«EGUN OSO ZAILA DA GIZARTE ELEBAKARRAK ERAIKITZEA»

Kike Amonarriz @KikeAmonarriz
2002ko irailaren 15a
Xabier Erize 1997. urtean plazaratu zen indartsu euskal soziolinguistikaren esparruan. "Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa (1863-1936)" liburu mardula argitaratu zuen; lehenik euskaraz eta gero erdaraz. Liburuan defendatzen duen ideia nagusienetako bat da "euskararen historiatik nabarmenena ez dela bere galera, bere biziraupena eta garai berriei egokitzeko erakutsi duen ahalmena baizik". Duela gutxi, Fishman soziolinguistaren artikuluen bilduma eta berari egindako elkarrizketa bat argitaratu ditu (elkarrizketaren euskarazko bertsioa «BAT» aldizkariaren 32. zenbakian aurki daiteke). Liburuari buruz, euskararen egoeraz eta partikularki Nafarroakoaz eta aurrera begirako asmoez jardun dugu berarekin.

Ez da ohikoa euskaldun batek soziolinguistikari buruzko liburu bat katalanez argitaratzea...
Tesia argitaratu nuenean aukera izan nuen Toni Mollà soziolinguista ezagunarekin harremanetan jartzeko. Berak deitu ninduen Alcoiko jardunaldietan parte hartzeko eta jakin zuen AEBetan Fishmanekin ibilia nintzela eta tesia prestatzeko asko landu nituela bere lanak eta liburua egiteko eskatu zidan.

Liburuari kutsu humanista eta aurrerakoia dario.
Fishman tradizioz gehienbat ezkertiar humanista da. Yiddish jatorrikoa da eta ez da goitik edo kanpotik datorren zientifiko bat. Sustraiak komunitate eta hizkuntza minorizatu batean ditu. Aldi berean, oso akademiko ona da, baina indar akademikoa eta humanista kontrajarri gabe. Errealitatean, intelektualki ondo sakontzeko, indar eta prestakuntza akademiko sakona behar dituzu eta berak soziolinguistikan gehien kritikatzen duena justu teoria falta da. Berak dioenez soziolinguistika da "linguistika" eta "sozio" eta normalean soziolinguistek, formazioz, hizkuntzalaritza ikasi dute eta "sozio" aldea, ez dute lantzen.
Bere doktoradutza, esate baterako, gizarte psikologiakoa da. Nazionalismoaren gaia eta soziologia ere asko landu ditu.

Liburuan zehar "panokzidentalizazioak" eta elebakartasun ingelesaren arriskuak garrantzi berezia hartzen dute...
Panokzidentalizazioa, azken finean, mendebaldeko kulturaren arauen hedapena eta uniformizazioa da: mendebaldeko kultura, tokian tokiko kulturen gainean jartzea. Gizarte zientziatan, uniformizazioaren aldeko asko dagoela eta askotan joera horiek aitortu gabeak izaten direla dio eta hori salatzen du.
Aldi berean, oinak lurrean ditu, badaki non eta nola bizi garen. Kultura modernoa hor dago eta berak ez dio uko egiten, baina arazoa da oreka bat bilatu behar dela tokian tokiko kulturen eta kultura modernoaren artean. Zure kultura babestu behar duzu, besteen kulturari uko egin gabe. Eta hor gakoak batez ere bi dira: transmisio naturala eta sendotasun morala hizkuntzaren defentsan.
Berezko indar morala duten argudioak eta jarrerak erabili behar dituzu; defendagarriak izan behar dira zure komunitatean eta baita bestean ere. Etorkizun on bat eskaini behar duzu, zuretzat eta besteentzat. Gurea gizarte konplexua da eta komunitate euskalduna gutxiengoa gara. Hori ulertu behar duzu eta oreka bilatu beste komunitateekin. Denek elkarrekin bizi behar dugu. Esan dezakezu besteak oso gaiztoak direla, baina zer egin behar duzu? Besteei txanpon berberarekin ordaindu? Zuk nagusitasun morala behar duzu.

Transmisio naturala aipatu duzu bigarren gakotzat.
Transmisio naturala familian, lagunen bidez, hurbileko giroan egiten da. Hizkuntzaren berreskurapenean, hainbat lekutan, azentua bide formaletan jarri da eta ez informaletan edo transmisio naturalari loturikoetan, eta hor ere oreka bilatu behar da. Gune informalak galtzen badituzu gero ia ezinezkoa gertatuko zaizulako horiek berreskuratzea. Fishmanek esaten du funtzio informaletatik abiatu behar dela eta gero horiei funtzio formalak erantsi: eskolak, gobernu mailakoak, kultura arlokoak. Hizkuntza plangintza edo hezkuntza elebiduna landu egin behar dira, baina lehentasuna familia eta lagunarte bidezko transmisioari eustea da.
Tesia lantzean ikusi nuen historian zehar bide formalak oso gutxi izan zirela Euskal Herrian eta hala ere euskarak iraun zuen: biziraupena bide informalei esker bermatu zen. Gaur egun, penduloarena gertatu da. Duela 20 urte pentsatzen zen bide formalek garrantzi handia zutela eta bide horiek bermatuz gero, euskararen bizitza ere bermatuko zela. Gero ikusi da ezetz, eskola eta komunikabideak hor egon dira eta ezinbestekoak dira, baina, hala ere, euskararen bizitasunean hutsune nabarmenak daude. Erregistro informalen beharra sentitzen da orain.

Euskararen egoeraren irtenbidea, diglosia egonkor batean ikusten omen du Fishmanek...
Gurean diglosia kontzeptu txartzat hartu izan da, baina Fishmanentzat ona da; diglosia funtzioen banaketa egonkorra da eta hori helburu lorgarria eta ona da. Behin hori lortuz gero, errazagoa egingo zaizu hortik gora joatea. Horren inguruan gogoeta berriak egiten ari dira. Lehen normalizazioa elebakartasunarekin berdintzen zen. Hizkuntza gehiago ere jakingo ziren, baina helburu nagusia hori zen. Esaten zen elebitasuna tranpa zela, eta agian izan daiteke. Helburuak, enpirikoki behintzat, errealitateak behartuta, apaldu egin behar izan dira. Baina segitzen baduzu gogoeta egiten, helburu bezala ere ez dut hain garbi ikusten. Egungo mundu konplexuan oso zaila da gizarte elebakarrak eraikitzea. Are gehiago, Euskal Herrikoa bezalako egoeratan, non nahasketa handia dagoen. Banaketa geografiko-linguistikoa garbia balitz, agian posible izango litzateke. Hemen, badaude gune geografikoak, baina gehiago dira sozialak eta kontua da gure komunitatea sendotzea.

Baina hori modu egonkorrean mantentzea posible al da?
Oso zaila da. Berarentzat hizkuntzaren galera edo atzera egitea, funtsean, funtzioen banaketa egonkor hori puskatzea da, "dislokatzea". Funtzioen banaketa puskatzen denean gertatzen da galera eta orduan komunitatea oinarririk gabe, lurrik gabe geratzen da. Aitzitik, oinarria edo lurra duzunean, aukera duzu aurrera egiteko eta funtzio gehiago eskuratzeko.

Tesia landu zenuenean harremana izan zenuen "Txepetx"ekin. Memento batean bi ereduak kontrajarri egin ziren.
Nik ordea, ez ditut kontrajarri bezala ikusten. Are gehiago, esango nuke, azpian motibazio eta kezka intelektual berberak dituztela. Gogoeta asko paretsuak dituzte eta elkar osagarriak dira.
Nik uste dut bere mementoan karikaturizatu egin zirela. Fishman bide instituzionalaren eta elebitasunaren ikur bezala eta Txepetx elebakartasunaren eredu bezala. Gero gertatu da Txepetx baztertuta gelditu dela hemen. Ez zaio tokirik egin mundu akademikoan.

Nafarroako gaur egungo egoera nola ikusten duzu?
Egoera oso gogorra da. Erdal elitearen mundutik oso diskurtso gogorra ari dira zabaltzen euskararen aldeko mugimendua kritikatzeko. Diskurtso horrek lotura zuzena du historikoki erabili denarekin. Azken urteetan ordea, gauza berriak gehitu dira. Euskararekin zerikusia duen guztia susmopean jarri dute. Zuzenean aniztasunaren ideiaren aurka agertu dira. Eskutitzak agertu dira egunkarietan esanez haur euskaldunek euskara ahaztu egin behar dutela eta erdara ikasi. Horiek sakoneko mezuak dira.
Normalean euskararen aldeko giro eta aldarrikapenetan esan da Nafarroako gizartearen gehiengoa euskararen alde dagoela eta nik zalantzak ditut horretan. Euskal komunitatearen gehiengoa euskararen alde dago, baina erdal komunitatearen kasuan zalantzak ditut. Batzuk euskaltzaleak dira, besteak indiferenteak eta beste batzuk erdararen, beren hizkuntzaren aldekoak. Historikoki ere hala izan da. Orain dela 12 urte inkesta soziolinguistiko bat egin zen: "Euskarari buruzko jarrerak". Oso aldekoak eta aldekoak batuta %48 ziren eta indiferenteak eta kontrakoak %52. Inkesta nahiko kritikatua izan zen eta kritika horiek zentzuzkoak ematen zuten orduan. Orain inkesta hura berriro irakurtzen duzu eta zer pentsatua ematen dizu. Gainera, ondorioetan argi eta garbi esaten zen eliteak populazioaren batez bestekoa baino erdalzalegoak zirela eta orain hori gertatu da, eliteen mugimendu bat. Diskurtso bat zabaldu eta eragin praktikoa lortu dute: Gobernuak legea eta hizkuntza politika aldatu ditu eta nik esango nuke iritzi publikoan ere eragina izan dutela.

Bestelako ikerketarik ba al duzu esku artean?
Bi lan ari naiz bukatzen. Batak euskararen inguruko diskurtsoak gaur egungo Nafarroan ditu aztergai eta berehala aterako da «RIEV» aldizkarian. Bestalde, "International Journal of the Sociology of Language" aldizkaria zenbaki monografiko bat ari da prestatzen euskarari buruz eta hor parte hartzen ari naiz artikulu batean: "Euskararen etorkizuna Fishmanen eredutik ikusita", Mª Jose Azurmendi, Mikel Zalbide eta Nick Gardner lankideekin batera.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-03-18 | Iigo Igartua
Garai-Etxaniz eta Etxegarai-Oses bikoteak Emakume Master Cupeko txapeldun

Leire Garai eta Leire Etxanizek nagusitasun osoz irabazi dute lehen mailako txapela (22-5). Promozio mailakoa, Uxue Oses eta Madalen Etxegaraik osaturiko bikoteak eraman du (18-15), partidaren bigarren zatian markagailua irauli eta gero.


Bideobigilantzia ala askatasun politikoen defentsa Eunaten

Datorren martxoaren 21erako baterajotze nazionala deitu du Iruñerriko Autodefentsa Sareak. Euskal Herrian zabaltzen hasia da manifestaziora bertaratzeko deia, eta horrekin batera, Eunate ikastetxetik zein hezigune guztietatik bideobigilantzia kamerak kentzeko beharra. Ikasturte hasieran jarri zituzten kamerak Eunaten, bertako ikasleen, gurasoen eta langileen oniritzi gabe. Gainera, Ikasle Mugimenduak salatu duenez, ikasleen askatasun politikoen –jardun politikoa normaltasunez... [+]


2019-03-17 | ARGIA
Bi pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak Zarautzen, etxegabeen neguetxea irekitzearen aldeko kontzentrazioan

Manifestari bat eta kazetari bat identifikatu dituzte larunbatean, etxegabeen aterpea ireki ez izana salatzeko udaletxearen aurrean eginiko kontzentrazioan. Udalaren "utzikeria" salatu eta honela adierazi dute igandeko prentsaurrekoan: “Geratzen zaigun aukera bakarra arazoari geuk heltzea eta kolektiboki erantzutea da”.


2019-03-17 | Mikel Asurmendi
Pierre Prouvze
"Oraindik ere sentitzen dugu kriminalizazioa, bai etorkinekiko bai herri gutxituekiko"

Camarade curé filma euskal preso politikoei eskainia da, Kanboko Lorentxa Beyrie presoari bereziki. Urtarrilean estreinatu zen Donibane Lohizuneko Le Sélect zinematokian. Martxoan, Donapaleu, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Kanbo eta Maulen emanen dute berriz ere. Pierre Prouvèze egilea elkarrizketatu dugu kari horretara.


2019-03-17
Pierre Prouvze (Lyon, 1948)

Marseillarra da. Irakasle aritu da 37 urtez. Irakastea izan da bere leitmotiva. Musikak eman dizkio irakaskuntzaren zentzua eta bizitasuna. Ez du bizitza ulertzen musikarik gabe. Kantuak berriz, Camarade Curé dokumentalaren egilea izatera ekarri du.


2019-03-17
Gazte ikaragarriak

Bertsolarri lelopean, izuaren gaua antolatu zuten 7Katu gaztetxekoek Bertso Erronda txapelketako finalari ongietorri beldurgarria egiteko. Heriotzarekin lotutako mozorroak, armiarma-sareak hormetan behera, soinu misteriotsuak... bederatzi finalista gazteek panorama hori aurkitu zuten agertokira igo eta berehala. Gaitzerdi, beraiek ere mozorrotuta etorri ziren.


Lute como Marielle

Martxoaren 14an urtea bete da Marielle Franco Rio de Janeiron tiroz hil zutela.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude