


2002ko irailaren 22an
Donostiako Zinemaldia iraileko hirugarren ostegunetik aurrera hasten diren hamar egun baino zerbait gehiago da, bertan lan egiten dutenek egin behar izaten dituzten lan egunei erreparatzen badiegu behintzat.

"Aurreko zinemaldia bukatzen denean hasten da hurrengo urteko Zinemaldia. Opor egun batzuk hartu ostean berehala hasten gara hurrengo urteko ekitaldi egitaraua prestatzen. Horretarako, egiten den lehenengo gauza, azken Zinemaldiko puntu positiboen eta negatiboen arteko balantzea da", zioen lehengo urteko Zinemaldia bukatu bezain pronto Mikel Olaziregi Zinemaldiko buru nagusiak.
Zinemaldiak Donostiako Usandizaga kalean -orain bi urte arte Victoria Eugenia Antzokian- bulego iraunkor bat dauka eta bertan biltzen dira lan egitera egunero Zinemaldiko arduradunak. Han, tramite burokratikoak aurrera eramateaz gain, ekarri beharreko filmeaz, hobetu beharreko gauzez edota beste hainbat gauzaz hitz egiteko parada izaten dute Zinemaldiko arduradunek.
Lan nagusienetako bat, dena den, filmak ikustea izaten da. 1.000 filmetik gora ikusten dira Sail Ofizialean parte hartuko duten hemezortzi pelikulak aukeratu aurretik. Ikusketa hau gogorra izaten da, nahiz eta, jakina, aukeraketa komiteko kide guztiek ez dituzten film guztiak ikusi behar izaten.
Hauetako ikusketa batzuk, zine formatuan egiten direnen gehiengoa, Amara auzoan dagoen Filmategiko proiekzio gelan burutzen dira."Filmategiko proiekzio gela Zinemaldiaren eskura dago urte guztian zehar: urtean zehar hautaketa lanerako behar dugunean nahiz Zinemaldia bera burutzen den egunetan epaimahaikideei egiten zaizkien proiekzio berezietarako", dio Euskadiko Filmategiko arduradun den Peio Aldazabalek.
Peio Aldazabal berak ere argi dauka Zinemaldi bateko lana ez dela hamar egunetara mugatzen, eta berak ongi daki zertaz ari den. 1990. urtean Diego Galanek bere lehen aroa amaitu zuenean, Zinemaldiaren ardura nagusia bere gain hartu zuela kontuan hartzekoa da, nahiz eta aurretik ere hainbat urte zeramatzan Zinemaldiarekin kolaboratzen. "Urte konplikatua izan zen hura. Baina denborarekin balorazio positiboa egiten dut. Gogorra da Zinemaldi batek eskatzen duen lana, nahiz eta kanpotik beste era batean ikus daitekeen".
Aldazabalek Zinemaldiak urteekin gora egin duela uste du. Nazioartean errespetatua den Zinemaldia izatera iritsi da. Horren lekuko dira Sail Ofizialera zein Zabaltegira etortzen diren filmak edota Aldazabalek gogorarazten digun bezala, Zinemaldiak antolatzen dituen atzerabegirakoen kalitatea: "Kontuan hartzekoa da hiritik kanpo Zinemaldira atzera begirakoak ikustera bakarrik etortzen direnak ere badirela".
Zinemaldia gauzatzen den egunetan, zine aretoetan filmak ikusteko aukerez eta zine izarren bisitez gain, badira beste hainbat ekitaldi Zinemaldiaren inguruan eta horretara etortzen dira, besteak beste, zine produktore zein telebista kateetako zine programatzaile asko. Zinemaldiaren inguruan antolatzen diren festez gain, Kursaaleko jauregian espreski antolatzen den "Sales Office" aretoan biltzen dira hauek. Alicia Luna da Donostiako Zinemaldiko "Sales Office"eko arduradun nagusia: "Zinema industriari laguntzeko plataforma bezala jaio zen eta horretan darrai ‘Sales Oficce’ak. Bertan zine saltzaile eta erosleak biltzen dira euren tratuak burutzeko. Gainera, Zinemaldian aurkezten diren filmez gain, beste film batzuk ere egon daitezke".
