«EUSKAL AUZIA ERABAT UNIBERTSALA DA»


2002ko irailaren 08an
Joxe Manuel Odriozola Altzon jaio zen 1948an, eta Pasaiako Udal euskaltegiko irakaslea da egun. Saiogile eta artikulugile ezaguna da euskaltzaleen artean, izan ere, sari ugari irabazi du dagoeneko. Gizarte, kultura eta hizkuntz gaiak jorratu ditu bereziki. Oraingoan, «Euskal intelligentsiaren ideologia zantzuak» hizpide izan ditu. «Intelligentsia» hitza zehaztetik abiatu gara:«Lehenik ere erabilia izan da hitz hau, Paulo Iztuetak badu liburu bat euskal intelligentsiaren inguruan. Paulok baina, Orixe eta beste garai bateko intelektualak izan zituen gogoan, nik, berriz, oraingoak izan ditut hizpide. Kontzeptu hau oso zabala da, eta ez du, nahitaez, intelektuala zentzu hertsian hartzen, euskalgintzan diharduten eragile guztiak bildu daitezke berean, andereñoak edota irakasleak, besteak beste. Ideologian, kulturan nahiz gainerako jardueretan ari diren eragileak barneratzen dira kontzeptu honetan», argitu digu Odriozolak.

Zergatik «Euskal intelligentsiaren ideologia zantzuak»?
Azken urteetan euskalgintzan diharduten intelektual hauen pentsaera edo ideologia aztertzeko materiala bildu dut handik eta hemendik, beren iritzi artikuluak edo elkarrizketak, kasu. Intelektual hauetako batzuek beren berezko jardun kulturaletik aparte badute oihartzun handia, eta banuen berauek aurrez aurre jartzeko interesa zenbait gai polemiko alderatzeko edo kontrastatzeko, baita, aldi berean, nire aletxoa ere jartzeko.

Hainbat intelektualen erredukzionismoa kritikatzen duzu liburuan. Zuri ere horixe leporatu zaizu. Erdaraz ari diren pentsalariak alboratu izana, kasu.
Egia da, kritika hori jaso dut. Hala ere, nik aukeratu ditudan denek ez dute euskaraz jarduten. Badira erdaraz diharduten batzuk ere, Javier Sadaba kasu. Euskal pentsamendua erdaraz ere sor daiteke, eta euskal pentsamendua den neurrian interesatzen zait. Hau da, Euskal Herriaren problematika konplexua da oso eta erdaraz ekoizten den pentsamendua ere konplexutasun hori interpretatzeko interesatzen zait, neurri horretan hartzen dut. Ez zait horregatik, ideologia dominatzailearen eskutik datorren pentsamendua interesatzen, niretzat ez baita euskal pentsamendua, nahiz hemen sortua izan, ideologia dominatzaile horren sorrera gunea edo izaera ez zait euskalduna iruditzen, ez zait interesatzen halaber, eguneroko jangaia dugulako. Euskal ikuspegia interesatzen zait eta bereziki euskaraz landua.

Saioa zazpi ataletan murriztu duzu: Espainia, estatu-nazioa, nazionalismoa, globalizazioa, euskal estatua, identitatea eta euskara. Batek pentsa lezake indarkeria gaiak leku beharko lukeela.
Hori ere egia da. Baina liburua lehiaketa batean aurkeztu nuen eta 75 orrialde onartzen ziren gehienez. Beraz, horren barruan justu eta larri ibili nintzen eta hainbat auzi kanpo utzi behar izan nuen.

Iritziak bi joeretan bereizten dituzu: euskal nortasuna sustatzeko kulturaren bidea jorratuz, egitura politikorik beharrezkotzat jotzen ez dutenenak eta euskal estatuaren beharra aldarrikatzen dutenenak.
Oso eztabaidagarria da nik ezarri dudan mugarri hori, baina, bestalde, ez da hain zaila intelektual hauen iritzietan hori hautematea. Alegia, batzuek kultur alorrari ematen diote lehentasuna eta horiek euskal kultura eta identitatearen sorkuntzan, Euskal Herriaren eraikuntzan autonomia kulturala lehenesten dute nolabait. Ez dute politikarako marko bat arbuiatzen, baina, kulturari ez dagokiola berez marko politiko bat pentsatzen dute, nolabaiteko egitura politiko bat, alegia.
Alabaina, mundua estatuka banatua dago egun. Munduan dauden 6.000 hizkuntzak, kulturak edota nortasunak 200 estatutan banatuta daude, eta Euskal Herriaren arazoa horren barruan dago. Hau da, gaur egun 6.000 hizkuntza hilzorian baldin badaude, besteak beste, 200 estatu daudelako da. Beraz, botere gune nagusia eta bakarra estatua da, eta kultura hauen zoria eta hilzoria -zehatzago esanda- politikarik ezaren ondorioa da. Politikarik gabeko kultura folklorea dela esan izan da eta ez da gaizki esana, estaldurarik ez duen kultura etnikoak bere garapenerako ikaragarrizko mugak dituelako. Gainerakoan, beren garapen kulturalerako estaldura politikoa duten besteek aterpe bat dute, gaur gaurkoz estatu gisara antolatua.

Guk ezagutzen dugun estatu-nazioaren eredua totalitarioa da, Frantzia nahiz Espainia. Zu zeu ez zara estatu-nazioa ereduaren aurka, ordea. Zehaztu iezaguzu zure jarrera?
Beno, estatu kontzeptuaren inguruan nahasmen handia dago gaur egun. Ez dakit guk euskaldun gisa termino hau erabili beharko genukeen, beharbada ez! Estatu-nazioa edo nazio-estatua, beharbada, nazio anitza terminoaz osatu eta zehaztu beharko genuke. Bai Frantzia bai Espainia, berez, estatu anitzak dira, beren menpeko lurraldean nazio asko daudelako. Baina totalitarioak dira gainontzeko herri nortasun horiek ukatu eta hil dituztelako; Bretainia eta Okzitaniaren kasuak lekuko. Frantzia estatu-nazioaren eredua eta paradigma izan zen, pentsa! Paradigma sortu zuen estatuan hori gertatu da -zentzu nazionalean esan nahi dut totalitarioa-, hots, ez dute beste hizkuntzarik, beste historiarik, beste lurralderik eta beste identitaterik onartzen. Alabaina, Portugal edota orain sortu berriak diren estatu txikiak -Eslovenia, Estonia, Lituania, kasu- totalitarioak al dira? Inondik inora ere ez. Maila nazionalean ari naiz beti, ez auzi sozio-ekonomikoaz.

Alabaina...
...Alabaina eta zoritxarrez gaur egungo estatu gehienak totalitarioak dira. Estatuak herrian herriko nortasun kulturala eta linguistikoa zaintzeko eta garatzeko estatu demokratikoa izan behar luke, gai hauetan behintzat. Alegia, 200 estatu eta 6.000 kultura badira munduan, kultura eta nazio estatuen banaketa edo konbinazioa ez da logikoa eta eredugarria. Banaketa honen ondorioz izugarrizko genozidioa eta etnozidioa dago. Hori da araua. Eta gurea ez da salbuespena. Euskal arazoa ere unibertsala da, astean hizkuntza bat hiltzen baldin bada, kultura eta nazio bat hiltzen da neurri batean. Euskaldunok, beharbada, ez dugu behar beste gure unibertsaltasuna aldarrikatzen.

Estatu-nazioaren eredua anakronikotzat jotzen da egun. Anakronismo egoera hori gaindituko balitz, zer proposatuko zenuke, hemen nazio-jatorri askotako jendea bizi garenez, berau Euskal Herrirako «eredua» izan dadin?
Iparraldeko egoerarekin ez naiz batere itxaropentsu, baina eman dezagun Hegoaldean nolabaiteko estatua sortzeko gauza garela. Estatua sortzeko gauza bagina kontuan hartu beharko genuke hemen demografia aldetik aldaketa izugarria eman dela estatu hauek erraztu duten inmigrazioaren fenomenoaren bitartez. Estatuek inmigrazioa erabili dute beren nazionalismoa ezartzeko eta Euskal Herria desnazionalizatzeko, eta puntu hau ez da behar hainbat lantzen, beldurra ematen duelako agian, baina inmigrazioaren funtzio hau estatu totalitario horien osagarri bat da dimentsio nazional honi dagokionez.

Hizkuntzalari gisa, Erribera edota Enkarterriak hizpide. Erdara euskal hizkuntza ote da euskaldunen ahotan?
Koldo Mitxelenak euskal literatura euskaraz egindakoa dela zioen. Galderari irizpide hori aplikaturik, ez dirudi erdara inoren ahotan euskara izan daitekeenik. Baina goazen lehenengora. Hemen erdararen -nahiz eta Mitxelenak esan erdara betikoa dela gurean, eta hori ere oso eztabaidagarria den- erroak Erdi Arokoak dira. Nahi hainbat atzera daiteke historian, baina funtsean aipatu estatu ereduek Erdi Aroaren hondarrean ezarri zituzten bi erderen oinarriak nazio-hizkuntza gisa. Bertako hizkuntza, jatorrizko hizkuntza, euskara dugu ordea. Munduko beste edozein herri bezain elebakar izan da gurea bere jatorrian. Ezin dute beste horrenbeste esan espainolek eta frantsesek, herri-nortasun hiltegi direnez. Hizkuntza hegemoniko bakarra euskara izan da ahozko kulturan. Herri bakoitzak bere hizkuntza du munduan, neurri batean prozesu natural eta etniko-kultural baten ondorioz. Erdarak, ordea, prozesu politiko baten ondorioz bihurtu dira hemengo hizkuntzak, baina ez prozesu demokratiko baten ondorioz. Berez ez dira hemengoak, prozesu inpositibo edota asimilazio baten ondoren bertaratuak baizik.

