Herri-kirolen mundua ez dut hurbilegitik ezagutzen; ez zait erabat arrotz ere ordea. Halere, oporretan eta hemendik urrun ezagutu dut lanak erdi aukeran egiteak zehazki zer esan nahi duen. Jokoa hitzartzerakoan, alde banatakoak bildu eta joko horren xehetasunik txikienak ere zehaztu egiten dituzte. Eta jokoa egiteko modu bat da, lanak erdi aukeran izatea.
Nire mentalidadetik, lanak erdi aukeran egiteak esan nahi zuen, demagun aizkolari batek 45 kanaerdikora egin nahi bazuen apustua, eta besteak 15era, erdi aukeraren poderioz biek ere 30nara jokatu beharko zuketeela. Oker nenbilen. Lanak erdi aukeran egiteak esan nahi omen du, batak 45 kanaerdiko lana proposatzen badu, 15 proposatzera zetorrenak egin egin beharko dituela 45 horiek, eta 45eko ideian zetorrenak, bestearen 15ak ere egin egin beharko dituela.
Usadioa ez nuen behar hainbat ezagutzen. Niretzat, akaso egungo gizartearen joera nagusien eraginez, adostasunera heltzeko, erdibidea aurkitzea zen lege. Baten nahiari pusketa bat kendu eta bestearenari beste bat, eta hori zen akordiotara iristeko era. Eta hara non aizkolari batek zalantzan jarri dituen nire usteak. Akordiotara iristeko beste modu bat izan daiteke bi aldeek aurkariak nahi duenetik pasa beharra. Niri behintzat, paradigma aldaketa bat ekarri dit trabesa egiteko modua hori dela jakiteak. Eugenio Ibarzabalek zioena: ahoan pilatu zaigun norbere listua inolako higuinik gabe irensteko gai gara. Baina listu hori norberarena izan arren, edalontzi batean zerbitzen badigute, sekulako nazka emango digu hura eztarrian behera pasatzeak. Lanak erdi aukeran onartzeak esan nahi du besteren listua ere irensteko prest gaudela.
Ez dut noski, herri-kiroletan jokorik egiten hasteko asmorik. Gure herriaren jokoa dut kezkagai lainorik beltzenek harrapatu duten uda honetan. Ekidistantzia kritikatzen zutenei Joxerra Garziak eman zien erantzun literarioa ere gogoan dut: bi modu arras desberdin daude ekidistantziarako: alde guztietatik hurbil dagoenarena eta alde guztietatik urrun dagoenarena.
Lanak erdi aukeran jarriko bagenitu ordea, ekidistantziaren arazoa ere, ustezko epeltasunarena, gainditua legoke. Bataren minetik pasa beharko luke besteak; eta honen ezinetik hark. Eskolta eraman beharko luke Batasunako zinegotziak eta Puertora atzera-aurrerak egin beharko lituzke, desorduetan eta modurik txarrenean, Alderdi Popularreko militanteak. Anoetara edo Sadarrera Liga espainiarreko partidak ikustera joateari uko egin beharko lioke abertzale sutsuak eta bere umeak D ereduan matrikulatu sozialistak.
Itsu itsuan, etsi etsian, horretarako prest legokeen jendea ezagutzen dut. Gutxi batzuk. Gehienak ez dira jokoa egitera etorri. Ez dute benetako asmorik jokorik egiteko. Onargarri edo ez onargarri diren arrazoiengatik, aski dute apustuaren baldintzei buelta eta jira aritu. Adostasunera iristeko ez dira gai, baina ez dute aurkariak ezarritako baldintzetan probatu nahi. Eta lanak erdi aukeran burutzea onartzeko, jokoa egiteko grina egiazkoa da ezinbesteko baldintza