Bertan egon daitezkeen batzuk aurten Zabaltegin euren lehen film dokumentala aurkeztuko duten Amukal, Oasis eta Carmona produktora madrildarrak ditugu. «Howard Hawks, San Sebastian 1972» aurkeztuko dute Zinemaldian, non zinegile amerikarrak orain dela 30 urte Jose Luis Cuerda eta Samuel Martinez Leoni eskainitako elkarrizketa baten berreskuratzea ikus daitekeen azkenaren semearen aldetik: "Hawksi buruz hitz egiten da, baina baita zinemaz, zinemaldiaz eta hiriaz".
Samuel Martinez Martinek aitaren pelikula lata zaharrak ikusi bezain pronto dokumental polita esku artean zuela ikusi zuen. Dena den, lana osatzeko lehengo urteko Zinemaldian eta Donostiara eginiko beste bisita batean, gaur egungo errealitatearen alderdiak grabatzea erabaki zuten, orain dela hogeita hamar urteko Zinemaldiaren eta egungoaren arteko desberdintasunak agerian uzteko.
Madriletik Zinemaldia Espainian zine munduan egiten den jaialdirik handiena bezala ikusten dela diote Hawksen inguruko lana gauzatu duten madrildar hauek eta, hortaz, ilusio handiz hartu zutela antolakuntzak Zinemaldian parte hartuko zutela esan zienean.
Jose Mari Goenaga zinegile gaztea da baita ere aurten lehen aldiz Zinemaldian bere lan bat proiektatua ikusiko duenetarikoa. Bestelako proiektua da ordea berea eta Zinemaldian aurkitu duen txokoa ere ez da berdina izan. Euskal zinearen inguruan antolatzen diren ekitaldien barnean ikusi ahal izango baita hare «Tercero B» film laburra. "Ilusio handiz hartu dut. Aurrez leku askotan ikusi ahal izan da film laburra, baina hain gertutik bizi izan dugun Zinemaldiaren barnean egoteak poz handia ematen du".
Ez da Goenaga donostiarrak Zinemaldia biziko duen lehenengo aldia izango. Bere lan bat aurkeztu aurretik, Zinemaldia era desberdinetan bizitzeko aukera izan du, «unibertsitatean nintzela gazte epaimahaikide bezala izan nintzen eta gerora pertsonalitateen laguntzaile bezala aritu naiz. Hala ere gauza guztien gainetik ikusletzat hartzen dut nire burua. Egun bereziak bezala bizitzen ditut urtero".
Jose Mari Goenaga bezala asko dira Zinemaldia gauzatzen den egunetan, urtero, horrelako Zinemaldi bat hain gertu izateagatik zorionekoak sentitzen direnak. Hamar egunetan zinema komertzialetik kanpo dauden klasikoak, zine forma arriskutsuak edota urrunetik etorritako zine proposamen berriak ikusteko aukera izaten baita. Kaleak jendez betetzen dira eta baita zine aretoak ere. Aldazabal bat dator honekin: "Zoragarria izaten da egun hauetan hiriak bizi duen zine giroa ikustea. Zinea denen ahotan dago; helduenetan zein gazteenetan. Azken hauek Zinemaldiarekiko urtero agertzen duten leialtasuna erabat pozgarria da, zaletasuna hor dagoenaren froga eta zinemaldiak etorkizun oparoa ziurtatua izan dezakeenaren seinale"

Bizialdi oso bat

Sinetsi samartuta nago pozik biziko nituela xarmaz eta izarrez jositako 50eko hamarkadako lehen jaialdi haiek. Izarren artean, Gloria Swanson eta Kirk Douglas handiak, esaterako; sarien artean, «Jainkoaren eta sabelaren gerra» bezalako inozokeriak; itzal handiko pertsonaietan, Alfred Hitchcock bera, alajaina. Orduan, denetarik izaten zen: hantxe agertzen zen Sara Montiel, baina baita Anthony Mann bere senarra ere. Ziur aski, ederki gozatuko nuen 60ko esperimentuekin; "nouvelle vague" mugimendukoekin, adibidez: denak hantxe beren bidearen bila; edota "free cinema" taldekoekin, ahal zutena egiten zuten haiekin; itzaltzen ari ziren izarrekin eta bandera ziren zinegileekin. Ez dakit estilo nahasiko 60ko hamarkadak gogobeteko ninduen, baina, hori bai, estimatuko nituen zinema espainoleko pelikula batzuk, hala nola, José Luis Borau edo Victor Erice zuzendarien izenak goratu zituztenak eta Luis Buñuel bezalako beteranoek inguratu zizkigutenak, eta, egia esan, ohiko eskaintza amerikarra bera ere gustura ikusiko nuen: lehen buruan, Steven Spielberg jaunaren «Marrazoa» edo «Galaxietako Gerra», zeinetan Harrison Ford ezezagun bat agertzen baitzen. Alabaina, niri 80ko zinemaldia bizitzea egokitu zitzaidan, oraintxe A kategoriakoa eta hurrena apalagokoa zen hura, zuzendariek urtebete irauten zutenekoa eta polemika handiena Victoria Eugenia antzokiaren fatxadan Batmanen irudi erraldoia jartzeak ala ez jartzeak sortzen zuenekoa; hain zuzen ere, Coen anaien «Heriotza loreen artean» pelikula ez saritzeko burugabekeriarekin amaitu zen hamarkada hura. Hartarako arrazoia? Bada, pelikula amerikarra izatea. Eta nork hartuko erabaki hura? Bada, Ken Loach eta Axel Corti miretsiek (jenioak ere erratzen diren seinale). Eta nor gertatuko makur haren erantzule? Bada, José Luis Borau lehendakaria, ezinbestean. Azkenean, saria norentzat? Bada, Montxo Armendariz zuzendariaren «Alouren gutunak» filmarentzat. Bai, batzuetan horrelaxe izaten dira kontuak. Aurreko guztia erreferentzietatik bakarrik ezagutzen dut, funtsean, eta horregatik ederragoa da irudia, mitifikatuagoa, historian finkatuagoa, baina orduko hark ematen dit eta digu jaialdiaren irudia.

Nolanahi ere, jaialdi batek hainbat irudi ditu. Antolatzaileena, adibidez: beti irribarretsu, beti arretatsu, beti jaialdiaren bilakaerarekin pozik; nekea neke, beti dotore arraio; nerbioak nerbio, beti garbi-garbi; egunean 30 ordu lan eginez eta behingoz eta betiko tormentua noiz bukatuko zain. Gonbidatuena ere beste irudi bat da, izarrak, epaimahaikoak eta gainerakoak barne direla. Horiek guztiak ere beti zoratzen edozerekin: antolaketarekin; publikoarekin, zeinek, zineman hain aditua izanik, bai baitaki aurkezten zaion filma aintzat hartzen; bertako gastronomiarekin, zein exotikoa baita benetan, nahiz eta hanburgesa koipetsuen eta garagardo garratzagoaren mira egin; filmak hautatzeko batzordearekin, zeinek ekarri egin baititu jaialdira; egokitu zaien epaimahai bikainarekin, baina betiere, noski, hark erabakia noiz emango, ez baita bizimodua zerbait jasoko dutela aditu eta zain eta zain egon behar izatea. Bien bitartean, epaimahaia erabat ernegatuta, hainbeste lelokeria ikusi beharrarekin (gogoan al du norbaitek «Goldberg bariazioak» filma? Hungariako pelikula zen, eta butaken gela batean gertatu diren berriketaldi eta ihes nabarmenenak sortu zituen). Kideen nahia, beraz, lehenbailehen bukatzea, hots, egundo denen asebetekoak izango ez diren sari dontsuak banatzea. Nik neuk aitortu behar dut, dena den, jaialdi bateko epaimahaiko izan ostean, inork ez dugula beste ezer izan gura horrelako lehiaketetan, zeren, filmak oso itxurazkoak ez izanagatik, tratua bikaina izan ohi da eta lana neurri-neurrikoa. Ordea, ia beti kazetarion irudiarekin gozatzea egokitzen zait, zein bi multzo handitan bereiziko baititut. Batetik, aktibitate sozialen arloan mugitzen direnak daude: beti idoloaren adierazpenen irrikan, itxaroten eta itxaroten, film bakar bat ere ikusi gabe. Bestetik, kritikoak ageri gara edo zaizkigu: egunean hiru, lau pelikula ikusten ditugu (batzuetan bost ere bai). Hala ere, hori ez da larria, zeren ohituta baikaude. Larria ondoko hau da, hots, kokteletan eta jaietan kanape bat ahoratzeko borroka. Egia, denak hantxe harrapaka, eta orain are amorratuago, zeren horrelako jaialdietan gutxitu egin baitira mokadu goxoak. Arrazoia? Produktoreek ez dutela dirurik diote, eta instituzioak jabetu dira aski direla kopakada bat ardo eta pintxo batzuk, klase informatzailearen burmuina mantentzeko otordu gisa. Azkenik, publikoaren irudia ere hortxe dago: beti pilatuta, dela leihatilan, dela saletan, dela ospetsuen agerraldietan eta Maria Kristinaren inguruan (han, autografo gosearen gosez, zenbaitetan honela galdetzen diote dena delakoari: "Aizu, nor zara?"). Publikoak jaialdiaren irudi ona du, sekzio batzuetan pelikula interesgarriak ikusteko modua izango duela baitaki (alabaina, ez daki hilabete gutxiren buruan horrelako itolarririk gabe ikusi ahalko dituela). Nolanahi ere, alde batera uzten ditu omenduen filmen proiekzioak eta izarrak ikusten saiatzen da, baina, salbuespenak salbuespen, horretan ere ez du denbora askorik xahutzen. Badaki han dabiltzala eta telebistan ikusiko dituela. Publikoak, bestalde, ez daki horiek ere humanoak direla, gauza xumeak eskatzen dituztela ("Chinchón" bat; Dom Perignon eta antzekorik ez); gainerakoak bezalaxe, kokteletan kanape harrapaketan ibiltzen direla; batzuetan, besteren logelara sartzen direla Los Angelesekin telefonoz hitz egitea doan gerta dakien; zenbaitek uste duela azafaten beharra dela, besteak beste, zinemagileen apeta sexualari erantzutea eta abar. Bizimodua bere soilean; zineman oso gutxitan ispilatzen den bizitza, alegia. Bai, halaxe da, nahiz eta 50 urtetan film mordo bat betetzeko adina gertaera eta anekdota txiki metatu.
Jaialdiaren distiran sinisten dutenei esan beharrean gara azken batean dena errutina hutsean oinarritzen dela. Goizean, 9:00etan, prentsarentzako emanaldi berezia; segidan, prentsaurrekoa, betiere proiektatu den pelikularekin ikuskizun duen norbaitekin; gero, hamabietako emanaldian, aurreko guztiaren errepikapena. Tartean, kazetaritzako lanen bat: kritika idaztea, irratian zerbait komentatzea, telebistarako zerbait grabatzea... Ondoren, aitaren bateko bazkaria, zeren berriekin jarraitu beharra baitago, eta, izarra nekatuta dagoelako, inoiz egingo ez den elkarrizketa egiaztatu beharra baitago. Eta, zinta eskuan hartuta, beste itxaronaldi bat gainerako berriemaileekin, B planeko elkarrizketa harrapatzeko. Hurrena, lortu dena editatzera, zein, jeneralean, autografo goseen arteko inkestaren bat izaten baita, horni duelarik saihestu gaituen izarraren altuerari edo antzeko zerbaiti buruzko komentario barregarriren bat, edota, proiekzio jakinen bat, baina hori ahal denean, zeren ziur aski, zein film ikusi nahi harexen sarrerak ahitzen baitira. Horrez gainera, behin behar eta, gaueko hamabietarako programatutako jaira joan gabe geratuko gara, zeren ordu bietan izango baita azkenean (artistek inoiz presarik ez, eta hurrengo goizean jokaera bera). Kondizio horietan, nola gustatuko zaizkigu, bada, ikusten ditugun filmak? Eta, horrelaxe gabiltzala, ezustean, jaialdiaren 50 urteak iritsi zaizkigu; Oscar saririk lortzen ez zuten zinemagileak saritzetik (Alfred Hitchcock kasu) gerora urrezko estatua eskuratu duten izarrak saritzera (Susan Sarandon eta Nicolas Cage, adibidez) heldu den jaialdia. Aurrerapen handia dirudi bizialdi oso bat iragan duen lehiaketa batentzat


Azkenak
Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener

Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Iruñeko espetxeko presoek tratu txarrak, birgizarteratzeko baliabide falta eta generoaren araberako desorekak sufritzen dituztela dio Salhaketak

Nafarroako espetxean dauden pertsonen bizi baldintzak aztertu ditu elkarteak. Ondorioztatu du Nafarroako Gobernua kartzelaren kudeaketaz arduratu beharko litzatekeela.


Bizikleta martxa burutu dute Elizondon, osasun sistema publiko duinaren alde

Berrehun lagun hurbildu dira  Baztango Osasun Plataformak deituriko elkarretaratzera eta bizikleta martxara.


Lan heriotzak salatzeko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritza blokeatu du LABek

Aurreko astean lan istripuen ondorioz sei behargin hil zirela salatzeko, 60 bat lagunek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako sarrera blokeatu dute. Ertzaintzak bertan zeuden pertsonak identifikatu ditu. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten... [+]


2025-06-05 | Sustatu
42: txat adimentsu harrigarriena, Nafarroan sortua nonbait

Laboral Kutxa Katedrak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu dute Arte eta Zientziaren I. lehiaketa (webgunea euskaraz ere badago, baina oso trakets). Artea, zientzia eta pentsamendu kritikoa uztartzen dituzten proiektuak nahi zituzten, eta zenbait aurkeztu... [+]


Foruzaingoak taser pistolak eraman ahal izatea onartu du Nafarroako Kontseiluak

Dagoeneko Guardia Zibilek eta zenbait herritako udaltzaingoek badute taser pistolak erabiltzeko eskumena Nafarroan, eta badirudi bide horretan hurrengoa Foruzaingoa izango dela: Nafarroako Kontseiluak Foruzaingoak taser pistolak eman ahal izatea "indarrean dagoen... [+]


Mario Lópezi ezarritako 13 urteko kartzela zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri ostean, zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lópezek helegitea aurkeztu zuen sententziaren aurka, haren errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea urratu zirela... [+]


AEBetan sartzea debekatu edo mugatu die Trumpek hamabi herrialdetako pertsonei

"Atzerriko terroristengandik" babestea arrazoi bezala jarrita, Donald Trumpek dekretu bidez agindu du zazpi herrialdetako pertsona guztiei debekatzea AEBetara sarrera, eta beste bost herrialdetako herritarrei mugak jartzea. 


“Herri aktibazioa” bultzatu nahi du Gure Eskuk larunbateko mobilizazioarekin

Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki lelopean, parte hartzera eta kaleak ikurrinaz betetzera dei egin du herri mugimenduak.


Jende andana bildu da Gasteizko Korda espazioaren desalojoaren aurkako manifestazioan

Ehunka lagun mobilizatu dira asteazken arratsaldean Gasteizko Alde Zaharreko kaleetan barrena, Korda espazioaren desalojoaren aurka. Manifestazio amaierako hitzartzean, goizeko desalojoan ertzainek buruan zauritu duten Kordako kidea jada etxean eta "ondo" dagoela... [+]


2025-06-05 | ARGIA
Sorzabalen absoluzioari helegitea jarri dio fiskalak, eta bere kontrako epaiketa errepikatzea eskatu du

Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, Iratxe Sorzabal atxiloturik egon zenean "tratu gizagabeak" eman zizkiotela aitortzen duen epaia baliogabetzea eskatu du, eta berriz epaitu dezatela nahi du, 1995ean Irunen jarritako lehergailu baten harira.


2025-06-05 | Gedar
Urteko lehen lauhilekoan, ia 2.000 emakumek salatu dute indarkeria matxista EAEn

Sexu-erasoak, bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak eta bestelako senideek egindakoak hartu dituzte kontuan zenbaketan. Bizkaian, %29 egin dute gora salatutako sexu-erasoek.


Eguneraketa berriak daude