Euskara sustatzeko euskal identitatearen osagarri-edukiak falta direla diozu. Egungo egoeran euskaldunaren nortasunak iraun dezake beste hizkuntz edo kultur nortasunekin batera?
Elebitasuna, kultur bitasuna, kultur aniztasuna, kultura artekotasuna... oso hitz politak dira, baina, Belgikan ikusi dugunez, kultura bakoitzak bere unibertsitatea eraiki zuen, eta, orduan, oso ondo konturatu ziren lurralde printzipioa aplikatu behar zutela eta elebitasunak ez zuela funtzionatzen. Zergatik? Beti dominazio bat dagoelako. Estatu demokratikoak balira, harremanak modu demokratiko batez arautuak izango balira, komunitate bakoitzak -bere identitateari eutsiz- bizitzeko modurik izango luke. Oraingoz baina, ez dugu asmatu estatu demokratiko hori, lurraldetasunaren printzipioa aplikatu gabe behintzat.
Bestalde, euskarak euskaltasunaren gainerako osagarriak behar ditu aterpe eta elkarrekiko eragile: euskal kultura, historia, sentiera... Bakarka ez dauka zereginik euskarak. Orobat, esan behar da gurean nagusi eta menderatzaile diren gainerako bi nazio-identitate horiek Estatu totalitario horiekin eskuz esku dabiltzan bitartean, euskaldunaren herri-nortasunak ez daukala zereginik

«Subjektu izan beharrean azpisubjektutzat gauzkatela esango nuke»
Idazleak izendatzean, literatura eta pentsamenduaren idazleak bereizten dituzu. Areago, zuk zeuk ez duzu zure burua idazletzat jotzen. Argitu iezaguzu jarrera hau...
Beno, bi idazle mota bereizi beharko liratekeela uste dut, ni ez bainaiz idazle, ez naiz behintzat idazle ulertzen den zentzuan. Pentsamenduaren joslea gehiago naiz bestelakorik baino. Idazleak fikziozko mundu bat sortzen du, bere irudimenean oinarriturik. Geurea -nirea behintzat- sormena baino gehiago pentsamenduaren ehungintza da, hamaika iturritatik edanaz buruturiko idazketa.

Saiakera ez bide da bere onenean. Gure ahuldade intelektualaren seinale al da hori?
Saiakerak bere une ona ere izan zuen Frankismoaren azken aldean. Testuinguru ideologikoa eta politikoa bestelakoa zelako-edo, pentsamendu politikoak oihartzun handiagoa izan zuen orduan. Egun pentsamendu ahularen aroan bizi garela dio zenbaitek, eta Euskal Herrian horrek ere eragina baduela dirudi. Izan ere, kultura ikuskizuna bihurtu bazaigu, kultura kontsumorako produktu estetiko bihurtu bazaigu, baliteke horrexegatik pentsamenduaren jarduera egoera txarrean izatea, ez Euskal Herrian soilik, nazioartean ere bai. Ikuspegi teoriko eta kontzeptual zabalagoa bat eskatzen duen jarduera izaki, ez da gaurko kulturan gehien erakartzen duen literatur generoa, antza.

Nola hautematen dituzu euskal intelektualak?
Euskal intelektual munduak badu bere unibertso txikia, alabaina, Euskal Herriari beti ukatu egin zaio bere izaera, edozein gauza dela ere, beti kategoria mailan gabiltza, beste zerbaiten kategoria gara. Subjektu izan beharrean azpisubjektutzat gauzkatela esango genuke. Badugu ordea pentsamendu propioa. «Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan» liburua honen adibidea da. Literaturgintzan nahiz pentsamenduan intelektualak baditugu, puntakoak gainera, eta berriak sortzen ari dira. Euskal Herriak intelektualen esparru hori behar du, kategoriatik unibertsora doan bidea osatuz joan behar dugu euskaldunok


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude